Urtero bezala, murgildu gara udaberrian eta honekin batera Aste Santuan. Oporraldi hauek ospatzeko jende askori denetik egitea otutzen zaio. Alde batetik, jende gehienak egiten duena eta ez da horregatik okerragoa, eguraldi ona egiten duen tokietara joatea da, non eguzkiak, hondartzak eta kalera irteten diren lehen minigona eta bikiniak sekulako hormona iraultzak sortzen dituzten. Bestalde, beste askok gogoko duena etxean deskantsatzen geratzea da, inora joan gabe, bertako tokiez disfrutatuz eta bakoitzaren zereginak zailtasunik gabe eginez, ikastea, adibidez :smile:.
Artikulu honetan aste honetarako plan bat proposatzen dut: Hossergor izena du. Askok entzunda izango duzuen bezala, Aquitaniako 3400 biztanleko herri surflari txiki honetan, nahiko berriak diren kirol interesgarriei buruzko ekitaldi asko egiten dira eta honek ospe dezente eman dio kostaldeko herri eguzkitsu honi. Bertan, surfa da nagusi eta honekin batera doazen beste hainbat kirol bodyboard eta snowboard, besteak beste.
Gomendatzen dizuedana, bere laku urdin eta bukaezinak diren hondartzak bisitatzera joatea da. Halere, herri eder honen berri ematea ez da nire helburu bakarra izan artikulu hau idazterakoan. Artikulu honen bitartez, Hossegorren urtero ipini ohi diren karpa erraldoien berri eman nahi dizuet. Badirudi jendeari erreparoa ematen diola honetaz hitz egitea, izan ere, zenbat eta jende gutxiagok jakin, orduan eta aukera gehiago baitago bertara iristen direnentzat. Badakit hasieran, zertxobait ulertezina egingo zaizuela hau baina oraintxe azalduko dizuet zertaz ari naizen.
Hossegorreko karpa erraldoietan arropa saltzen da gehienbat, baina ez edozein motatako arropa, ez, marka oso ezagunetako arropaz ari natzaizue (Rip Curl, Volcom, Quiksilver, Oakley eta beste asko eta asko). Egia da, arropa hau edozein herritan aurkitzeko gai garela gaur egun, baina Hossegorrekoa beste kontu bat da. Denok dakigu arropa hauen prezioak zein altu dauden, beno, bada, hemen arropa oso prezio baxuetan saltzen da. Zergatik? Urtero soberan geratzen diren arropak salgai jartzen dituztelako, oraindik plastikoetatik atera gabe daudenak (oso egoera onean egoten dira). Ni neu joan nintzen aurreko urtean eta dendetan egoten den arropa berbera da. Hau guztiaz aparte, neoprenozko trajeak, surfeko taulak eta beste hainbat osagarri aurki ditzakegu bertan.
Lehen esan dudan legez, badirudi jendeari erreparoa ematen diola honetaz hitz egitea eta egia da. Jende gutxik daki ziur noiz zabaltzen diren karpak. Esan behar, oporraldi hauetako lehen asteko ostegunetik igande inguru bitartean izaten dela normalean. Zailena lekua bera aurkitzea izaten da, baina Hossegorrera iritsiz gero, seinalaturik egoten da. Lehen esan bezala, jendeari ez zaio interesatzen gehiegi zabaltzea, zenbat eta jende gutxiagok jakin, orduan eta ilara gutxiago itxaron beharko baitu hona hurbiltzen denak (1½- 2 ordu inguru itxaron behar izaten da bertara sartzeko). Hala eta guztiz ere, merezi du.
Beraz, badakizue, zereginik ez baduzue, aurkitu Hossegor mapan eta segi harantz. Egun entretenigarria igaroko duzue.
No comments yet.