Katebegi galdua – JON ALONSO

alonsoMaitek euskaljakintzako Irakurlearen Txokorako artikulua liburu bati buruz egiteko esan zigun momentutik, oso argi izan nuen misterioz beteriko liburu bat aukeratuko nuela. Liburuak irakurtzea ez da nire pasiorik handiena. Egia esan, irakurri ditudan liburu gehientsuenak behartutakoak izan dira. Halere, asko eskertzen da liburuak irakurtzera behartu izana, zorionez, oso liburu onak baitauzkagu euskal literaturan.

Katebegi galdua Jon Alonso iruindarrak idatzitako nobela da, zehazki, 1985. urtean publikatutakoa. Jon Alonso biologian lizentziatua da, baina AEKn ere lanean jardun zuen. Egun, euskal idazle eta itzultzailea da; José Saramago eta Julio Cortazaren lan bana euskaratu ditu. Berak idatziriko zenbait testu aurki ditzakegu gure liburu dendetan:”Katebegi galdua” (1995, Susa), “Hodei berdeak” (2003, Susa), “Camembert helburu. Toulouse-Lautrec mende bat geroago” (1998, EEF – Susa)…Egin klik gehiago ikusi nahi izanez gero.

Liburuaren gaia aztertzeko orduan, inongo zalantzarik gabe esan daiteke liburu honen gaia misterioz beterikoa dela; sailkatzeko orduan, berriz, nobela beltzarenean sartuko genuke. Liburua irakurtzen hasi bezain pronto, sekulako intriga sortzen da. Juandeaburre Fundazioan jazotzen den lapurretarekin hasten da istorioa. Fundazioan, bitxi eta diru asko egon badago, baina lapurrak ez du horrelako ezer ebasten. Poliziaren aburuz, fundazioa zaintzen duten atezainak konturatu egin dira lapurra zegoela eta horrexegatik ez du izan beta gehiegirik balio handiko ezer osteko. Eleberri honen lehen hitzak irakurtzean sano kateatu nintzaion liburuari:

Juandeaburre Fundazioan gertatu zen lapurreta ez zen izan misteriozaleen edo egunerokoarekin asperturik daudenen gertaera ez-ohikoen egarria asebetetzen duen horietakoa. Lapurreta izan ote zen ere dudan jartzen ahal zen, lapurrek, hortik zehar zabaldu zenaren arabera, balio handirik gabeko paper gutxi batzuk baizik ez baitzituzten eraman. Hortaz, hainbaten iritziz, kode penala eskutan harturik, han gertatukoa lapurretatzat ez eta egoitzaren bortxaketatzat hartzea bidezkoagoa zen. Gauzak nola gertatu ziren kontuan hartzera, inork ez zuen ukatuko gertaera bitxi samarra izan zela, baina, era berean, arina, larritasun txikikoa; lapurrak, edo egoitza bortxatzaileak, nola sartzen ahal izan ziren zen harrigarria, Juandeaburre Fundazioaren ondasun preziatuak jende armatuak ongi gorderik zeukan Argaraiko jauretxe batean baitzeuden. Ondasun horiek —harribitxiak, antzinako gaiak, pieza arkeologikoak, margoak, inkunableak eta beste hainbat liburu-argitalpen bitxi gehienbat— iristen hasi zirelarik Pantaleon Juandeaburre jaunaren beraren egoitza izandako jauretxera, denen agerikoa gertatu zen zaindari armatuen bertaratze larderiatsua, besteren ondasunak ebastea maite dutenak urruntzeko nahikoa behar zena. Hori gutxi izatekotan, kanpoko burdinazko hesiak, eta ate-leiho sendoek argudio garrantzizkoak behar zituzten izan edonori han baimenik gabe sartzeko ideia burutik kentzeko. Horregatik, iritzi nahikoa zabaldu baten arabera, lapurrek ez bazuten ia ezer eraman horretarako astirik izan ez zutelako izan zen; halabeharrez egokituko ziren han zaindarien arteko txanda aldatzea gertatzen ari zen unean, ohi baino pixka bat gehixeago luzatu zen egoera hori profitatu omen zuten, ate zirrikitu bat irekirik ikusi eta bertatik labaintzen diren katu itzaltsuen gisara sartu, eta azkar mugitu ezean laster harrapatuko zituztelakoan, etorri zirrikitu berberetik atera omen ziren, arineketan, tranpa itxi baino lehen. (Hemen liburu osoa)

Istorio osoan zehar irauten du susmozko egoerak. Petronio Madrilera joaten da gobernadoreak aginduta, eta han beste tirabira batzuk ere izaten ditu. Bitartean, Margot katebegi-galduaaurkezten digu narratzaileak. Ustezko lapurreta burutu zuen gizona hilik azaldu dela konturatuta,erabat larritu eta bere lagun Akuilurengana jotzen du. M.F.E.-k Margot bisitatzen du hil aurretik eta paketetxo bat ematen dio. Bertan, liburu bat dago. Badaki sekulako arazoetan sartuko dela liburu hori dela eta. Petroniori gobernadoreak agintzen dio M.F.E.-ri liburua lapurtzeko. Agindua eta lapurreta egin ondoren, bere bila joan eta liburua ez daukala esaten dionean, akabatu egiten dute. Drogatu egiten dute, dena den, heriotzaren zergatia estaltzearren. Koko Ezari anonimo batzuk bidaltzen hasten da, baina berak ez du inongo susmorik. Koko Eza eta Margot batera dabiltza honetan guztian. Ezak Aitorgoitiako komentuko apaizari buruz zer edo zer entzun izan du eta badaki literaturan oso jarduna dela. Ezak liburua eramaten dio ongi ezkutatzeko esanez. Handik irtetzen denean, polizia kontrol batean geratzen dute Eza, eta automobila goitik behera miatu ondoren, gurpilak zulatu eta alde egiten dute. Beranduago, Petronio eta bere laguntzaileak Bartolo Egozkue apaizarengana joaten dira liburua bilatzeko jomugaz, baina ez dute aurkitzen. Bitartean, Margot bahitu egiten dute eta bera askatzeko liburua emateko eskatzen dute. Apaizak Petroniorekin, Gobernadorearekin, Juandeaburrerekin… bilera egitea lortzen du azkenean.

Liburuan pertsonaia asko dago, baina istorioan gehien korapilatuta azaltzen direnak honakoak dira:

  • Juandeaburre: lapurreta ematen den fundazioko burua da. Ezkutatuta egon da istorio bukaera arte, baina apaizak konbokatutako bilerara azaltzen da.
  • Petronio: beti perfektu jantzita joaten den eta zezenzale amorratua den polizia-komisarioa da. Pertsona gaizto bezala agertzen da liburuan.
  • Gobernadorea: Petroniori liburua osteko agindua ematen diona.
  • MFE: Marcelo Fernandez Esparza, lapurreta “burutzen” duena da eta beranduago Petroniok akabatuko duena.
  • Margot: istorioan zehar azaltzen den neska bakarra da. Marcelo Fernandez Esparzak liburua ematen dio berari.
  • Koko Eza: Margoten laguna da. Egozkue apaizarekin kontaktuan jartzen da liburutik informazio gehiago atertzeko esperantzaz.
  • Bartolo Egozkue: literaturan aditua den apaiza dugu. Izugarri laguntzen die Margot eta Ezari liburuaren nondik norakoarekin.

Liburutik gehien gustatu zaidan zatia, polizia Aitorgoitiako komentura joaten denean gertatzen dena da. Dena oso misteriotsua da. Lehenago, Ezak bisita egin zionean ezkutuko kutxa bat erakutsi zion Egozkuek eta mesanotxean zeukan botoi batekin irekitzen zen. Polizia joatean, bere gela guztia goitik behera miatu ondoren, polizietako batek estropezu egin eta botoiari ematen dionean, dena bukatu zela uste nuen, baina ez zen hala izan. Liburua ez zeukan kutxa horretan gorderik.

Liburutik gutxien gustatu zaidana, aldiz, bakarrizketa izan da. Autorea ez dela gehiegi istorioan funtsatu eta liburua polita geratzeaz gehiago arduratu dela iruditzen zait; honela, askotan istorioaren haria behin edo beste galtzera eraman nau. Ekintzak gertatzeko ere, nire aburuz, denbora ez da oso erregularra izan eta hitz batzuk hiztegian begiratu behar izan ditut; ondorioz, batzuetan oso pisutsua egin zait liburua irakurtzea; beste askotan, ordea, konturatu gabe irakurri dut.

Aurreko guztia laburbilduz esan daiteke oso liburu gomendagarria dela eleberri beltza maite dutenentzat, sikiera. Niri oso liburu atsegina egin zait irakurtzerako garaian, liburuaren gaiak berebiziko misterioa baitu. Bestalde, tarteka oso motela gin zait nobelaren abiadura autoreak erabili dituen hitzengatik, baita ekintza burutzeko metodologiarengatik ere. Amaitzeko, liburuan autoreak azaltzen duen ideia batekin geratzen naiz: “Askotan, hobe izaten da gizakiarentzat gauzen zergatia zein den ez jakitea, dugun esperantza apurra ez galtzeko bederen.”

Comments { 0 }

Laguntza musu truk!

Sutea AustralianJakina denez, duela hilabete bat gutxi gorabehera Australia hegoaldeak sute ikaragarria jasan zuen. Aipatutakoak izugarrizko tragedia eragin zuen. Alde batetik, lurraldea erabat kaltetuta geratu delako; eta, bestetik, biztanle ugarik galdu duelako bizia, berrehun bat inguruk. Horrez gain, beste biztanle asko larri zaurituta daude eta etxe ugari erreta. Biztanleek, suteaz ohartzean, suhiltzaileen beharra suma zuten. H auek gauak eta egunak eman zituzten suaren aurka; izan ere, haren indarra izugarria zenez, zailtasun ugari izan zituzten itzaltzeko. Honekin jarraituz, diotenez, suak herri batzuk zeharo sakailatu zituen, suak aurrean zuen guztia erre baitzuen. Horren ondorioz, hegoaldeko ia lurralde guztiak suntsituta geratu ziren. Biztanleak erabat atsekabetuta daude gertatutakoagatik; lehen aipatu dudanez, zauritu larri eta hildakoak egotez gain, askok euren etxea ere galdu eta orain noraezean baitaude.

Hau guztia dela eta, Australiako gobernuak makrokontzertu bat antolatzea erabaki zuen. Bertan, australiar talde eta abeslariez gain, nazioarteko talde ezagunek ere parte hartu zuten. Makrokontzertua pasa den ostiralean, martxoaren 14an, ospatu zen. Giroa alaitzeaz arduratu ziren horien artean egon zen Kylie Minogue abeslari australiarra, erabateko konplizitatea erakutsiz bere herritarrekin. Australiako izarraz gain, Coldplay talde ingelesaren aktuazioaz, besteak beste, gozatu ahal izan zuten bertaratutakoek. Kontzertuaren helburua, lehen aipatu dugun legez, ezer gabe geratu diren australiarrentzat diru-laguntza lortzea zen. Komunikabideetan entzun eta irakurri dudanez, sekulako arrakasta izan zuen kontzertuak. Gauzak horrela, ikaragarrizko erantzuna izan zuen jendearen aldetik, eta , antza denez, herrialdean eman den kontzerturik jendetsuenetarikoa izan da.

makrokontzertuaEzin ukatu laguntza eta kidetasun handia ekarri duela musika-saioak australiarrentzat. Nolanahi ere, lurralde askok jasaten dituzte mota ezberdinetako tragediak, alegia, gosete, izurrite eta hondamendi naturalak; ia egunero mota honetako albisteren bat jasotzen dugu, egia esateko, baina garbi dago gertakizun askoren aurrean ez direla honelako jarduerak martxan jartzen. Esan daiteke australiar gobernuak aurrera eramatea erabaki duen ekintza mota antolatzerakoan, eragina izaten duela herrialdearen ahalmen ekonomikoak eta baita nazioartean duen irudi edota ospeak ere. Nire uste apalean, hondamendien aurrean tratu berbera jaso beharko lukete herrialdeek; holakorik gertatuz gero, samin bera jasaten baita herrialde batean zein bestean; izan ere, herritarren mina berbera da bai Australian, bai Kenian, bai edonon.

Azkenik, esan beharra daukat dirua biltzeko kontzertuaren ideia paregabea iruditzen zaidala, era horretan abeslari eta artisten konpromisoa ikusten baita (betiere, modu desinteresatu batean emana badator, hau da, dohainik eta borondate hutsez.). Hori dela eta, honelako ekintzen kopurua areagotzea seinale positiboa dela iruditzen zait, pertsona guztien inplikazioa eta konpromisoa agerian geratzeaz gain, garai ez hain atseginetan denek bat egitea lortzen baita.

Comments { 1 }

Txanpon bat eskuratzeko bitarteko ustelak

jadeEdozer egiteko gai izango al zinateke zure seme-alabengatik? Zure bizitzako azken uneak telebistan agertzea onartuko al zenuke bertan irabazitako diru tristearekin zure seme-alabei etorkizuna ziurtatzearren? Hori da, hain zuzen, Jade Goody, Gran Hermanoko parte-hartzaile ohiak, egin duena. Seme-alaben etorkizuna bermatzeko era egokiena al da?

Bollywoodeko izarra den Shilpa Shettyri eginiko komentario arrazistek, besteak beste, egin zuten ospetsu Jade Goody britainiar gaztea Ingalaterrako Big Brother telebista-saio famatuan. 50.000 kexa baino gehiago jaso ziren bere komentario desegoki horiek zirela medio eta bere babesle guztiek bizkarra eman zioten, merkatuan zituen autobiografia eta perfumea merkatutik kenduz. Horretaz gain, saio honen aurreko edizio batean parte hartu zuen eta bertan mozkortu eta biluztu ere egin zen, agerraldi deitoragarriak sortaraziz. Hala eta guztiz ere, britainiarrak barkamena eskatu zion izar indiarrari bere esanengatik, baina hori ez zen nahikoa izan bere ospe beltza deuseztatzeko. Hirugarren aldiz Gran Hermanoko lehiaketan parte hartu zuen 2008. urtean, Indiako edizioan, hain zuzen ere. Bertan, bi egun bakarrik igaro ondoren, minbizia zuela esan zioten eta, ondorioz, lehia alde batera utzi beharrean aurkitu zen 27 urteko gaztea.

Etxera itzuli ondoren, berriro ere eztabaidaren zilborrean bistaratu da Jade Goody. Bere gaixotasunaren aurrerapausoak eta bere bizitzaren azken momentuak telebistan aurkeztea aukeratu du britainiarrak. Zertarako? Bere bi semeen etorkizuna ziurtaturik uzteko, alegia. Etorkizun oparoa utzi nahi die bere bi gaztetxoei, besteak beste, ikasteko aukera izan dezaten, berak izan ez zuen bezala.

Goody berriki ezkondu da

Baina, zilegi al da zure bizitzaren azken uneak telebistan erakustea dirua irabazteko? Non dago morboaren muga? Eta moralarena? Miseriatik irten zen komunikabide guztietan agertuz eta beste hainbat jarduera aurrera emanez, lehen esan bezala, liburu bat -bere autobiografia-, eta lurrin marka bat plazaratuz hain zuzen ere. Bere patrikak, dirudienez ez oso zabalak, gozo-gozo bete zituen bere kultura eza eta edukazio urriari esker. Ez al zen hori guztia nahikoa?

Living TV da, prezeski, ingeles gaztearen egun gogorrak emititzen dituen kanala. Bidezkoa ote da irudi horiek telebistan agertzen uztea? Hauek ere ez ote dakite non dagoen morboa eta moralaren arteko muga?

Jade Goodyren azken egunak dira. Ez dago atzera bueltarik, ezta irtenbiderik ere. Berak nahi izan duen bezala, dirudienez, 4 eta 5 urteko bere bi semeek etorkizun oparoa izango dute diruari eta ikasketei dagokienez. Hala ere, dirua irabazteko moduak eta moduak daude, eta telebistaren metodoa, nire aburuz, guztiz zikina eta laidogarria da zalantza izpirik gabe. Ezer garrantzitsurik egin gabe eta azken urte hauetan sakelak diruz bete ondoren, bere azkeneko egunak iritsi dira. dena den, ez dira berarekin joango gaur egun arte, eta gaurtik aurrera, izango diren gai honi buruzko eztabaidak.

Comments { 5 }
-->