Inauteriak direla eta!

Denok dakigu hilaren 23an inauteriak hasiko direla, ez bakarrik Euskal Herrian, baita mundu osoan ere! Nola liteke munduko bazter guztietan hedatua egotea ospakizun hau? Garbi dago, festa hau ez delako atzoko kontua. Ba al zenekiten jadanik Erdi Aroan ospatzen zela? Baina ez hori bakarrik, inauteriak duela 5000 urte Sumerian eta Egipton ospatzen zirela ere pentsatzen da, Apis Idi jainkoaren ohorez. Hala ere, Europan zehar erromatarrek hedatu zuten, beraien saturnaliarekin, Saturno jainkoaren omenez eginiko jaia, bera baitzen ereinaldi eta uzten jainkoa. Ameriketara, berriz, espainiar eta portugaldarrek eraman zuten kolonialismo garaian, XV. mende inguruan.

Rio de Janeiroko kaleak kolorez betetzen diraGaur egun, ordea, hainbat eta hainbat inauteri ospetsu dago, baina, dudarik gabe, ospetsuenen artetik ospetsuena Rio de Janeiroko karioka dugu, aurten otsailaren 11tik martxoaren 5era arte. Bertan, milaka pertsona biltzen dira festa eta giro onean murgiltzeko, hiria 23 egunez musikaz, dizdiraz eta kolorez betez. Inauterietako Banda de Ipanema blokerik zaharrenetarikoak soilik, 20000 pertsona bere inguruan biltzea lorzen du! Ez al da harrigarria?

Drag Queen-aFamatua ere bada Santa Cruz de Tenerifekoa. Nahiz eta horrenbeste jendetza ez erakarri, mundu osoan oso ezaguna da, 1980. urtean Nazioarteko Garrantzi Turistikoko jaia izendatu baitzuen Turismorako Estatuko Idazkaritzak. Bertatik ez urrun Gran Kanariako inauteriak daude non urtarrilean hasi eta martxora arte, uharteko herri guztietatik barrena jendea migrazio moduan festaz festa ibiltzen den. Bertako ospakizun garrantzitsuenen artean Erreginaren Aukeraketa gala, konpartsa eta alamenen txapelketa, Kabalgata Handia eta Sardinaren ehorzketa daude. Baina guri benetan deigarri edo ospetsu egiten zaigu Drag Queen Erreginaren aukeraketaren galarengatik .

Veneziako Ihauteriak Europa mailan, Veneziakoek ospe handia dute. Guztiz desberdina da Rio edo Kanarietako inauterien ondoan, maskara dotoreek nagusitasun handia bereganatuz. Aurtengo lema Ekialdeko Express: maskara bidaiari bat zetaren bidean zehar izango da, horrekin hiriko bidaiari klasikoen espiritu pixka bat berpiztuz, besteak beste, ezagunena denMarco Polorena.

Euskal Herrira begira, aipatzekoa da bertako pertsonaiek edo mitoek garrantzi handia daukatela: mari, mielotxin, lamia, ziripot… Euskal Herrian, dudarik gabe, ospakizun garrantzitsuenak Zuberoako Maskaradak (gorria eta beltza), Lantze, Luzaide, Altsasu, Zalduondo, Gasteiz, Tolosa, Donostia, Bilbo, Markina eta Mundakako inauteriak dira. Euskal tradiziozko inauteriakEuskal inauterien egitarauak, ekintzak… jakin nahi izanez gero, klikatu hemen. Aurkitu berri dudan inauterien bilakaerari buruzko artikulu bat irakurri nahi izanez gero, berriz, hemen.

Besterik gabe, aurtengo inauterietan geuk, euskaljakintzakook, primeran pasa dezazuen opa dizuegu! Badakizue, zuen kontu guzti-guztiak entzuteko hemen gaudela, beraz, idatz itzazue zuen inauterietako esperientziak, bidaiak eta bestelakoak hemen bertan!

Comments { 4 }

ZORIONAK GAZTETXEA! Marrazki lehiaketa!

Ordiziako gaztetxearen 20. urtemugarako marrazki polit eta proposamenen bila gabiltza

Ordiziako gaztetxeak 20 urte beteko ditu aurten eta, honen haritik, Ordiziako Gazte Asanbladak urtemuga berezi honetako marrazkia izango dena aukeratzeko lehiaketa jarri du abian.

Iazko urteurrena ospatzenLehiaketan parte hartzeko, marrazkiak 20.urteurrenarekin zerikusi zuzena izatea beharrezkotzat jo dute antolatzaileek eta baita gaztetxearen logotipoa bertan azaltzea ere.

Bi arau nagusi hauez gain, irudimena ere baloratu eta eskertuko da marrazki txapelketa honetan. Lanak gaztetxean bertan jasoko dira, honetarako azken eguna otsailaren 28a izango delarik.

Gainera irabazleak jasoko duen saria ere ez da nolanahikoa izango, bi lagunentzako afari aparta jasoko baitu Ordiziako gaztetxearen eskutik, 120€ balio duen otordua, alegia.

Gazte Asanbladatik jende guztia gonbidatu dute animatu ete lehiaketan parte hartzera eta noski baita urtemugari begira antolatuko diren ekintzetan parte hartzera ere.

Comments { 2 }

Astronauten bizimodua ez da erraza!

Handitan zer izan nahi genuen galdetzen zigutenean, askok astronauta erantzuten zuten. Astronauta izateak badu nolabaiteko erakarmena, baina gero bat konturatzen da oso zaila izango dela astronauta izatera iristea. Eta ez hori bakarrik, lurrean oso arruntak diren eguneroko ekintza batzuk asko zailtzen dira espazio-ontzian. Ez du, ez, erraza izan behar… grabitate ezak arazo asko sortzen ditu egunerokotasunean. Askok galdetzen diote euren buruei ea astronautek nola joaten diren komunera, zer jaten duten edo nola garbitzen diren… Izan ere, egunero egiten ditugun gauza sinpleenak ere, hor goian, espazio-ontziaren barruan, desberdinak izan behar dutela sumatzen dugu. Eta hala da.

Komunera joatea, esate baterako, ez da lurrean bezain erraza. Ezta gutxiagorik ere! Lurrean, hondakin solidoak zein likidoak lurrera joaten dira grabitate-indarrari esker. Espazioko mikrograbitatean, ordea, hondakinek flotatu egiten dute, gainerako gauzek bezalaxe. Arazo hori konpontzeko, hainbat saio egin dute ingeniariek, eta, bidean badira ere, oraindik ez dute guztiz gainditu. Hori bai, aurrerapauso handiak eman dituzte. Astronautek pixoihal antzeko batzuk eraman ohi zituzten bertan pixa egiteko, honek eboluzionatu egin zuen eta ipurmasailean itsasten zen poltsa bihurtu zen. Hala ere, kontu handia eduki behar zen itxi baino lehen sabelusteak ihes egin ez zezan. Inoiz edo behin gertatu izan da halakorik zuzenean, baita programazio arduradunek konexioak eten ere izan dituzte ikusle estatubatuarrak ez mintzeko!

Orain, berriz, lurrean ditugun komunen antzekoak dituzte espazio-ontzietan. Aireaz baliatzen dira eginkariak eramateko, eta bereziki prestatuta daude mikrograbitatean erabiltzeko. NASAren Waste Collection System-a, hau da, WCS hondakinak biltzeko sistema da adibidea. WSCa ez da hondakinak biltzera mugatzen, emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat dago diseinatuta. Komunean eserita gelditzeko, barra bat du izterrak inguratzeko, horretaz gain, astronauta lau belkroz itsasten da komunera, eta oinak ere lotuta gelditzen zaizkio. Astronautek komuneko lanak bukatu dituztenean, balbula bat irekitzen dute hondakinak espazio hutsean jartzeko. Berehala, hondakin solidoak izoztuta, deshidratatuta eta usaina kenduta gelditzen dira.

ESAk beste aurrerapauso bat eman nahi du, eta hondakinak ur, oxigeno eta janari bihurtu nahi ditu. Bidaia luzeetan sortzen diren hornidura-arazoei aurre egitea du helburu. Pentsa zenbat ur, janari eta oxigeno beharko luketen sei astronautek Martera joateko. Kontuan hartu behar da, gutxienez, hiru bat urte behar direla planeta gorrira joan-etorria egiteko. Horretan, 33 tona materia garraiatu beharko lituzke espazio-ontziak, eta onena hondakinetatik elementu baliagarriak sortzea litzateke. Miniaturazko ekosistema batez hitz egiten ari garenez, hondakinak eta karbono dioxidoa biomasa jangarri bihurtzen dira. Frogaturik dago hondakinen %70a baino gehiago birziklatu eta berrerabil daitekeela.

Komunera joatea bezain ezinbestekoa da egunerokoa eta oinarrizkoa jatea. Astronauten janaria prestatuta dago ahal den toki gutxien hartzeko, gutxi pisatzeko eta luze irauteko. Janari batzuek ez dute tratamendurik behar, eta bere horretan eraman daitezke espazio-ontzira (fruitu lehorrak…). Beste zenbait, aldiz, deshidratatu egin behar da, hala nola, makarroiak… horiei astronautek ura bota behar diete jan aurretik. Frutak, jogurtak eta haragi batzuk beroaren bidez tratatzen dira bakteriak hiltzeko eta, neurri batean, deshidratatu ere egiten dira. Hala ere, ezin da edozein janari eraman. Bereziki arriskutsuak dira papurrak uzten dituzten janariak, flotatu egiten dutenez, makinarian sartu eta sistema honda dezakete. Hori gutxi balitz, astronautek hauek arnastuta gaixotzeko arriskua dute.

Azkenik, esan beharra dago zailtasun handiak dituztela euren gorputza garbitzerakoan, nahiz eta gaur egun produktu bereziak erabiltzen dituzten garbiketarako, bereziki, burua garbitzeko. Gakoa urik ez gastatzea da. Horregatik erabiltzen dituzte ospitaleetan ibiltzen diren xanpu batzuk, urberritzea eskatzen ez dutenak. Gainera, kontu handiz ibili behar dute osagaiekin, ezin dute alkoholik ez propilen glikolik eduki, birziklatzeko arazoak ematen dituztelako, beraz, xanpuak landare-jatorriko osagaiak izan ohi dituzte.

Eta hau guztia irakurri ondoren, nor animatzen da astronauta izatera???

Dena den, jakin-mina piztu bazaizue, klikatu hementxe.

Comments { 2 }
-->