Bobby Sands, 25.urteurrena

25 urte bete dira Bobby Sands, Ipar Irlandako borrokaren ikur nagusienetekoa hil zenetik. Robert Sands, Bobby Sands izenez ezaguna, 1954an jaio zen protestante gehiengoa zuen Belfasteko auzo batean. Urte batzuk beranduago, bere familiak etxetik alde egin behar izan zuen protestateen etengabeko erasoengatik.

1972ko Igande Odoltsuko gertaeren ondoren (britaniar soldaduek 13 zibil katoliko hil zituzten), Ipar Irlandako gatazka armatuari hasiera eman zitzaion. Gatazka honek 3200 hildako eragin zituen hurrengo urteetan. Urte hartan bertan sartu zen Sands Iran; 18 urte eskas zituen. Handik gutxira atxilotu eta kartzelara sartu zuten suzko armak legez kanpo edukitzeagatik eta bahiketa saiakera batengatik. 4 urte preso eman ondoren kaleratu eta 6 hilabete baino ez zituen kalean egin. Ekintza armatu batean parte hartzeagatik kartzelara bueltatu zen 1976an. 14 urteko zigorra ezarri zioten. Urte hartan, IRAko presoei estatus politikoa ukatu zitzaien.

1981eko martxoaren 6an, Sandsek gose greba bati hasiera eman zion kartzelako egoera salatzeko eta, batez ere, estatus politikoa berreskuratzeko. Apirileko hausteskundeetan, gainera, parlamentario aulkia lortu zuen eta honek egoera zailean ipini zuen Margaret Thatacherren gobernua. Grebak eragin mediatiko handia izan zuen eta Irlandako gatazka lau haizeetara zabaldu zen. Honek britaniar gobernuarekiko presioa igoarazi zuen baina, hala ere, gobernuak ez zuen atzera egin eta giza eskubideak ukatzen jarraitu zuen.

Gose greba bertan behera uzteko eskari asko jaso arren, Bobby Sandsek ez zuen amore eman. Katoliko sutsua zenez, azken igurtzia jaso eta 1981ko maitzaren 5ean hil zen 66 egun gose greban eman ondoren. IRAko eta INLAko beste 9 kidek ere bide bera jarraitu zuten eta protestan hil ziren. Ondorioz, IRAk greba bertan behera uzteko agindu zien bere kideei.

Asier eta ni uda honetan egon gara Ipar Irlandan eta segituan ikusten da bertako jendeak eroitzat duela Bobby Sands. H blokeko martiriak bezala ezagutzen dira protestan hildako militanteak eta edozein kale izkinatan topa daiteke beraien ausardia goraipatzen dituzten muralak.

Comments { 1 }

Puntuazioa

Jatorria: azpidazki

PUNTUAZIOA

SARRERA

Batasuna eta normalizazioa aipatzean, arau edota ereduaren premia datorkigu burura, eta horrekin batera, galdera batzuk: zer da puntuatzea?, nola puntuatu behar da?, modu bakarra al dago ondo puntuatzeko?… Bada, galdera horiek guztiek badute erantzuna, nahiz eta egia ere baden erantzun hori ez dela buruz ikasteko moduko orotariko formula bihurtuko.Testu bat puntuatzeko orduan, badira jarraitu beharreko hainbat irizpide. Hain zuzen, irizpide horiek puntuazioak betetzen eta bete behar dituen funtzioak aztertzetik ateratzen dira. Kasurik argienean, puntuazioa ezinbesteko baliabidea da zenbait hitz edo esapideren erabilerak testuari ekar liezaiokeen anbiguotasuna ekiditeko. Horrez gain, puntuazioak testuaren unitateak egituratzen ditu: paragrafoaren bukaerak, esaldienak…; halaber, ideia nagusiak nabarmendu eta bigarren
mailakoetatik bereizten ditu, ideien arteko menpekotasun-harremanak markatzen ditu, etab. Puntuazio-zeinuak testu-edukiaren antolaketa islatzen duten neurrian, testua argiagoa eta ulergarriagoa izango da.

KOMA (,)

Pausa laburra adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen dira batik bat:

  • Enumerazioetan. Esaldian funtzio bera duten segidako elementuen artean eta tarteko lokailurik ez dagoenean.

Isabel, Miren, Ane eta Sara ikusi nituen bart
Bere deribatuek ez dute usainik, ez zaporerik eta ez kolorerik

  • Perpaus konplexuetan, menpeko esaldia eta nagusia bata bestearen segidan datozenean, tartean inolako lotura-hitzik gabe.

Ez dio deitu arduradunari, behin baino gehiagotan esan diogun arren

  • Esaldiaren hari nagusia hausten duten osagaietan, baita aposizioetan ere.

Etxepare, lehen euskal idazlea, Sarrasketan jaio zela uste da

  • Deiki edo bokatiboa bereizi behar denean.

Aizu, Olatz, zatoz lehenbailehen

  • Ondoko terminoek ere koma behar dute: hau da, hots, esate baterako,azkenik, hala ere, adibidez, dena den, izan ere, beraz…

Selektibitatean nota ona ateratzeko, ordea, asko ikasi behar izan zuen

Ez jarri koma bakarra subjektuaren eta aditzaren artean.

*Itzulpengintza juridiko-administratiboa, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.

Hala ere, betegarri edo osagarria sartuz gero, badaukagu subjektuaren eta aditzaren artean komak jartzea.

Itzulpengintza juridiko-administratiboa, lehen esan bezala, hizkuntz normalizaziorako ahaleginen ondorioa da.

PUNTU ETA KOMA (;)

Komak baino pausaldi luzexeagoa adierazten du.

  • Ideien unitate logiko bereko bi klausula independenteren artean jartzen da.

80-82 urte bitarte hartan gertatu zen; garai hartan, Armendarizek sailaren ardura zuen

  • Ideia beraren bi alderdi desberdin adierazten dituzten bi klausulen artean.

Mondragon Unibertsitatean emakumezkoak 2.191 dira; gizonezkoak, berriz, 3.134

  • Komaz mugatutako parteen barruan beste komaren bat sartzean.

Bileran izan ziren, besteak beste, Rosa Idiakez, Enpresa Zientzietakoa; Mikel Urteaga, Ingeniaritza Eskolakoa; eta Izaskun Gonzalez, Filosofia Fakultatekoa.

BI PUNTU (:)

Bi puntuek ere pausaldi luzea adierazten dute. Honako kasuetan erabiltzen da, batik bat:

  • Norbaiten edo nonbaiteko hitzak bere horretan testura ekartzen direnean.

Honela dio Araudiak: “Ikaslearen ordez beste norbaitek egingo balu azterketa, ikasle hori ezgai izango litzateke asignatura ebaluatzean”

  • Ondorengoa aurrekoaren argibide edo adibide dela adierazteko.

Kanpokoei posta-gastuak ordaintzea eskatzen zaie aldizkaria jasotzeko: Espainiako Estatuan %6, Europan %30‚ eta gainerakoetan %72.

  • Orduetan.

1. mailako ikasleentzako ordutegi berria hauxe da: 08:15etik 14:15 arte

PUNTUA (.)

Puntuak esaldiaren azkena markatzen du. Pausa osoa adierazten du. Honako kasuetan erabiltzen da:

  • Zentzu osoa duen periodoaren bukaeran. Paragrafoaren amaiera markatzen duenean, puntu eta aparte egiten da.

Unibertsitateko administrazio-langileen artean euskara erabiltzen duten euskaldunek ere, askotan, ez dute inprimakiak ere euskaraz betetzeko
ohiturarik, (…) edo leihatilara inguratzen direnekin eragiketa sinple bat bideratzeko eduki behar duten elkarrizketa, erdarara jo gabe burutzekorik.
Denok gaude ezjakin samar arlo honetan. Ez dago, beraz, argudio sakonen bila ibili beharrik esparru honetara erabilera hedatzeko premia larria dagoela justifikatzeko.

  • Laburduretan: adib. (“adibidez” irakurriko da); etab. (“eta abar”). Baina ez kontzeptu, magnitude, unitateak eta abar adierazteko jartzen diren ikurretan: m, kg, eta $…
  • Zenbakien ondoren, “-garren”-en ordez.

Iturribide kaleko 6.ean dago Kultur Aretoa

ETEN-PUNTUAK (…)

  • Enumerazioa edo esan nahi denaren zentzua irekia uzteko modua da.

Giza Elikadura eta Dietetikako diplomaturara lanbide-heziketatik sartzeko adarrak: Analisia eta Kontrola, Dietetika, Farmazia Produktuen eta Antzekoen Fabrikazioa, Elikagaien Industriak, Prozesu Kimikoen Industriak…
Aurkikuntzaren garrantziaz konturatu balira…

  • Aipuetan, osorik ematen ez direnean.

Egileak hitzaurrean dioen bezala: “Hizkuntza handien jauregietan ere sarri ikusten dira horrelako egoerak, baita frantsesaren eta gaztelaniaren jauregietan ere. Ingelesaren eragina gehiegizkoa dela, gazteriaren hizkera behar bezain jasoa eta aberatsa ez dela…”

  • Isildu nahi duguna tartean geratzen bada, parentesi artean paratuko ditugu eten puntuak.

1) atalean zehaztutako baldintzak betetzen ez dituzten eskabideak plazak esleitzeko aipatutako 69/2000 EDn zehaztutako araudi orokorraren menpe geratuko dira, (…) horretarako epea uztailaren 1etik 5era bitartekoa izango da. Ikasle horiei espediente berria egingo zaie 1. mailarako aurkeztutako agiriak oinarri hartuta

GALDERA-IKURRA (?)

  • Galdera-ikurra galdera-esaldiaren bukaeran baino ez da idazten.

Zer egin behar dut matrikulatu ondoren?

HARRIDURA-IKURRA (!)

  • Harridura-ikurra esaldiaren bukaeran bakarrik idazten da.

Pentsaraztekoa, honek esaten duena!

  • Harridura ez ezik, beste ñabardura batzuk adierazteko ere erabiltzen da, hala nola, agindua, kexua, etab.

Aurrera, sar zaitez Campus Birtualean!

PARENTESIA [()]

  • Bidenabar zerbait aipatu nahi edo daturen bat tartekatu nahi denean erabiltzen da parentesia.

Guztira, autorearen 65 obra (54 olio-pintura eta 11 marrazki) agertu dira

MARRA LUZEA (–)

  • Parentesien antzera, datu edo argibideren bat tartekatzeko marrak erabiltzen dira.

Medikuntzako eta erizaintzako ikasleek ospitalean praktikak egiteko uniforme hau jantzi beharko dute: oinetako zuriak, kasaka eta prakak —eskolako iragarki-taulan agertzen den modeloa— eta osasun-zentroetako praktiketarako bata zuria

MARRATXOA (-)

  • Elkarrizketetan.

-Egun on Feli. Zer, dagoeneko lanean?
-Aizu! Ezin da momentu batean egunkaria irakurri, ala?

  • Izen arrotzei atzizkia eransten zaienean.

The Times-etik hartutako datuak dira.
Stockholm-era joatea erabaki zuten

  • Lerroz aldatzean, hitzak zatituta geratzen direnean (Euskaltzaindiak hitzak silabaka zatitzea gomendatzen du; adibidez, bur-tsa, guk, lan-gi-le-rik…).

Hautazko irakasgaien eskaintza, aukera askeko kredituak lortzeko era, irakasgaien programa, ordutegi eta abarrei buruzko informazio zehatza ikastegiko gidaliburuan eta/edo ikastegiaren web orrian eskuratu ahal izango du ikasleak

  • Hitz elkartuetan (ez beti; batzuetan aukerakoa da)

Bakar-bakarrik, bat-batean, Hezkuntza(-)sistema, barne(-)araudia, jaun-andreak

KOMATXOAK (” “)

  • Norbaitek esana edo idatzia hitzez hitz jaso nahi denean komatxo artean jartzen da.

Arturo Kanpionek, liburu honen hitzaurrean honakoa dio: “Aberri-maitasunez sututako olerkariaren bihotz-taupadak dira olerki hauek”

  • Era berean, komatxo artean idazten dira lan artistikoen izenburuak, liburu eta artikuluenak, izengoitiak, beste hizkuntzetatik hartutako terminoak edo ironiazko zentzuan erabiltzen diren hitzak.

Kutxa Fundazioak “Donostia Hiria” literatur sarien emaitzak kaleratu ditu
Badakigu Kristobal Kolon Amerika “aurkitu” zuen lehena ez zela izan

Comments { 0 }

Berandu da gelditzeko – UNAI ITURRIAGA

Unai Iturriaga bertsolari moduan ezaguna den arren, ez da idazle makala. Halaxe frogatzen du Berandu da gelditzeko, 1974an jaiotako durangarraren irakurri berri dudan eleberriak. Egia esan, ez nuen arrazoi berezirik izan liburu hau hautatzeko. Orain dela ez asko idatzitako nobela bat nahi nuen eta honen izenburuak erakarri ninduen.

Bertan, Mikel izeneko gazte bat da protagonista eta istorioaren muina Bilbon kokatuta egon arren, Euskal Herria osoan zehar mugitzen da, azkenik Parisean amaitu arte. 2000. urtean, Mikel Zuri-Beltz izeneko musika taldearen partaide da eta Dionisos izeneko gizon xelebre baten pisuan bizi da musu-truk. Bilboko festa batzuetan, bere taldekide Aneren lehengusu bat ezagutzen du, gerora izugarrizko arazo eta buruhauste ekarriko dizkionak: Aneren lehengusu hura ETAko kidea da eta poliziatik ihesian dabil.

Eleberri honek paregabeki islatzen ditu gazteen gorabeherak: beraien arteko liskarrak eta haserreak, lanpostuen beharra, diru kontuak… Gainera, zenbaitetan gure gizartean horren lotsagarri agertzen diren alkohola, drogak… naturaltasunez aurkezten ditu.

Gustura irakurtzen den liburua da: gazte baten arazoak tarteko, denetik ikusteko aukera ematen du. Bigarren plano batean agertzen diren pertsonaia dezente topatzeko aukera ere badugu eta hauek ere badute beraien garrantzia. Nire ustez, Dionisos eta Pietatea, besteak beste, lirateke zentzu honetan erakargarrienak.

Ez ditut liburuaren datu gehiego aipatuko. Izugarri gozatu dut berau irakurtzen eta, besterik gabe, zuek ere beste horrenbeste egitera animatu nahi zaituztet. Merezi du, benetan.

Liburuaren kritikaren bat irakurri edo Unai Iturriagari buruz apur bat gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen.

Comments { 0 }
-->