Mare Nostrum

Betidanik uste izan dugu teknologia aurreratuena Alemania edo Ingalaterra inguruan dagoela. Beno, bada, oraingoan gertuago geratzen zaigun aurrerapen teknologiko bati buruz hitz egitera natorkizue, Mare Nostrum-a.

Funtsean ordenagailu bat da baina gure inguruko edozein ordenagailuk baino 5.000 bider potentzia handiagoa du, eta baita 18.000 ordenagailu arrunten antzeko memoria ere. Honek guztiak segundoko 40 bilioi operazio askatzeko aukera ematen dio. Sekulako ordenagailu hau Europan aurkitzen den indartsuena da eta Kataluniako Unibertsitate Politeknikoaren aldameneko gune batean aurkitzen da.

Jada ehunka zientzialari joan dira ordenagailu harrigarriarekin probak egitera, irakurri ahal izan dudanez, adar zientifiko oso desberdinetan baita erabilgarria makina hau, hala nola, farmazia, biologia, kimika, ingeniaritza edo materialen teknologietan. Baina nola? Mateo Valero BSC-CNSko zuzendariak dioenez:

MareNostrumak aplikazio asko dauzka, adibidez, unibertsoaren sorreraren simulazio kosmologikoa, abioi eta barkuen aerodinamika aztertzeko turbulentzien simulazioa, airearen kalitatea aztertzeko iragarpenak eta proteinen elkarreragina medikamentu berrien sorreran, besteak beste.

Makinaren tamaina bere ahalmena bezain ikusgarria da. 9X15X5 metro dituen kristalezko kutxatila batean kokatzen da zati nagusia. Kanpoaldean, lurperaturik, hozteko sistema eta energia transformadoreak kokatu dira. Gelaren beste alde batean segurtasun kontrolak eta etenik gabeko elikadura sistemak ezarri dira. Ea lan gastu ekonomiko zein energetiko honek tamaina berdineko fruituak ematen dizkigun.

Mare Nostrum

Gai hau borobiltzeko ideia bat gehitzea gustatuko litzaidake. Hasieran esan dudan bezala, jakina da gure herria ez dela inoiz teknologia inguruan gehiegi gailendu. Egun Euskal Herrian dugun bizi kalitate onarentzat nahitaezkoa izan da azken mende honetako industriaren garapena. Halere, azken urteotan hainbat sektorek ohartarazi duten bezala, konpetentzia indartsua datorkigu ekialdetik, eta aurrera segitzeko berrikuntzek eguneko kontua izan behar dute. Talde pribatuek bakarrik ekiten badiote ildo honi interes pribatuen menpe egongo da dena, eta ez herrialde osoaren onurarako egokitua.

Honengatik guztiagatik uste dut diru publiko gehiago igorri beharko litzatekeela horrelako zentro eta proiektuak sortzeko. Ikerketak epe motzera etekin garbiak ekartzen ez dituen arren, aurrera oso baliagarriak izango dira.

Gai hau interesatzen bazaizu, jarraitu irakurtzen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->