Maiatzaren 8an abiatu nintzen Donostia aldera, nire laguna Irune eta amarekin, Javier Elzo soziologoari elkarrizketa egiteko asmoz. Bigarren elkarrizketa zenez, urduritasun beldurgarri hori alde batera uzteko gai izango nintzela uste nuen, baina kotxetik atera bezain pronto, etxeko atariaren parean nengoela, hotzikara batek astindu ninduen. Amak zorte ona opa ondoren, “Emakume langilearen eguna” zela eta seinale ona izan litzatekeela errepikatu nion neure buruari, lasaitzeko asmoz. Hala ere, Javierrek bere etxeko ateak zabal-zabalik jarri zizkigun, eta harrera bero batez agurtu gintuztenean -hark eta haren emazteak-, zertxobait lasaitu nintzen. Egia esan, zorte handia nuen aukera hori izateaz, eta ez nuen alferrik galtzeko gogorik. Etxeko bistak mirestu ondoren, itsasoaren edertasuna aurrean baikenuen, Irunek kamara piztu eta elkarrizketari hasiera eman genion.
Hasteko, eskerrak eman nahi dizkizut, jakin badakit eta bidaia batean egon zarela, eta laster berriro irteteko asmoa duzula. Hauxe da nire bizitza, alde batetik bestera. Hori bai, gustura.
Ekarrizketari ekingo diogu, ondo baderitzozu. Orokorrean, nola uste duzu lagundu diezaieketela zure lanek gizarteari? Hasteko, hauek ezagutuz, irakurriz eta kritikatuz; izan ere, horrela, eztabaida antzeko bat sortzen baita nik ikustea lortzen dudanarekin. Halere, kritika gehiagoren falta sumatzen dut, zuhurtasunez egindakoa: ea datuak zuzenak ala okerrak diren eta zergatik. Kritikek ez dute zertan negatiboak izan beti.
Iaz beste sari bat lortu zenuen: “Eusko Ikaskuntza“. Aurretik ere “Daniel Innerarity”, “Gregorio Monreal”eta beste hainbatek jasotako errekonozimendua da. Nola jaso zenuen? Sari bat beti jasotzen da gustura. Aurkakoa esatea apaltasun faltsua izango litzateke, eta are gehiago, epaimahaian, Euskal Herriko unibertsitate guztietako errektoreak egonda; beraz, errektoreen edo hauen ordezkarien eskutik saria jasotzea jaso dezakedan saririk handiena da niretzat; izan ere, ni unibertsitarioa bainaiz.
Egin dituzun ikerketa ezberdinak azpimarratu nahi nituzke. Idatzitako “La voz de los adolescentes” liburuan, 16-18 urteko komunitate ezberdinetako gazteak aztertu zenituen. Bertan sexualitateari buruz mintzo zinen, eta hastapen-adina izugarri aurreratu dela esan ere bai. Zein faktoreren ondorio izan daitekeela uste duzu? Izugarri aurreratu ez, aurreratu soilik. Zergatik? Argi dago gizarteak aldaketa sakona pairatu duela sexualitate arloan. Ni gazte nintzenean, morbo handiko gaia zen, ez genuen hitzik esaten eta ezkutuan eramaten genuen, zentzu negatiboa baitzuen. Nire ikuspuntutik, aurkako muturrera pasatu gara, eta bizitza erotizazio konstante bihurtu dugu. Gaur emakume langilearen eguna da. Bada, nik atzo egunkarien astekariak irakurri nituen eta pentsatu nuen: “Baina zer da hau?”. Toki guztietan emakume ederrak, minigona daramatenak, jarrera iradokitzaileak… Beraz, ikuspuntu zeharo ezberdina dago. Orain dela urte gutxi, mutilei begiak ateratzen zitzaizkigun emakume bat bikinia jantzita ikusten genuen bakoitzean; orain, ordea, ez dago emakume bat osorik jantzita ikusterik. Paco Umbralek azaltzen zuen bezala, orain emakumea oheratzera joango balitz bezala janzten da. Hori da gakoa, mutur batetik bestera pasatu garela.
Bestalde, asko ikaratu ninduen gazteriak diziplina gehiago eskatzen duela baieztatu zenuenean. Ez al da kontraesana gazteok askotan gure kasa ibilita, muga batzuen beharra sumatzea? Egia esan, honek ustekabean harrapatu zuen lehenengoa ni izan nintzen. Hau ikusi nuenean -ez baita iritzia, ikerketa baten ondorio baizik; oker ez banago, Katalunian egindako ikerketa batekoa-, bada, pentsatu nuen: “Kontxo, ze gaztedi mota da hau!”. Ni 68ko maiatza pasatutako gizona naiz, eta gazteriak hori eskatzeak txundituta utzi ninduen. Zer gertatzen ari da hemen? Iruditzen zait gazteriaren zati handi batek nik “portaera-baliza” deiotzen diodanaren beharra sumatzen duela, arau multzo baten beharra alegia. Traineruekin gertatzen den bezala, gazteek ere baliza batzuen beharra dute elkarrekin topo ez egiteko; horrela, indartsuena eta iaioena garaile izateko, baina balizaje baten barnean. Halere, hiru gazte mota daudela esan dezaket: beharrezkoa duten diziplina dutela uste dutenak (ez gehiago, ezta gutxiago ere); diziplina gehiegi dutela sentitzen dutenak; eta, ugarienak, gehiago izatea gustatuko litzaiekeenak. Zertarako zehazki? Aipatutako bizitzaren balizaje horretan jarduteko.
Horretaz gain, nire arreta piztu zuen neskak droga, alkohola eta sexu kontuetan “maskulinoagoak” garela dioen baieztapen batek. Heziketaren emari dela uste duzu? Posible da hori nire neura bat baino ez izatea. Horrekin zera esan nahi dut: maiz emakumeari buruz dugun irudia, sexualitate arloan esate baterako, ez dela guztiz erreala. Gizona beti izan da bipilagoa, bere helburu guztia emakumearekin ligatzea zen –aquà te pillo, aquà te mato-; emakumea, aldiz, lotsatia, otzana… Bada, hau egia da, baina erdizka. Aldaketa ugari eman da. Horretaz besaulki horretan ohartu nintzen lehengo aldiz, “Nuevo Vale”, “Loka Magazine”… hamabost urteko gazteen aldizkariak ikusi nituenean. Irakurtzen hasi bezain pronto, edukierak txundituta utzi ninduen. Hauek nesken aldizkariak dira; izan ere, mutilek kirol, bideojoko eta horrelakoei buruzko aldizkariak irakurtzen baitituzte. Bat-batean morbo femenino izugarria nuela aurrean jabetu nintzen. Nire neura hori hortik datorrela esan dezaket.
Beste kontu batekin jarraituz, asko izutu ninduen, ehunekoek azaltzen dutenez, nork bere buruaz beste egitea zilegi edo justifikagarria ikusten duten gazteen kopurua handitu egin dela ikusteak. Zein arrazoi egon daiteke datu hauen atzean? Suizidioaren gaia oso azaletik landu dut, garrantzi handiko gaia iruditzaen baitzait. Honi buruz kapitulu bat egin nahi izan nuen “La voz de los adolescentes” liburuan, baina gaiak gainezka egin zidan eta ez nintzen ausartu; izan ere, alderdi ugari ulergaitz egin zitzaizkidan: bat-batean bizitzaren xarma galtzen duten pertsonak, egoera baten aurrean aurrera egiten ez dakiten gizabanakoak… Buru-hilketa mementu honetan garrantzi handiko kontua da, bigarren hilkortasun kausa baita gazteen artean, ez bada dagoeneko lehenengora izatera irtsi. Burura etortzen zaizun lehenengo burutapena zera da: sakontasun handiko akatsen bat dago bertan, atsekabe bat, huts sakon bat… azkenean beraien buruaz beste egitera eramaten dituena. Hau, batez ere gaztetxoenen artean gertatzen dela esango nuke, mutilen artean zehatzago esanda kasu gehienetan, negoziatzeko gaitasun txikiagoa erakusten baitute. Hori izan zen nire lehenengo ondorioa. Dena den, ez zitzaidanez taxuzkoa iruditzen, alde batera utzi nuen. Halere, aurrerago sakonago aztertzea pentsatzen dut. Argi dagoena zera da: pertsona batek ez badu egitura psikologiko, animiko edo espiritual (ez du zertan erlijiosoa izan) sendoa, suizidatzeko tentazioa oso handia izango da beti.
Sarritan familikoak, adituak… gazteriari buruz kexatzen entzuten ditugu, erdeinuz esanez: “Gaur egungo belaunaldiek…” . Aurreko belaunaldiekin alderatuz, gazteok hainbeste aldatu garela uste duzu? Nik garbi dudana da gizartea dela aldatu dena, eta honekin batera gazteak; kontrakoa esatea oker ibiltzea da. Ezinezkoa da orain dela 50-60 urteko gazteak oraingoekin alderatzea. Nire iritziz, aldaketa nabarmenena ez da oraingo gazteen artean eman, hauen gurasoen belaunaldian baizik. Ez naiz bakarra iritzi honekin bat datorrena. Gaur egungo gazteen jokabide asko euren gurasoek, 60ko hamarkadaren erdialdetik 70eko bukaerara transizioa egin zuten horiek, jasan zuten aldaketa latzetik dator. Zuek horren oinordeko zarete.
Gaiarekin jarraituz, gaur egun eztabaida ikaragarria sortzen duen gai bat gazteen artean ematen den biolentzia da, ikasgeletan, kaleetan… islatzen den biolentzia. Areagotzen ari dela uste duzu? Ez, garbi ez. Gaur egun ditugun datuek ez dute inoiz gaur egungo gazteriaren arteko biolentziaren areagotzea erakutsi beste garai batekiko. Adibide bat jartzearren nire pasadizo bat azalduko dizut. Ni Beasainen jaiotakoa naiz, eta atezain postuan jokatzen nuen bertako taldearekin. Ordiziaren aurka jolasten genuenean, Aranako futbol-zelaian, neskak atearen atzean jartzen ziren niri harri koskorrak jaurtitzeko. Gauzak horrela, bizitzan dudan nahigabe handienetako bat da Villafrancaren aurka 1-0 irabazten ari ginela -horrela deitzen baitzen aspaldi-, azkeneko bost minutuetan 3 gol sartu zizkigutela. Negar batean joan ginen aldageletara… Gainera, auzo ezberdinekoen artean gerrak egiten genituen: estaziokoek porteria auzokoen” aurka… Gaur egun hori pentsaezina da. Alabaina, egun, biolentzia ikaragarriko gertakizun puntualak ematen dira: kutxazain batean gazte batzuek eskale bat hiltzea, edo 17 urteko neskak beste batzuei bularrak arrailtzea… Fenomeno puntualak ematen dira, eta maiz hauen zergatia aztertzen saiatu naiz. Ez da erraza azalpen orokor bat aurkitzea, eta kontu handiz hitz egin behar da, zenbaitzuetan gaizki ulertzen baitzait, baina labur horrela esan dezaket: garai batean, biolentzia maila jasangarri bat zegoen, gazteen kartsutasunaren seinale. Gaur egun, hori ezabatu egin izan nahi da, gazte guztiak oso “moñoñoak”, jatorrak eta arazorik ematen ez duten horietakoak nahi ditugu. Eta, bat-batean, psikologikoki ahulagoa den gazte bat, delako arrazoiarengatik -mutil baldar samar bat adibidez, neskak kasurik egiten ez diozuen horietako bat- otoz otoan biolentzia leherketa bat izaten du, askotan droga edo alkoholismo faktoreak atzean daudela. Honen ondorioz, horrelako biolentzia gertakizun puntualak ematen dira. Gainera, azaldu berri den ezaugarri bat dugu: teknologia. Egun, gertaera hauek areagotu egiten dira, ondoren Internetera igo ditzakezulako eta mundu osoari zeren gauza zaren erakutsi. Halere, ezin da esan gaurko gazteak aurrekoak baino bortitzagoak direnik, ezta telebistak biolentzia eragiten duenik ere, nahiz eta biolentzia barra-barra egon telebistan. Baina zer irakurtzen genuen guk geure garaian? “Hazañas bélicas”, “El Capitan Coraje”, “El guerrero del Antifaz”… Denak gerlarien kontakizunak!
Ez zaizu iruditzen, beraz, komunikabideak errudunak direla neurri handi batean… Horixe baietz, baina aurreakoak ere bai, ez bakarrik oraingoak. Istorio mota hauek beti saldu izan dute gehiago. Esate baterako, zeintzuk izan dira Oscar sariak irabazi dituzten bi film nagusiak? Bata Irakeko gerrari buruz eta bestea Avatar. Beste mota batzuetako filmek ez dute hainbeste saltzen…
Eragingarria den beste faktore bat familian dagoen komunikazio falta izan daiteke. Honi buruz ere mintzo izan zara. Gure gizartean eman den aldaketa nagusietako bat dela uste duzu? Aldaketa gertatu bada, onerako izan dela esango nuke nik. Askok esaten dutenaren aurka, gaur egun gehiago hitz egiten da gurasoekin. Hala eta guztiz ere, onartu behar da, gaur egungo erlazioa gurasoekin zailagoa dela, lehiakide gehiago dituzte, bakarrik daude… Eskakizun handiagoa dago egun, bai gizartearen aldetik, eta baita zuen aldetik ere. Nik behin baino gehiagotan errepikatu dudan bezala, nire datuetan oinarrituz, zuek gurasoei asko eskatzen diezuela badakizue, eta maiz bidegabe jokatzen duzuela onartzen duzue. Guri ez zitzaizkigun horrelakorik bururatzen. Hasteko, 5 anai-arreba ginelako etxean, eta lehengusu mordoa… Ez geunden horretarako. Pentsatzen jarriz gero, zenbat begirale, denbora libreko hezitzaile, pedagogo psikosozial eta sexual… Zergatik hainbesteren beharra? Gizartea bere osotasunean hartu behar da hori ulertzeko, bat-batean alde batera utzi duelako hezkuntzaren ardura. Nire lagunak, Jose Antonio Molinak, dio tribu osoa dela hezitzen duena. Bai, baina kontuz! Zuzentasunez egin dezala, diot nik. Hori guztia desagertu egin da egun, bakoitzak bere bidea egiten du, eta familiari, eskolei…ematen zaie heziketaren ardura.
Gurasoen irudian zentratuz, beste lanketa batean, guraso mota ezberdinak ikertu zenituen eta, honekin erlazionaturik, bakoitzaren inplikazioa seme-alaben hezkuntzan. Nire harreta piztu zuen irakurtzeak guraso progresistak, jantziak, kanpoan lan egiten dutenak… direla heziketa alde batera gehien uzten dutenak. Nik bi lanketa egin ditut: lehenengoa 2002. urtean Espainia mailan, eta bestea Katalunian. Guraso progresista mota honek -nik ez nuen termino hau erabili nahi, baina harreta pizteko beharrezkoa zela azaldu zidaten-, ezagutza maila altuarekin… etxetik kanpo egon ohi da. Guraso hauek kontzertu eta antzezlanetara joaten dira sarritan, kirol ariketa ugari egiten dituzte…; ondorioz, beraien seme-alaben hezkuntza zentruari edo beraien seme-alaben begirale moduan kontratatuta duten pertsonari uzten diote. Honek ez du esan nahi progresista guztiak horrelakoak direnik; horrelakoak direnak progresistak direla baizik.
No comments yet.