Zu izango zara erruduna euskal musika desagertzen bada

Nori ez zaio gustatzen goizean goiz esnatu eta, gosaltzen ari zarela, irratia entzutea? Niri, behintzat, izugarri. Egunero ohetik jaiki eta, oraindik pijama jantzita dudala, sukalderantz jo eta irratia pizten dut. Hor ibiltzen naiz, begi bat itxita eta bestea irekita dudala, aurrera eta atzera emisioa aurkitu arte, e -gazteko emisioa. Batzuetan, mahai gainean gosaria aurrean dudala, irratian dagoen musikaz pentsatzen hasten naiz eta seguruenik gizarte honetan kezkagarria irudituko ez den gai batek kezkatzen nau maiz: euskal musika.

Bolada honetan maizago entzuten dut irratia, eta gero eta gehiago kezkatzen nau euskal musikaren egoerak. Gaztelaniaz edo ingelesez abestutako kantak baino ez dira entzuten gaur egun. Gero eta gazte gehiagok, musikari dagokionez, euskara alde batera uzten ari dela pentsatzea penagarria egiten zait; halere, oraindik penagarriagoa iruditzen zait helduak ere bide horretatik doazela ikustea. Horrela, bada, artikulu xume hau idazten jarraituko dut, ohitura txar hau baztertzen joan gaitezen esperantzaz.

Ezer baino lehen, gure historiako datu garrantzitsu batzuk azaltzea komeniko litzateke: XX. mendean Euskal Herrian eman ziren urratsak, edo Europan , inguruko herrialdeetan, XIX. mendean.Eta gogor egiten zait sinistea hain maitatua zen hura, gaur egun galtzen joan izana, preziatzen dugun hori zaintzen ez dugulako. Ez zaizue harrigarria iruditzen euskarazko abesti modernoak egonda, bestelakoetara jotzea? Eta arazoa ulertzeko, geure burua epaitzea besterik ez dugu, guk baitugu honen errua.

Hala ere, Euskal herrian betidanik egon dira beste tokietan baino talde gutxiago, musika datorkigun beste edozein herrialde baino askoz ere txikiagoa baita. Halere, nire ustez, kantitate txikiak ez du kalitatea gutxiesten. Lehen esan dudan bezala, euskal taldeen kopurua ere, ez da oso handia, hemengo askok gaztelaniaz abestera jotzen baitute saltzeko errazagoa izango delakoan. Euskal musika gehiago entzungo balitz, taldeak ere proportzionalki hazten joango lirateke; izan ere, dena kate bat dela esan baitaiteke. Bestalde, ez dago esan beharrik irratiak eta telebistak guk entzuten duguna baldintzatzen dutela. Egia da tarteka euskarazko abestiren bat sartzen dutela, baina ehuneko handi batean kanpotik ekarritakoak ipintzen dituzte eta, hori dela eta, azkenean, ingeles eta gaztelianazko abestietara ohitzen gara.

Azkenik eta aurreko guztia pixka bat laburbilduz: euskal musika, logikoki, gurea da, baina denentzat egina izan behar dela argi utzi nahi nuke; hau da, gainerakoekin partekatu behar dugu. Mendeetan zehar soinuak eta erritmo propioak sortzeko gaitasuna izan dugula garbi utzi behar dugu. Amaitzeko, Aita Donostiak esandako hitzak utzi nahi dizkizuet, “Ekin” argitaletxeak argitaratutako “De música vasca” liburutik hartuak:

“Euskarak abesten duelako, eta beti abesten duelako. Etxean abesten du, elizan, kalean, landan; alai eta triste dagoen abesten du…”

Comments { 4 }

Aldaketa handiak EGA azterketa berrituan

Abenduaren 17ko EHAAn argitaratu zen 2011. urteko Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGAren) azterketa-eredua finkatzen duen agindua. Egia esateko, ez dut duela egun batzuk arte honen berririk izan eta, aldaketez josia datorrenez, gure EGAko txokoan aldaketa guztiak sartzeari ekin nion ziztu bizian.

Labur esateko, hauexek dira aldaketa nabermenenak:

  • Atariko probatik entzutezko ulermena kendu dute eta, orain, atarikoak aukera anitzeko 85 item baino ez ditu izango. Gainditzeko langa 60 izango da.
  • Proba idatzia bi ataletan egingo da eta 6 ariketa izango ditu:
    • 1. atala: elkarrizketa-testua (berria), irakurriaren ulermena eta lexikoa.
    • 2. atala: idazlan luzea, idazlan laburra (berria) eta esaldiak berridaztea.
  • Ahozko proba:
    • Entzutezko ulermena (lehen proba idatzian egiten zen)
    • Mintzamena (gai baten ahozko azalpena eta bat-bateko elkarrizketa saioa)

Dakizuen bezala, azken urteetan aldaketa ugari eman da (lexikoa, ahozko proba…) ; beraz, azken eredua nola geratu den jakin nahi izanez gero, egin klik irudiaren gainean.

Amaitzeko, Euskaljakintza EGA txokoan topatu ahal izango dituzue atalez ataleko aldaketak zein horiek lantzeko baliabide guztiak. Oraindik ez dut esku artean proba berrien eredurik (pentsatzen du laster ipiniko dituztela), baina lortu bezain laster emango dut haien berri.

Comments { 2 }

Sare sozialak, pribatutasunaren etsai teknologikoak

Sare sozialak, web bidezko guneak dira, beste pertsona batzuekin komunikatzeko tresnak. Internetaren aurrekuntzekin batera, hainbat gune sozial sortzen hasi dira sarean zehar, gune horietako batzuk jendearen datu pertsonalak interneten zintzilik uztea debeku duten arren, gehienak publikoak dira. Gaur egungo moda dela esan dezakegu, bakoitzaren datu pertsonalak sarean idaztea edota lagunekin dituzun elkarrizketak munduari erakustea; hori baita azken finean lortzen dena. Nik uste dut, mundu horretan dabiltzan guztiek jakin beharko luketela sare sozialek sortu ditzaketen arazoak.

Alde batetik, interneten idatzita uzten ditugun datu pertsonalek, gerora, etorkizunari begira, arazoak ekar diezazkigukete lanpostu bat lortzeko; izan ere, lagunei idatzitako mezu pribatu zein publikoak ikusgai ageri dira bilatu nahi dutenentzat. Mezuez gain, argazkiak ere interneten zintzilik geratzen dira, eta hauek eragin handia dute, batez ere, nolakoa zaren erakusten dutelako. Adibidez, lagunekin parrandara ateratzen zareneko argazkiak ez dizute on egingo lanpostu bat lortzeko elkarrizketa batera joaten zarenean. Esan daiteke, norberaren bizitzaren ispilu hutsak direla sare hauek.

Bestetik, Sare sozialek ez dituzte kontrolatzen hamalau urtetik beherakoen erregistroak. Beraz, horiek sartzea lortzen badute, engainatzeko errazak izan daitezke. Alabaina, sarean jende arriskutsu asko dago, gezurrak esateaz gain, beraiekin hitz egiteko edozein gauza egingo dutenak. Normalean hamalau urtetik beherakoak dira ekintza hau sufritzen dutenak, ez baitituzte ondo kontrolatzen Tuenti edotaFacebook bezalako sare sozialak. Gutxienez, erregistro seguru bat ziurtatu beharko luketela uste dut, pribatutasunaren etsai teknologiko hauek arazo gehiago ekarri baino lehen. Eta ez hori bakarrik, sareko pertsona arriskutsu horien aurka ere zerbait egin beharko litzateke, hala nola, segurtasuna areagotu kontu bat egiteko orduan edota sare sozialetan polizia agenteak ipini, arazo guztiak kudea ditzaten.

Hori gutxi balitz, zure jakingarriak, sarean argitaratzen dituzun unetik aurrera, publiko bihurtzen dira: edonork har ditzazke eta beste toki batean ipini zu konturatu gabe. Nork daki zertarako nahi eta erabiliko dituzten zure datuak zein argazkiak?

Aurreko guztia laburbilduz, esan behar dut, sare sozial batean sartu baino lehen, ezinbestekoa dela informatuta egotea. Jakin egin behar dugu zein arrisku eta abaintailak dituen kontu bat egiteak; izan ere, badaude publikoak ez diren sare sozialak, hala nola, Tuenti. Azpimarratu behar dut, sare pribatu hauetan, normalean, ez direla aipatu ditudan arazoak gertatzen, hau da, ezingo ditu inork zure datuak erabili eta ez dira interneten agerian egongo, baina, hala ere, kontuz ibili norekin konpartitzen dituzun zure kontuak.

Informazio gehiago:

Comments { 1 }
-->