Izarren patu desberdina

zulo beltza
Izarrak hiltzean, beraien tamainen arabera, zenbait fenomeno desberdin proboka ditzakete, esaterako, zulo beltzak edo neutroi-izarrak.

Gure Eguzkia hiltzen denean, noba izeneko leherketa itzel bat gertatuko da eta gure izarraren masaren zati handiena espazioan zehar sakabanatuko da. Espazioan zehar hedatu ez den masaren zatia nano txuri bat bilakatuko da. Nano txuri berri hori Lurraren tamainakoa izango da gutxi gorabehera baina bere dentsitatea askoz ere handiagoa. Ideiatxo bat izan dezazuen, nano txuri batetik hartutako koilarakada batek 100 kilogramo inguru pisatuko luke.

Baina izarraren masa Eguzkiarena baino3 aldiz handiagoa bada, beste fenomeno ezberdin bat gertatuko da. Izarra hiltzean, supernoba izeneko leherketa bat gertatuko da eta aurrekoan bezala, masaren zati bat ez da espazioan zehar hedatuko. Sakabanatu ez den masa hori hain handia da, non elektroiak ezin duten presioa jasan eta, nukleoko protoiekin fusionatuz, neutroi bilakatzen diren. Honela, neutroi-izar bilakatzen dira. Izar berri honen diametroa lurra baino askoz ere txikiagoa (20 kilometrotik 60ra) izan daiteke, baina bere dentsitatea izugarri handia da. Neutroi-izar baten koilarakada batek ehun milioi bat tona pisatuko lituzke bere dentsitatea 1016 kg/m3 ingurukoa izango baita.

Badago beste bukaera bat izarrentzat: zulo beltz bilakatzea. Izarraren masa Eguzkia baino 8 aldiz handiagoa bada neutroiek ezin dute presioa jasan eta zulo beltz bilakatzen dira. Zulo hau hain konprimituta dago, non bere tamaina nulua den. Horregatik, dagoen dentsitatea pentsaezina da ia infinitua baita. Sortzen duen grabitate indarra ere infinitua da. Bertatik ateratzeko abiadura argiaren abiadura da; hori dela eta, bere barnetik ezin da ezer atera, argia ere ez. Bertan geure munduko lege fisikoak ez dute balio eta ez dakigu bere barnean gerta daitezkeen fenomenoak zeintzuk izan daitezkeen. Jakin-mina pizteko modukoa, ezta?

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->