Urtarrileko ostiral gau hotz horietako batean Mikel Urdangarinen kontzertua ikusi asmotan jarri genuen hitzordua Ordiziako Fray Andres estatuan, zenbait astez itxaron ondoren, gaixo zegoela eta, atzeratua izan baitzen funtzioa. Urduritasunak baretzeko metodo bitxia badirudi ere, kafetxo bana hartzera jo genuen Urdin pubera. Berriro ere denon eskuetatik pasatua den Maiteren poltsa famatua, bere kamera, kargadore eta tripode luzea hartuta abiatu ginen zezen plazara. Ordu erdi bat hara eta hona gaztetxeko ate susmagarri denei begira pasa ostean azaldu zen zezena, Mikel. Isiltasunaren goxotasunean Mikel eta bere biolin-jotzaile sinpatiko, grazioso, handiaren onenak entzun, eta jendeak borondatearen aurka alde egiten zuen bitartean hurbildu ginen zezenari adarretatik heltzera.
Kaixo Mikel. Aldez aurretik, eskerrak ematen dizkizugu elkarrizketa hau egiteko eskaini diguzun astiarengatik. Gu Jakintza Ikastolako ikasleak gara eta, normalean, ikasle bakoitzak aurrez zitatutako elkarrizketa bana egiten dugu. Aukera hau izanik, ordea, beste elkarrizketatxo bat egitea pentsatu dugu, honelakoak ez baititugu egunero izaten. Besterik gabe, bada, hasiera emango diogu.
2007 bukaera aldean kaleratu zenuen “Anek idatzi dit zutaz”, zure azken eta bederatzigarren lana. Oraindik berria dela esan genezake, zer moduzko harrera izan da entzulearena? Harrera ona izan du diskoak. Datorren hilabetean bukatzen dira diskoaren aurkezpenak (otsailaz ari da). Jadanik badaukat beste lantxo bat buruan eta horrekin buru belarri ari naiz. Denbora gutxi barru izango duzue lan honen berri.
Nor da Oslora ezkondu den neska hori? Eta Ane? Ane zu edo edonor izan daiteke. Gutxienekoa da nor den Ane. Norberak ematen dion interpretazioa kontuan hartuta, edonor izan daiteke Ane.
Bost letra zuk zeuk idatziak eta gainerakoak Iñaki Aurrekoetxea, Kirmen Uribe idazleenak eta Unai Iturriaga, Jon Maia, Xabier Amuriza, Sustrai Colina eta Igor Elortza bertsolarienak. Zu zeu ere bertsotan ibilia, gainera… Letrei garrantzi handia ematen al diezu? Nik uste garrantzia eman behar zaiola letrari. Aldea dago zer kantatzen den, eta jarrera serio bat eskaini behar zaiolakoan nago; izan ere, guk kantatzeko aukera dugunok aprobetxatu egin behar dugu gure tresna jendeari zerbait esateko. Idazteko garaian guk gure burua zerbitzatu behar dugu gure kezkak azaltzeko. Kantu bakoitzak bere adierazpena eskatzen du.
Zure ahots bereziak, zahar zein gazte, Euskal Herriko auskalo zenbat belarri konkistatu dituen urteotan guztiotan. Gaur gaztetxe batera etorri zara eta guk zure ahots bereziak esanda entzun nahi dugu: Euskal Herriko gazteengan ba al duzu itxaropenik? Euskal musikak bizi-esperantza luzea al du? Beharko egon. Baina hori zuen, gazteen, esku dago gazteagoak zarete eta, beno, ez asko (barre egiten du). Bromak aparte, denetariko jendea dagoela uste dut. Alde batetik, euskal musika jarraitzen duen jendea badago. Bestalde, badago hemen bertan jarraitzen ez duenik, Espainian, Europan eta mundu osoan bezala. Norberak gura duen musika entzuteko baliabideak izatea zilegi da, adibidez, Gaztetxea leku alternatibo bat izan daiteke. Gazteak, eta orokorrean pertsonak, irekia izan behar du, eta irekitasun eta jarrera horretan berak aurkituko du entzuteko, osatzeko edo gustuko ez duena baztertzeko bidea.
Jaurlaritzak Kepa Junkerari 702.000 euroko diru-laguntza eman dio eta beste hainbat musikarekin batera zuk ere diru-laguntza hori emateko erabilitako irizpideen aurka sinatu duzu. Nola bukatuko da pelikula? Eusko jaurlaritzaren diruaren kudeaketa politika baten barnean sar daiteke. Guri erabilera hori desegokia eta izugarrikeria iruditzen zaigu, bakar bati horrenbesteko dirutza ematea. Dirutza hori beste era batera erabili beharko litzateke euskal kulturaren mesedetan. Batez ere, era zorrotzago eta justuago batean.
2008? Estu eta larri, baina ez da hitz bakarra ezta? Orduan… eutsi! A, ez! 2008: ostikada sinpatikoa. Olentzero? Haurtzaroa. Abesti bat? Mikel Laboaren Oroitzen zaitudanean Musikari bat? Horixe bera, Mikel Laboa Liburu bat? Atxagaren Soinujolearen semea 2009? Eutsi! |
Bestalde, euskal mundu hau mundu ezezaguna da, eta normalean musikarion artean ez dago ezagutza handirik. Hori guztia politika ez oso on baten seinale da. Garbi dago Eusko Jaurlaritzak dena ez duela txarto egiten, baina kontu honetan ez dute zintzo jokatu. Gustatuko litzaidake sortu duen iskanbila honek guztiak ondorioak izatea, akatsaz jabetu eta buelta emateko.
Eskerrik asko benetan, gure galderei erantzuna jartzeagatik eta euskaljakintzak, eta baita guk ere, datozen urteetan zorte on bat opa dizugu! Zorte on izan dezazula!
Amaitu ziren urduritasunak. Mikel eta biolin-jotzailearen aldakei eutsita argazki bana egin, pare bat kontu trukatu eta ring-ring, Maiteri hots egin genion emozioari eutsi ezinik. Han azaldu zen irakaslea etxeko atarian, goizeko ordu txikitan, etxeko-zapatila eta guzti, eskuzabal, gure barrenak husteko belarri bat eskainiz. Orduko telebistako txutxu-mutxuen amu zen Efreni buruz barre algara batzuk egin, eta bakoitzak bere bidetik ekin zion etxerako hausnarketari. Hamaika buelta eman genituen ohean loak hartu aurretik!
Mikel Urdangarin euskaljakintzarekin solasean from Maite Goñi on Vimeo.
[…] digg_skin = ‘compact’; Zain egon gara, itxaro; iritsi da, baina. Mikel Urdangarinek Jon Intsausti eta biok urte hasieran egin genion elkarrizketan jakinarazi zigun b…, argitara atera du bere azken obra: Zubia. Desberdina da. Desberdina, baina goxoa eta beretik […]