Amiantoa, heriotza isila

asbestoNekea, arnasa ongi hartu ezina, itolarria. Hauexek dira ekidin izan eta izango diren isilpeko eta marroez beteriko lan egoeren ondorioz langileetan habia hartu duten gaixotasunen sintomak. Milaka urteko bizia duen mineral natural batez mintzatuko naiz gaur: asbestoa edo amiantoa, zeuen esku uzten dut izena aukeratzea; edonola ere, ondorio latz berdintsuak dituela esan beharrean nago. Alejandro Magnoren garairako ezaguna zen mineral hilkor honen indarra. Halaber, Marco Polok bere Txinarako bidaian honen berri izan zuen.

Baina zer da amiantoa? Amiantoa malgua eta tenperatura hagitz altuak jasan ditzakeen minerala da. Munduko hainbat meategitan aurki genezake material hau; hala ere, ekoizlerik garrantzitsuena Kanada, Errusia eta Hego Afrika dira. Hala entzunda, urruti geratzen zaigun gaia dirudi; oker zaudete, ordea, urtez urte etxe ondoko enpresetan erabili izan den minerala baita hau, etxebizitzarako hainbat materialetan (baldosak, zementua, teilak…), autoetako balaztetan… Beroaren isolatzaile ezin hobea denez, hainbat enpresak amiantoa erabiltzea erabaki zuten langileak honek suposatutako arriskuaren jakinaren gainean jarri gabe.

mesoteliomaAskoren iritziz, 2035. urtera bitarte 400.000 lagun zenduko dira, aurretik aipatu ditudan langile xumeen herioa emango da. Hauen heriotzen errudun zuzena amiantoak askatutako partikulen arnasketaren ondorioz sortutako gaitz larri eta gehienetan sendagaitzak izango dira: asbestosia, biriketako minbizia eta mesotelioma. Dena den, nor da 400.000 lagun horien benetako hiltzailea, amiantoa bera edo langileei aurreko ondorioez ohartarazi ez dieten enpresa gupidagabeak? Biak ala biak delakoan nago. Lehena, substantzia toxiko bat da, berak ez du bere patua hautatzeko aukerarik izan; gure esku egon da, ordea, bere erabilera sustatzea edo derrigortzea. Aitzitik, bigarrenak ondotxo jakin izan du -eta daki- zer duen esku artean, badaki zer-nolako galgarria den; edonola ere, primerako aktore lanak egin ditu, langileak puntu bateraino engainatzera ere iritsi baita. Halere, esaten den legez, gezurrak buztana labur. Enpresetan hainbat mediku azterketa egin ohi da langilearen osasuna aztertzeko helburuaz. Lan motaren arabera, toraxeko plakak ere behaketa honen barruan sartzen dira. Halere, amiantoaren ondorioz gaixotutako hainbat pertsonak esan duenez, 90. hamarkadatik aurrera froga honi amaiera eman zitzaion. Kasualitatea, ezta? Zergatik ote froga horren bat-bateko desagerpena? Garesti aterako al zitzaien enpresako jabeei? Ez dut uste horregatik izan zenik. Hau horrela izanda, aurreko atalean egin dudan galderaren erantzuna garbi geratzen da nire aburuz.

Amorrua eta ezintasuna, hauek izango dira langilearen erraian errotuko diren sentipenak. Amorrua, 30 edo 40 urteren ostean, beraien enpresak benetako egia ezkutuan gorde dielako. Sumintasunaren areagotzea enpresa gaixotasunaren errudun ez dela esatean emango da. Aurrekoa gutxi balitz, kalte ordainketa ez dutela jasoko entzun beharko dute langileek. Nola da posible arazo honen aurrean eriak horrelako trabak aurkitzea? Lotsagarria iruditzen zait. Enpresen jokaerak ez du ez hanka, ez buru.

amiantoaLangileak heriotza garratza ondoan duela onartzeko erronkan lan dezente izanik, enpresak eta administrazioak honi lagundu beharrean, ahal dituzten oztopo gehienak ezartzen dizkiete. Bi hitzetan: bizitzaren injustiziak. Egoera honi 360 graduko bira eman behar zaiola defendatzen dut. Aski da! Beti boteredunak irabazi behar al du edozein egoeraren aurrean? Ezetzean nago. Horregatik, artikulu honen bitartez egoera hauek salatu dituzten pertsonen aldeko iritzia plazaratu nahi nuke, eurekin bat egin, beraien salaketei esker “justizia” egiten ari baitira. Aurrez idatziriko justizia kakotxen artean ipintzen dut, inoiz ezingo baita horrelako egoera baten aurrean, heriotzak edo oinazez beteriko behin betiko gaixotasunen aurrean, justizia egin.

Ildo beretik, administrazioak lan gaixotasuna dela onartzea nahiko nuke, eta gaixo berari eta bere senitartekoei dagokien kalte ordainak ordaintzea. Gaur egun, tamalez, kasu bakan batzuek baino ez dute lortu aurreko hori, guztiek auzitegietan diru dezente utzi ondoren. Egoera penagarria benetan. Aurretik aipatu ditudan kasu hauek guztiak salatzeko eta egoera honen aurrean laguntza izateko, hainbat erakunde sortu izan da urte hauetan zehar. Euskal Herrian, esaterako, Asviamie elkartea aurkituko duzue. Bukatzeko, eskerrak eman nahi dizkiet beraien kasuak salatu dituzten pertsona guztiei eta amiantoaren gaixoen alde lan egin duten erakunde guztiei. Beraien omenez.

Comments { 2 }

“EGA 08 azterketak” sarean

Ega 07-08 azterketakAurrekoan adierazi nuen legez, egun gutxi falta dira EGAko hurrengo azterketa deialdirako, 34 zehatzago izateko, eta, laguntza guztia eskasa izan ohi denez, hementxe dituzue 2008ko azterketa guztiak klik batera. Baina has gaitezen hasieratik.

Pixkanaka-pixkanaka azken urteetako liburuak sareratzen joan gara. Behin EGA 03-04 azterketak eta EGA 05-06 azterketak ipinita, irrikaz nengoen azken liburua esku artean izateko; izan ere, azterketa prestaketan dabilen orok jakingo duen bezala, azken urtean hainbat aldaketa txertatu da, eta zertxobait entzunda banuen ere, eredu berriaren adibiderik ez nuen. Aldaketa nabarmenenak ahozko proban eta orain arteko sinonimoetan eman dira; dena den, hiru aipatuko ditut labur-labur:

  1. Lexikoa (orain arteko Sinonimoak). Testu labur batean txertaturik, markatutako hitzen baliokide egokiak aukeratu behar dira. Hitz horietako bakoitzak dagoen testuinguruan duen esanahia kontuan
    harturik aukeratu behar da baliokidea (ikus lexikoaren adibidea).
  2. Irakurriaren ulermena. Iaz arte testu bakarra ematen zen eta horri buruzko 10 galdera erantzun behar ziren (aukera anitzekoak). Eredu berrian testu batzuk eskainiko dira, azterketariek horiei buruzko hainbat galderari erantzuteko. Ariketak honelakoak izan daitezke: aukera anitzeko galderak, testu zatiei dagozkien ideiak aukeratzea, lotura egokiak egitea (ikus irakurriaren ulermenaren adibidea).
  3. Ahozko Proba. Lehenengo atala mantendu (gai baten ahozko azalpena), eta bigarrena erabat aldatu dute. Iaz arte, bigarren atal honetan, testu baten laburpena egitea eskatzen zuten; orain, berriz, bat-bateko elkarrizketa saioa. Aztertzaileek gai bat eskainiko diete azterketariei, baina bakoitzari gaiaren alderdi batzuk nabarmenduta. Azterketariak elkarrizketan arituko dira, egokitu zaien ikuspuntuaren alde egiteko. Tarteka, elkarrizketa edo eztabaida bideratzeko, aztertzaileek parte hartu ahal izango dute, galderak eginez. Azterketariak, bien artean, hamar bat minutuz arituko dira (ikus ahozko probari buruzko informazio gehiago).

Bada, duela aste pare bat ikastolara liburu berria iritsi zen eta, nahiz eta osoa pasatzeko astirik ez izan (2007ko azterketek Aste Santuko oporrak arte itxaron beharko dute), azterketa gainean dugunez, 2008koak lehenbailehen sareratu nahi izan ditugu. Hortaz, hemendik aurrera, euskaljakintzako alboko barran (ariketak atalean) eta  euskaljakintza EGA txokoan egongo dira eskuragarri.

Gehiago honen inguruan:

Comments { 1 }

Saretik askatu ezinik

internet-dangerGero eta denbora gehiago xahutzen omen du gizakiak telebista nahiz bideojokoetan, eta bereziki guztiok presente dugun komunikabiderik berrienean: interneten. Egun bizi garen mundu teknologiko honetan, ezinbesteko bilakatu dela esatera ere ausartuko nintzateke, ekintza guztiak interneten bidez egitera mugatzen ari baikara.

Informazioaren aroan gaude eta, Firely Erresuma Batuko aholkularitza erakundeak Reuters albiste agentziari esan zionez, “informazioa 90eko hamarkadako droga bihur daiteke.” Eta arrazoi zuela frogatzen ari da pixkanaka-pixkanaka, interneten erabilera okerrak dituen ondorioez ohartzen ez garela baitirudi. Horien artean da internetarekiko menpekotasuna.

internetera adikzioaAdituek frogatu dutenez, astean 30 ordu baino gehiago internetera konektatuta igarotzen dituen pertsonak internet-adikzioa dauka; hala ere, teoria hau hipotesi bat besterik ez da. Izan ere, oraindik ez da lortu zehatz-mehatz adieraztea zer den gaixotasun hau (hala deitu badaiteke; izan ere, batzuk baiezkoan baitaude eta beste batzuk, ordea, ezezkoan).

Echeburua eta Griffiths psikologoek adierazi dutenez, adibidez, beste zenbait adikzio asetzeko baliabidea izan daiteke. Greenfieldek, aldiz, ABCNEWS.com webgunean 1.800 pertsonei buruturiko inkestaren arabera, ondorengo ezaugarrien ondorioa dela dio:

  • Internetekin erlazionatutako arazo larriak izatea.
  • Konektatuta igaro diren ordu kopurua ezkutuan mantentzea.
  • Adina (zenbat eta gazteagoa izan, orduan eta arrisku handiagoa dago adikzio hau izateko).
  • Ordenagailuaren aurrean esertzeko eta konektatzeko gogo bizia sentitzea uneoro.

Ildo horretatik, gaixoetan ematen diren kasu desberdinak aipatu behar dira. Kimberly Young psikologoak aztertu zuen bezala, honela antola daitezke:

IZENA EZARPENAK EDUKIAK ONDORIOAK
Adikzio ziber-sexuala Helduentzako webguneak Pornografikoak eta sexualak Sare pornografikoen zabalkuntza
Ziber-erlazioetarako adikzioa Eztabaida-guneak, e-postak, txatak Komunikazio interaktiboa beste erabiltzaileekin Erreala eta birtuala dena nahastea
Sarearen konpultsioak Webgune komertzialak Zori-jokoak, komertzio elektronikoa, enkanteak Ludopatia
Informazio bilatzaileak eta “arlote elektronikoak” FTP eta TELNET Sarean nabigatzea helbururik gabe eta intereseko gaiei buruzko informazioa bilatzea Informazio-iturri desberdinak ez erabiltzea

Dena den, arazoa, nire ustez, ez da menpekotasun hau izatea, adikzio honi aurrea ez hartzea baizik. Oso garrantzitsua da lehenbailehen detektatzea, denboraren eta intentsitatearen arteko erlazioa dela eta: zenbat eta denbora gehiago utzi adikzioari aurrera egiten, orduan eta sakonagoa da mina, eta zailagoa da sendatzen. Beraz, bi konponbide hauek kontuan hartu beharko lirateke. Alde batetik, heziketa, zein funtsezkoa iruditzen zaidan gazteek internetaren erabilera arduratsua ikasteko. Hau gurasoen, irakasleen eta gizartearen ardura da. Horretarako, gomendagarria izango litzateke haurrek sarrera mugatua izatea internetera, ordutegiari eta edukiei dagokionez; baita familiaren esku-hartzea laguntza profesionalarekin ere: pediatra adin txikikoen kasuan, eta, psikologoa, helduenean. Bestetik, gaixoari arazoa seriotasunez planteatzea eta irtenbide desberdinak eskaintzea. Esate baterako, gorputz-jarduera eta familiarekin komunikatzea.

Gainera, aipatzekoa da pertsona askok inkontzienteki pairatzen dutela internetarekiko menpekotasuna. Horregatik, multzo zabal honetan parte hartzen duzuen ala ez frogatzeko aukera ematen zaizue hemen.

Ondorioz, kontuz ibili eta deskonektatu internetetik lehenbailehen, gaitzak harrapa ez zaitzan!

Comments { 5 }
-->