Berandu da gelditzeko – UNAI ITURRIAGA

Unai Iturriaga bertsolari moduan ezaguna den arren, ez da idazle makala. Halaxe frogatzen du Berandu da gelditzeko, 1974an jaiotako durangarraren irakurri berri dudan eleberriak. Egia esan, ez nuen arrazoi berezirik izan liburu hau hautatzeko. Orain dela ez asko idatzitako nobela bat nahi nuen eta honen izenburuak erakarri ninduen.

Bertan, Mikel izeneko gazte bat da protagonista eta istorioaren muina Bilbon kokatuta egon arren, Euskal Herria osoan zehar mugitzen da, azkenik Parisean amaitu arte. 2000. urtean, Mikel Zuri-Beltz izeneko musika taldearen partaide da eta Dionisos izeneko gizon xelebre baten pisuan bizi da musu-truk. Bilboko festa batzuetan, bere taldekide Aneren lehengusu bat ezagutzen du, gerora izugarrizko arazo eta buruhauste ekarriko dizkionak: Aneren lehengusu hura ETAko kidea da eta poliziatik ihesian dabil.

Eleberri honek paregabeki islatzen ditu gazteen gorabeherak: beraien arteko liskarrak eta haserreak, lanpostuen beharra, diru kontuak… Gainera, zenbaitetan gure gizartean horren lotsagarri agertzen diren alkohola, drogak… naturaltasunez aurkezten ditu.

Gustura irakurtzen den liburua da: gazte baten arazoak tarteko, denetik ikusteko aukera ematen du. Bigarren plano batean agertzen diren pertsonaia dezente topatzeko aukera ere badugu eta hauek ere badute beraien garrantzia. Nire ustez, Dionisos eta Pietatea, besteak beste, lirateke zentzu honetan erakargarrienak.

Ez ditut liburuaren datu gehiego aipatuko. Izugarri gozatu dut berau irakurtzen eta, besterik gabe, zuek ere beste horrenbeste egitera animatu nahi zaituztet. Merezi du, benetan.

Liburuaren kritikaren bat irakurri edo Unai Iturriagari buruz apur bat gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->