Hautaprobak prestatzen (II)

ARGUDIO TESTUA IDAZTEKO AHOLKUAK:

azterketaIaz emandako apunteak errepasatzea komenigarria litzateke; dena den, hementxe doa laburpena

Hiru atal nagusi ditu argudio testu batek:

1. SARRERA:

Eztabaidaren aurkezpena egiten da bertan. Batzuetan defendatu nahi den tesiaren aipamena ere egiten da. Atal honek 1go paragrafoa hartzen du eta, Ondorioa paragrafoarekin batera, testuko atalik laburrena da (150 hitzeko testu batean, 3-4 lerro).

  • Gaia testuinguru historiko batean koka daiteke.
  • Gaira hurbiltzeko norberari gertatutakoa erabil daiteke.
  • Galdera erretorikoaren bidez irakurlea gaian sar daiteke.
  • Egungo egoera azpimarra daiteke.

Atal hau idazterakoan erabil daitezkeen esaldi topiko zenbait (oso lagungarri gertatuko zaizkizue):

  • Gaurkotasun/interes handia du gai honek, izan ere…
  • Orain dela … urte … . Gaur egun, berriz,…
  • Askoren ustez,…da. Hala ote da benetan?
  • Azaletik/sakonki ezagutzen dut gai hau, urrunetik/hurbiletik ezagutzen dut eta.

Ez ahaztu SARRERATIK GARAPENERA: galdera erretorikoez gainera, sarreraren eta hurrengo paragrafoen arteko jauzia egiteko, lotura bat erabiltzen da gehienetan. Sarreraren azken esaldia izaten da, hau da, sarrera ixten duen nolabaiteko lotura esaldia da. Hona hemen adibide batzuk:

  • Gaia jorratzeko, honako puntuak erabiliko ditugu.
  • Gai hau aztertzerakoan, honako puntuak hartuko ditugu kontuan.
  • Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.
  • Baina gatozen harira.

2. GARAPENA:

Argudio testuaren muina da atal hau. Bertan biltzen dira artikulugilearen hipotesiak, jarrerak…; bere ideiak defendatzeko erabiltzen dituen arrazoi guztiak, alegia. Baina, kontuz!, hierarkia baten arabera antolatu behar dira argudioak. Paragrafo bakoitza argudio baten inguruan antolatuta dago, eta ideia eta argudio bakoitzak paragrafo bat hartzen du.

HAINBAT ARGUDIAKETA MOTA

  • Autoritate argudioa: pertsona, elkarte edota erakunde baten iritzia erabiliz, idatziaren tesia sendotzeko erabili ohi dugu argudiatze modu hau. (Munduko zientzialari jakintsuenek diotenez…)
  • Irakurlea eta idazlea talde bereko: idazleak bere pentsaera beste askorena dela agertzen du. Pluraleko lehen pertsona, gu, azpimarratzen da argudiatze mota honetan. (Motorzaleok badakigu kaskoa beharrezkoa dugula…)
  • Adibide bidezkoa: iritziak argiago, ulergarriago eta, aldi berean, pisu handiagoko egiten dituen argudiatzea dugu hau. (Esate baterako, zein gurasok mugatzen du telebista aurreko egonaldia?)
  • Tesien kontrajarpena: norbere eta besteen tesiak eztabaidatuz, arrazoizko tesi bat proposatu bukaeran (Telebista bidez ez omen da ezer ikasten, baina egia da dokumental ederrak ere ematen dituztela). Oso garrantzitsua!!!

TESTUAREN BATASUNA

Testuak barne lotura izateko, elementu hauek erabiliko ditugu:

  • ERREFERENTZIA BALIABIDEAK: testuan agertutako elementu bat beste era batera aipatzeko moduak dira. Besteak beste, hauek izan daitezke:
      Ordezkapena: zerbait modu ezberdinez aipatzea. Ordezkapenaren bidez, elementu bat behin eta berriro ez errepikatzea lortzen dugu.
      Pronominalizazioa: izenordain (hau, hura, bera hauek…) eta aditzondoenak (gehienbat aurretik aipatutako lekuren bati egiten dio erreferentzia -han, bertan…- bereiziko ditugu.

3. KONKLUSIO ETA ONDORIOAK:

Argudio testuaren azkeneko paragrafoa hartzen du. Atal honek bi helburu ditu funtsean: batetik, testuan zehar garatutako ideia nagusia(k) laburbildu, eta, bestetik, ondorio batzuk atera. Erabil daitezkeen zenbait lokailu-juntagailu: beraz, hortaz, aurreko guztia laburbilduz, honako ondorioak atera daitezke, amaitzeko…

4. AZKEN AHOLKUAK:

  • Tintaz idatzi eta letra ulergarria egin.
  • Marjinak eta paragrafo arteko zuriuneak zaindu.
  • Ortografia zaindu.
  • Idatzitakoa errepasatu.
  • Ondo irakurri galderak eta eskakizunak.

Argudio testua idazteko aholkuak laburturik:

  • Ondo pentsatu idazten hasi aurretik
  • Eskematxoa egin argudioekin
  • Hiru atal hauek izango ditu:
      Sarrera: gaiaren aurkezpen laburra eta garapenarekin lotuko duen esaldia.
      Garapena: argudiatzea (lokailu-juntagailuak, erreferentzi baliabideak…). Ideia baten aldeko eta kontrako arrazoien eztabaida.
      Konklusioa edo ondorioak: ideia nagusien laburbilketa eta ondorioak atera. Norbere iritzia ere gehitu daiteke, edo irakurlearen arreta piztu galdera erretoriko baten bidez.
  • Paragrafoak. Atalak paragrafotan bereiziko dira: paragrafo bakoitza ideia baten inguruan antolatuko da; ideia batek osatuko du paragrafo bakoitza. Testuaren eta paragrafoen arteko batasuna zaintzeko, unitatean zehar erabilitako testu-antolatzaileak hautatuko dira.
  • Lokailu-juntagailuak. Ideiak aurkezteko, gehitzeko, kontrako arrazoiak emateko edota ondorioak ateratzeko unitatean landutako lokailuez baliatuko zara: lehenik eta behin; beste aldetik; gainera; adibidez; azkenik; beraz…

Hurrengoan, euskarazko azterketako idazlanak (Hautaprobak, EGA…) hobeto egiteko zenbait gomendio emango dizuet; mota hauetako azterketetan aztertzaile eta zuzentzaile lanetan ibiltzen direnen aholkuak, hain zuzen ere.

,

Trackbacks/Pingbacks

  1. euskaljakintza» Blog Archive » Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuak - 2008(e)ko ekainak 12

    […] Hautaprobak prestatzen (VIII): azken aholkuakHautaprobak prestatzen (VII): gaia eta laburpenaHautaprobak prestatzen (VI): galde-erantzunen autoebaluazioaHautaprobak prestatzen (V)Hautaprobak prestatzen (IV)GramatikaDeklinabideaHautaprobak prestatzen (III)Saski-naskiHautaprobak prestatzen (II) […]

  2. euskaljakintza» Blog Archive » Hautaprobetako euskarako azterketarako aholkuak - 2009(e)ko ekainak 9

    […] Argudio testua idazteko aholkuak […]

  3. euskaljakintza» Blog Archive » Hautaprobak prestatzen (IV): azken aholkuak - 2010(e)ko ekainak 9

    […] ondo zer eskatzen zaizun: ez da gauza bera argudio testu bat, lagunarteko eskutitza, azalpen testua edo amets bat idaztea. Edozein motatako testua dela ere, […]

Utzi erantzuna

-->