Ireki begiak, ikusi mundua!

Irratia, telebista kateak, egunkariak eta gizartean gero eta leku handiagoa bereganatzen ari den interneta dira, oro har, gaur egungo komunikabide funtsezkoenak. Egunero-egunero milaka albiste begiratzen edo entzuten ditugu, baina jakitun al gara gure bizitza pribatuan duten eraginaren dimentsioaz? Ba al dakigu noren esku dauden komunikabideak? Nork mugatzen dituen? Are gehiago, zenbateraino jartzen ditugu zalantzan berriak?

Behin baino gehiagotan izan dut errealitatearen eta albisteen arteko distantziaren lekuko izateko aukera. Horrexegatik, ene aburuz, informazioari mugak ez ezartzea funtsezkoa da; izan ere, errealitatea osotasunean ez azaltzeak manipulaziora eraman gaitzake.

Bestalde, jakin badakigu politika arloan trikimailu gisa erabiliak izan direla sarritan, estrategia politiko zenbaiten oinarri izatera iritsi arte, gertaera hau oso ohikoa baita garaiko gizartean. Hori horrela izanik, hedabidearen objektibotasuna zalantzan jarri edo kasu batzuetan deusezta genezake; izan ere, pertsona baten edo pertsona talde baten gidaritzapean egonik, galdu egiten da lehen aipaturiko ezaugarria.

Era berean, azpimarratu behar da komunikabide zenbaitek zentsura pairatu behar izan dutela. Esaterako, Euskal Herrian Egin egunkariak, Egin irratiak, Ardi beltza aldizkariak eta Euskaldunon Egunkariak. Adibide hauen bidez ikus daiteke, beraz, badela hedabidea mugatzen duenik (nahiz eta teorian, informatzeko eskubidea denok izan).

Arestian esan dudanagatik, kritikariago izaten jakin beharko genukeela uste dut; eta ondorioz, etorkizunean komunikabideek ez lukete egungo ahalmen bera izango. Horrek norberaren iritzia askatasunez garatzen lagunduko luke.

Comments { 4 }

Itxura fisikoa: gizartean garrantzitsu, osasunarentzat arazo

Alimentazio nahasteez hitz egitean, badirudi anorexia eta bulimia bdirela bakarrak, eta hauek emakumeengan baino ez direla ematen. Hala ere, badago beste gaixotasun edo patologia bat bigorexia edo ”Adonisen konplexua” izenez ezagutzen dena. Hau anorexia eta bulimiaren antzekoa da eta, gehienbat, gizonezkoek pairatzen dute. Dena dela, bigorexia eta anorexiaren artean ezberdintasun ugari dago, eta bigorexiadun baten profila anorexiko batena baino zailagoa da aurkitzen.

1993an Harrison G. Popek aurkitutako patologia hau, orokorrean, nerabezaro garaian hasten da. Gazteak bere burua oso ahul ikusten du eta, ondorioz, bere muskulatura desarroilatu nahi du. Honek, hainbatetan, ariketa fisikoenganako eta dieta espezifiko batzuenganako adikzioa sortzen dio. Mabel Bello, anorexia eta bulimiaren aurkako ALUBA fundazioaren sortzaileak dio: “Bigorexikoak bere gorputzaren irudi desitxuratua besterik ez du ikusten, autoestimu oso baxua du eta harreman sozialak izateko arazoak ditu. Ordu ugari igaro ditzake muskulazioa lantzen bere gorputza muga arriskutsuetara eramanez. Edonola ere, inoiz ez du bere gorputza gustuko izango.”

Baina hori ez da arazorik larriena. Anorexia eta bulimia ez bezala, Nazioarteko Medikuntza Elkarteak ez du oraindik bigorexia gaisotasun bezala onartu; nahaste edo desoreka emozional bezala kalifikatzen dute. Argentinako Psikoanalisten Asoziazioko (APA) partaide den Harry Campos Cerverak dioenez, ez dute orain arte gaitz bezala onartu ez dutelako patologia hau larritzat jotzen.

Aipatu beharra dago, patologia hau gero eta maiztasun handiagoz detektatzen ari dela (gaur egun hamar mila pertsonetatik lauk jasaten dute). Ez hori bakarrik, anorexia eta bulimia baino bortitzagoa ere bada, giza gorputzak ezin baitu sei hilabete baino gehiagoz iraun desoreka emozional honekin.

Bigorexiadunek hain obsesionaturik egon ohi dira euren gorpuzkerarekin, non zortzi orduz jarraian egon baitaitezkeen kirola eginez. Ez dago esan beharrik, honek ondorio txar batzuk ekar ditzakeela. Esaterako, familia eta lagunekin harremana galtzen da (gimnasioak denbora asko kentzen baitie), giharrak atrofiatu egin daitezke eta, kasu ia gehienetan gertatzen den modura, inpotentzia sexuala eragiten duten anabolizanteak hartzen dituzte. Hori gutxi balitz, izugarrizko proteina eta karbohidrato kantitatea eta lipido kantitate oso urria duten dietak irensten dituzte. Horrelako jan-edan desorekatuak konsumitzeak alterazio metaboliko larria ekar diezaieke.

Comments { 4 }

Kontsumismoaren esklabu

Larunbata, azkenean! Nork ez du inoiz hau pentsatu? Ni neu sarritan pentsatzen dut hain itxarona den egun sakratu hau noiz iristsiko den. Planak eta intereseko ekintzak aldez aurretik pentsatzeko ohitura dugu. Kirolen bat egitea, paseotxo bat ematea, zinera joatea eta erosketaz erosketa ibiltzea dira ohikoenak, eta astean behin baino izaten ez den egun preziatuenean ahalik eta ondoen pasatzea dugu helburu nagusi. Larunbatak gizakiarentzako aisialdirako egun bilakatu dira, ez dago esan beharrik; izan ere, aldez aurretik antolatzen ditugun ekintza guztien helburua horixe izaten da.

Urrutira joan gabe, azken larunbatean erosketaz erosketa joan nintzen Donostiara, nire oinetako zaharrek hala eskatuta. Aldez aurretik, guztiok egin ohi dugun bezala, zein motatakoak eta zein dendatan topa nintzakeen pentsatu nuen, denbora aurreztearren; izan ere, neure burua ez baitut jendez pilatutako leku horietan gustuko ikusten. Handik eta hemendik, ez oso gustura, hainbat saltokitan ibili ondoren, azken batean saiatu nintzen. Bertan atentzioa eman zidan ume petral bat amatxori hiru pare zapatila erosteko konbentzitu nahian zebilen. Hiru pare zapatila!

Umearen nahia oso garbia zen, eta, dendako arduraduna nire oinetakoan bila ari zen bitartean, pentsatzeari ekin nion gure gizartean hain barneratuta dagoen kontsumismoari buruz. Ez zitzaidan burutik kendu dendan ikusitakoa, eta arratsalde horretan, ume horren antzera ni ere kontsumismoaren atzaparretan erortzen ari nintzela konturatu nintzen. Pentsakor utzi ninduen pasadizo hark. Dendakoak zapatila pare dotorea erakustean, aisialdiko arratsaldean erositako hainbat pultsera, jandako bi izozki eta pintxo zoragarriak etorri zitzaizkidan burura. Benetan beharrezkoak ote ziren pentsatu nuen, beste pertsona batzuk faltan zeuden bitartean. Ideia horretaz jabetzean, kontsumismoaren esklabu bihurtzen ari nintzela jabetu nintzen. Halaber, kontsumismoa gaur egungo gizartearen arazo garrantzitsuenetako bat bihurtzen ari zela pentsatu nuen. Afrikako beltz txikiek zer janik ez, eta ni arratsalde osoan jan eta jan, gastatu eta gastatu.

Hauxe da, bai, kontsumismoaren alde txarra: batzuek hiru pare edo gehiago dituzten bitartean, beste batzuek bakar bat ere ez. Umeari berriz begiratu eta nire barnean zergatik nahi zituen hainbeste pare pentsatu nuen. Ez nuen erantzun zehatz bat aurkitu, baina egungo iragarkietan egon zitekeela gakoa otu zitzaidan. Nire ezinegona handitzen joan zen, eta pentsamendu batek beste batera eraman ninduen. Zer erabili zuten zapatila horiek egiteko eta nork eginak ziren? Non? Nola? Laster jabetu nintzen estetikoki oso erakargarriak izateaz gain, erosoak ere bazirela. Halere, pixka bat sakonago aztertuz, “Made in Vietnam” ikusi nuen. Produktu horrek ingurumenari sekulako kaltea eragin zion susmoa nuen. Trenean, Donostiarako bidean amak denbora pasatzeko emandako consumer Eroski aldizkariaren artikulu bitaz gogoratu nintzen. Ez nekien zehazki zer esaten zuten, gainbegiratu besterik ez nituelako egin, baina lehenak kontsumismoa ingurumenean izaten ari den ondorio txarrak azpimarratzen zituen eta bigarrenak, aldiz, kontsumismoaren hazkundea. Trenean nindoala, Donostiara iritsi aurretik, hainbesterako arazoa ezin zitekeela izan pentsatu nuela oroitzen dut. Zapata-dendatik irten eta esku banatan bi erosketa poltsa zeramaten hiru neskatila gazte ikusi ondoren, berehala jabetu nintzen artikulu hark arrazoi osoa zuela.

Kontsimismoa eutsi ezin daitekeen erritmoan hazten ari zela jabetzeak eta denda hartan umearen bidegabekeria ikusteak arratsalde hartan nituen ideia guztiak aldatu zituen. “Ez naiz gehiago erostera etorriko”, esan nuen. Oso garbi ikusi nuen aisia kontsumismo hutsa bilakatzen ari zela. Ez dakit zuek zer pentsatzen duzuen gai honi buruz; nik dakidan gauza bakarra da, arratsalde hartan, nire zapatila zaharrek kontsumismoaren atzaparretatik bizirik ateratzea lortu zutela.

The story of stuff (1):

Informazio gehigarria:

Comments { 6 }
-->