Nortasun Digitala

Kevin Colvin Facebooken (irudia: Helektron.com, CC)Nigandik hasita, gehienok sarera buruz salto egin dugula esango nuke, bere dimentsioak ondo neurtu gabe eta izan ditzakeen arriskuez jabetu gabe. Horrela, ez da harritzekoa phising aren biktima bagara edo nortasun digitala ez zaintzearen ondorioak pairatzen baditugu. Bada garaia, ordea, sarearen botereaz jabetu gaitezen eta geure abantailarako erabil dezagun, eta horretarako ezinbestekoa da interneten osatzen dugun nortasuna zaintzea.

Ziurtagiri digitalak erabiltzearen alde eta nick edo goitizen eta pasahitzei uko egitearen apustua beste baterako utzita, nortasun digitalak gure izenaren entzute edo erreputazioari dagokionez daukan garrantziaz jardun nahi nuke. Izan ere, Facebook ek Google-ek baino bisita gehiago dituen garai honetan, harrigarria da webgune sozial nahiz beste guneetan uzten dugun arrastoarekiko daukagun arreta eskasa. Netrep edo sarean daukagun izen ona zaintzea ezinbestekoa da, honen eraginak mundu fisikoan jasaten baitugu, esaterako, gure lan-eskaintza potentziala zabaldu edo murriztuz.

Ezer baino lehen, kontuan izan behar da ez dugula interneten dagoen informazioa ezabatu edo kontrolatzerik. Sarera irteten den unetik ezin dugu bere ibilbide edo bilakaera kontrolpean izan. Ondorioz, garrantzitsuena sarean zer utzi nahi dugun erabakitzea da. Arlo honetan botere osoa gurea da. Guk geuk erabakitzen dugu zer argitaratu nahi dugun, eta, beraz, ez dugu zertan gerora damutuko dugun ezer egin. Ez da ahaztu behar sarean ezarririkoa ez dela soilik eskualde edo herrialde mailan ikusgai, mundu osoan baizik. Eta askotan ezezagunek ikus zaitzaten axola ez izan arren, jarraiko galdera egitea komeni da: gustatuko al zait argitaratu behar dudan hau mundu osoan ikusgai egotea? Fase hau ez betetzeak sarean daukagun izena honda dezake, nortasun digital kaskarra sortuz, eta honen eraginez, esan bezala, lanpostu bat baino gehiago gal dezakegu. Kontratazio prozesuan langilearen interneteko profila edo life streaminga bilatzearena duela gutxiko kontua izan arren, Viadeoren eskaerapean, 2007an, YouGovek eginiko ikerketak batek enpresariek hautaketa prozesuan zeuden langileen %18ri buruzko informazioa online lortu zutela azaldu zuten, hau da, bost langiletik batek dagoeneko presentzia digitala zuela (eta portzentaiak gora egiten du urtetik urtera). Beste hainbat gauzaren artean zera azaltzen digu ikerketa honek: sarean hautagaien informazioa aurkitu zuten kontratatzaileen %59rengan eragina izan zuela sareko informazioak langilea enplegatzeko garaian. Hautaketa burutzen zutenei eragin horri buruz galdetzean, Giza Baliabideetako buruzagi eta zuzendarien %13k baino ez zuen erantzun eragina postiboa izan zela, %25ek negatiboa izan zela esan zuen bitartean. Honela, baztertze arrazoi ezberdinak aipatu zituzten enpresariek: Myspacen mozkortuta agertzen ziren argazkiak aurkitu izana, hautagaia poliziaren bilaketan edo konpainiako etikarekin bat ez zetorren jardueraren batean murgilduta egotea, ageriko zentzugabetasuna…

Espainiako Viadeoren zuzendariak berak ere, Pedro Sánchezek, esaten du jende gazte askok Facebook, MySpace edo beste edozein sare sozial generalistetan euren mozkorraldien argazkiak, festatakoak, eta abar zintzilikatzen dituela eta horrek oportunitate profesionalen galera ekar dezakeela, cazatalentos edo headhuntersak oso aktibo baitabiltza sarean. Hala ere, ikerketa honetan aipatu ziren eragin positiboa sorrarazi zuten arrastoak ere. Hala nola, enpresariak ezagutzen ez zituen lorpen batzuk aurkitzean, website pertsonalean azaldutako gaitasunak ikustean edota enpresariak aberasgarritzat jotzen zituen eta curriculumean jarri ez zituen argibide batzuekin topo egitean. Aurrez esan bezala, beraz, sarea ondo erabiliz gero, gure mesederako izan daiteke.

Michael Phelps, GooglenBestalde, sarean gutaz zer esaten den edo gezurrik esaten ote den jakitea ez dator gaizki, nahiz eta gehienetan ezer gutxi egin dezakegun horren atzean dagoena zigortu edo esandakoa deuseztatzeko. Horretarako, GoogleAlerts,  BoardTracker , co.mments edo MonitorThis bezalako tresnez balia gaitezke. Lehengoa Googleen aplikazio erabilerraza da, jarraitu nahi den hitza Google aurkibidean sartzen den bakoitzean abisua posta elektronikora bidaliko dizuna (nahi izanez gero, astean edo hilabetean behinera mugatu daiteke bidalketa).  BoardTracker-ek, berriz, foruetako eztabaidetan miatzen du eta co.mments-ek blogetako iruzkinetan. Azkenak, MonitorThis-ek, rss bidez bidaltzen ditu jarraitu nahi den hitzari buruzko oharrak eta informazioa 20 iturritatik lortzen du (del.icio.us, technorati , flickr , google,  yahoo, msn …). Zure edo zure enpresaren izena Googleen (edo beste bilatzaile batean) idatzi eta izena zikintzeko asmoarekin sortutakoa bilaketan lehenego postuetan ager ez dadin, egin daitekeen onena beste gune batzuetan parte hartu eta izenaren ikusgarritasuna zabaltzea da. Flickr , youtube , digg , wikipedia , facebook eta twitter bilaketa zerrendan ager daitezkeen sei orri nagusi dira. Hauetako bakoitza ondo erabiliz gero, bilaketetan zerrendaburu zure edo zure enpresaren izenaz agertzea nahi duzun hori ager dadin lor dezakezu.

Agian izen txarra ez lortzeko modu seguruena izenik ez lortzea litzateke, arrastorik ez uztea alegia. Baina “I link therefore I am” (William J. Mitchell) garaian bizi garenez, ia-ia nahitanahiezkoa da presentzia digitala, mundu laboralean aurrera egin nahiz gero behintzat. Horrenbestez, sarearen erabilera egokiari duen garrantzia eman beharko geniokeela iruditzen zait, blog edo gune pertsonal eguneratu eta egiazko bat izatea onuragarri izan daitekeela ahaztu gabe.

Bibliografia

Online Reputation Management

Comments { 3 }

Eliza, pederastiaren sopikun!

Azkenaldi honetan asko entzuten ari gara apaiz pederasten inguruko berriak. XX. mendearen erdialdetik aurrera ugaritu egin dira elizgizon hauen aurkako salaketak sexu gehiegikerien ondorioz. Kasu asko ari dira agerira ateratzen, baina hau ez da gaur egungo kontu bat. Komunikabideetan azaldu ez arren, hau beti gertatu izan den kontu bat da. Pederasta gehiengoak apenik gabe geratzen dira eta Elizaren babesa jasotzen dute gertaera hauek ezkutatuz, inongo salaketarik egin gabe eta inplikaturik dauden apaizak elizbarruti batetik bestera eramanez, eskua sartzen jarrai dezaten. Horrenbestez, esan dezakegu Eliza pederastiaren sopikun bihurtzen dela.

Oraindik orain, Elizak kritika asko jasan behar izan ditu horrelako gertaerak argitaratu direnean, zenbait gotzainek erakutsi duten jarrerarengatik; biktimekiko agertu duten hoztasunarengatik, esate baterako. Hoztasun honi buruz hitz egitean, kasuak ez argitaratzearren ordaintzen dituzten dirutzaz mintzatzen ari natzaizue. Kaltetuei laguntzak eskaini beharrean, biktimen isiltasuna erosten dute. Oso larria da abusuak egitea, are larriagoa apaiz batek burutzea, baina ez zaio garrantzirik kendu behar aurrez aipaturiko Elizaren jarrerari. Lotsagarria da, transmititzen dituzten baloreak kontuan hartuta, jokaera hau edukitzea.

Beste alde batetik, zenbait kasutan biktimek ez dute jaso familiaren babesa ezjakintasunagatik, beldurragatik eta, gehienetan, apaizekiko zuten errespetuagatik. Senide batzuek, jakinaren gainean egonagatik, ezikusiarena egin izan dute, beste alde batera begiratuz, Eliza babestearren. Baina, zorionez, XXI. mendean beldur hauek bukatu dira eta horregatik lehertu da eskandalua. Bazen garaia!

Eliza katolikoaren ezaugarri bat apaizen zelibatua da. Batzuen aieruz, apaizek ezkontzeko baimena izango balute, ez lirateke hainbeste pederasta egongo, emaztearekin -eta ez haur gajo batzuekin- bere betebehar fisikoak asetzeko aukera izango luketelako. Baina ez dut uste hau pisuzko arrazoi bat denik, pederastia kasuak elizatik kanpo ere ematen baitira. Halaber, frogatuta dago lege hau ez dagoen beste erlijioetan ere makina bat kasu daudela. Beste batzuen ustez, berriz, apaiz zelibatuaren aitzakiarekin sartzen dira instituzio honetan; izan ere, inork ez luke inoiz pentsatuko apaiz bat hori egiteko gai denik. Ez hori bakarrik, jakina da apaizek hezkuntzan protagonismo berezia izan dutela eta haurrekin kontaktua izatea ez dela beste munduko ezer.

Orain arte, delitu hau burutzen zuten apaizek Aita Santuaren barkamena jasotzen zuten, eta zigorrik gabe geratzen ziren; egungo eskandalu honekin, ordea, gauzak aldatzea espero dut. Pederastia delitu bat da, eta edonork hamar urte baino gehiagoko kartzela zigorra jasan beharko luke (gutxiegi dela esango nuke, baina horrela dago legea jarrita). Legearen aurrean denok berdinak garenez, apaiz pederastak pareko zigorrak jaso beharko lituzkete, hori izango litzateke justizia. Bestalde, elizatik kanporatuak ere izan beharko lukete. Horrelako kasuek ez dituzte biktimak bakarrik mintzen, Elizaren irudia ere zikintzen da eta, dagoeneko, zikindu samarra dagoela uste dut.

Bideo interesgarri bat ipini nahi nizuen (watch?v=2JRPuP_J2iI”>Papa Benedicto XVI, encubridor de pederasta), baina ezin da txertatu (Embedding disabled by request). Goiko estekan klik eginda, youtuben bertan ikusi ahal izango duzue.

Comments { 1 }

Mugaldekoak, gerra ostean girotutako lehen filma Ordiziako Herri Antzokian

Mugaldekoak (irudia: eitb.com)Tentazioa ekoiztetxeak ETBrentzat prestatu duen Mugaldekoak filma Ordiziako Herri Antzokian emango dute datorren asteburuan. Bi emanaldi izango dira: apirilaren 30ean (ostirala), 22:15ean, eta maiatzaren 1ean (larunbata), 19:30ean. Bi emanaldiak doan izango dira.

Gerra ostean girotutako lehen fikzio lana da Mugaldekoak, eta gai historiko batez dihardu: Comette Sarea; alegia, Bigarren Mundu Gerran Europako lerroetan jausi ziren hegazkin gidari ingelesak, Euskal Herriko mugalarien laguntzaz, beren jatorrizko herrietara bidaltzeko eratu zen nazioarteko sareaz.

Mugaldekoak egiteak berebiziko erronka suposatu du, bai Tentazioa ekoiztetxearentzat bai ETBrentzat, Euskal Telebistak sortu duen iraganeko lehenengo fikzio lana baita. Iazko irailean hasi ziren filma grabatzen eta abenduaren erdi aldera amaitu zuten.

Bi formatu ezberdinetan zabalduko dute: tvmovie-a (filma) eta 13 ataletako telesaila. Azken horretan, pelikulan agertzen diren pertsonaiek eta istorioek segida izango dute. Tvmovie-aren zuzendariak Fernando Bernues eta Mireia Gabilondo ditugu; eta, telesailekoak, berriz, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo eta Carlos Zabala.

Protagonistak Mireia Gabilondo eta Isidoro Fernandez izan dira. Besteak beste, Sara Cozar, Iñaki Beraetxe, Matxalen de Pedro, Alberto Berzal, Iñaki Rikarte, Klara Badiola, Aintzane Gamiz, Getari Etxegarai eta Joxean Bengoetxea ikusi ahal izango ditugu lan honetan.

Irudia asko zaindu da produkzio honetan. 40. hamarkada ondo islatzeko kontu handiz landu dira makillajea, ile-apainketa eta jantziak. Dekoratuetan era lan handia egin dute. Izan ere, tvmovie-an dauden barruko irudiak platokoak dira, gero telesailarekin jarraipena izan dezaten. Horregatik zineko dekoratuak egin dituzte.

Kanpoan zein plato barruan grabatutako telesaila dugu Mugaldekoak. ETBk Oiartzunen duen platoan grabatzeaz gainera, Goizueta, Artikutza, Azpeitia eta Etxalarren errodatu dituzte kanpoko eszenak.

Comments { 1 }
-->