Otsoa Euskal Herrian?

Iberiar otsoaAzken urte hauetan, eta bereziki joan den urtean, hamaika notizia izan dugu otsoa gure lurretan sartzen hasi delako; hala ere, noizbehinkako kontuak izaten dira. Artaldeei eraso egin dielako, bide alboan hilda aurkitu dutelako…izaten dugu animalia honen berri. Horrelako beste zerbait gertatu ezean, desagertu egin direla dirudi. Ez dakigu ezer asko, gaur egun, Euskal Herrian ugaztun haragijale honek duen presentziaz. Hori zertxobait argitzeko, idatzi nahi dut gaurko artikulua.

Gure herrian aurki dezakegun subespeziea iberiar motakoa da, hartz arrearen atzetik Europan aurki dezakegun haragijale handiena; izan ere, arra 34 kilo izatera heltzen da batez besteko eta emea 28 kilo. Berak ehizaturiko animaliez, basurdeak, orkatzak, oreinak…elikatzen da gehienbat; hala ere, zenbait kasutan animalia sarraskijale bezala ere aritzen da. Kasu berezietan fruituak ere jaten ditu. Jateko orduan moldatzeko arazorik ez duen bezala, bizitokiak topatzeko ere, klimari eta geografiari dagokionez, ez dauka arazorik. Bizilekua aurkitzerakoan, gizakia da bere arazorik handiena, masifikazioetatik urrun mantentzen saiatuz.

otsoaAntzina, ugaztun hau Europako baso guztietan aurkitzen zen arren, gaur egun egoera oso bestelakoa da; izan ere, izugarri jaitsi zen bere populazioa XIX eta XX. mende hasieretan. Honen eragile nagusia jendeak haragijale honetaz zuen iritzi okerra izan zen. Garai hartako jendeak animalia maltzurtzat jotzen zuen, beti gizakien zelatan egoten zelako ustea baitzegoen hauek gutxien espero zutenean erasoa jotzeko. Pentsamendu hauek inongo kontrolik gabeko ehiza masiboa ekarri zuten. Ehiztariek akabaturiko otsoak herriz herri erakusten zituzten hauek herriaren alde egiten zuten lana erakutsiz. Horrela amaitu zuten milaka eta milaka otsoek. Eta gutxiengo batek Europako baso ezkutuenetan irautea lortu zuen.

Beranduago, alde batetik, kontzientzia ekologikoa zabaldu zen eta, bestetik, baserritar ugari hirira mugitu zen lan bila. Bi faktore hauek dira animalia hauen populazio hazkundearen arrazoi nagusienak. Jendearen pentsakera errotik aldatu zen otsoen zorterako eta hauek babesteko legeak ezarri ziren. Honen guztiaren ondorioz, baserrietako jendea hirira mugitzean, mendiak jendez hustu ziren eta otsoen kopurua handitu.

Segovian otsoak hildako ardiaAipaturiko arrazoiak direla eta, gaur egun, otsoen kopurua hazten ari da. Baita Euskal Herrian ere. Baina Euskal Herria esaten dudanean, Araba esan nahi dut, hemen bakarrik lortzen baitu kumaldiak aurrera ateratzea. Beste lurraldeetan noizbehinkako agerraldiak baino ez ditu egiten. Araban, hala ere, Iberiar Penintsulako beste zenbait tokitan baino astiroago doa otsoen hazkunde hau, jakina baita mendietan artzainak ibiltzen direla. Hauek ez dituzte euren lurretan nahi, beraien abereei eraso egiten baitie. Eraso horiek gerta ez daitezen, gauak zelatan eman behar izaten dituzte eta, lehendik ere artzainen lana gogorra izanik, otsoaz babestu nahian ibili behar izateak lan hori are gogorrago egiten du.

Beraz, ez da erraza egunen batean Euskal Herri osoko mendi eta lautadetan otsoak izango ditugula esatea, lehenago berarekin batera bizitzen ikasi behar dugulako. Alde batetik, izugarrizko akatsa izango litzateke gure lurretatik animalia miresgarri hau baztertzea; baina, bestalde, guztiz ulergarria da artzainen jarrera. Halere, batek daki! Agian, batera bizitzen ikasi eta berriz ere bueltan izango ditugu gure mendietako basoetara…

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->