Eneko Bidegain Baionan, Lapurdin, jaio zen 1975ean. Gaur egun Baionan bizi da. Batxilergorainoko ikasketak ikastolan burutu zituen eta, ondoren, Baionako Fakultatean egin zituen Euskal ikasketak. 1999az geroztik Baionako Bulegoan, Euskaldunon Egunkariako kazetari moduan lanean ibili da eta, gaur egun, Berria egunkariko euskal idazle, kazetari eta blogaria da (hemen Ipar Haizea deituriko blog interesgarria elikatzen du). Lanekoaz aparte, blog pertsonal bat du, Baionako barraraino. Bertan bere buruaz dioena jakin nahi baduzue, klikatu hemen.
Enekok Mahatsaren begiaz gain, beste zenbait lan ere plazaratu ditu: Euskal esaerak (Expressions basques, 2001, Elkar) eta Anbroxio (2002, Elkar). Nik lan hauek alde batera utziz, Mahatsaren begiari egingo diot aipamena.
Nobela gordina eta errealista dela esan daiteke. Istorioa indarra hartzen joango da orriz orri eta honek irakurlea istorioan murgiltzera eramango du. Idazleak zuberotarra erabiliko du nobela hau idazterako orduan, baina honek ez du irakurmena zailduko. Irakurriz gero, segituan ohartuko zarete hizkuntza garbi eta ulergarria dela guztiz irakurle gazte eta hain gaztea ez denarentzat ere.
Jarraian argumentua aztertzeari ekingo diot:
XIX. mendeko gizartearen alderdi beltzenak erakusten dizkigu eleberri honek: aita-semeen, senar-emazteen eta maitaleen arteko harremanak, traizioak, bakoitzaren gogoetak eta damuak. Honetarako, Martin familia jarri du zorigaitz honen protagonista moduan. Familia honek ez du ezagutzen zoritxarra besterik: langabezia, gizartearen bazterketa, espetxea, HIESa, familia galtzea, traizioa… Antton, familia honetako gizona, langabezian gelditzen denean hasiko dira familia honen buruhausteak. Hau gutxi balitz, gizartearen irainak jasan beharko ditu. Hau guztia dela eta Anttonek hondoa joko du eta, zulo beltz horretatik atera ezinik dagoela, banketxe bat lapurtzea erabakitzen du. Ekintza ez da berak nahi zuen bezala burutuko, espetxean igaro beharko baititu 24 urte polizia bat hiltzeagatik. Ixabel bere emazteak ez du denboraldi luze horretan bisitatzeari hutsik egingo.
Loturarik gabeko gertakizunak bukaeran kate korapilatsu batean bilduko dira. Eneko Bidegainek ez du istorioa amaitu nahi izan, honela irakurlea parte hartzera gonbidatuz. Ideia bat egin dezazuen hemen duzue liburuaren amaiera:
Tabernara doa. Dolar bat eta erdi atera ditu sakelatik. Coca Cola bat manatu du. Ez egarriturik dagoelako, ez Coca Cola gustatzen zaiolako, ez edateko gogoz dagoelako…denbora irabazteko, erabakia gibelatzeko. Ez zaio inporta heldu den hegazkina hutseginik ere. Izanen dira gehiago, horren ondotik ere. Ez zaio inporta noiz joan. Bi asteko oporrak ditu. Ez dauka presarik. Ez du erabaki. Ez daki erabakiko duen ere…
Poker bat atera zaio zintzurretik. Coca Colaren azken xorta irentsi du. Baso zolan ba horma puska gelditu dira…BURUTAPENA
Maider Ziaurrizek Berrian egindako kritika irakurri nahi izanez gero, klikatu hemen. Amaitzeko, nobela irakurtzera eta, ondoren, zuen iritzia ematera gonbidatu nahi zaituztet.
No comments yet.