La lutte finale, Joxean Agirre

Joxean Agirre Odriozolaeuskal idazle ezaguna dugu. 1949an Azpeitian jaio bazen ere, egun Zarautzen bizi da. Soziologia ikasi zuen Parisen eta, ondoren, kazetaritza Leioan. Egin egunkarian aritu zen lanean itxi zuten arte. Orain, Gara egunkarian egiten du lan, Ikastola etaBertsolari aldizkarien zuzendari izateaz gain.

La lutte finale(2008) bere azken lana izanik, ez da Agirrek duen bakarra narratiba arloan; aipatzekoak dira, Lehen triptikoa (1986), Gizon bat bilutsik pasiloan barrena (1991), Elgeta (1996) eta Romain zen bere izena(2003).

Nahiz eta nobelak gai asko jorratzen dituen hiru lirateke narrazioaren oinarria osatzen dutenak: pertsona ezberdinen arteko amodio harremanak, denboraren igaroak eta horren ondorioen inguruko gogoetak eta iraganeko egonezin politikoak. Horiek guztiak pertsonaia ezberdinen ikuspuntuetatik landuak daude -gaiek eurengan eragiten dituzten egonezin, gogoeta eta bestelako pentsamenduak uztartuz-, eta deskribapen luzeez hornituak; izan ere, askotan nobela bera lan filosofiko bat dela pentsatzera eramaten gaitu. Hori guztia ikuspuntu guztiz errealista baten inguruan ematen da, fantasia askorik egin gabe, nahiz eta aipatutako lan filosofikoaren irudikapen horrek hala dela pentsatzera bultza gaitzakeen. Hau guztia bi ardatzen inguruan sailkatua: oraina/iragana eta Venezia/Euskal Herria, denbora eta kokapen geografikoari dagokienez hurrenez hurren.

Nobela, iraupen oso ezberdinezko kapituluetan banatua, pertsonaia orojakileen esku geratzen da narrazio osoan zehar, eurek egiten dituzten gogoetez gain, abilezia handiz interpretatzen baitituzte beste pertsonaia ororen gertakari, sentimendu eta bestelako pentsamenduak. Bestalde, atzera eta aurrerako saltoez hornitua egonik, zaila egiten da pertsonaia bat bestetik bereiztea. Horri guztiari, gainera, protagonista dirudienaren izena ez agertzeak sortzen duen nahastea gehitu behar zaio.

Zailtasunak gorabehera, pertsonaia bakoitza bizitzako ikuspuntu batekin lot daitekeela esan dezakegu, edota aurretik aipatutako oinarrizko hiru gaietako batekin, bata edo bestean sakonduz pertsonaia ezberdinekin, betiere amodiozko harremanak izanik guztien arteko elkargune.

Nobelaren lexiko eta hizkera ez dira oztopo hura ulertzeko garaian, inoiz hitz jasoagoren bat eta adierazpen kiribilduago bat erabiltzen badu ere, orokorrean bi atal horiek ez dute h

alako zailtasunik suposatzen. Gehiago dira aurretik aipatutako denbora saltoak, pertsonaien inguruan ematen den banaketa eskasa eta obrak argumentu jarrai bat ez duen sentsazioak, gogoeta filosofikoaren irudipenak alegia, obra ongi ulertzea galarazten dutenak.

Horregatik guztiagatik, Joxean Agirre gutxietsi gabe betiere, eta kontuan izanda argi ikusten dela La lutte finale nobelaren kalitatea (Agirre autorea izanda, bestelakorik ezin delako izan), esan nezake, nire ikuspuntu pertsonal eta esklusiboan, liburua orokorrean ez dela irakurri ditudan guztietatik gehien gustatu zaidana. Beraz, ez nioke liburu hau argumentu eta pertsonaia erabat definituak, denbora salto gutxi eta orokorrean gogoeta sakonik gabeko lanak atsegin dituenari gomendatuko; bai, ordea, moldeak hausten dituzten nobela sakon eta korapilatsuak gustuko dituenari.

  • Datu biografikoak guztiak, Elkar argitaletxeak 2008an argitaratutako La lutte finale liburuaren aurrealdeko azaletik hartuak

, , , ,

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->