Jar dezagun euskara denon ahotan

FlickrCC,  peru, lili eta marije

FlickrCC, peru, lili eta marije

Euskal hiztunei buruz hitz egin nahi dut. Badakigu gure hizkuntza, euskara, mintzaira  minoritarioa dela eta ez duela hiztun k

opuru handirik. Halere, ez da bakarrik Euskal Herrian berba egiten, beste hainbat lurraldetan ere badu mintzatzailerik, hala nola, Argentinan, Uruguain, Estatu Batuetan… Hori ez da gertatzen bakarrik hemen jaiotako hainbat kanpora bizitzera joan direlako, gertatzen da baita atzerrian jaiotako batzuek ikasteko interesa dutelako ere. Horren adibide ditugu irailaren hasieran Lazkaoko Maizpide euskaltegira atzerritik etorritako euskaldun berriak. Hauetako batzuk aipatu berri dudan barnetegian ikasitakoak dira eta orain haien lurraldeetako euskal etxeetan irakasten dute, Goierriko Hitzan azaldu zen artikuluaren arabera. Horietako batzuek haien arbasoak euskaldunak zirelako ikasi nahi izan dute euskara; beste batzuek, aldiz, jakin-minak edo kuriositateak bultzatuta. Horixe bera gertatzen da gure inguruan hitz egiten den berbeta askorekin, besteak beste frantsesarekin, ingelesarekin, espainierarekin…

Gauza da Euskal Herritik kanpo izugarrizko inplikazioa dagoela euskara ikasteko. Eta izugarrizko inplikazioa behar dela hemendik kanpo euskara ikasteko. Nolanahi ere, euskaraz ez dakiten bertakoak ere saiatzen dira ikasten, mintzalagunen bidez, euskaltegira joanez… Hori horrela ez balitz, ez litzateke igoko euskararen erabilera, eta, Eustaten arabera, 1991tik 2011ra igo egin da 16 urtetik gorakoen erabilpena honako esparruetan: etxean, lagunekin, lanean, udal langileekin eta osasun-zerbitzuetan.

FlickrCC,  Medellin.Digital

FlickrCC, Medellin.Digital

Datuak datu, nik esango nuke hemengo zenbait lekutan euskara gutxi entzuten dela, batez ere,  herri handi edo hirietan. Okerrena da hori ez dela gertatzen jendeak ez dakielako ele egiten, gertatzen da, beste arrazoi askoren artean, nahiago izaten dutelako -edo dugulako- gazteleraz mintzatu.

Hau guztia aztertu ondoren zerbait aldatu beharko genukeela iruditzen zait. Euskaraz dakigunok gehiago erabili beharko genuke eta euskara preziatzen duten atzerritar horien bidea jarraitu. Artzek zioen: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakienak ikasten ez duelako, dakienak hitz egiten ez duelako baizik”. Beraz, euskaldunak ez direnek ilusio eta gogo osoz ikasten badute, ekin diezaiogun geuk ere geure hizkuntza gehiago erabiltzeari eta ingurukoei erakusteari, hainbeste maite dugun gure mintzaira zaharra gal ez dadin.

Comments { 0 }

Arrazista? Ni ez, behintzat!

Argazkia: FlickrCC, xavi talleda

FlickrCC, xavi talleda

Aurreko batean, XL Semanal aldizkarian arrazismoari buruzko informazio testu bat irakurtzen ari nintzela, gauza asko etorri zitzaizkidan burura: zenbait pertsona, zenbait kasu… Galdera asko egin nizkion nire buruari. Nola da posible XXI. mendean pertsona batzuek beste batzuk gutxiestea azalaren koloreagatik? Irakurtzen ari nintzela, konturatu nintzen gurasoek beraien seme-alabei erakusten dizkietela beraien pentsamenduak jaiotzen diren momentutik. Batzuek, adibidez, mundu honetan bakarrik arraza txurikoak direla baliozkoak.

Hau ikusi eta gero, nire buruari hainbat bira eman nizkion. Azken urte hauetan ez dira hainbeste kasu entzun, baina orain dela urte batzuk kasu mordoa entzuten ziren bai telebistan eta baita irratian ere. Oraindik hainbat talde edo sekta arrazista geratzen dira. Horietatik ezagunena Ku Klux Klan da. Nik ezin dut ulertu nola sor daitezkeen horrelako sektak. Azken finean, denak pertsonak gara. Nola liteke pentsatzea beltzek ezin dituzte gure eskubide berberak izan? Beraiek, gu bezalaxe, burua, bi hanka, bi beso eta bihotz bakarra dute. Ez dira gu baino gutxiago.

Historian zehar txuriok izan dugu aginte eta botere guztia, eta oraindik batzuek gauzak horrela jarraitzea nahi dute. Halere, egun, munduan gehien agintzen dutenetariko pertsona bat beltza da: Barack Obama. Eta okerragoa al da beltza izateagatik? Horixe ezetz! Nire ustez, denok eskubide berberak izan ditzagun borrokatu behar dugu.

Laburbilduz, zera esan nahi dut: ni arrazismoaren aurka nago, gehienak bezala. Argi utzi nahi dut ez dagoela gutxiago edo gehiago den pertsonarik mundu honetan. Zoritxarrez, bistakoa da pertsona batzuek gauza gutxiago dituztela, ondasun gutxiago, lan gogorragoa edota bizitza garratzagoa; hala ere, hori ez da arrazoia pertsona horiek gutxiesteko. Lehen esan dudan bezala, guztiok, buru bat, bi hanka, bi beso eta bihotz bakarra dugu. Nire ustez, pertsonei bihotzera begiratuta, azaleko koloreari begiratu beharrean, mundua asko aldatuko litzateke.

Comments { 0 }

Produktu gaixoak ala erosle inuzenteak?

bonbilla (FlickrCC, Lotus Carroll)

bonbilla (FlickrCC, Lotus Carroll)

Gure amak beti esaten dit garrasika: “Ez zara gai gauzak zaintzeko! Dena puskatzen duzu!”. Egia da zenbaitetan arrazoia izaten duela, ez baititut gauzak zaindu beharko liratekeen bezala zaintzen, baina nire gelako bonbillak askotan apurtzen dira, eta hauen matxuraren arrazoiak ez du nirekin zerikusirik. Zergatik irauten du gero eta gutxiago erosten dugun orok?

Teknologiak aurrera egiten du; halere, produktuek garai batean baino gutxiago irauten dute. Aurrekoan, interneten nabigatzen ari nintzela, 1901ean instalatu zen bonbilla bat oraindik martxan jarraitzen duela ikusi nuen. Harrigarria benetan! Ez nuen, ordea, hori bakarrik aurkitu; izan ere, gaur egungo produktuen iraupen motzaren arrazoia ere aurkitu bainuen: obsoleszentzia programatua.

Obsoleszentzia programatu hau erosten ditugun ekoizkinek gutxi irautean datza. Enpresetan nahita programatzen dituzte luze iraun ez dezaten. Hau gertatzeko arrazoi bat krisia da: ez dutenez nahi adinako diru sarrera, bidegabekeria honetara jotzen dute. Denek asko irauten dituzten produktuak baldin baditugu, ez daukagu beste bat erosteko beharra. Dena den, matxuratu egiten badira eta beharrezkoak direla ikusten badugu, beste bat erostera jotzen dugu.

Egia da hau ona izan daitekeela ekonomiarentzat, etengabe dirua mugitzen delako; aldi berean, baina, iruzur egiten digute. Guk kalitatezko produktu on batengatik ordaintzen dugu, eta erosi dugun hau epe laburrean hondatzeko jaioa da. Horretaz aparte, guk haren ordezkoa erosten xahutu dugun diru hori beste edozein lekutan inberti dezakegu, eta hau ere lagungarria litzateke ekonomiarentzat.

objektu zaharren hilerria (FlickrCC, maol)

Gainera, kontua ez da bakarrik amarrukeria. Produktu berria erostean, zaharra botatzen dugu. Produktu berria sortzeko lehengaiak behar dira, eta hauek inongo ardurarik gabe erabiltzen ditugu amaituko direla pentsatu gabe. Benetan penagarria balio ez duten gauza hauen baratzea da. Zatar pila guztiak garapen bidean dauden estatuetara bidaltzen dira, 2. eskuko produktu gisa sal daitezen, erabilgarriak izango balira bezala. Zoritxarrez, hauen %80 baino gehiagok ez du ezertarako balio. Eta hori gutxi balitz, herrialde hauek munduaren zabortegi bilakatzen ari dira.

Laburbilduz, nahiz eta gu jakinaren gainean ez egon, baliteke erosi berri dugun ordenagailu edo dena delakoa segituan hondatzeko egina izatea, eta beste bat erosi behar izatea gutxi barru. Hori gutxi ez eta produktu sastar hauek guztiak garatu gabeko herrialdeetara eramaten dituzte, bertan 2. eskuko produktu gisa saltzeko. Benetan, ez dut ulertzen nola onartzen duten produktu hauek kaleratzea!

Comments { 0 }
-->