About erea

Author Archive | erea

Banbu japoniarra

banbu Uzta on bat jaso ahal izateko, hazi ona, simaur ona eta ureztaketa konstantea behar dira. Baina hori jakiteko ez dugu nekazari izan behar. Badakigu nekazaria ez dela geldituko haziari begira, egonezinez, uzta galduko ote duen beldur eta ez duela bere indar guztiz oihukatuko:
Hazi, behingoz!

Japoniako banbuarekin oso gauza berezia gertatzen da. Diotenez, ez da egokia urduri edo egonezinak diren pertsonentzat. Honako hau da banbu japoniarraren prozesua:
Haziak landatzen dira, simaurra bota eta egunero ureztatzen da.
Lehen hilabeteetan ez da ezer nabariko.
Lehen urtean ez dugu aldaketarik ikusiko.
Bigarren urtean ere ez.
Ezta hirugarrengoan ere.

Nekazari berri edo trebatu gabeko batek ezertarako balio ez duten haziak erosi dituela pentsatuko luke. Baina ez, haziak primerakoak izanda ere, zazpi urte behar dira lehen aldaketak nabari izateko. Harrigarria zera da: zazpigarren urtean, 6 asteetatako denbora tartean, gure banbu japoniarra 30 metro baino gehiago neurtzera irits daiteke. 30 metro! Sei asteetan bakarrik!

Sei aste bakarrik behar izango ditu 30 metroko altuera lortzeko? EZ, JAUNA! 6 aste eta 7 urte behar izango ditu. Izan ere, lehen zazpi urte horietan, haziaren jarduera pasiboa dirudien arren, banbua sustrai sendoez osatutako sistema korapilatsua sortzen ari da lur azpian. Eta horri esker, sei aste horietan, abiada handiz izango duen heziera jasateko gai izango da.

Eta hau guztia zertarko kontatzen dizuet? Banbuaren adibidea abiapuntutzat hartuz, honako hau azaldu nahi nizueke:

Gure eguneroko bizitzan, gure eguneroko arazoei konponbide azkarrak eta garaipen presatiak besterik ez dizkiegu ikusten. Ez dugu ulertzen arrakasta barneko heziketa baten ondorioa dela eta bere denbora behar duela… Asko eta asko dira epe motzean emaitza ikaragarriak espero dituztenak eta ez lortzearen egonezin horrengatik, helburua lortzear daudela, alde batera uzten dutenak dena. Batzuek zorte handia izan arren, arrakasta lortu duten gehienak iraunkorki eta koherenteki saiatu dira, momentu eta egoera egokia iritsi arte. Zaila da egonarri gutxiko pertsona bati horrelako zerbait eskatzea baina… gauzak halakoxeak dira; sekulako zortea edo saiakera gogorra.

Jakinaren gainean egon behar dugu zenbait egoeratan, nahiz eta gure ustez ez den ezer gertatzen ari, nonbait, hor azpian, ziur zer edo zer ari dela aurrera egiten. Ezertaz ez jabetzea frustrantea gerta liteke. Orduan, momentu horietan, banbuaren heziera prozesua gogoratu beharko genuke. Honela, ezer egin gabe geratzen ez bagara (hazia nekazari on batek bezala zaintzen badugu), hasiera baten ezer ez gertatu arren, ez dugu dena alderatuko, aurrera jarraituko dugu onartuz eta sinetsiz barnean zerbait aldaketa bat jasaten ari dela. Bukaeraraino heltzen garenenan, arrakastari eusteko behar den adorea, kemena eta ohiturak jada garatuak izango ditugu. Azken batean, arrakasta zera baita: ohitura berriak, aldaketa ugari, ekintza mordoa eta pazientzia handia behar duen prozesuaren amaiera.

Denbora… Zein gutxi gustatzen zaigun zain egotea! Presaka egiten dugu dena, nahiz eta inork ez jakin zehazki horren zergatia. Aurreikusten genuen denboran nahi ditugun emaitzak agertzen ez badira, itxaropena galtzen dugu, gure ametsak baztertzen ditugu eta auskalo zenbat astakeria gehiago egiteko gai garen! Estresa, antsia, irrika, depresioa eta antzekoak bakarrik lortzen ditugu presaka ibili eta pazientzia ez izatearen ondorioz…

Nik zera proposatu nahi dizuet (eta honekin jada amaitzen dut): Ekinaren ekinez, lasaitasunez eta datorrena onartuz jardutea. Ezinegoa izeneko toxina gobernatzea, gure arima, zertxobait behintzat, senda dezagun. Nahi duzuna, amesten duzuna lortzen ez baduzu, ez etsi! Agian, sustraiak sortzen ari zara oraindik…

Comments { 3 }

Berandu da gelditzeko – UNAI ITURRIAGA

Unai Iturriaga bertsolari moduan ezaguna den arren, ez da idazle makala. Halaxe frogatzen du Berandu da gelditzeko, 1974an jaiotako durangarraren irakurri berri dudan eleberriak. Egia esan, ez nuen arrazoi berezirik izan liburu hau hautatzeko. Orain dela ez asko idatzitako nobela bat nahi nuen eta honen izenburuak erakarri ninduen.

Bertan, Mikel izeneko gazte bat da protagonista eta istorioaren muina Bilbon kokatuta egon arren, Euskal Herria osoan zehar mugitzen da, azkenik Parisean amaitu arte. 2000. urtean, Mikel Zuri-Beltz izeneko musika taldearen partaide da eta Dionisos izeneko gizon xelebre baten pisuan bizi da musu-truk. Bilboko festa batzuetan, bere taldekide Aneren lehengusu bat ezagutzen du, gerora izugarrizko arazo eta buruhauste ekarriko dizkionak: Aneren lehengusu hura ETAko kidea da eta poliziatik ihesian dabil.

Eleberri honek paregabeki islatzen ditu gazteen gorabeherak: beraien arteko liskarrak eta haserreak, lanpostuen beharra, diru kontuak… Gainera, zenbaitetan gure gizartean horren lotsagarri agertzen diren alkohola, drogak… naturaltasunez aurkezten ditu.

Gustura irakurtzen den liburua da: gazte baten arazoak tarteko, denetik ikusteko aukera ematen du. Bigarren plano batean agertzen diren pertsonaia dezente topatzeko aukera ere badugu eta hauek ere badute beraien garrantzia. Nire ustez, Dionisos eta Pietatea, besteak beste, lirateke zentzu honetan erakargarrienak.

Ez ditut liburuaren datu gehiego aipatuko. Izugarri gozatu dut berau irakurtzen eta, besterik gabe, zuek ere beste horrenbeste egitera animatu nahi zaituztet. Merezi du, benetan.

Liburuaren kritikaren bat irakurri edo Unai Iturriagari buruz apur bat gehiago jakin nahi baduzue, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Gure zenbait sufrimenduren beste ikuspuntu bat

triste Ba al da benetako arrazoirik zoritxarrekoak garela esateko? Zer dira gure noizbehinkako depresioak edota bajoiak? Nondik datorkigu sufrimendu hori? Inoiz eskaini al diozue tartetxoren bat honi buruz pentsatzeari?

Honetaz guztiaz jabetzea eta hau guztia ulertzea kostatu zait, baina orain guztiz garbi ikusten dut. Luze gogoetatu ondoren, arrazoi sinple batera heldu naiz. Bai, gure trauma gehienen jatorria ulertzea zenbaitetan oso erraza gerta liteke.

Guk geuk askotan horretarako intentziorik gabe, bizitza imaginario bat sortzen dugu, edo bizitzaren atal ezberdinak. Bertan, bizitza errealean gustuko ez ditugun gauzak desagerrarazi egiten ditugu, atseginak diren beste batzuk sortuz.

Nork ez du noizbait bere burua mila egoera ezberdinetan imajinatu? Nork ez du noizbait inoiz lortu ezingo duen zerbaiten gura ikaragarria izan? Pentsamendu hauek guztiak huskeriak direla pentsa daiteke, baina askotan horiek dira gure sufrimendua sortzen dutenak eta pixkanaka depresio ilunetara eramaten gaituztenak.

Arazoa zera da: bizitza erreala oinarritzat hartuta imaginarioa sortzen dugunean, gure inguruko atal negatiboetan baino ez gara zentratzen. Zapata itsusiak dituen neska ez da ohartzen izaugarri politak diren zapatilak dauzkadala armairuan gordeta. Gauza positibo gehiegiz ahazten gara, ez dugu dugun guztia eta garen guztia behar bezala aintzat hartzen. Beraz, gure sufrimendua, nahi eta ezin baten ondorioa dela esatera iristen naiz, non nahi hori imaginarioa besterik ez den eta ezin hori huskeria bat. Gure buruak sortutako bizitza imaginarioari bizitza erreala kenduko bagenio, emaitza sufrimendua litzateke.

Beste era batera esanda:

Bizitza erreala – bizitza imaginarioa = sufrimendua

Ez gaitezen itsutu ez dugunarekin edo ez garenarekin. Garrantzi gehiago eman beharko genioke gure errealitateari. Azken finean, bertan beti aurkituko baititugu oso positiboak diren aukerak, bizitza imaginarioan sortzen ditugun idealizazio horien beharra uxatuko dizkigutenak.

Ez naiz inolako aditua gai hauen inguruan. Hau guztia nire ikuspuntu pertsonala da, zuekin partekatu nahi izan ditudan nire pentsamendu batzuk. Besterik gabe, agurtzen naiz.

Comments { 8 }
-->