Kalamidadeen liburua – JOAN MARI IRIGOIEN

Joan Mari IrigoienZaila izan ohi da liburu bat aukeratzea, beharbada gustatuko ote zaigun betiko zalantza dela eta; oraingo honetan, ordea, J.M. Irigoienen Kalamidadeen liburua aukeratzeko dudarik ez dut izan. Izan ere, benetan erakargarria iruditu zait titulua, ohikoa ez den zerbait. Horregatik, garrantzitsua deritzot idazle honi buruzko informazioa biltzeari eta behar bezalako aurkezpena eskaintzeari.

Joan Mari Irigoien 1948ko irailaren 30ean jaio zen, Donostiako Altza auzoan. Ingeniaritza ikasi zuen bere ikasle garaian eta futbolaria ere izan zen. Hala ere, biak utzi zituen Venezuelara joateko; bidaia honek berebiziko eragina izango zuen bere bizitza eta literaturan. Irakasle lanetan aritu zen eta ETBrentzako ehunka filmen itzultzaile izandakoa da. Irun Hiria Saria irabazi zuen Hutsatik esperantzara bere lehen poema liburuarekin. Dena den, genero gehiago landu ditu; besteak beste, eleberria, haur eta gazte literatura eta biografia. Eleberri asko idatzi ditu, baina guztietan ezagunenak Babilonia (1989) eta Lur bat haratago (2000) dira. Azken hau, gainera, euskaraz idatziriko fikziozko libururik luzeena den. Kalamidadeen liburua lanean apurtu zituen idazleak molde guztiak. Hona hemen idazle ikaragarri honi eginiko elkarrizketa bat El País egunkariaren eskutik.

Liburuan azaltzen den istorioaren generoari dagokionez, komedia da eta autorea hirugarren pertsonan kontatzen duen narratzaile orojakilea da. Lan honetako gertakizunak argitzeko, idazleak deskribapen anitzez eta elkarrizketez baliatzen da, irakurleari erosoa eta eraman erraza suertatuz istorioa.

azalaLiburuaren gaia ez da bakarra; nolabait esateko, familia xelebre batean sortzen diren harremanak, matxismoa, sexua eta erlijioaren arteko nahasketa baizik. Istorioak hasiera eta bukaera izan arren, esan liteke bizitza bateko zati bakarra baino ez duela hautatu. Kontua da Enriketa nazkatuta dagoela bere senar Ladisez, errealitatean bizi ez den poeta delako. Hark bere aita Gorki ezagutzen duenean hasiko dira komeriak, euren etxera joango delako bizitzera. Bestalde, bi alaba bikiak senargai bila dabiltza, baina ez edonolakoak. Egun batean aldizkari batean iragarriko dute euren nahiak eta hala ezagutuko dituzte Koldobika eta Krispin. Hemendik aurrera, dena korapilatzen hasiko da eta benetan dibertigarriak diren gertaerak jazoko dira: bi bikoteen arteko sexu-arazoak, Koldobikaren haurdunaldia…

Pertsonaiei dagokielarik, ez dago protagonista bakarra; halere, badirudi Gorki eta Ladis nabarmentzen direla, hauek jartzen baitiote, azken finean, umore ukitu hori eleberriari. Beraz, hauek dira, beste zenbait pertsonaiarekin batera, istorioko gertakizun zoro eta dibertigarriak biziko dituztenak:

edukiaLadis: Gorkiren semea da (nolako egurra, halako ezpala). Poeta eta, gainera, kalamidadea. Enriketarekin dago ezkonduta (bere Mona Lisarekin) eta bi alaba ditu. Horretaz aparte, beste planeta batean bizi dela esan daiteke. Poeta Bizien Klubeko kide ere bada.

Gorki: Ladisen aita. Hau ere poeta eta, noski, kalamidadea. Ezkontzaren aurkako gizona dugu eta, horregatik, gazte zela, neska haurdun geratu eta ezkon zitezen proposatu zionean, Asturiasera alde egin zuen. Zenbait arrazoi direla eta, Euskal Herrira itzuli zenean ezagutu zuen Ladis semea. Aipatzekoa ere aberriaren aldekoa dela.

Enriketa: Ladisen emaztea. Nazkatuta bizi da. Bere bi alabei aholkuak emango dizkie Ladis bezalako gizonekin ez ezkontzeko. Istorioaren erdialdean etxetik alde egingo du, baina amaieran…

Manoli eta Juanita: Ladis eta Enriketaren bi alaba bikiak. Moja eskolan burutu zituzten euren ikasketak eta urtero ikasle ohien afarira joango dira, baita goiz etxeratuko ere. Senargaiak bilatzeko aldizkari batera idatziko ondoren, bikoteak topatu eta ezkondu egingo dira… Orduan hasiko dira komeriak!

Koldobika Sagastizabalbeitia Pagazaurtundua Gabikagogeaskoa Atxalandabaso etab. eta Krispin (D)Irureta Frescobaldiri: ahizpa bikien senarrak, zein baino zein xelebreagoa. Gainera, Makrokutxa Kutxako bi “perla” kontsidera daitezke, matxistak eta diruzaleak, alegia.

Formaren ildotik, istorioan zehar autoreak hiztegi aberatsa darabil eta elkarrizketetan hitanoa erabiltzen du, pertsonaien artean dagoen konfiantza igorriz irakurleari. Ulerterraza dela esan daiteke. Kalamidadeen liburuak, aldiz, ez du kokapen zehatzik: ematen den datu kronologiko bakarra Gorkik Gerra Karlista bizi izan zuela da, baina ez da gehiagorik zehazten. Aipatzekoa da ere liburuaren hasieran sarreratxo bat egiten dela eta, ondoren, sarreratxo horretan parte hartu dutenen bizitza eta izaeran sakontzen dela, banan-banan deskribatuz eta euren artean erlazionatuz.

Estilo-baliabideei erreparatuz, ironia eta konparazioa azpimarratuko nituzke. Metafora anitz ere topa dezakegu. Orokorrean hitz eginda, ordea, ez dira ulermena zailduko duen estilo-baliabide ugari erabiliko. Badirudi autoreak liburua guztiz ulergarria izatea nahi izan duela. Irakurtzea gehiegi gustatzen ez zaigun gazteoi erakargarriagoa egiten zaigu horrela, zalantzarik gabe. Hona hemen liburuaren zati bat baliabide horien erabileraren froga gisa:

Baina nola zegoen Ladisen etxea Enriketak bertatik alde egin zuenetik? Huts egiteko beldur handirik gabe espero zitekeen bezala, desastre bat egina! Hautsa hemen, hautsa han; armiarmak nonahi, beren trapezioetan zabuka… eta giroan zegoen keru gaizto hura, etxeko leiho guztiek Frantziara joko balute bezala: Roquefortera edo Camembertera… Baita Frantzia hartako erregea zirudien sagu hura ere, armairu baten azpitik irten eta Rosa garrasi batean jarri zuena.

Eta benetan diotsuet lortu duela, nire kasuan, batik bat, erakartzea. Izan ere, ez naiz inoiz izan oso irakurzalea eta oso liburu gutxik lortu dute ni liluratzea. Nahiz eta liburu luzea izan, istorioa motza egiten da, oso interesgarria eta, aldi berean, dibertigarria. Alde batetik, kapitulu bakoitzaren hasieran laburpentxo bat egiten delako kontatuko denaren aurrerapen gisa eta horrek intriga handia sortzen duelako irakurlearengan. Kalamidadeen liburuak duen bereizgarrietariko bat dugu hau. Eta, bestetik, aipatzea ezinbestekoa iruditu zaidan narratzaileak irakurlearekin duen lotura zuzenarengatik. Emaile eta hartzailearen arteko konplizitate hori ondorengo adibidean ikus dezakegu:

“… irakurle batek baino gehiagok itaun lezake: nola bukatu ote zuen Koldobikak eta Krispinek?” edo “…ongi ari natzaizu, bai, irakurle: aita ez ezik, aitona ere bai! (…) Baina jadanik galderak egiten sumatzen zaitut liburua esku artean duzun gizon nahiz emakumezko hori…”

Dena den, kapitulu gutxi batzuk pisutsuegiak egin zaizkit. Gainerakoekin alderatuz, oso luzeak dira eta, gainera, liburua itxi ondoren, askorako balio izan ez zaizkidala ohartu naiz.

Ondorioz, balantze bat egin behar izango banu, ziur nago ezaugarri onek txarrei irabaziko lieketela, alde handiagatik gainera. Horregatik, zalantzarik gabe, gomendatuko nukeen liburua da Kalamidadeen liburua, gustura irakurtzen den horietakoa delako eta umore ukitu horrek berezia bihurtzen duelako.

Bibliografia

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->