Bizi-itxaropenaren hazkunde mugagabea

Hainbat filosoforen teorien arabera, bizitza funtsezko gauza da kultura ezberdinetan. Izan ere, bizitza da une gozo eta latzak ematen dizkiguna, azken finean, bizitzen uzten diguna. Lehengo astean, euskarako azterketan, Maitek bizi-itxaropenari buruzko artikulu bat eman zigun, berauri buruzko iruzkin kritikoa, laburpena…egiteko. Bertan gai honen inguruko hainbat datu agertzen ziren: hazten ari dela, ez duela mugarik, emakume japoniarrak direla bizi-itxaropen handiena dutenak…Benetan gai interesgarria!

Dena den, bizi-itxaropena ez da leku guztietan berdin ematen. Egia da emakume japoniarrak direla zaharrenak hiltzen direnak, 85 urteko batez bestekoarekin. Hauen segidan, emakume frantsesak daude, 77 urterekin. Estatu espainiarrean, batez bestekoa 76 urtekoa da emakumeen kasuan eta 70 urte gizonezkoenean. Aldiz, industrializatu gabeko lurraldeetan, heriotza-tasa izugarri handia da eta are gehiago haurren kasuan. Biak alderatuz gero, ikus daiteke lurralde “aberatsetan” 80 urteetan dagoela batez bestekoa; herrialde “txiroetan”, aldiz, bizi-itxaropena 25 urtekoa izatera irits daiteke. Azken datu hau, baxuena, Sierra Leonakoa da. Dena den, beste estatu askotan, 32 edo 40 urteraino heltzen da, asko jota.

Desberdintasun handi hau hainbat faktoreri lotuta dago: higienea, medikuntza alorrean aurrerakuntzak, ekonomien arteko aldea, eta batez ere HIESA. Gaixotasun beldurgarri hau da faktore garrantzitsuenetako bat, beste hainbatekin batera.

Bestetik, emakumezkoa aipatu dugu gehien; izan ere, emakumezkoen bizi-itxaropena handiagoa baita gizonezkoena baino, hauek tradizioz ohitura txarrak bereganatu dituztelako. Hala ere, azken urteotan, bizi-mailak gora egitearekin batera, bien arteko desberdintasuna parekatzen ari da. Zehazki, Europan nafar emakumeek dute bizi-itxaropenik handiena, 84 urte bizi baitira batez beste. EAEn ere ez da txikiagoa, 83 urtera iristen baita. Emakumezkoen bizi-itxaropena horren luzea izatearen arrazoia emakumezkoetan beraietan dago. Medikuek diotenez, zahartzaroari aurre egiteko prestatuago daude, batik bat aldaketa gehiago jasaten dituztelako bizitzan zehar, hala nola, hilerokoa, haurdunaldia edota menopausia.

Amaitzeko, zera esan, harrigarria iruditu zitzaidala azterketan atera zen datu hau: Oeppen eta Vaupel ikertzaileen ustez, gaur egungo joerak jarraituz gero, 2070.urtean, AEBetako batez besteko bizi-itxaropena, 92,5 eta 101,5 urteren artean egongo da. Benetan harrigarria!!

Informazio gehiago nahi baduzue, klikatu hemen.

Comments { 0 }

ULERTZEN DUT

Amerikastola proiektua: 2006ko urtarrila-otsaila

Amerikastola

Ama hizkuntza euskara dut: etxean hori da hizkuntza. Ikastolan hiru bat urterekin sartu nintzen eta, beraz, etxean ez ezik, eskola orduetan eta lagunekin ere euskaraz egin izan dut beti. Hamalau urterekin, asaldatze urteen hasiera, gaztelera gehiago erabiltzen hasi nintzen: zergatik? Oraindik ez dakit ongi zergatik: nork sartzen digu euskara erabiltzearen lotsa hori? Etxean, hala ere, amak gogor egiten zigun –baita oraindik ere- anai-arreben artean gaztelaniaz jarduten genuen bakoitzean: etxeko hizkuntzarekiko nire ama baino burugogorragorik ez dut ezagutu: nola izango da, bada, posible beizamar baten sukaldean euskara ez den beste ezer entzutea? Orain inoiz baino hobeto ulertzen dut.

Etxean eta ikastolan, egunero-egunero, euskara erabiltzeko errepikatzearen poderioz nazka-nazka eginda bukatu genuen: nerabe bati zer egin behar duen esatea baino okerragorik ez dago: beti kontrakoa egiten saiatuko da; aurrerago –gehienetan- sendatzen den gaixotasuna edo… Orain, nire burua berdina egiten ikusten dut. Orain bai; orain inoiz baino hobeto ulertzen dut.

Eta hemezortzi urterekin, unibertsitatean, hasi nintzen konturatzen, aintzat hartzen eta maitatzen. Gazte-gaztetandikan herritik kanpora ibiltzen hasi nintzen eta urrutitik gauzak argiago ikusten dira, sinpleago, errazago.

Caracas

Eta orain, etxetik mila kilometrora nago: Amazonasen handitasunean txiki. Venezuelan hasi genuen gure bidaia: Orinokoren deltan Curiaporaino iritsi ginen waraoekin egoteko. Yanomamiekin lanean denbora luzez jardun zutenekin berriketan aritu ginen. Hegoalderago joan ginen, Gran Sabanara, eta, tepuy sakratuek liluraz betetzen duten paisaian pemoiak aurkitu genituen.

Brasilen, Boa Vistan, makuxi, taurepang eta wapichanak ezagutzeko aukera izan genuen eta Belém-en parkatêjeak zeintzuk ziren ikasi. Fortalezan euren hizkuntzak dela 200 urte galdu zituzten pitaguary eta tapebek beraien nahi eta esperantzak azaldu zizkiguten.

Guyana Frantsesean (Hegoamerikako Europa) amerindiarrek daramaten borroka lehen eskutik bizi ahal izan dugu: kostaldeko kali`nak, Awala-Yalimapon lehen pausoak ematen ari dira (beraiek kudeatzen dute udala). Parke Nazionala egin nahi duela eta, Frantziako gobernuak “debekaturiko zona� izendatu du Guyanako hegoalde osoa: amerindiarren lekua da hau (baita legez kanpoko urre bilatzaile surinamdar eta brasildarrena ere!). Gu bi aldiz pasa ginen txuriek eskatzen dituzten paperik gabe, betiere, amerindiarrek beraiek gonbidaturik, noski: lehenbizi, Surinamekin muga egiten duen Maroni ibaiertzean dagoen Antecume Pata izeneko komunitatera: wayanak bizi dira bertan. Bigarrenez, Brasilekin muga egiten duen Oiapock ibaiertzeko Camopi-ra: hemen wayãpi eta teko etniak bizi dira batera, askotan nahastuta.

Latinoamerika osoan, orokorrean, amerindiarrek gauza berbera eskatzen dute: lurra. Izan ere, lurralderik ez duen herria nora doa? Non kokatu hizkuntza eta kulturak? Pertsonari nortasuna ematen dioten hauek, nora doaz? Orain inoiz baino argiago ikusten dut. Orain inoiz baino hobeto ulertzen dut.

Kali`nen lider garrantzitsu batekin afaloste batean tertulia luze bat izan nuen. “Zer zara lehendabizi, emakume ala euskalduna?� galdetu zidan. Denbora hartu nuen pentsatzeko, baina, inongo dudarik gabe erantzun nion: “Biak batera. Nerea ezaugarri ezberdin, bizipen, familiako historia… arteko batuketa bat da: zerbait aldatuz gero, Nereaz aldatzen dugu.�

Nerea, beraz, Euskal Herria eta euskara dira. Euskarak egiten gaituela euskaldun, zenbat aldiz entzun dugu? Ulerterraza da. Gure nortasunaren zati garrantzitsua da hizkuntza: gu eta besteekiko katea da. Pertsona bakoitzak badu, beraz, bere hizkuntza, bere altxorra: euskaldunok euskara. Maite dut eta ez dut inola ere galdu nahi. Dugun altxorraz konturatu naiz. Bakoitzak egin beharreko bidea, hausnarketa da.

Orain inoiz baino hobeto ulertzen dut.

Besteek ere bidea egin eta ulertzea espero dut.

Nerea Leturia Nabaroa. Manausen, 2006ko maiatzaren 19an.

AMERIKASTOLA proiektua

Comments { 1 }

Etorkizuna orain

Orain arte aotoei buruz egin ditut nire idazlanak eta oraingoan ere bai. Baina honako hau ezberdina izango da, urtea amaitzera doa eta seguruenik ez dut gehiago idatziko. Makina bat poztuko dira. Azken honetan etorkizuneko autoei buruz arituko naiz (Lexus LF-C, Hyundai Genus, Saab Aerox…), hau da, concept deritzenei buruz.

Baina dakizuenez, auto hauetako askok ez dituzte kontzesionarioetako kristalak ikusiko, gainera hauei buruzko informazioa oso eskasa izan ohi da. Has gaitezen bada labur-labur.

Lehenik eta behin Kia etxe korearraz arituko gara, C´eed berriaz, hain zuzen ere. Korear etxe hauek ez dira soilik orain interesgarri bat bizitzen ari, etorkizun oparoa ere badute. Kiak aldaketak agindu ditu eta C´eed berriari begiratu besterik ez dugu honetaz konturatzeko. Zein Kiak du honen antza? 4,30 metro inguru luze izango lituzke eta segmentuko izarretariko bat izatera irits daiteke. Diseinua, behintzat, erabat berritzailea da. Zein segmentutan sartzeko gogoa duen jakinda eta Kia etxea ezaguturik, esango nuke 90 eta 130 zaldi bitarteko motoreak eskainiko dituela, eta deskuidoan 100 zalditik beherakoak badakartza, ez luke izango esan dugun arrakastarik.

Segidan ,Lexus, Toyotaren luxuzko autoaz arituko naiz. New Yorkeko Auto Erakusketan erakutsi zuten; eta, egia esan, erakusteko modukoa dela uste dut. Bi lagunentzako auto honetan luxua baino nahiago izan da coupé itxura azaldu. Adierazi bezala, itxura asko landu da eta auto honi begiratuz gero, ondoren datozen autoen ideia bat egin dezakegu. Gainera, izenak berak ere hori esan nahi du, Lexus Future Car (LF-C). Orain arte etxe japoniar honek erakutsi digunak ez du coupé edo deportibo antzik izan, baina concept honen plazaratzeareki, garbi ikusten da Lexus etxearen ideien aldaketa. Gainera, motorrak ere indartsuagoak hasiko dira sortzen; honek, adibidez, 4,3 litroko 8Vdun motorea darama. Bere zaldi potentzia adierazi ez den arren, 300 eta 500 zaldi bitartean ibiliko dela esango nuke. Eramango dituen zapatak, berriz, aurrekoa 245mm-koa eta atzekoa 285mm-koa, oso zabalak dira, eta hau da deportibo itxura eman nahi izan diotela ziurtatzen digun beste adierazle bat.

Auto honen argazki honetaz gain beste argazkirik ikusi nahi izanez gero , klikatuhemen.

Coupé baten atzetik beste bat, edo hobeto esanda, SUV bat (Sports Utility Vehicle). Hyundairen 4×4 autoetan aukera anitza dago, eta orain gehiago, duela gutxi berritutako Santa Fea dela eta. Baina Hyundai etxeari falta zaiona SUV auto bat da. Merkatua nola dagoen ikusirik, lo egoten denak jai izango du, eta Hyundai ez dago horretarako prest. Horregatik Genus hau atera berri du. Ginebran erakutsi zigun concept-a eta, egia esan, harrera ona izan du. Alemanian diseinatua izan da, harrigarri samarra Hyundai nongoa den jakinda, eta maila gorenera iristeko asmoa sumatzen zaio. Ez da auto txikien artean sartuko eta bere 4,75m-ko luzerak garbi uzten du hori. Ibilgailu erakargarria da eta oso ongi mugitu beharko luke bere 2,2 litroko motorraz baliaturik, noski, diesela. 2+2-ko auto bat da, kristal tindatuzko eta forma originaleko sabai eta maletategi handia dituena.


Azkenik Saab etxeko concept-a ikusiko dugu. Suediar etxe honek merezi duen postua lortzeko ahalegin handiak egiten ari da, bakardadean eginiko bidaia dela medio orainartean ukatua izan baitu. AeroX izeneko auto hau ez da esperimentu soil bat izan, ez da soilik denborapasa gisa egin. Dakigunez , seriera honelako auto bat eramatea ia ezinezkoa da, baina badakigu, halaber, auto edo bolido honen ukitua beste etxe honetako auto askok jasango dutela. Lehen begiratu batean ehiza-hegazkin baten antza duela esan genezake; eta, egia da, Saab etxea aeronautikarekin lotua egon dela betidanik, baina auto honek duen diseinu aerodinamikoa gaindiezina da. Adibidez, ateak eta haizetakoak pieza ia oso bat osatzen dute, batera artikulatzen direnak aurrerantz eserlekurako bidea ehiza-hegazkin baten oso antzekoa bihurtuz. Aurrealdea oso ondo amaitua du eta jakin ahal izan denez, hurrengo Saab modeloen isla da. Osaturiko materialek, diseinu aerodinamikoak eta mugitzeko duen gaitasunak, 2,8 litroko turbo bikoitzeko eta 400 zaldiko motorra darama. Ginebrako auto interesgarrienetariko gisa kokatu dute. Argazki gehiago nahi izanez gero, klik egin AeroX hitzean.

Klik egin hemen Ginebrako Auto Erakusketan erakutsi ziren concept gehiagoren argazkiak ikusteko. Lastima orria ingelesez egotea, baina honelako web orririk ez dago euskaraz. Gainera, bertan saltseatzen baduzue, auto berri askoren probak eta argazkiak ikusi ahal izango dituzue.

Amaitzeko gogorarazi nahi dizuet lehen esandakoa: seguruenik auto hauetako bat bera ere ez da merkatura aterako. Gainera, hemen doakizue azken-azkeneko autoen eta concept batzuen zerrenda zerbait gehiago jakin nahi baduzue:

1-Hyundai Santa Fe
2-Honda Civic
3-Ford S-Max
4-Ford Galaxy
5-BMW Z4
6-Alfa Romeo 159 Sportwagon
7-Cadillac BLS
8-Suzuki SX4
9-VW Passat 4motion
10-Audi Q7
11-Audi A6 allroad quattro
12-Chevrolet Captiva
13-Honda Civic Type R
14-Ford Focus eta C-Max “S”
15-Ford Focus coupé cabriolet
16-Volvo S-80
17-Opel GT
18-VW Edag Biwak
19-Dacia Logan Steppe
20-Nissan Terranaut

Comments { 0 }
-->