Hor al zaude? Kanpingags konpainiaren azkena Ordizian

AfixaKanpingags Konpainiak Javier Daulte antzerkigile argentinarraren Hor al zaude? antzezlana aurkeztuko du ostiralean, otsailaren 1ean, gaueko 22:15ean, Ordiziako Herri Antzokian. Maitasunari buruzko gogoeta egiten du obra honek. Ainhoa Aierbe, Asier Hormaza eta Aitor Gabilondo ariko dira aktore lanetan, Joseba Apaolazaren zuzendaritzapean.

“Antzerti garaia” egitaraua Beasain eta Ordiziako Udaletako Kultura Sailek bultzatu eta antolatu dute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskadiko Antzerti sarearen lankidetzekin. Goierriko antzerti denboralditxo honen barruan 8 emanaldi egongo dira, urtarriletik apirilera, batzuk Beasaingo Usurbe Antzokian eta beste batzuk Ordiziako Herri Antzokian.

Sarrerak 10 eurokoak izango dira emanaldi bakoitzeko. Ziklo osorako abonoa ere lor daiteke, 60 eurotan. Abonuak dagokion Udaleko Kultura Sailean lor daitezke.

Aipatu den bezala, programa ostiralean hasiko da Ordizian, “Hor al zaude” lanarekin. Javier Daulte dramaturgo argentinarrak sortutako obra oparotik euskaratutako lehen testua estreinatzen du Kanpingags konpainiak, egilearen ¿Estás ahí? jatorrizko testua “Hor al zaude?” izenburuarekin antzeztuko dela. “Hor al zaude?” ikuskizuna Patxi eta Ana elkarrekin bizitzen hasten direnean abiatzen da. Etxea traketsa eta txikia da: lekua kaxaz gainezka dago,
berogailua ez dabil eta auzokoekin problemak dituzte. Guztia gutxi balitz, gizon ikustezin baten presentzia deskubritu dute. Mamu antzeko honek umore txarra izateaz gain, bikotea bere espazioaren inbasoretzat hartzen du.

Asier Hormaza FRANTZISKO dugu, mago hasiberriaren larruan, eta Ainhoa Aierbe berriz, ANA, oftalmologian lizentziatekotan dena. Bien artean eszenatokia erabat betetzen dute, mamuen munduan sartzen gaituzte eta bi pertsonaia baino gehiagoren aurrean gaudela sentiarazten digute.

Bikotea eta izakia badira protagonista nagusiak, “ikusleriak pertsonaia horiek baino gehiagoren aurrean dagoela uste izango du”. Izan ere, Nekane deituriko pertsonaia ere tartekatzen da agerraldian (hau ere Aierbek gorpuztuta), bere asmoa magoaren laguntzaile bilakatzea da eta etxean agertzen denean Patxirekin elkarrizketatzeko asmoa du, “ikuskizunari beste bira bat emanez”…

Amaitzeko, gogorarazi nahi dizuet, aurreko urteetan bezala hamarreko taldea osatuz gero, sarrerak merkexeago aterako zaizkigula. Badakit garai txarra dela (inauteriak, azterketak…); dena den, norbaitek joan nahi badu, jarri lehenbailehen nirekin harremanetan.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->