Ongi etorri Erdi Aroko espainiar kulturara!

http://cronicadesociales.files.wordpress.com orrialdetik hartuaHona hemen, nire ustez, Espainian dagoen beste arazo larri bat: tauromakia. Bai, zezen jaialdiak kulturaren adierazgarri nagusi bihurtzen joan dira urteetan zehar, eta, gaur egun, sekulako garrantzia hartu dute hainbat probintziatan. Eta, egia esan, niri barregarria iruditzen zait oso leku batzuetan zezen hilketa hauen jaialdiei tradizio eta arte izena ematea. Animalia errugabe bat hiltzea kulturaren zati garrantzitsu bat izatea da herrialdearen zibilizazio mailaren erakusle. Eskerrak, ni bezala, gero eta jende gehiago dagoela sufrimendu eta laido higuingarri honen aurka borrokan, animalia gizajo hauen alde bakoitzak ahal duena ematen eta animalien tratu txarrekin amaitzeko esfortzu txiki bat egiten. Izan ere, badirudi jendea ez dela konturatzen oraindik, XXI. mende “zibilizatu” honetan, animalia baten tortura ez dela denborapasa bat, erailketa bat baizik. Ondorioz, eta animaliak maite ditugun pertsona guztion izenean, idazten dut artikulu hau.

Lehenik eta behin, animaliak izaki bizidunak direla azpimarratu nahi nuke. Ez dira ez objektuak, ez jostailuak, ez horrelako ezer. Baina badirudi hainbat lekutan jostailuak bailiran tratatzen dituztela, adibidez, zezen plazetan. Norbaitek imaginatzen al du zer-nolako beheramendu izan beharra daukan milaka pertsonen aurrean hainbat burugabek zurekin nahi dutena egitea? Izan ere, zezena plazara atera den orduko, hortxe dauka toreatzailea bera behin eta berriz mareatzeko prest. Behin, eta berriro, eta berriro, eta berriro… zezena poliki-poliki nekatu arte. Eta hori, gogoratu, milaka ikusleen aurrean, lehen esan bezala, jostailu bat izango balitz bezala. Eta nik zera galdetzen diot neure buruari: zergatik ez ditugu zezenaren eta toreatzailearen rolak elkarrekin aldatzen? Jar dezagun gizabanako guztiz ausart hori, atera ezin daitekeen zezen plaza batean, ezpata barik eta aske dagoen zezen batekin. Nor egongo litzateke sufritzen orduan? Bada, gezurra badirudi ere, sentsazio hori jasaten dute zezenek euren azken eguna iristen denean, umiliazio eta sufirmenduzko sentsazio latza, guk, gizakiok, kulturatzat hartzen duguna. Ulertezina benetan.

http://www.hoy.com.ec orrialdetik hartuaAurrekoarekin jarraituz, beste gauzatxo bat argudiatu nahi nuke. Izan ere, nire uste apalean, zezen bat ezpata batekin hiltzea ez da kultura jaialdi bat, erailketa bat baizik. Seguru nago “entretenimendu interesgarri” honen jarraitzaleak direnak orain esan berri dudan adierazpen honen aurka egongo direla eta, noski, ulergarria da; bai, guztiz normala baita animalia bat trapu zahar bat bezala erabiltzea eta gero, gainera, bizitza kentzea. Gainera, okerrena zera da: animaliak ikaragarri sufritzen duela hiltzen duten momentura arte. Batetik, pikatzaileak zaldi gainean lasai-lasai doazela animalia torturatzen hasten dira, euren lantzekin animalia zaurituz; bestetik, toreatzaileak zezen-ziri horietako sei bat sartzen dizkio bizkarrean eta festari bukaera emateko, ezpata bihotzeraino sartzen dio gupidarik gabe. Laburbilduz, zezena ordubete baino gehiago egon daiteke sufritzen eta zer egin ez dakielarik. Gero, gainera, toreatzaileak belarria mozten dio hilda dagoen ugaztunari, bere ausardiaren eta kuraiaren sinbolo gisa. Eta honen bitartean, jendea pozez zoratzen eta hiltzaileari txaloka. Hori bai, seguru nago beste edonork milaka pertsonen aurrean beste edozein animalia hilko balu, toreatzaileak zezena hil duen modu berean, kartzelara joango litzatekeela animalia bati tratu txarrak emateagatik. Hala ere, tauromakia kultura denez, animalia bat hiltzea ez da delitua, artea baizik. Nik ez dut, bada, ulertzen bi kasuen arteko desberdintasuna.

Azkenik, tauromakiako aurrerapen zibilizatu batzuk zoriondu nahi nituzke. Honen adibide dira, esaterako, Las Vegasen dauden zezen jaialdiak, odolik gabeko ekitaldiak antolatu baitituzte. Hau da, zezena toreatu eta gero, ez dute hilko, Espainian eta beste hainbat herrialdetan egiten den modura. Niri gaizki iruditzen zait animalia alde batetik bestera korrika ikustea jendearen entretenimendurako, lehen esan dudan bezala, umiliazioa besterik ez baitute jasaten, baina onartu beharra dago aurrerapauso garrantzitsua dela tauromakiaren munduan horrelako jarduerak prestatzea eta egitea. Jendeak ikus dezala bere kultura saio entretenigarria, bai, baina animaliarik hil gabe. Ez litzateke gaizki egongo Espainiako gobernuak Las Vegaseko tolerantziaren aldeko adibide garbi hori aztertzea eta, behintzat, praktikan jartzea, emaitza berdina izango ote den argitzeko. Tamalez, ez dirudi horrelako ezer gertatuko denik herrialde honetan, kulturaren zati garrantzitsu hau guztiz errotuta baitago.

http://4.bp.blogspot.com orrialdetik hartuaHau guztia laburbilduz, zera azpimarratu nahi nuke: animaliek guk bezainbeste eskubide dituzte bizitzeko, eta ez da posible XXI. mendean zezenak diren bezalako animalia errugabeak kultura adierazle diren argudioaz hiltzea, ez baitago eskubiderik animalia bati horrelako tratu txar eta bortitzak emateko. Saia gaitezen, beraz, denon artean zezen erailketa axolagabe horien aurka zerbait egiten, Katalunian egin berri duten bezala, gure semeen semeek ikus dezaten kultura hitzak ez duela bere baitan ez sufrimenduaren eta ezta umiliazioaren esanahirik ere.

Hona hemen tauromakiaren aurkako bideo interesgarri bat, zezenen sufrimendua betiko desager dadin:

Comments { 0 }

Amesgaiztoari amaiera eman ezinik

Nork bere erara bizi du bere bizitza. Berak nahi dituen ekintzak egin, dituen ametsak bete, helburu desberdinak lortzen saiatu…Kontua da bizitzak mugak jartzen dizkiola gizakiari . Hainbatetan ezin dugu aurrera egin. Argi dago gizakiak duen funtsezko eskubidea bizitzearena dela, baina zer gertatzen da egoera larrienetan zaudenean? Gaixotasunen bat, edo hiltzeko zorian zaudenean? Merezi al du aurrera jarraitzea? Eutanasia onargarria al da?

Eutanasia gaixotasun larri bat duen gizakia heriotzara eramatea da, bere sufrimenduarekin amaituz, eta makina baten menpekotasuna utziz. Bi iritzi kontajarri topa daitezke gaur egun gizartean gai honi buruz. Eutanasiarekin ados daudenak egokiena gaixoari hiltzen laguntzea dela pentsatzen dute. Noski, gaixoak haren zorigaiztoko bizitzarekin amaitu nahi badu. Kontrako iritzia duten pertsonei, aldiz, gaixoari heriotza erraztea gehiegizkoa iruditzen zaie. Horien ustez, gaixoa ez da gai, kasu horietan, bere bizitzari buruz erabakitzeko. Sufrimendua du, ikusten du ez dela gai ezer egiteko…eta, horregatik, heriotza iruditzen zaio biderik egokiena.

Nire uste apalean, nork bere buruarekin nahi duena egiteko ahalmena izan beharko luke, nork bere amaiera erabakitzekoa. Esperantzarik ez duenak heriotza irtenbiderik egokiena dela pentsatzen badu, hautatzeko eskubidea izan beharko luke. Erraza da pertsona osasuntsu bat izanda hitz egitea, baina ipin gaitezen une labur batez gaixoaren lekuan, makina baten menpe eta nahi duena egin ezinik bizi denaren tokian. Irudikatu zure bizimodua edozer egiteko beste pertsona baten beharra izango bazenu. Hori bizitza da? Gaixoak amesgaizto horrekin amaitu nahi badu, zergatik ez? Egia da hainbati hori bide errazenetik jotzea dela irudituko zaiola, borrokatu egin behar dela egoera latzenetan. Ados. Nik, dena den, gaixo horiei emango nieke erabakitzeko eskubidea.

Iritzi guztiak errespetagarriak direla esango nuke amaitzeko; halere, gizakiaren sufrimendua, etsipena… jokoan daudenean, muturreko iritzi eta debekuen tokian jarri ordez, sufrimendu hori pairatzen ari denaren azalean jartzea aholkatuko nuke.

Comments { 1 }

Bilbao-New York-Bilbao, Kirmen Uribe

Liburu bat behar nuen. Liburu-dendara joan aurretik ez nekien zein erosi eta, bertan nengoela, nire eskuetatik liburu anitz pasatu ondoren, 2009ko Espainiako Narratiba Saria irabazi zuenarekin geratu nintzen: Kirmen Uriberen Bilbao- New York- Bilbao (2008). Liburuaren atzealdea irakurri eta gustuko izango nuelakoan, hura hartu nuen.

Kirmen Uribe Ondarroan jaio zen 1970ean arrantzale familia batean. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Literatura Konparatua Trenton (Italia). Irratiko eta prentsa idatziko kolaboratzailea da eta hainbat egitasmo jarri ditu abian musikari, pintore eta zinemagileekin. Literaturan, Bitartean heldu eskutik poema-liburua izan zen bere estreinako liburua, oihartzun handia eragin izan duena euskal letretan eta baita kanpoan ere: frantsesez, gaztelaniaz eta ingelesez argitaratu da, eta ingeles edizioa AEBetako PEN elkarteak saritu zuen 2008ko liburu onenen artean. Besteak beste, Carver , Sylvia Plath , Anne Sexton , Mahmud Darwish eta Wislawa Szymborska -en poemak itzuli ditu. Maiz Europa, Asia eta Ameriketako nazioarteko literatura jaialdietan parte hartzen du eta aldizkari entzutetsuetan argitaratu du, hala nola, The New Yorker garrantzitsuan.

Haur eta gazte literaturako hainbat lan kaleratu ondoren (Garmendia eta zaldun beltza , Ez naiz ilehoria, eta zer? , Garmendia errege , Guti , Garmendia eta Fannyren sekretua ) hauxe du bere lehenengo nobela eta ez nolanahiko nobela; izan ere, esan bezala, 2009ko Espainiako Narratiba Saria lortu du.

Bilbao- New York- Bilbao

ARRAINEK eta zuhaitzek elkarren antza dute. Antza dute uztaiengatik. Zuhaitzek enborrean dituzte. Enborrari zehar ebakia egin eta hantxe ageriko dira uztaiak. Uztai bakoitzeko urtebete, horrelaxe jakiten da zuhaitzaren adina zein den. Arrainek ere uztaiak dituzte, baina ezkatetan. Eta zuhaitzekin bezalaxe, uztai horiengatik dakigu zein den animaliaren adina.

Honela ematen dio hasiera Uribek hogeita hiru kapituluz banatuta dagoen nobelari. Bilbao- New York- Bilbao nobelak  Loiun (Bilbo ) abiatu eta JFK (New York ) aireportura iristen den hegazkin bidaia bat kontatzen du, Frankfurteko eskala tarteko. Bidaiarekin batera, Kirmenek hiru belaunaldiko kontakizunak aipatzen ditu: gerraurrekoa, aitona-amonei dagokiena, gurasoen frankismo garaia eta berea garaia. Horrela, XIX. mendean hasi eta XXI. menderaino doa bidaia.

Kirmenek bidaia honetan hainbat istorio, oroitzapen, gogoeta, gutun, email, eguneroko, poema… erabiliko ditu nobelan zehar, baita Wikipedia entziklopediatik jasotako informazioa ere, hala nola, Rockall irlari buruz. Nagusiki bere istorio, gogoeta, oroitzapenak… arrantzaren ingurukoak izango dira, bera arrantzale familiakoa baita. Nobela honetan, esandakoaz at, bere aitonak jasandako bizipenak, Ondarruan gertatutako kontakizunak, Arteta eta Ricardo Bastida arkitektoaren arteko adiskidetasuna… azaltzen ditu. Beraz, esan bezala, Kirmenek hausnartzeari ekin dio nobelan. Bi gogoeta mota dira nagusi. Batetik, bere familiako istorioak; eta, bestetik, idatzi nahi duen nobelaren inguruko kontuak, nobelaren sortze prozesua hemen txertatuz.

Liburuaren azalean ikus dezakegun barkua, “Dos Amigos” izenekoa, aitonaren arrantzarako txalupa txiki bat da. Honek ere emango dio zer esana; izan ere, izen horren jatorria jakin nahian ibiltzen baita Kirmen: zergatik jarri ote zion izen bitxi hori aitonak? Izen horren bilaketak espero ez duen bideetara eramaten du egilea, eta ezusteko ugarirekin egiten du topo. Azkenean, ontziaren inguruan ikertu ondoren, aitona Liboriok “ Dos Amigos” izen harekin zerikusirik ikusi ez duela ondorioztatzen du; izan ere, Liborio Uribek hogei urteko “Dos Amigos” zaharra erosi baitzion beste arrantzale bati, 500 pezeta ordainduta.

Nobela aitona eta ama Aurelio Artetaren koadro bat ikustera joatean hasiko da. Egun horretan aitonari bizitzeko hilabete eskas batzuk geratzen zaizkiola esango dio sendagileak, eta aitonak ama Bilboko Arte Eder museora eramango du Aurelio Artetaren obra ikustera, zehazki bere maitearen erretratua ikustera, honek guztiak ekarriko dituen gorabeherekin.

Liburuko pertsonaia nagusienei dagokienez:

  • Liborio Uribe (aitona): bere bizitza osoa itsasoan pasatu du eta “Dos Amigos” izeneko txalupa txiki baten jabe da.
  • Jose Uribe (aita): arrantzalea, “Tokia Argia” ontziko patroia.
  • Kirmen Uribe: protagonista nagusia. Bere familiaren inguruan ikertzen du. Bere aurrekoak ez bezala, ez da arrantzalea.
  • Aurelio Arteta pintorea: aitona eta ama Bilboko Arte Eder museora bere obra ikustera joatean hasten da nobela.
  • Ricardo Bastida arkitektoa: Aurelio Artetaren adiskide handia.

Pertsonaia hauetaz at, hainbeste pisu ez duten beste batzuk ere ageri dira: Nerea neskalaguna, Unai semea, ama, osaba-izebak, Carmen Bastida, Txomin Agirre , Resurreccion Maria Azkue , Indalecio Prieto , Obama , Picasso…  Hauetako batzuk aipatu besterik ez dira egiten; beste batzuk, aldiz, garrantzi handiagoa dute.

Liburua arrain eta arbolen arteko konparazioa eginez hasten da. Amaitu, aldiz, bere emaztearen semea den Unairi poema bat eskainiz. Berarentzat 13 urterekin jaio zen semea da. Honekin emango dio nobelari amaiera:

Liburuari buruzko hausnarketa egiten jarrita, gustukoa izan dudan liburua izan dela esango nuke. Berezia da. Argumentu sakonik ez duenez, milaka istorio baizik, ez nekien nondik nora joango zen; halere, berezia, baina gustukoa izan dut. Liburua, berez ez da oso zirraragarria argumentuari edo beste ezaugarri batzuei erreparatuta (dena tonu leun batean emana dator, batetik bestera egiten du jauzi, eta momentu batzuetan edozein orritan irakurtzen hasita inpresio antzekoa har dezakezu hainbeste izen eta oroitzapenen artean); edozein modutara, ildo nagusia ildorik ez izatea da eta nola dagoen idatzita da erakargarria.

Informazio gehiago:

Kirmen Uriberen denbora-lerroa:

Comments { 0 }
-->