(Euskal)jakintzakook XVI. Beasain idazlehiaketan sarituak

Jakintzako sarituak
Beasaingo Udaleko Euskara-batzordeak, Gipuzkoa-Donostia Kutxak lagunduta, ikasleen euskaraz idazteko trebetasuna sustatzeko, BEASAIN idazlehiaketa sortu zuen 1990ean. Aurtengo hau, beraz, XVI. lehiaketa izan da. Urteak daramatzagu Jakintzakook idazlehiaketa honetan parte hartzen , baita sariak irabazten ere!

Euskaljakintzako kideok, behin eta berriz adierazi dugun bezala, euskal literaturaren alde apustu egin nahi dugu. Ikasturtean zehar hainbatetan aipatu dugun legez, euskal autoreak ezagutu nahi ditugu (klasikoak zein berri-berriak), eta beraiei buruz gehiago jakin nahi izateaz gain, dakiguna besteekin partekatu nahi dugu. Eta, horregatik, duela gutxi atal berri bat sortu genuen zeinetan guk hautatutako irakurgai eta idazleei buruzko iritzia ematen dugun hainbat liburu ezagutarazteko xedez. Atal berri honi Irakurlearen txokoa deitu diogu eta, esan behar, dagoeneko landatutako zuhaitzari adaxkak ateratzen hasi zaizkiola.

Irakurtzea, beraz, gure erronketako bat da, ez da bakarra baino! Besteen ekoizpenak irakurtzea ondo dago, baina guri ere idazteko grina piztu zaigunez, idatzi ere egin nahi dugu! Ausartak gara, aurreko artikuluak irakurtzen badituzue, edozein gairi buruz aritzen garela konturatuko zarete. Eta horrela jarraitu nahi dugu…

Baina zertara dator hau guztia? Bada, duela egun batzuk jakin genuen aurtengo edizioan ere sarituak suertatu garela! Gure idazlanek aurten ere ikastolako paretako hormak gainditu dituzte, eta Beasaingo epaimahaikoen gustukoak izan dira.

Aipamen berezia gure Xabiri (euskaljakintzan Xarana bezala ezagutua). Bai, hori, artikulu luze bezain interesgarri horiek idazten dituena, euskara eta matematikako jokoak uztartzeari ekin ziona… Iaz,A mailan (maila gorenean) bi 1go sari jaso zituen, hitz-lauz edo prosan eta poesian eta aurten ere bai!!! Hau ez dut uste sariketaren historian zehar inoiz gertatu denik!! Zorionik beroenak! Baita Esther, Eneritz, Eñaut eta Garazirentzat ere! Goiko argazkian bostak ikus ditzakezue gaurko ekitaldiaren amaieran.

Lortutako sariak ondorengoak dira:

A mailan (1988 eta 1989 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)

HITZ LAUZ

1. SARIA: (210 € eta oroigarria)
Idazlana: ALBERTO
Egilea: Uko. XABIER ARAÑA URTEAGA.

AIPAMEN SARIAK (55 €)
Idazlana: IRAGANEKO HORMA
Egilea: Sorgintxo. ENERITZ ZABALETA MERINO.

Idazlana: BESTALDERAKO BIDEA
Egilea: Baten bat. ESTHER ESKISABEL DE JUAN.

OLERKIAN

1. SARIA: (180 € eta oroigarria)
Olerkia: BAZINEN BEHIN
Egilea: Katixa. XABIER ARAÑA URTEAGA.

AIPAMEN SARIAK (45 €)
Olerkia: LORE BAT
Egilea: Sorgintxo. ENERITZ ZABALETA MERINO.

B mailan (1990 eta 1991 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)

AIPAMEN SARIA (45 €)
Idazlana: AITONAREN AHOTSA
Egilea: Zurrapa. EÑAUT AGIRRE ITURRIOTZ.

D mailan (1992 eta 1993 urteetan jaiotako eskualdeko ikasleen artean)

1. SARIA: (150 € eta oroigarria)
Idazlana: OLENTZERO GEURE BARNEAN DA.
Egilea: Izana. GARAZI OTEGI ETXEZARRETA.

Aurtengo saritu guztiak

Idazlan saritu gehiago irakurri nahi badituzue, hementxe topa ditzakezue.

Ez nuke bukatu nahi aipatu gabe, gaurko sari banaketan, Xabier Mendiguren Elizegi idazlea ezagutzeko aukera izan dudala. Bera blogen mundu honetan aspaldidanik ari da eta guretzat erreferentzia ere izan da askotan! Garbi dago eta garbi gelditu da blogariok badugula lotzen gaituen alegiazko soka bat, kontu berdintsuak irakurtzeaz gain, izen berdinen inguruan mugitzen baikara. Hortxe egon gara beste blogari batzuk goraipatzen eta ederki solasean (esan behar pintxorik gabe gelditu naizela!!!). Poztu nau zu ezagutzeak, Xabier!

Comments { 2 }

Pello Ramirezen kontzertua Ordizian

Aupa, denoi! gaur, otsailaren 3a, ostirala, Pello Ramirez izango dugu protagonista Ordiziako Herri Antzokian. Betidanik izan duen musikarekiko zaletasunak diska paregabe bat kaleratzera eraman du: Haize oihalak, hain zuzen ere, non primerako konpositore eta musikagilea dela erakusten digun.

Pello Ramirez

Sarrerak Barrena kultur etxean daude salgai (9€) eta ikuskizuna 20:00etan hasiko da. Nahiz eta diskan agertzen diren instrumentu guztiak menderatu, bihar arratsaldeko kontzertuan, Juantxo Zeberiok pianoa joko du eta Maider Zapirain eta Juan Joxe Erauskinek biolontxeloa joko dute. Ikuskizun atsegina izango dela dirudi, beraz, animatu zaitezte eta bihar arratsaldean eskaini iezaiozue tartetxo bat ordiziar honi, bere izena gero eta ezagunagoa egiten ari baita.

Haize Oihalak Argazki hau bere diskaren portada da. 14 abestiz osatuta dago eta iraupen osoa 55 minutu ingurukoa da. Jende guztiari eskainita dagoela esan daiteke, eta edozein momentutan entzuteko aproposa da.

Besterik gabe, agurtzen naiz. Informazio gehiago nahi izanez gero klikatu hemen edo hemen.

Pello Ramirezen musikaz gozatzea espero dut.

Entzuteko klikatu irudian

Klikatu hemen entzuteko Gudu zelaia

Comments { 2 }

MARRAZKI BIZIDUNAK ETA KIROLA BAKARRIK?

Aurreko batean, gure blogean zer idatzi pentsatzen ari nintzela, Euskadi Irratiko saio batean, gai interesgarri baten inguruan hitz egiten ari zirena entzun nuen. Eztabaida Euskal Telebistari buruzkoa zen, honen programazioari buruzkoa zehazkiago esanda. Bertako hiztunek ETB1eko saio guztiak kirolean edo marrazki bizidunetan oinarritzen zirela zioten. Hori dela eta, arlo honi buruzko eztabaida artikulu batean publikatzea aproposa zela otu zitzaidan.

Ukaezina da, gaur egun, telebista kate hau sintonizatu orduko, kirolen bati buruzko (gehienetan futbolari buruz) informazioa ari digutela igortzen, bai ligako partiduren bat bai kirol ezberdinen kronikaren bat. Hau izan ezean, haurrentzako marrazki bizidunak aurkitzen ditugu.

Soilki bi atal hauek izanik, arazo honi aurre egiteko egokiena irtenbideren bat aurkitzea izango litzateke. Aukeretako bat gainontzeko kateek ezartzen dizkiguten kalitaterik gabeko programak ipintzea izango litzateke, Operación Triunfo edo http://www.granhermano.telecinco.es/ bezalakoak. Egia esan, honelakoek ez liokete onurarik egingo ez gure kulturari, ezta ikusle askori ere.

Beste bide bat euskal kulturan oinarrituriko saioak aurkeztea izan liteke. Hala nola, bertso saioak, pilota partiduak…. Baina ez al litzateke egokiago izango denetik eskaintzen duen euskal kate bat izatea??? Nik uste dut baietz. Txikiei eta gazteei zuzenduriko programazioa eskaintzea, kirola gogoko dutenak kontuan hartzea, telesailak eta zinema atsegin dutenei horixe ematea…hauxe izan daiteke, nire uste apalean, irtenbiderik egokiena.

Zuek zer deritzozue honi? Zein programa mota duzue gustukoen? Ikustea gustatuko litzaizuekeen zer ez duzue gaurko programazioan topatzen?

Comments { 0 }
-->