Badator…

Zer? Famako finala
Noiz? Apirilaren 28 eta 29an
Non? La Cuatron

aurkezleaKorrika badator!!! Ez broma da, dagoeneko hura bukatu zen, orain datorrena gurea artean hain “famatua” den Fama programako finala da. Apirilaren 28 eta 29an izango dira, telebistako La Cuatro katean.

Lehengo urtean Fama ikusi zenutenok, badakizue gutxi gorabehera nolakoa izango den azken momentu hau. Iazko eta aurtengoko ikasleak parte hartuko dute; beraz, orain arte programa ospetsutik pasatutako ikasle GUZTIAK egongo dira final horretan. Ezin duzue galdu! 4 hilabetez egon dira koreografiak prestatzen azken momentu honetarako eta hementxe duzue adibide bat girotzen joateko. Zoragarria ezta? Bada, hori eta gehiago topatu ahal izango duzue finalean. Rafa Mendezek esango lukeen moduan: Amusing!

Famako finalean bi gauza argituko dira: bata, aurtengo irabazlea zein izango den; bestea, bikoterik onena zein izan den: Horregatik, bi egunetan zehar burutuko da:apirilaren 28an, bikoteen finala eta, 29an, bakarkakoa.

Fama zer den ez dakizuenontzat:

20 ikasle baino onartzen ez duen dantza eskola bat da. Astero, ikasleek bikoteka dantzatzen dute. Koreografia bat prestatu behar izaten dute tokatzen zaien irakasleekin, ondoren epaimahaiari erakusteko. Eskola honetan jorratzen diren dantza estiloak eta horien irakasleak hauexek dira:

  • Funky: Rafa Méndez
  • Street Dance: Sergio Alcover:
  • Jazz Fusion: Pau Vázquez:
  • Lirikoa: Marbelys Zamora
  • Taldekoa: Lola González (ikasketaburua)
  • Klasikoa: Víctor Ullate Roche (eskolako zuzendaria)

Bestalde, iazko ikasle batek, Alex Gutierrezek, ikasleen laguntzaile funtzioak betetzen ditu.

Esan beharra dago, “reality show” honek dantza munduari mesede handia egin diola; izan ere, gero eta jende gehiago konturatzen ari da zein gogorra den dantza mundua. Programan zehar garbi ikusten da minutu batzuetako aktuazio baten atzean lan handia dagoela, ez baita dantzalekuetara joan eta kito. Dantza egiteko ikasi egin behar da, eta, ondo egiteko, gainera, esfortzu handia beharrezkoa da, alor guztietan bezala. ESKERRIK ASKO, FAMA, dantza mundua zer den erakusteagatik.

Laburbilduz, Famako finala ikusi, ez zarete damutuko! Benetan, iaz nik neuk ikusi nuen eta emozioz beteriko koreografiak jorratu zituzten. Denetarik ikusi ahal izan genuen. Aurten ere negargura, lotsa, urduritasuna… sentituko duzue, eta, nola ez, dantza egiteko gogoa. Nork irabaziko du?

Famari buruzko informazio gehiago nahi baduzu, sartu helbide honetara.

Ondorengo bideoa ikusteko, kleenex bat eskuetan izatea komenigarria da:

Comments { 3 }

XXI. mendeko piratak

top mantaMusikarekin gertatu zen moduan, zinemarekin ere gertatu da, hainbat eta hainbat baitira itxi diren zinema aretoak. Izan ere, teknologia berriek geure etxetik inora mugitu gabe eta sosik gastatu gabe pelikulak ikustea ahalbidetzen digute. Baina prest al gaude horrelako luxuak alde batera uzteko? Edo zinema areto edo diskoetxeek dira aldaketak egin behar dituztenak?

Egia esan, oso erraza da egun musikaz gain, irudia duen oro ikusi edo deskargatzea saretik: pelikulak, telebistako telesailak, dokumentalak… Klik bat nahikoa da gustuko dugun hori ikusteko. Gainera, askotan jaitsi beharrik ere ez da izaten: Cinetube edo Seriesyonkis weben kasuan, esate baterako.

cyber-attackHala ere, bada zinemako besaulkiak ordenagailu gelako aulkiak baino erosoagoak direla esaten duenik; dena den, hori egun ez da arazoa, norberaren etxeko sofak ere erosoak izan ohi baitira. Izan ere, P2P programen bitartez, Ares eta Emule ezagunenen artean, bideoak oso erraz deskarga daitezke, inolako mugarik gabe, gainera. Baina ez hori bakarrik, Top-manta delakoan ere eskuragarri izan ohi ditugu filmak, askotan kaleratu berriak. Beraz, norberak bere etxeko telebistan edozein pelikula ikusteko aukera duela esatera ausartzen naiz.

Horrelako ohiturak bazterrean uztea ohitura horiek hartzea baino zailagoa da. Ondorioz, lan gogorra da denak gustura utziko dituen akordio bat lortzea. Adibide moduan, duela gutxi Frantzian ia onartu zen legea aipa daiteke. Honen arabera, deskarga kopuru batetik pasatzen diren guztiek abisu bat jasoko dute, eta norbaitek jakinarazpenari kasurik egin ezean, punizio bat jasango du. Gaztigua isun bat edo 3 urte arteko kartzela zigorra izan daiteke. Esan bezala, legea ez zen onartu apirilarenAres 9an, diputatu ugari falta baitzen. Hori dela eta, beste batzar batera deitu dute datorren apirilaren 29rako.

Egia da sareko pirateriak sekulako indarra lortu duela eta kaltetuak egon badaudela: musika taldeak, diskoetxeak, zinema aretoak… Nolanahi ere, gehiegizkoa da Frantziak hartu duen jarrera. Hori dela eta, legea onartuko balitz, orain dagoena baino polemika handiagoa sortuko litzateke; izan ere, Frantziako gobernuaren arabera, egunean 10000 oharpen inguru bidali beharko lituzkete, zifra ikaragarria dudarik gabe.

Ondorioz, arazoari irtenbidea bilatuko bazaio, bi aldeak ahalegintzea ezinbestekoa da. Bai diskoetxe nahiz zinemak prezioak jaitsiz eta baita P2P erabiltzaileak ere, muga bat ezartzeko erantzukizuna hartuz.

Comments { 0 }

Game over, amaitu dira zentzuzko jokoak

innocentz

Garrasiak, zauriak, odolez jantzirik dauden gorputzak, irainak…horiexek dira indarkerian oinarritutako punta-puntako bideo-jokoek eskaintzen dituzten irudi eta egoerak. Milaka haur eta heldu jostatzen dira egunero hauekin, honek dituen ondorio arriskutsuak erabat ahaztuta, nork pertsona gehiago hilko dituen lehian erabat murgilduta daudela. Gero eta gehiago dira bideo-joko hauen atzaparretan erortzen direnak, beraien eguneroko bizitzan geldialditxo bat egin eta, inguruko giroa alde batera utzita, euren kobazuloetan makinatxoa esku artean dutela giltzaperatzen direnak.

Izen ezberdin ugari aurki ditzakegu biolentzia esentzia duten joko hauen artean, hala nola, Postal 2 delakoa, Mortal Kombat, Manhunt, Carmageddon… Zein baino zein odoltsuagoak. Ehunka izenburu, baina helburu eta mezu bakar bat, ahal den sarraskirik handiena burutzea, hain zuzen ere; hitz gutxitan esanda, biolentzia

sustatzea. Hiritarrak akabatzen dituen eguzkitako betaurrekodun gizona, gorpuen gainean txiza egiten duten pertsonak…hauek dira jolas horien protagonista nagusiak, euren bizia gogorkerian oinarritzen duten pertsonaiak. Webgune honetan, munduko 10 joko bortitzenak aurkituko dituzue. Aipatzekoa da hauetako asko oso gordinak direla; beraz, esteka klikatu aurretik gogoeta txiki bat egitea gomendatzen dizuet.

Joko higuingarri hauekin jostatzen diren pertsonak biolentziarako joera handiagoa izango ote dute? Hauxe da zientzialari, irakasle, ikerlari…askoren buruan jira eta bira ibili den galdera nagusienetako bat, hainbat ikerketari esker erantzuna izan duena. Horrelako bideo-jokoekin jostatzen diren pertsonek biolentzi joera handiagoa dutela frogatu dute Michiganeko Unibertsitateko Brad Bushman eta Iowako Unibertsitateko Craig Anderson irakasleek. Hainbat gazteri eginiko froga batzuen eskutik iritsi dira ondorio honetara. Horietako batean, gazte talde bat bitan banatu zuten; alde batetik, indarkeria bultzatzen zuten jokoekin jostatu behar zutenak, eta bestetik, indarkeri gabeko bideo-jokoekin arituko zirenak. Honen ondoren, bi gazte taldeen arteko borroka baten ikusle izan ziren eta hara hor froga garbiena, lehenengo taldekoek, 73 segundo behar izan zituzten borrokan belditu zen gazte bati laguntza eskaintzeko; besteek, ordea, 16 segundo besterik ez. Bi kasuen arteko aldea nabarmena izan zen, 57 segundo luzeek aldendu baitzituzten bi gazte taldeak.

Aurrekoari erreparatuz, argi ikusten da pertsonaren sentsibilitate mailak behera egiten duela. Kasu anitzetan, aurrekoaz gain, pertsonaren indarkeriarako joera handitu egiten da, jendearenganako errespetua galduz eta, hainbat egoeratan, okerreko begiaz ikusten duten pertsona joz. Beraz, biolentziaren gorakada nabarmena da. Ildo beretik, gure gizartean, zoritxarrez, indarkeriak sekulako lekua hartu du; hala nola, emakumearenganakoan eta eskoletan gero eta entzunagoa den bullyngan. Esaten den antzera, “zer ikusi, hura ikasi.” Hori da azken batean, tamalez, joko hauekin lortzen dena. Egoera hauen aurkako borroka da gizarte honek duen erronkarik handiena, hau da,

biolentzia jokoetan

indarkeriaren aurkako borroka. Horiek horrela, nola da posible merkatuan horrelako egoerak aurkeztu eta goraipatzen dituzten aisialdirako jokoak egotea? Horra hor arazoa eta, egoera anitzetan gertatzen den antzera, negozioa tarteko. Dirua da aginteduna; indarkeria bultzatzea helburu badu ere, hau irabazle. Egoera penagarri baten aurrean gaude, konpondu beharrekoa nire uste apalean. Estatuakere zerikusi handia du gai honetan, hau baita azkenaldian indarkeriaren aurkako kanpaina egiten ari den instituziorik sendoena; beraz, zentzuzkoa litzateke bere esku dagoen herrialdean saltzen diren jokoen kontrol hertsia eramatea.

Modu berean, joko hauen erosleez mintzatu beharrean nago, hauek baitira euren dirua joko higuingarri horietan xahutzen dutenak. Indarkeria aisialdi gisa erabiltzeari kezkagarria deritzot, bere atzaparretan erortzeko arriskua handia baita. Zoritxarrez, gero eta gehiago bira zorigaiztoko amaiera hori izaten dutenak. Aurrekoa ikusita, argi dago kontuan hartzeko gaia dela hau; beraz, honen aurrean neurriak hartzea ezinbestekoa iruditzen zait.

Arestian aipatutako neurri horietako bat bideo-joko hauek merkatutik kanporatzea izango litzateke; azken batean, guztiontzat kaltegarri diren ideia eta baloreak sustatzen baitituzte. Hala ere, hauek erostea eroslearen esku geratzen da, inork ez baitu horretan derrigortzen. Egia esan, ez dakit zer ote den ahalkegarriagoa, enpresa higuingarri horien jabeen poltsikoak betetzen laguntzea, edo norberari kalte egiten dion joko bat erosteko ausardia izatea. Arazo nagusia gurea da, erosleona. Gure esku dago hau aldatzea. Izan ere, denok dakigun antzera, eroslerik gabeko enpresak bizi itxaropen gutxi izaten du; beraz, norberak ikus dezala zer egin.

Comments { 3 }
-->