Jakintza: oroitzapenak eta hamaika kontu gehiago

Kurtsoa bukatzear zegoela nire buruari honako hau planteatu nion: zergatik ez gure etorkizunaz hitz egin, hau da, ikasleon etorkizunaz? Azken finean, hemen artikuluak argitaratzen dugunon azken urtea da ikastolan. Eta orain zer?

Gehiengoak, jadanik, hautatua dugu gure etorkizuna: mediku, irakasle, ingeniari, kimikari, arkitekto, publizista, enpresari… eta hamaika gauza izan nahi dugu. Baina gure bizitzaren helburua lortuko al dugu? Espero dugu baietz. Baina gatozen harira.

Gure etorkizuna alde batera utzitza, zuek guztiak atzera itzultzea nahiko nuke, haur-eskolara hain zuzen ere, eta une batez indio eta bakeroetara jolasten genuenekoa oroitzea, edota drakula eta biktimekin jolasten genueneko momentuak berriz ere gure memoriara itzultzea. Gure ospakizun garrantzitsuenak, nola ez, gutakoren baten urtemuga zen, ogia eta txokolatea ekartzen baikenuen denontzat, baina urteak pasa ahala, gauza aldatzen hasi zen: norbaiten urtebetzea izanda, askaritzarrak ospatzen genituen, larunbatetan, arratsaldeko 05:00etan. Gero parkera joaten ginen polis eta cacosera jokatzea; horiek bai momentu alai eta gozoak! Gaur, ordea, urteak betetzen baditugu, zer egiten dugu hori ospatzeko? Gela mailan, ezer ez, edota gehienez “Zorionak zuri” edota “Happy Birthday” abestu.

Gogoan dut ere olentzero ikastolara etortzen zeneko eguna; izugarrizko eguna zen benetan! Argazkia atera eta guzti egiten genuen! Lourdes eta Mertxe beti gogoan izango ditugula uste dut, eta nola ez Andoniren patxintxiak! Atsedenaldietako esnea ere ederto hartzen genuen denok! Gainera, batzuetan kaxa txiki bateko -gogoan dut oraindik dinosaurio baten marrazkia zuela- opariak (zerealak, esnea… ) ematen zenizkiguten, eta ni, behintzat, oso pozik bueltatzen nintzen etxera.

Eta zer deritzozue ikastolako txangoez? Gogoan izango dut gure 3. mailako lehen irteera garrantzitsua (3 egun!), Beirera, Nafarroako herri ñimiño batera, joan ginenekoa. Aterpetxearen parean herriko eliza zegoen eta gau batean mamuak zeudela marmaratzen zen. Orain, horretan pentsatzen dudan baikoitzean, algaraka egiten dut barre.

Zuhatzan, Lizarran, Villanañen eta Jakan ere oso ondo pasa genuen. Baina zer deritzozue Salouko ikasturte amaierako ikasbidaiaz? Askok eta askok kiskalduta bukatu genuen, baina, halere, primeran pasa genuen, noski!

Ezin ahatz ditzakegu batxilergoko lehen kurtsoan izandako soinketako aktibitate eta irtenaldiak: aerobik, zaldiketa, patinajea, esgrima, ibilaldiak eta abar. Munduko kirol asko eta asko ezagutzeko aukera aparta izan genuen.

Irakasleak ere gogoan izango ditugu, alegia, baita hemen bertan ikasitako guztia ere, ez baita gutxi! Horrekin guztiarekin gure bizitzako urrats bat amaitzear dago; baina beste berri bat (espero berdina edo hobea) hastear dago. Beraz, momentu oro aprobetxa dezagun eta bihar iragana zoriontsu oroit dezagun.

Bide batez, gogorarazi bihar izango dugula ikasturteko eta ikastolako agur-afaria ospatzeko aukera. Ez zer modu pasatzen dugun…

Zuen istorio eta oroitzapenen zain gelditzen naiz! Beste eskaera bat ere egin nahi dizuet: gazteagoko argazkiak izanez gero, Maiteri bidali hementxe jar ditzan, Jakintzako orrian proposatu edota nire emailera bidali mesedez. Mila esker eta ZORTE ON DENOI!

Comments { 0 }

Teilak

Nereak arrazoi osoa zuen, DBHOko ikasleak oso gozozaleak gara! Gauzak horrela eta aurrekoan atal honetan azaldu zen txokolatezko pastelak izugarrizko arrakasta izan zuenez, ni ere errezeta batekin natorkizue.
Teila batzuk egingo ditut oraingoan. Beraz, mantala jarri eta sukaldera!!!

OSAGAIAK:

– 250 gramo gurin
– 10 goiarakada azukre
-10 goiakarada irin
– 2 laranjen azala
– 5 arrautza zuringo

NOLA EGIN:

Teila goxo-goxoakLehendabizi, gurina azukrearekin nahastu eta laranja azala birrinduta erantsi. Nahasten zoazen bitartean, arrautza zuringoa pixkanaka-pixkanaka botatzen joan. Azkenik, irina erantsi gutxinaka. Masa bat egitera iristen zarenenan, labeko xafla batean gurina eta irina jarri. Xaflan masa guztia zabaldu eta laranja azala bota gainetik, zati txikietan moztuta. Xafla labean sartu 160 Cºra teilak eginda daudela ikusi arte.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Karlos Argiñanoren orrian aurki dezakezue. ON EGIN!!

Comments { 0 }

Eta handik gutxira gaur

Eta handik gutxira gaurEider Rodriguez Oreretan jaio zen 1977ko maiatzaren 18an. Joseba Jaka literatur bekaren laguntzaz, bere lehen lana argitaratzeko aukera izan zuen, Eta handik gutxira gaur, 2004. urtean, izugarrizko arrakasta lortuz. Gaur egun, ETBko Sautrela literaturari buruzko saioan parte hartzen du, erredaktore lanetan. Idazleak irakurle proiektuan ere parte hartu du, Arrasateko Udal Liburutegiak euskarazko (idazle euskaldun zein itzulpen) liburuei buruzko iritzi hoberenetarikoak jasotzen dituen liburuskan. Bertan, Eiderrek ez ezik, Arantxa Iturbe, Harkaitz Cano eta beste 7 idazlek ere beraiek gustukoen dituzten hamar liburu aipatzen dituzte, honela 100 liburuko zerrenda osatuz.

Eta handik gutxira gauren hitzaurrea Joseba Sarrionaindiak idatzi zuen, benetan ohore handia Rodriguez bezalako idazle gazte batentzat. Liburua narrazio ezberdinez osaturik dagoenez, 16 denera, arina bihurtzen da, benetan, irakurtzerako orduan. Gainera, idazkera zaindu eta txukun batez idatzirik dagoenez, oso irakurterraza izango da, irakurle gazte eta hain gaztea ez denarentzat ere.

Lehen esan bezala, liburua narrazio ezberdinez osaturik dago, Susana, Gudaria eta Poeta, Anai artea eta Zu eta Ibanen izan ezik, pertsonaiak eta egoerak berdinak dira, hari berari jarraitzen diote.

Gaiak denetarikoak dira, baina oso ohikoak dira sexu harreman edo euskal politikari buruz (euskal presoak…) hitz egiteko orduan autoreak pertsonaiei ematen dien askatasuna eta naturaltasuna. Garaiak askotarikoak dira, Gerra Zibila (lehenengo narrazioan) eta XXI. mendean murgildutako istorioak esate baterako. Narrazioen kokapena guztiz ezberdina da kontatzen duen istorioaren baitan, Euskal Herria, Chiapas, Madril…

Niri gehien gustatu zaizkidan narrazioak Sofako Amodioak eta Galtzerdiak izan dira. Lehenengoan, emakume baten bizitza sentimental nahasiari buruz hitz egiten du. Monike Mikel eta Karlen artean zalantzan dabil, ez daki nor aukeratu. Baliteke hori geure bizitza eta aldamenekoan bizitzatik hain urruti ez egoteak sinesgarritasuna ematen diola istorioari eta oso gustura irakurri dut. Nor izango da gizon aukeratua?

Bigarren narrazioan, Galtzerdiak, protagonista goiz batean aurreko gaueko ezertaz oroitzen ez den gizon bat dugu. Lanera abiatzen da eta bertan bereak ez diren galtzerdi batzuk jantzita daramatzala konturatzen da:

Jantzirik dituen hauek (galtzerdiak) nerabe batenak dirudite, pailazo batenak, urdinak marra laranja eta ubelekin. Galtzerdi absurduak nola edo hala ezkutatu nahi ditu. Prakei beheraka tira die izterretatik, baina ezer ez, ez du lortu. Azkenean, bidaia zutik bukatzea deliberatu du.

Rosari, bere emaztegaiari, kontatu nahiko lioke dena, ez baita ezertaz gogoratzen, baina ez daki zergatik, nahiago du ezer ez esan. Lanean dagoela mugikorrari mezu bat iristen zaio. Zer gertatuko zitzaion gure protagonistari?

Galdera hauei erantzuna bilatu nahi izanez gero, klikatu hemen, Susa Argitaletxeak liburu osoa bere web horrian baitauka. Liburua irakurtzeko aukera izateaz gain, Sarrionandiak idatzitako hitzaurrea irakurtzeko parada ere baduzue. Bestalde, oso interesgarria iruditu zait Xabier Mendigurenek egiten duen kritika, Paperjalearen dieta blogean, bai lan honi buruzkoa baita Lander Garroren Orain galdera berriak ditut lanari buruzkoa ere.

Comments { 0 }
-->