Zein da hezkuntza sistema onaren errezeta?

hezkuntzasistema

Espainiako hezkuntza sistema (FlickrCC, anbecedi)

Krisi garaiko murrizketen ondorioz, herrialde ugaritan, irakaskuntza da gehien sufritzen ari den eremuetako bat. Gazte askok ez dute beraien bertuteak aztertzeko aukerarik eta beste herrialde batzuetara joatea erabakitzen dute beste edukazio sistema batzuekin probatzera. Baina, zein dira egun hezkuntza sistemarik onenak? Gure eredua munduko potentziarenarekin alderatzea erabaki nuen, hau da, Finlandiakoarekin. Ez dira esparru honetan gehien inbertitzen dutenak, ezta denbora gehien eskaintzen dutenak ere. Beraz, nola da posible Finlandiak beti aurre eramatea heziketa esparruan? Zein da arrakastaren errezeta sekretua?

Ez dago zalantzarik gaur egungo heziketa arloan zerbaitek huts egiten duela, eta ez duela kalitate hobera egiten uzten. Horrela erakusten digute urtez urte egindako PISA nazioarteko ebaluazio frogetan lortutako emaitza pattalek.

Finlandian, gizarte osoak irakasleak begirune handiz tratatzen ditu. Egia esan, irakasle ikasketak hautagai gehien dituen karreretako bat izateaz gain, zailenetakoa ere bada. Aurkezten direnen %10 baino gutxiagok lortzen du unibertsitatean sartzea; beraz, beharrezkoa dute batxilergoko batezbesteko nota 10etik 9 baino gehiago ateratzea ikasketa hauek egin nahi badituzte. Gainera, balio izugarria ematen diote gizarte jardueretan eta borondatezko lanetan parte hartzen dutenei, gizartean inplikazioa erakutsi baitute. Ikasketen azkeneko urteetan, ikasle bikainenak haur irakaskuntzan espezializatzen dira.

Heziketa sistemari erreparatuz, berezitasun ugari daude. Hasteko, umeak ez dira eskolan hasten 7 urte betetzen dituzten arte. Horrela, haurrek ikasketetan etekin gehiago ateratzea lortuko dute. Eskolako lehenengo 6 urteetan, ikasleek irakasle berdina izango dute ikasgai gehienetan, eta honen helburua da ume guztiek parte hartzea eta inor atzean ez geratzea. Ikasleek egunean 4 edo 5 ordu besterik ez dute izango eskolan egoteko, umeak ahalik eta gehien jolastea eta pentsatzen ikastea baita jomuga.

Hezkuntza zentroak aztertzera pasatzen bagara, eskola bakoitzak bere ikasketa plana antolatzeko autonomia duela ikusiko dugu. Hala ere, nabarmena den beste elementu bat da ikastetxe bakoitzak hezkuntza maila ezberdina duela. Lehen hezkuntzatik unibertsitatera integratuta daude, eta osotasunean funtzionatzen dute. Gainera, eskolak familiez eta kultura baliabideez, liburutegiez, eta abar arduratzen dira.

Finlandian, hezkuntza eta politikaren artean adostasuna dago, eta horrek egonkortasun handia ematen dio sistemari. Beste ezaugarri nagusietako bat heziketaren doakotasuna da: formazioa hasten den lehen urteetatik unibertsitatera arteko ibilbidea doan da, eskolako materialetatik hasi eta garraiora arte. Espainian, berriz, Haur Hezkuntza 0 eta 5 urte bitartean ematen da, eta ez da derrigorrezkoa. Oinarrizko hezkuntza 6 eta 16 urte bitartekoa da eta hau derrigorrezkoa da; beraz, doakoa da erakunde publikoetan ikastea, baina beharrezkoak diren materialak ikasleak erosi beharko ditu, hala nola, liburuak eta material didaktikoak. Oinarrizko hezkuntza bi zatitan banatzen da: Lehen Hezkuntza (6 ikasturte) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (4 ikasturte). Batxilergoak  3 adar ezberdin ditu. Ez da derrigorrezkoa, eta 16 eta 18 urte bitartean egiten da. 3 adar horiek arteak, zientziak eta humanistikoak dira. Hauez gain, goi mailako edo erdi mailako graduak egiteko aukera izango du ikasleak. Ikasturte batetik bestera pasatu ahal izateko, 2 suspentso izan ditzakezu, 3 edo  gehiagorekin ikasleak errepikatu egin beharko du.

Bestalde, eskola-porrota gizonezkoen ia %30 da Espainian, Europako bikoitza baino gehiago; izan ere, Europan %14,5ekoa baita Ekonomiako Ikasketen Institutuak emandako datuen arabera. Emakumezkoetan, berriz, eskola-porrota %20,8koa da.

Beraz, atera dezakegun ondorioa hau da: nahiz eta Finlandian ikasketetan ordu gutxiago sartu eta diru gutxiago inbertitu, emaitza hobeak ateratzen dituzte. Bertako ikasketen kalitatea hobea da, besteak beste, garrantzi handiagoa ematen zaielako bai irakasleei eta baita ikasketei ere.

 

Comments { 4 }

Zaborra ateratzeko ordua

telezaborra

telezaborra (FlickrCC, Romu’s)

“Arratsalde on, jaun-andreok! Mila esker beste egun batez gurean izateagatik. Sekulako albisteak ditugu zuoi eskaintzeko; beraz, ez galdu gaurko saioa! Iragarki labur batzuen ostean, hementxe izango gaituzue zuen bikote kutunen txutxu-mutxu guztiak kontatzeko.” Urrutiko agintearen botoi gorria sakatu eta konturatu naiz kolorea joaten hasi zaiola. Telebista berri-berria dut, aurreko urtean erosia edo, baina egungo telebista saio nazkanteen ondorioz, erakargarriagoa zait itzaltzeko botoiari eman eta beste zeregin bati ekitea.

Egunkaria ireki eta agendaren atalera joan naiz zuzen-zuzenean. “Mujeres y Hombres y Vicerceversa”, “Sálvame” eta “Hay una cosa que te quiero decir” bezalako programak nagusi dira Tele 5en. Beste kateetan ere prentsa arrosa eta magazinak prime time tartean jaun eta jabe dira. Gizartearen heziketari bultzadatxo bat emango baliote gaitz erdi, baina ia ezinezkoa da erabilgarriak gerta dakizkigukeen balioak jasotzea; izan ere, iritzi-emaileak oilategian baino azkarrago asaldatzen dira. Gainera, berebiziko eragina dute gure jokabidean; gezurretan aritzea, ondokoa kritikatzea eta oldarkorra izaten besterik ez baitigute irakasten telebistako “adituek”.

Beti uste izan dut txotxongiloak garela boteredunen hatzen artean, eta telebista gu kontrolatzeko hari bat besterik ez dela. Korrupzio gaiak baztertzen dira audientzia gutxiegi dutela aldarrikatuz, eta, horien ordez, errealitatetik urruntzen gaituzten saioak jartzen dituzte, gizartearen ezjakintasuna are eta gehiago sustatzeko. Bueno, azkenean, hori da komeni zaiena: euren trikimailu ilunen berririk ez izatea.

Bederatziak direnez, berriro piztu dut kutxa zaharra. Egia esan, igortzen duten guztia ez da zaborra. Gero eta gutxiago izan arren, oraindik badaude ikustea merezi duten saioak, Teleberria edo “La noche de…” esaterako. Oso zaila da berriak ematean inpartziala izatea, eta botereak beti izaten du gu manipulatzeko tentazioa, baina, gutxienez, errealitatearen alderdi bat erakusten digute. Euskaldunon kasuan, EITBren webgunean irakur dezakegun bezala, albistegi guztien artean Teleberri da ikusle gehien duena, aurtengo audientziaren %17,3 bereganatuta. Beraz, eutsi diezaiogun horri; apaizaren lapikoa bezala, urria, baina kalitate onekoa baita.

Ondorengo bideoak ondo islatzen du aurreko guztia. Ea zer iruditzen zaizuen!

Comments { 3 }

Maialen Lujanbio: “Ni ez naiz sentitzen gizonen artean emakume bat, bertsokideen artean bertsolari bat baizik”

“Neurriz eta errimaz
kantatzea hitza
horra hor zer kirol mota
den bertsolaritza.”

Bertsoa edo bertsolaritza, jolasteko espazioa, komunikatzeko tresna, entretenitzeko forma, hizkuntza era erakargarrian eta efikazean erabiltzeko gunea, euskara sustatzeko tresna, euskal kulturaren adierazlea… izan daiteke.

Bertso Txapelketa Nagusia hurbiltzen ari da. Lau urtez behin ospatzen den txapelketa ate joka hasi da. Egun horretarako ez ezazu planik egin. Egun horretan ahatz itzazu arazo guztiak. Egun horretan gure laguna ikusteko aukera ezin duzu galdu.

Ez da jairik izaten bertsorik gabe. Finalean bizitakoaz, bere ibilbideaz eta bertsogintzaz gehiago jakin nahi al duzu? Eta horretarako nor hobeto Maialen Lujanbio 2009ko txapelduna baino. Guk berarekin kontaktuan jarri, eta elkarrizketa egiteko aukera izan genuen. Abenturaz beteriko eguna izan zen.

SANYO DIGITAL CAMERA

Ostirala, 2013ko martxoaren 22a. Arratsaldeko 17:05:10, Ordizia. Denbora aurrera doa eta baita gure urduritasuna ere. Zorionez, ostirala da gaur, mantalak etxera ekartzeko eguna izaten zena. Oraingoa ordea egun garrantzitsua da, inoiz ahaztuko ez dugun horietakoa, denbora luzean zain eduki gaituena.

17:34. Andoain. Denbora aurrera doa, baina gu ez! Bidean gindoazela, auto-ilara batek harrapatu gintuen. Ez da posible, egun hau ezin da zapuztu. Erlojuaren orratzen soinuarekin kirioak sabelean dantzan ari zirela zirudien.

17:52. Hernani. “Ha llegado a su destino”. Bai, GPSa ez zebilen oker, baina ezta guztiz zuzen ere. Hernanin geunden, baina bidaia ez zen hor amaitu. Autoa aparkatu eta Hernaniko frontoia aurkitu behar genuen, Maialenekin geratuta geunden lekua.

18:04. Hernaniko frontoia. Orain bai, bidearen amaiera zen. 18:30ak arte itxarotea besterik ez zitzaigun geratzen. 12 hilabeteren artean, 52 asteren artean, 365 egunen artean, 8760 orduren artean iritsi da unea. Han, urrunean, ikusi genuen Maialen, Bertso Txapelketa Nagusiko irabazlea.

18:45. Hernaniko kiosko ingurua. Amaitu dira agurrak, kamera eta makina guztiak prest. Galde-erantzunen munduan murgiltzeko ordua iritsi da… Gehiago jakin nahi? Bada, ikus eta irakur ezazu ondorengo elkarrizketa!

Hainbeste egun ondoren  iritsi da eguna,
denboraldi luzean zain eduki gaituna,
berehala hurbildu da urduritasuna,
elkarrizketatzera bertsolari ezaguna.

Espero dugu denoi lana gustatzea,
gure laguna entzun eta ezagutzea.
Zatoz ez baita ona geldi geratzea
ez ezazu pentsatu saioa galtzea.

Bertsolarien txapelketa nagusian,
garailea izan zen 2009an.
Arte ederrak ikasi zituen Bizkaian,
bizitzan arrastoa utzi zion herrian.

Hementxe gaudeba gaur gu Maialenekin,
gure tentsioaren erantzulearekin.
Goazen ba murgiltzera elkarrizketa(re)kin,
Mila esker, Maialen, biltzeagatik gurekin.

maialenKaixo, Maialen, eskerrik asko gurekin biltzeagatik. Badakigu lanpetuta ibili zarela eta asko eskertzen dizugu guri tartetxo bat eskaini izana. Besterik gabe, goazen elkarrizketan murgiltzera. Galdeketarekin hasteko, galdera tipiko, baina egin beharrekoa: nolatan hasi zinen bertsolaritzan? Esan nezake kasualidadez edo ustekabean. Ikastolan hasi nintzen, Hernaniko Urumea Ikastolan, 11 bat urterekin edo. Gelako bi lagun eta ni hasi ginen elkarri bertso edo bertso tankerakoak egiten, eta irakasleek, gure zaletasuna ikusirik, ikastolako bertso eskolara joatea proposatu ziguten. Eta hantxe, ikastolako bertso eskolan, hasi eta geroztik Hernaniko bertso eskolan jarraitu nuen.

Badakigu bertsolaritzatik bizitzea ez dela erraza. Badakigu Arte Ederrak ikasi zenituela eta proiektu ezberdinak egin dituzula, baina zure ikasketekin zerikusia duen lanik aurkitu al duzu? Ez aurkitu eta, egia esan, bilatu ere ez. Arte ederrak ikasi nituen artearen eta plastikaren mundua gustatzen zitzaidalako, baina ez nuen aspiraziorik mundu horretatik lana egiteko. Ez nuen urrutira begiratu, ikasketa garaian gustuko ikasketa aukeratu nuen, eta gero gerokoak. Egia esan, unibertsitate garairako jada banenbilen bertsotan plazaz plaza. Nire bidea segituan letretara bideratu zen berriz. Arte ederren atala aberasgarria izan da, baina ez dut modu profesionalean parte hartu.

Bertsolaritzan hasi zinenean ez zenuen esperoko iritsi zaren tokira iristea, ezta? Egia esan, ez nuen espero ezta aurreikusi ere. Ez neukan helburu bat, ez neukan iritsi nahi bat. Nire bizitzako aspirazioa ez zen bertsolari izatea, are gutxiago txapelketan parte hartzea edo txapeldun izatea. Ez neukan horrelako anbizio zehatzik. Bertsotan oso gustura aritzen nintzen, batez ere lagunarte ederra geneukan. Egunean-egunean gustura nengoelako eta nagoelako jarraitu dut bertsotan. Aspirazio horiek ez ziren nik gaztetan aurreikusten nituenak.

2003an Gipuzkoako txapelketa irabazi zenuen.1997, 2001 eta 2005 urteetan, Euskal Herriko txapelketa nagusiko finalean egon zinen, 2001ean txapelduna izateko oso gertu izan zinelarik. Ez zen, baina,  2009ra arte iritsi Txalpelketa Nagusiko txapela, edozein bertsolarirentzat dagoen txapel garrantzitsuena jartzeko unea. Guk kanpotik nahiko lasai ikusi zintugun, baina nola bizi izan zenuen momentu hura? Zaila da esplikatzea momentu hura. Poz handia. Laburbilduz esango nuke lan baten truke jasotako opari modukoa izan zela. Urte mordoa neramatzan eta daramatzat bertsolaritzan. Txapelketarako bereziki prestatzen gara, eta bide baten gailur txiki bat izan zela esan daiteke.

3Aurten txapela babestea tokatuko zaizu. Ez da ez lan erraza izango… Nahiko parametro deportiboetan hitz egiten dugu askotan, txapela galdu, txapela defenditu… Nire ustez, bertsolaritzak badu bere lehia txapelketetan, baina baditu beste parametro batzuk ere. Azken finean, nik txapela ez dut galduko, beti etxean geratuko baita. Aurten ikusiko dugu. Gure helburua beti da ahalik eta ondoen egitea, eta egite horrek bere emaitza ematen du.

Elkarrizketa ezberdinetan entzun dugu ez zarela txapela lortu duen lehenengo emakumea bezala sentitzen, txapela lortu duen bertsolari bat bezala baizik. Hala ere, bertsolaritza gehienetan gizonen munduarekin lotu izan da. Nola bizi izan zenuen zuk lehengo emakumea izatearena? Nik uste, prentsaren aldetik beti azpimarratu duten kontua izan dela; izan ere, prentsak beti behar izaten du berezitasunen bat titularra eraiki ahal izateko. Prentsa alde batera utzirik, historikoki bere garrantzia baduela iruditzen zait emakume batek txapela irabazteak. Baina ez emakume batek irabazteagatik, horrek esan nahi duenagatik baizik. Hau da, honek esan nahi du emakumeak ere bertsolaritzan bagabiltzala, gero eta gehiago garela eta inongo “konplexurik” gabe gabiltzala. Zentzu horretan ematen diot merezi duen garrantzia ikuspuntu historiko batetik, kanpoko ikuspuntu batetik. Ni ez naiz sentitzen gizonen artean emakume bat, bertsokideen artean bertsolari bat baizik. Urte mordo bat daramat bertsotan kantatzen eta nik berezitasun hori ez dut sentitzen, beste batek sentitzen ez duen bezala bizkaitarra dela, nahiz eta konparaketa hori puntualiza daitekeen. Nire barne ikuspuntutik emakumearen azpimarratze hori ez dut bizi kanpotik ikusten den bezala, baina, aldi berean, ez diot garrantzirik ukatzen.

Hala ere, zure garaipenarekin  emakume bertsolarien erreferente bilakatu zarela esan daiteke eta horrek pisu handia du sinbolikoki… Balore sinbolikoa badauka, horrek esan nahi duelako badaudela emakumeak eta, batek txapela jantzi duenerako, atzetik beste mordo bat badaudela. Esan daiteke nolabaiteko mugarri bat dela, tendentzia bat hausten duela. Hala ere, nik ez nuke karga edo atentzio guztia zati horretara bideratuko. Nik nire bertsokera bertsolari bezala epaitzea nahiko nuke, garrantzitsuena bertsolariaren lana izan dadila.

Irakurri dugunez, bertsolariek txapelketen aurretik prestaketa lanak egiten dituzte. Zuk prestaketa berezirik jasotzen al duzu urduritasun hori kentzeko edo? Egia esan, ez; landutako prestakuntzarik ez behintzat. Bertsolarien prestakuntza nahiko gauza intuitiboa da. Bakoitzak asmatzen du bere modua, ez dago arautua prestaketa ona zein den, bakoitzak bere prestaketa burutzen du eta bere lan partikularrak egiten ditu. Nik, urtean sentitzen dudanaren arabera, gauza bat edo bestea lantzen dut: errimak, doinuak… denetik pixka bat. Nahiko prestaketa anarkoa eta intuitiboa izaten da.

Bertsolariek gai ezberdinei buruz kantatzen dituzue bertsoak, Euskal Herriari lotutakoak, amodiozkoak… eta garrantzitsua da eguneroko berriez informaturik egotea. Gertatu al zaizu noizbait gairen bat aipatu eta txurian geratzea, nondik jo ez dakizula? Bai, behin baino gehiagotan. Nik uste bertsolari gehienoi gertatu zaigula. Gertatzen dena da urteetako esperientziak teknika moduko bat ematen dizula  zer esan ez dakizunean ere zerbait esan ahal izateko. Eskarmentuak egiten du hori. Isilik geratzea da azkenekoa. Kanpotik bertsolariek dena jakin behar dutela eman dezake; dena dela, ez dut uste dena jakin behar dutenik, denaren inguruan gaineko begirada bat izan baizik. Alegia, ez da ezagutza edo  argumentazio sakona izan beharrik, munduko gertakizunei eta  problematika pertsonal eta gizartekoiei buruzko begiratzeko modu bat izatea baizik.

Zuen egitekoan sarritan jotzen duzue erdarakadetara edo hitz berriak asmatzera. Malgutasun horrek asko laguntzen d2uela dudarik ez dago, baina zein da honen arrazoia? Euskarari zerbait falta zaiola iruditzen al zaizu? Euskarari falta zaion edo ez zaion nahiko gai zaila da, eta pil-pilean dagoena. “Argota”, kale hizkera, gazte hizkera… Nik uste bertsolaritza erregistro hori lantzeko lur emankorra izan daitekeela . Azken finean, gure lehengaia hitzak dira eta gure helburua komunikatzea da, komunikatzea adin eta giro guztietako jendearekin. Hori lortzeko, hiztegian eta esateko moduan behin eta berriz bila gabiltza. Beraz, ez dut uste partikularki bertsolaritzari zerbait falta zaionik. Beharbada euskarak hutsune batzuk izan ditzake,  eta neurri horretan bertsolaritzak ere bai. Nik uste erdarakadak ez direla bertsolaritzan bakarrik erabiltzen, kaleko hizkeran ere erabiltzen dira. Hala nola,  bertsolaritzan, kalean bezala, erdarakadak, ingeleseko maileguak, frantsesekoak… erabiltzen dira. Esan dudan bezala, bertsolaritza lur emankorra dela iruditzen zait euskarari leporatzen zaizkion erren horiek landu ahal izateko.

Bertsoa botatzerakoan esaten denak garrantzi handia du, baina baita kantatzeko erak ere. Badira kantatzean desafinatzen duten bertsolariak. Horretarako prestaketa berezirik jasotzen al duzue? Normalean ez. Batzuetan badira kantakera lantzera joaten direnak, baina normalean ez. Nahiko intuitiboa izaten da hori lehen aipaturiko anarkia horren barruan. Gustuak ere badaude eta badago niretzat benetan interesgarria den bereizketa bat,  bertsoak kantatu eta bertsoak bota, bi termino horien arteko bereizketa hain zuzen ere. Horrekin esan nahi dudana da bertso bat kantatzea  ez dela kantu bat kantatzea bezala, hau da, ez dela ahots ona edukitzea edo parametro musikaletan ondo kantatzea. Niretzat bertso bat ondo botatzea beste zerbait da. Bertso bat kantatzeko badago modu bat, estilo bat, niri gehiago interesatzen zaidana “kantutzat” jotzen dugun hori baino.

Nire ustez, esaten denak eta esateko moduak, biek, dute garrantzia eta esateko modu horren barruan dago kantakera, bai doinuaren aukeraketa, bai kantatzeko modua. Bertsoan mamia eta azala biak bat dira, eta biak dira mezuaren parte. Beharbada logika musikalean edo estandarrean ondo abestuko ez luketenek bertsoak oso ongi botatzen dituzte, era eraginkorrean. Bertsoak estilo eta logika propioa dauka.

Makina bat elkarrizketa izango zenituen orain arte eta ziurrenik galdera posible guztiak egingo zizkizuten dagoeneko. Originalak izate aldera eta atrebentzia handia ez bada, jendeak dutxan den bitartean abesteko ohitura duela esaten da, bertsolariek bertsoak abesten al dituzue? Nik abestu ez dut egiten, baina egia da buruari bueltak emateko leku nahiko ona izaten dela. Bertsolari zahar askok kontatzen dute autoa gidatzen ari diren bitartean sortzen dituztela bertso gehienak. Nik, adibidez, oso gustura pentsatzen dut oinez nabilenean. Dutxa ere nahiko leku kreatiboa iruditzen zait, nahiz eta nik normalean barruraka kantatu ohi dudan eta ez kanporaka.

Bertsolaritza euskara eta euskal kultura sustatzeko tresna paregabea da. Euskal giroan izugarrizko jendetza mugitzen du. Honen adibide da 2009an Bertso Txapelketa nagusira bildu ziren 14.000 pertsona inguru, eta baita ohiko bertso saioetara hurbiltzen den jendea ere. Hau pozgarria izateaz gain, bertsolaritza bizirik dagoen seinale da… Zalantzarik gabe. Nik uste euskaraz egiten diren kultur jardunetan jende gehien erakartzen duen ekintza dela. Baina hau ez da kasualitate hutsa edo zoria, ondo landutako bide baten emaitza da, aspaldiko garaitan perspektiba handia izan zuen jendearen lanaren emaitza hain zuzen ere. Adibidez, aipagarria da bertso eskolak sortu zituztenen lanaren emaitza, honek asko gaztetu duelarik bertsolaritza eta bertsozalegoa ere, baita bertso elkarteek eginiko lanaren emaitza ere. Euskal Herri osoan badago borondatez lan egiten duen sare bat, saioak antolatzen dituen jende bat, gaiak nahiz aulkiak jartzeko prest daudenak, bertsolariei deitzeaz arduratzen direnak… Eta, noski, bertsolariek ere zeresan handia dute. Beraz, sare handi batek eginiko lanaren ondorio moduko bat da bertsolaritzaren arrakasta, eta ez da zoriz edo ausaz gertatu den zerbait.

Egia da bertsolaritza oso momentu polita bizitzen ari dela. Esan liteke jendeak bertsoarekiko interesa baduela eta hori zaintzen, zabaltzen eta ezagutzera ematen saiatuko garela. Izan ere, oraindik Euskal Herriko hainbat tokitan bertsoa ez da hain ezaguna. Beharbada Gipuzkoa, Bizkaia edo Nafarroa inguruan nahiko ezagunak dira, baina badaude oraindik lantzeko dauden hainbat eremu.

1Jada aipatu duzun bezala, bertsolari elkartea indartze lan bikaina egiten ari da, eskoletan bertso klaseak eta bertso eskolak sustatuz. Nolako etorkizuna ikusten diozu bertsolaritzari? Etorkizun ona eta oparoa. Lehen esan bezala, bertsolari asko dabil bertso eskoletan eta badago etorkizuna bertsogintzan. Bertso inguruko sarea ondo horniturik egotea oso garrantzisua da. Nik uste bertsolaritza azaltzen eta zabaltzen jarraitu behar dugula eta, oraingo bideari jarraituz gero, etorkizun ona izan dezakeela. Beti ere egoera linguistikoarekin lotuta. Egoera linguistikoak beti eragingo dio bertsolaritzari, eta bertsolaritza beti saiatuko da egoera linguistiko horretan eragiten. Hala, kontestu kultural eta linguistikoak zeresan handia du bertsolaritzaren egoeran.

Atzerrira ere joaten zarete bertsotara, Erromara orain ez asko. Aukera paregabea etxean ez dauden euskaldunentzat euskara eta euskal kulturaz disfrutatzeko… Egia esan, kuriosoa izaten da kanpora joatea eta gure lana erakustea. Kontraesan asko sortzen dizkigu, bereziki bertsotara joaten garenean. Izan ere, bertsoa mezuan oinarritutako jardun bat da eta mezua ulertzen ez denean sorturiko talka txiki hori nola gestionatu horrek buru jate asko sorrarazten dizkigu. Bestelako zubirik gabe euskararekin kanpoan gure jarduna azaltzen saiatzen gara. Esperientzia interesgarriak izan ditugu, bereziki inprobisazioa ezagutzen duten herrialdeetan. Beren hizkuntzetan inprobisazioa lantzen duten herrialdeetan elkartrukea benetan interesgarria izan dela iruditu zait, hizkuntza ez ulertu arren, egiten dugunaren logika askotan beretsua baita.

Kanpokoek nahiz eta hizkuntza ez ulertu, ohartzen dira zuek eginiko bat-bateko lan horretaz… Bai, askotan gertatu da bat-batekogintza horrek funtzio antzekoak izan dituztela edo dauzkatela beren herriarekiko, baita inprobisatzeko teknika antzekoak ere. Antzekotasunak eta desberdintasunak parean jartzea benetan interesgarria izan da. Harremanetan gaude guztiekin, eta lanketa honek aurrera jarraitzea nahiko genuke.

Gaiaren haria pixka bat aldatuz,  Euskal Herriko Bertsolaritza Txapelketa Nagusia aitzakia hartuta, euskaldun ez denari azaltzen dio Altunak zer den bertsolaritza laster EITBn emitituko duten “Bertsolari” dokumentalean. Zer-nolako esperientzia izan da? Esperientzia ederra. Bertsoak guri jende interesgarri asko ezagutzeko aukera eman digu eta bestelako sorkuntza moduekin lan egiteko, bai musikarekin, bai antzerkiarekin, eta kasu honetan, zinearekin. Guretzat zorte handia izan da, pertsonalki esperientzia oso polita izan baita. Bertsolaritzarako horrelako dokumental bat edo lan bat edukitzea aberasgarria da non-nahi guk egiten dugun hori zer den eta bertsolaritzak bere lekuan, hau da, gure herrian, zer funtzio daukan erakusteko.

Elkarrizketari amaiera emateko bertso bat abestera ausartuko al zinateke? Saiatuko gara…

Bertsolaria kantatu gabe
geratzen denean “malo”.
Nahiz eta pantailan ez den izaten
ez entzule eta ez txalo.
Euskaljakintzari azken bertso hau
eta hitz batzuk erregalo.
Euskal aldetik bazuten baina,
jakintzatikan auskalo!

Eskerrik asko benetan etortzeagatik, Maialen. Zorte ona opa dizugu orain Txapelketa Nagusirako eta egongo gara! Eskerrik asko, eta ea elkar ikusten dugun!

Hizketan hasi bezain laster, lasaitu zen gure urduritasuna. Uste baino azkarrago igaro zen denbora, eta benetan une atsegina izan zen. Hogei minutu eskaini zizkigun Maialenek eta agerian geratu zen bere hizketarako erraztasuna eta etorria. Hori da hori hitz egitea! Egun berezia izan zen guretzat, ahaztuko ez dugun horietakoa, abenturaz beterikoa. Behin esan dugu, baina ez da nahikoa. Hemendik eskerrak eman nahi genizkioke  Maialeni berriro ere, bihotz-bihotzez, guri tartetxo bat eskaini izanagatik eta bere adeitasunarengatik. Zorterik onena opa diogu laster ospatuko den Bertso Txapelketa Nagusian. Besterik gabe, hemen duzue elkarrizketa ikusteko aukera, ez ezazu aukera hau gal!

Elkarrizketa: Aritz Insausti (@Arinn10) eta Garazi Idiakez.

Comments { 2 }
-->