Martxoaren 15a zen kotxea hartu eta Pottoko estudiora abiatu ginenean. Galderak behin eta berriz errepasatu genituenez, berehala pasatu zitzaigun bidaia. Urduritasuna areagotzea ekiditeko eta giroa pixka bat lasaitu artean, estudioa hankaz gora jarri genuen elkarrizketa egiteko toki aproposenaren bila. Eta baita aurkitu ere, isats-piano dotorearen aurrean baino leku egokiagorik ez zegoen, kutsu dotore eta melodiatsua ematen baitzion inguruari.
Tripodea eta kamera prestatzen ari ginela, Iker Lauroba iritsi zen gitarra eskuan eta irribarrea ahoan. Lauroba taldeko abeslaria da egun, baina bere musikari-ibilbidea haratago doa. Anaia lagun, 2004an taldea sortu eta agertokiz agertoki ibili dira kontzertuak eskaintzen. 2012tik, Iglu bat basamortuan kaleratu zutenetik, hainbat proiektutan murgildu da; Laurobari jarraipena emango dion beste disko bat prestatzen ari da, baina bakarkako ibilbidea jorratzen ere hasi da. Estilo ezberdinekin probak egin dituzte eta honako hau izan da horietako baten emaitza: melodia rockeroagoa eta ingelesa elkartzen dituen Laurobaren single berria.
Berarekin harremanetan jarri ginen unetik aurrera, laguntzeko prest egon zen eta benetan eskertzen diogu estudioraino etorri izana, lana asko errazteaz gain, elkarrizketan ere umore on hori igorri baitzigun. Hona hemen goiz on horren emaitza.
Eguerdi on! Eskerrik asko, Iker, elkarrizketa egitea onartzeagatik. Ez horregatik.
Ondo iruditzen bazaizu, galderekin hasiko gara. 97. urtetik aurrera, taldez talde ibili zara: Utikan, Triki ta Ke, Hamaika Bide… Baina zerk bultzatu zaitu talde bat desegin ondoren, beste bat indar gehiagoz hastera? Nik uste dut denborarekin ikasi egiten duzula. Bide bat da, bide luze bat: ikasten joan ahala, gauzak hobeto egiten dituzu. Hala ere, azkenean gauza bat edo beste tarteko, zaila da talde batean jarraipena edukitzea, beti eragozpenen bat egoten baita: lana, taldekide guztiak ados jartzea… Askotan norberaren egoerak bide batetik eramaten gaitu, eta taldeak bukatu egiten dira, bizitzan gauza guztiak bezala. Orduan, musika maite dugunontzat, pena bat da talde bat amaitu delako, bertan behera uztea zure karrera. Adibidez, Triki ta Ken nengoenean, txandaka lan egiten nuen, beraz, ezin nuen jarraitu taldeak behar zuen erritmo hori. Udan eta astean zehar lana eskatzen zuen taldeak, eta nik ezin nuen lan kontuekin bateratu. Horregatik, taldea utzi behar izan nuen; ez, ordea, musika. Beraz, beste talde bat hartu eta aurrera jarraitu nuen.
2004an Lauroba taldea sortu zenutenean, gaztetxez gaztetxe aritu zineten kontzertu txikiak eskainiz. Espero al zenuten, ordea, 2006ko Donostiako Pop-Rock txapelketa irabaztea? Eta eragina izan al zuen horrek zuen musikan? Ez genuen espero, egia esan. Artean ez genuen diskorik kaleratu. 2004an hasi ginen, 2005ean lehenengo kontzertua eman eta maketa bat grabatu genuen gaztetxean bertan. Maketa horren bidez lortu genuen sailkatzea 2006ko finalerako. Finalean, kontzertua eman eta irabazi egin genuen. Egia esan, talde hasiberri batentzat sorpresa handia izan zen. Gainera, maila handiko taldeak zeuden garai horretan, eta guretzat bultzada handia izan zen. Horren bidez, lau abestiko CD bat grabatu genuen eta handik bi urtera, beste bi disko kaleratzeko aukera izan genuen. Oso baliagarria izan zen geure buruan sinesteko eta gauzak egin genitzakeela ikusteko.
Badakigu taldeko bateria eta zu anaiak zaretela. Normalean, konfiantza gehiago dagoelako edo, haserreak ere normalean gehiago izaten dira. Askoz gehiago!
Musikan ere eragina du familiartekoak izateak? Ez, banatzen saiatzen gara. Musikak ez du gure bizitza guztia hartzen, hobby bat da, guk, behintzat, horrela ikusten dugu. Baina, bai, egia da, taldekideekin ez daukazunean horrelako konfiantzarik haserreak gutxiago dira. Familiartean beti askoz erosoago sentitzen gara, eta, haserre gaudenean, errazagoa da familiartekoren batekin haserretzea eta uneren batean beste norbaiti esango ez zeniokeen zerbait esatea. Liskarrak etxera ere eramaten dira. Hasi ginenean, adibidez, biok batera bizi ginen eta “hau mierda bat da” eta horrelakoak ugari ziren. Etxean ere konfiantza gehiago daukazunez, gauza berarekin jarraitzen duzu. Musikara edo lokalera joaten naizenean ere anaiarekin haserre banago, entsaiatzerakoan nabari da, baina ondo moldatzen gara!
Gauak gauarekin, Laurobaren lehen diskoan, 14 abesti kaleratu zenituzten, baina irakurri dugunaren arabera, abesti gehiago zenituzten prestatuta. Ados jarri al zineten abestiak kanpoan uzteko garaian? Ez, nik uste dut, gaur egun ere, zerrenda egiteko unean, beti gauza bera pasatzen zaigula. Boston artean hitz egiten dugu, “nik hau sartuko nuke”, “hau bai, hau ez”… Ikaragarri kostatzen zaigu; izan ere, batek beharrezko abesti gisa ikusten duena besteak agian kendu egingo luke. Diskoan sartzeko abestiak aukeratzerakoan ere zalantzak izan genituen. Sailkapen bat egin behar da, eta zaila izaten da, batek oso gustuko duen abesti bat besteari, agian, ez baitzaio horrenbeste gustatzen. 14 abesti horietatik 10-12tan ados gaude, baina azken biak dira eztabaidagarrienak. Halere, adostasunera iristea lortzen dugu.
Zuzenekoetan, zuon abestiez gain, mundu mailan famatuak diren taldeenak ere bertsionatzen dituzue: The Curen “Just like Heaven”, Green Dayen “Holiday”. Zein da entzuleen erantzuna horien aurrean? Aspaldian ez dugu bertsiorik egiten. Hasieran bai, errepertorioa bete behar duzunean eta jendeak ez zaituenean horrenbeste ezagutzen, jendeak eskertu egiten du. Lehen diskoa atera genuenean, irratian abestiren bat jartzen zuten, baina ez ginen oso ezagunak. Horregatik, jendeak ezagutzen duen abestiren bat jotzen badugu, gehiago gerturatzen da taldearengana. Publikoa zureganatzeko modu bat besterik ez da. Gustuko taldeen bertsioak egitea oso erabilia da eta, egia esan, aspaldi ez dugu horrelakorik egin, baina baditugu ideia batzuk. Baliteke abestiren bat berreskuratzea.
2010an, gauari amaiera eman eta Egunarekin diskoa kaleratu zenuten. 13 abestik osatzen dute, eta beste musikari batzuekin elkarlanean azaltzen zarete. Gainera, Eskerrak irten nintzen-en kasuan, lehenengo diskoko abesti bati jarraipena ematen diozue. Bi diskoek lotura zuzena duten arren, aurrekoak gau giroa deskribatzen du. Bigarren honek talde formal eta serioagoa erakutsi nahi al du? Ez, jarraipena delako da batez ere. Abesti bat genuen, Egunarekin, baina ez da goizean jaiki eta mendira joateari buruz, gauaren jarraipena bezala baizik. Ez nintzen irten behar izeneko abestia Eskerrak irten nintzen-i lotuta sortu genuen. Aurreko diskoaren jarraipen bat egitea pentsatu genuen, bi gai eta abesti horiek (Ez nintzen irten behar/Eskerrak irten nintzen eta Egunarekin/Gauak gauarekin) hartu eta jarraipena eman. Baina ez formaldu ginelako…
2012an, zuon azken lana, Iglu bat basamortuan, kaleratu zenuten, eta horrek aurreko guztiarekin hautsi zuen, bai portadak eta baita izenburuak berak ere kontrastea adierazten baitute. Hemen bertan, Pottoko estudioan, grabatu zenuten, eta power-pop, pop edota pop-rock estiloak landu zenituzten. Zerk eraman zintuzten, ordea, kontraste hori bilatzera? Bai, disko horretan abesti desberdin eta landuagoak edukitzeaz gain, ekoizpen aldetik ere lan asko eskatzen zuten. Gainera, Iñaki sartu berria zenez, lehenengo aldia zen diskoa teklista batekin konposatzen genuena. Proiektua geuk soilik garatzeko gauza berri asko zeuden eta Fredi Pelaezekin hitz egin genuen, bere estudioan grabatu behar baikenuen. Lan handia hartu zuen alde horretatik, guk teklatuen inguruan ez baikenekien asko, eta, Iñaki, oso ondo jotzen duen arren, berez piano-jotzailea da, eta disko horrek eskatzen zuen ekoizpenerako Frediren laguntza ezinbestekoa izan zen: bai grabaketa aldetik eta baita abestiak lantzeko orduan ere.
Publikoaren harrera ona lortu, irratiek zuon abestiak behin eta berriz jarri, eta BBK Live edo BIME bezalako jaialdi handietan jo duzue. Horrenbeste kontzertu eskainita, anekdotaren bat edo beste izango duzue, ezta? Bai, badago beti kontatzen dugun bat. Bilboko Kafe Antzokian jo genuen lehengo diskoa kaleratu ondoren. Osteguna zen eta Berlinera joatekoak ginen kontzertu batzuk ematera. U.K. Bill taldean baxua jotzen nuen garai horretan, eta bi taldeon artean hamar plazako furgoneta bat alokatu genuen, literekin eta trasteak eramateko lekuarekin. Gaueko 11:00etan amaitu genuen, eta handik zuzenean irten behar genuen. U.K. Billekoak etorri ziren furgonetan bertara gure bila. Txandaka gidatu behar genuen, baina anaiak oso nekatuta zegoela eta lo pixka bat egin nahi zuela esan zigun. Kontua da bidaia osoa pasatu zuela lo, 12-13 bat ordu guztira, eta gu zerbait jateko gelditzen ginenean ere ez zen esnatzen.
Zure Twitter kontuan pixka bat saltseatu eta umorea gustatzen zaizula konturatu gara. Diskoak kaleratzerako unean edo kontzertu garrantzitsu baten aurretik, aldiz, nola lortzen duzu umore horri eustea eta nerbioek jota ez egotea? Egia esan, ez dakit. Oraindik ere urduri jartzen naiz kontzertuetan, baina nik uste dut hori galtzen duzun unetik aurrera ilusioa galtzen duzula. Nerbio horiek beharrezkoak dira, baina horiek kontrolatzea ere garrantzitsua da. Azkenean, zenbat eta ziurtasun handiagoa izan zure buruan, orduan eta lasaiago egiten dituzu. Hori da gakoa. Asko entsaiatzen duzunean eta abestiak ondo barneratura dauzkazunean, urduri izan arren, ziurtasuna duzu lokalean ondo egin baduzu, kontzertuan ere emaitza ona izan dezakezula. Gero beti edozer gauza pasa daiteke, baina ziurtasuna baduzu zure buruan, askoz errazagoa da nerbio horiek kontrolatzea.
Ba al dago kontzertuen aurretik beti egiten duzun ohiturarik? Ez, ez daukat. Garai batean whiski txupito bat edaten genuen; bai eztarriarentzat eta baita nerbioentzat. Gaur egun, ordea, ez. Nik, behintzat, ez dut ezer berezirik egiten. Ez naiz horrelako gauzetan sinesten duen horietakoa.
Zuzeneko kontzertuez gain, irratian ere baduzu esperientzia, EITB irratiko Udan Blai saioan parte hartu baitzenuen. Kontatuko al zeniguke nolakoa izan zen esperientzia hori? Polita izan zen. Lagun bat irratiko esataria da, eta berak egiten zuen programa hori. Halako egun batean esan zidan ea prest egongo nintzatekeen ostiralero estudiora joan, agendaren errepasoa egin, asteko kontzertuen zerrenda egin eta hurrengo astean horien kritika egiteko. Lehenengo udan hori egin genuen, eta hurrengo urtean pentsatu genuen zerbait berezia egitea. Orduan, diskoak atera zituzten taldeak gonbidatu eta talde berriei elkarrizketak egin genizkien. Amaitzeko, irratian bertan kontzertua eskaintzeko eskatzen genien. Horrela pasatu ditut azkeneko bi udak: ostiralero talde bat etorri, elkarrizketa egin eta kontzertu txiki bat eskaintzen ziguten. Egia esan, oso esperientzia polita izan da.
Asteburuetan eta zure aisia momentuetan musikaria zara, baina astegunetan musika alde batera utzi eta lan egiten duzu. Nola lortzen duzu bi mundu horien arteko oreka mantentzea, eta alde batera gehiago ez jotzea? Lana beharrezko zerbait da, ez dut bokazioz egiten. Zirkuitu elektronikoak egiten dituen enpresa batean lan egiten dut, baina ez da nire bizitzako lana. Azken finean, dirua behar duzu bizitzeko eta haren bidez lortzen dut. Nire ordutegia goizeko seietatik ordubiak arte denez, denbora libre asko daukat benetan gustatzen zaidana egiteko. Nire pasioa musika da; beraz, lana beharrezkoa den zerbait da, baina gustuko dudana musika da. Zoritxarrez, ezin dudanez musikatik bizi, beste lan bat behar dut.
Eta orduan beti musika aldera joko duzu? Bai, lana beti berdina baita eta horrek ez dit burua gehiegi jaten.
Txori txiki batek esan digu bakarkako lana ari zarela prestatzen. Beraz, etorkizunari begira zer asmo duzu: bakarka aritu edo zure burua bi proiektu aldi berean eramateko gai ikusten duzu? Bai, gai ikusten dut. Gainera, estilo aldetik oso ezberdina da bakarkakoa; orduan, bateragarriak dira. Biak aldi berean gauza daitezke eta oso pozik nago. Hemen, Pottoko estudioan, Fredirekin ari naiz grabatzen maila handiko musikariekin. Frediren laguntza ere ezinbestekoa da produzitzeko orduan, grabatzeko orduan… Gauza ezberdinak ari gara probatzen eta espero dut laster kaleratu ahal izatea.
Eskerrik asko, Iker, eta zorte on zure etorkizuneko proiektuetan. Mila esker.
Eta behin ona etorrita, abestiren bat jo beharko diguzu, ezta? Ongi da, baina ez dut gitarrarik. Hara!
Iker Laurobak abesti bat oparitu digu:
Elkarrizketa osoa:
Iker Lauroba from Maite Goñi on Vimeo.
No comments yet.