25 urte pasa dira Lemoizko zentral nuklearraren proiektua bertan behera gelditu zenetik. Hori dela eta, lehengo batean erreportaia bat eman zuten ETB 2an. Baliteke nire artikulua berandu iristea hortaz, baina azterketak zirela medio, ezin izan dut idatzi gaur arte. Dena den, norbaitek dokumentala ikusteko interesa badu, grabatu egin nuen. Dokumentalean politikariak, Lemoizen hasiera batean lan egindako ingeniariak, ondoren proiektuaren aurka jarri zirenak (Juan Olagarre), Lemoizko herritarrak eta Euskal Herriko militante antinuklearrak agertzen dira, besteak beste. Gainera, aipatutako dokumentalak energia nuklearraren nondik norakoak ere agertzen ditu modu sinple batean.
Lemoizko zentral nuklearraren eraikitze lanak 1972.urtean hasi ziren. Gogora ekarri beharra daukagu frankismoaren garaian energiaren beharra proganda gisa erabili zela eta diktadorea beti zebilela pantanoak eta bestelakoak inauguratzen. Petrolioaren krisia zela eta, energia nuklearraren aldeko aspustua egin zuen gobernu frankistak. Horrela, Espainiako lehenengo zentral nuklearra eraiki zen Alicanten La Florita izenaz. Ondoren, Garoñako zentrala ere eraiki zuten Burgosen, Gasteiztik kilometro gutxira. Euskal Herrian lau zentral nuklear eraikitzeko proiektua zegoen: Lemoizen, Deban, Ea Izpasterren eta Tuteran. Energia nuklearra modan zegoen ez Espainian bakarrik, baita mendebaldeko herrialde gehienetan ere.
Dena den, zentral nuklearraren proiektua hastearekin batera, bere aurkakoa ere abian jarri zen. Garai hartan, alderdi politikorik gabe, bizilagun elkarteek eraman zuten zentralaren aurkako mobilizazioen pisua. Gerra ondorengo manifestaldi jendetsuena egin zen garai hartan Bilboko kaleetan, garaiko prentsaren arabera, 150.000 pertsona bilduz.
Baina transizio garaian, euskal instituzioek, hainbat alderdi abertzale zela tartean, Lemoizko proiektuaren alde egin zuten. Arzallus eta EAJko kide gehienak alde agertu ziren. Izan ere, petrolioak hondoa jo behar zuela sinetsarazi izan nahi zieten herritarrei: energia nuklearra edo kandeletara bueltatzea beste aukerarik ez zegoela esaten zuten. Energia nuklearra garbi eta segurutzat jotzen zuten. Baina hori horrela ez dela frogatuta geratzen da. Lehenengo ezbeharra Harrisburgen, Estatu Batuetan, gertatu zen baina ez zituen ondorio larriak izan, ez baitzen erradioaktibitatea erreaktoretik irten. Ezbeharrik latzena Chernobylen gertatu zen erreaktore baten eztandaren ondorioz 30 langile hil zirenean. Hodei erreaktiboa Ekialdeko Europa osoan zehar hedatu zen eta 135.000 pertsona ebakuatu behar izan zituzten.
Lemoizera itzuliz, mobilizazioak indartzearekin batera, ETAk lehenengo atentatua egin zuen 1977an. Ekintza hartan, Guardia Zibilak David Alvarez Peña ETAkidea hil zuen. 1978an ETAk jarritako bonba baten eztandaren ondorioz, erreaktore batean lan egiten ari ziren bi langile hilda suertatu ziren. Urte hartan bertan, Euskal Herriko Koordinadora Antinuklearrak jaigiroan ospatu zen konzentrazio batera deitu zuen Tuteran. Inongo liskarrik eta probokaziorik egon ez zen arren, Guardia Zibilak manifestarien aurka egin zuen. Autobusari zain espaloian eserita zegoen Gladis de Estal koordinadora antinuklearren kideak buruan tiro bat jaso eta bertan hil zen. Hilketa honek euskal gizartea asaldatu zuen.
1981ean ETAk Lemoizko ingeniari nagusia, zentralaren zuzendaria izango zena, bahitu eta astebeteko epea eman zuen zentralaren proiektua bertan behera uzteko. Astebeteren ostean, buruan tiro bat emanez hil egin zuten. Hurrengo urtean, Ryanen ordez jarri zuten ingeniaria ere hil zuen ETAk. Ondorioz, egoera jasanezina bihurtu zen Lemoizko langileentzat eta Ibedrolari lanpostuz aldatzeko eskaera egin zioten. Urte hartan bertan PSOEk irabazi zituen Espainiako haustekundeak eta enpresa elektrikoekin gatazka hau “izozteko” akordio batera iritsi zen.
Hala ere guztiz ere, aipatu beharra dago enpresa hauek ez dutela galerarik izan. Izan ere, lotsagarria bada ere, urtero kobratzen diguten argiaren fakturan, zentral nuklear horien eraispenerako beharrezko izan ziren gastuak ordaintzeko kuota bat sartzen digute. Bitartean, bi mila milioi euro kosta zen mamu horren eskeletoak zutik dirau oraindik ere garai beltz haien orogarri gisa, Bilbotik 15 km eskasera.
No comments yet.