¡Que hay crisis!

Marka zuriakGaur egungo gizartean denok ezagutu eta pairatzen dugun fenomenoa dugu krisi ekonomikoa. Orain dela urte batzuk inork ez zuen espero gure gizarte kapitalista hau pikutara joango zenik, ezta gerrikoa estutu beharko genuenik ere. Orain, ordea, dena aldatu da, ez da lehengo berdina; izan ere, krisiak kolpe gogorra eman du, ondorio asko eta larriak ekarriz. Horietako bat marken arteko “gerra” da. Hau esatean, marka zuri eta marka lider edo jatorrizko marken artean benetako konpetentzia sortu dela esan nahi dut. Azter dezagun auzia.

Hasteko, marka zuri edo produktu zuriak hipermerkatuaren izenpean doazen produktuak dira. Hauek jatorrizko markek produzitzen dituzten ekoizkinak dira eta, publizitatearen beharrik ez dutenez, merkeagoak izaten dira. Hori dela eta, produktu hauek sekulako ospea hartu dute azken urte hauetan, krisia aurrera eramateko laguntza handia eskaintzen baitute. Adituek diotenez, produktu hauek merkatuan izan duten eboluzioa aparta da. 1996. urtean, %12,1ek erosten zituen eta urtez urte handituz joan da: 2006an, %25,5ek eskuratzen zituen; 2009an, aldiz, %40k erosten ditu jada. Azken urtean hartu dute batez ere sekulako indarra.

Dena dela, erosleek sarritan izan ohi dituzte produktu hauekiko mesfidantza eta beldurra. Kalitatea ona izango ote da? Ez al gara hainbatetan dudatan egon zein produktu erosiko? Gainera, produktuek egiten dituzten enpresak egun batetik bestera alda daitezkeenez, produktuen zapore edo kalitatean ere aldaketak egon daitezke. Komeni da jakitea, guk hala uste ez badugu ere, produktu hauek marka liderren berdinak direla, nahiz eta ezin ziurta daitekeen jatorrizko markek prozedura eta produktu berdinak erabiltzen dituztela. Beti egongo da ezberdintasunen bat.

Esanak esan, eta egon daitezkeen ezberdintasunak gorabehera, aipatutako markak kontsumitzea egokia dela iruditzen zait, bizi dugun krisiaren aurrean merkeago erosteko aukeraz baliatzeari egokia baiteritzot. Izan ere, jatorrizko markek eta hipermerkatuek ez dute galtzen, ezta guk ere. Gainera, ¡…que hay crisis!.

Gehiago jakiteko:

Listado de marcas blancas [pdf]

Comments { 1 }

Heriotza Zigorra= ERAILKETA

heriotzaHeriotza zigorra Estatuak lege konkretu bat hautsi duen gaizkilea exekutatzean datza. Hori izango litzateke, sinple-sinple azalduta, kontzeptuaren definizioa. Agian, ez zen beharrezkoa artikulu honetako hainbat lerro erabiltzea hura deskribatzeko, denok baitakigu, tamalez, zer esan nahi duen eta. Baina, badaezpada, beti komeni da azalpentxo bat ematea, irakurle guztiek izan dezaten argi zeri buruz ari garen.

Gizarte, zibilizazio edota herrialde ia guztiek erabili izan ohi dute heriotza zigor bezala, euren historiako garairen batean; eta, egun, munduko herrialde askotan jarraitzen du indarrean. Eta ez, ez da Hirugarren Munduko gauza bakarrik. Europa eta Ozeania osoan abolitua dago dagoeneko, salbuespen batzuekin; baita Hego Ameriketako herrialde gehienetan ere. Hala ere, badira oso garatuak diren lurraldeak, AEB eta Japonia esaterako, non legezkoa eta indarrean den oraindik.

Legala da, baina legala izateak ez du inondik ere morala izatea ziurtatzen. Morala al da pertsona bati, egin duena egin duela, bizitza kentzea zigor modura? Nire iritziz, ez. Ezerk ez du pertsona baten heriotza justifikatzen.

Alde batetik, Nazio Batuen asanbladak 1948ko abenduaren 11n atera zuen Giza Eskubideen Aldarrikapen Unibertsalaren 3. artikuluaren aurka doa funtsean. Bizitzaren aurka, gizabanakoaren eskubiderik oinarrizkoenaren aurka; gizaki hori hiltzaile, bortxatzaile, torturatzaile edo delakoa dela ere. Zigorra jaso beharko du, zalantzarik gabe, baina zertarako balioko du gaizkilea akabatzeak bere mailan jartzeko ez bada? Ezinezkoa da, alde batetik, bizitzaren alde egitea; eta, bestetik, heriotza zigorrak suposatzen duen erailketa publikoa defendatzea. Kontraesana da, hipokresia, faltsukeria. Bizitza unibertsala da, denok dugu bizitzarako eskubidea gizaki garen heinean. Talde horretan denok gaude; baita gaizkilea ere. Horregatik, heriotza zigorra demokraziaren eta Jainkoaren hitzaren (ikus Hamar Aginduetako 5.a) aurka doan konbentzimendu osoa dut. Beraz, benetako demokrata, kristau edo bizitzaren defendatzaile sutsuak ezingo du inoiz heriotza zigorra defendatu, kontraesanean erori nahi ez badu behintzat.

Bestetik, adituen arabera, heriotza zigorrak ez du onura sozialik; hau da, ez du ezertarako balio delituak ekiditeko. Ez dago frogatua heriotza zigorra praktikatzen den herrialdeetan debekatuta dauden besteetan baino erailketa edota bortxaketa gutxiago dagoenik. Beraz, esan daiteke ez duela balio gaizkileak beldurtzeko, delitua burutu ez dezaten.

Gainera, gerta daiteke prozesu judizialetan erroreak egotea, eta errugabea den pertsona exekutatua izatea; batez ere garatu eta garapen bidean dauden herrialdeetan, non epaiketa juxtu bat eramateko baliabideak urriagoak diren. Esaterako, Columbiako Unibertsitateko ikerketa batek dioenez, AEBtako Floridako Estatuan, 1973 eta 1995 bitartean, lautik hiru heriotza zigor kondena baliogabetu egin zituzten errore larriak detektatu zirelako. Hauek exekuzioak aurrera eraman aurretik antzeman ziren, baina beste asko ondoren hauteman ziren. Errugabe askok galdu du bizia horrela.

Horregatik guztiagatik, munduan zehar pertsona askok nik bezala pentsatzea gustatuko litzaidake, heriotza ez dela justiziarentzat alternatiba. Bai, aldiz, askatasun eza. Biziarteko kartzela-zigorrak heriotza zigorra ordezkatu beharko luke eta hura aplikatu heriotza zigorra ez dagoen herrialdeetan, Europan esaterako. Gizakia aske izateko jaioa den izakia da; beraz, askatasun falta da zigorrik gogorrena. Azken finean, heriotzak ez luke gure esku egon behar.

Comments { 9 }

Gaurko Hitzak urte bat bete du gaur!

Egunez egun eta hitzez hitz zure hiztegia aberasten lagunduko dizugu. Sar zaitez egunero edo harpidetu gure edukietara, gurekin eguneko hitza ikasteko.

Hitz horiekin ematen genion hasiera egitasmo berri honi 2008ko azaroaren 3an; urte bat bete da gaur, beraz, Gaurko Hitza bloga martxan ipini genuenetik. Ez dira gutxi izan tartean gertatutakoak. Hasiera batean, ikasleen EGA azterketari begira sortutako ekimenak, pixkanaka-pixkana, bizitza propioa hartu eta gu guztion hiztegia aberasteko bidean ipini dela pentsatzea gustatzen zaigu; izan ere, ez dira gutxi izan zuen ekarpenak, iradokizunak, hitz-proposamenak, iruzkinak, adar-jotzeak eta bestelakoak hainbat eta hainbat hitzen inguruan.

Bestalde, oso pozgarria izan zen guretzat Sustatuko lagunek Letrak Sare Kantoitik atalean Gaurko Hitza txertatzeko proposamena luzatu zigutenean. Letrak, hitzak, esaldiak, testuak… maite ditugunontzat ezin ukatu ohore bat denik Anjel Lertxundi handiaren eta Markos Gimeno apartaren aldamenean tokitxo bat izatea. Mila esker, Sustatu!

Errepaso txiki honi amaiera emateko, aldaketak aipatu nahi ditugu. Horietako bat, hitza argazkiaz laguntzea izan da; izan ere, hasieran, hitzaren azalpena testura mugatzen bagenuen ere, argazki batez lagundua joan ohi da orain (hitzak, behinik behin, horretarako baimena ematen duenean). Eta gaur, urteurrena ospatzeko, urrats bat haratago joan nahi izan dugu eta bideoa txertatu. Gauzak horrela, gaurtik aurrera, astean behin, Gaurko Hitza bideo batean azalduta joango da. Twitterren jaio eta hemendik hartutako ideia hau aurrera eramateko, Pernan Goñi komikigile ezagunaren laguntza jasoko dugu. Mila esker, Pernan!

Hementxe duzue estreinaldikoa. Entzungailua ipini eta entzun eguneko hitza!

ahutzeko iz. g.e.
[masailekoa] ahoko, belarrondoko, danbada, danbateko, dangateko, kolpe, masaileko, matraileko, mustupileko, muturreko, takateko, zartako, zartateko, kolpekada Heg., zartada Heg., zartadako Heg., kaska Ipar., kaskako Ipar., kolpeka Ipar., matelako Ipar., mazelako Ipar., panpako Ipar., paso Ipar., ukaldi, zaflako Ipar., zafra Sort., zarta Sort., plastada Bizk., plastateko Bizk., zaplada Bizk., zapladako Bizk., zaplateko, zaflada Naf., zafladako Naf., belarraldeko Zub., ezpaineko g.e., zanpateko, kohat Ipar. g.e., zanpako Sort., azote Ipar. zah., zafardako Ipar. zah., zaplazteko (UZEIren Sinonimoen Hiztegia)

Comments { 4 }
-->