Berak ez luke egingo, zuk zergatik bai?

Zoritxarrez, animalienganako tratu txarrak gero eta gehiago entzun daitekeen gaia da, oso gai gogorra eta jende askorentzat garrantzi askorik ez duena. Nire ustez, ordea, denok jakinaren gainean egon beharko genuke tratu txarrak ez direla emakumeengan eta umeengan baino ematen; izan ere, animaliek ere guk uste baino maizago pairatzen baitituzte.

tratu txarrak jasandako txakurraAnimalienganako tratu txarra era askotakoa izan daiteke. Ezagunena edota guregana gehien iristen dena txakurrengan ematen dena da, baina ez da bakarra: beste animalia askok ere jasaten dute. Tratu txar horiek animalia errepide bazter batean uztetik has daitezke, eta, amaitu, mila kalamidade jasan ondoren akabatzen dituztenean. Jokabide lazgarri hau gehienetan etxean ditugun animaliekin gertatzen da, askotan umeen apetagatik. Adibide ezagun bat aipatzearren, oporrak iristen direnekoa aitatu dezakegu. Familiek ez daukate animalia horiek nork zaindu, eta usu errepide bazterrean edo mendian askatzea baino ideia egokiagorik ez zaie bururatzen. Eta noski, hauek izututa, zer egin ez dakitela, kotxeren batek harrapaturik edota gosez hiltzen dira. Halaber, ez gara konturatzen beste hainbat jokabidez. Gehiengoak ikusi du noizbait animaliaren bat galduta edota noraezean, eta gutako asko ez gara saiatzen laguntza eskaintzen, begiratu besterik ez dugu egiten. Honekin ez dut esan nahi pertsona okerragoa denik abandonatutako animaliak laguntzen ez dituena, ezta gutxiago ere. Bakoitzak bere arrazoiak dauzka, eta askotan horrelako egoera batean ez dakigu nora deitu edo nora eraman animalia gaixoa.

Animalienganako beste tratu txar era bat toki itxi batean uztea eta goseak hiltzea da, baita gaixo dauden animaliei laguntzarik ez ematea ere. Hau egiteko gai diren pertsonei iruditzen zaie animaliei nahi dutena egiteko eskubidea dutela, hauek ahulagoak direlako. Nire ustez, aztertu beharreko pentsamendua da hori  eta horren aurka zerbait egin behar da . Inspekzio gehiago? Ez dakit, baina zerbait egin behar da. Gero eta gehiago entzuten den gai batez ari gara eta inork ez du ezer egiten animaliak babesteko. Hori guztia gutxi balitz, hauetako animalia asko larruak lortzeko erabiltzen dira, hau da, akabatu egiten dituzte beraien larruaz arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko.

Nola jakin animalia batek tratu txarrak jasotzen dituen? Hori da askok geure buruari galdetzen dioguna. Animalia batek tratu txarrak jasotzen dituenean, hasieran, errazena zauriak ikustea izaten da: bizkarrean, buruan, oinetan… Dena den, euren jokatzeko moduari ere erreparatzea lagungarri gerta dakiguke; izan ere, zauri fisiko hauekin batera, zauri psikologikoak ere jasotzen baititu. Tratu txarrak jasandako animalia hori ez da inor gutxiz fio, ez da ukitzen uzten eta egun osoa txoko batean igarotzen du, bakardadean.

tratu txarrak jasandako txakurra 2Lehengoarekin jarraituz, eskerrak eman beharko genizkieke tratu txarrak jasandako animaliak babesten eta laguntzen dituzten elkarte guztiei; izan ere, hauek egongo ez balira, animalia askoz ere gehiago hilko lirateke eta asko eta asko aterperik gabe geratuko. Hemen daukazue horietako elkarte bat: El refugio. Madrileko mendizerran kokatua dagoen elkarte hau 1996. urtean sortu zen tratu txarrak jasotako animaliak zaintzeko eta hauei etxe eta aukera berri bat emateko.

Guztiarekin ere, ezin ditut ahaztu munduan tratu txarrak jasotzen dituzten beste animalia asko: zezenak, zaldiak, katuak, itsas txakurrak… Ezin ditugu hauek alde batera utzi, hauek ere tratu txarrak pairatzen dituztenen zerrendan ohikoak baitira. Okerrena da, gainera, hauetako asko festetan jendeak ongi pasa dezan erabiltzen direla, eta penagarria da jende hori ez konturatzea animalia sufritzen ari dela. Kasurik argiena zezenarena da, aurrekoan Anak garbi utzi zuen bezala (Nor basatiago?). Ondoren zaldiak dauzkagu, lasterketetan ibiltzen direnak. Horietako askok ere tratu txarrak jasotzen dituzte. Itsas txakurrei eragiten zaien tratu txarra ere aipatzekoa da. Tratu txar mota honek helburu ekonomikoa dauka; hau da, beraien larrua, txakurrenarekin batera, arropak, zapatak eta bestelakoak egiteko erabiltzen da, eta, horretarako, urtean milaka eta milaka itsas txakur akabatzen da. Eta horrela beste animalia gehiago ere.

Bukatzeko, nire uste apalean, denok kontzientziatu beharko genuke arazo honetaz; izan ere, zoritxarrez, sarraski hau egiten duten pertsonak gero eta gehiago dira eta honek ezin du horrela jarraitu. Gogoratu animalia pertsonaren lagunik onena dela eta berak inoiz ez lukeela horrelakorik egingo. Horregatik, hemen uzten dizuet “20minutos” aldizkarian aurkitu dudan berri hau. 2007. urtekoa da, baina oso ongi islatzen du ia egunero gertatzen dena animalia askorekin. Oso sentiberak bazarete, jakinarazi nahi dizuet ondorengo bideoak zuen sentsibilitatea mindu dezakeela:

Comments { 4 }

Kike Amonarriz: “Hizkuntzarekin gozatzeko, zikindu, puskatu, maneatu, erabili egin behar da”

Kike Amonarriz izena entzutean, segituan etortzen zaigu burura Mihiluze programaren aurkezlea; izan ere, EITBko hainbat programatan ibili ondoren, hiru urte daramatza azken honetan. Iluntzero, Ilaski Serrano lankidearekin, hiru bikote jartzen ditu hieroglifikoak, sms mezuak… asmatzen, betiere ezaguna zaion umore puntua galdu gabe. Telebistan ikusi ez dugunetan, ordea, ez da denbora alferrik galtzen ibili. Modu batera edo bestera euskararen erabilera zabaltzen saiatu da.

Jakinekoa da horrelako pertsonaia bati egindako elkarrizketa erruz ateratzen dela dibertigarri edo xelebrea. Kasu honetan ere hala izan zen, Kikek kontatutakoarekin barre gozo egin baikenuen laguntzera nirekin joan zen ahizpa eta biok. Baina arrazoi gehiago ere izan genituen; izan ere, elkarrizketaren erdian Tolosako udaletxeaz kokoteraino zegoen emakume bat sartu zitzaigun, geunden inguruko baldosen egoera txarra salatuz. Dirudienez, kameraz grabatzen ari ginela ikusitakoan, une paregabea iruditu zitzaion protesta egiteko, agian, telebista batekoak ginela pentsatuz edo. Grabazioan emakumea ikusten ez bada ere, argi entzuten da esaten duena. Telebistan agertuko ez den arren, beheko bideoan geratuko da bere protesta. Zaila izango den arren, ea baten batek entzun eta emakumearen arazoa konpontzen duen.

Han eta hemen informazio bila ibili, eta zure lehenengo 1.000 pezetak pailazo lanetan irabazi zenituela jakin dut. Azaldu iezaguzu nondik datorkizun ingurukoei barre eginarazteko gaitasun hori .
Kasualitate bat izan zen. Oraindik hor egongo dira Abaigarreko udalekuak, ezta? Ez dakit zuek egon zareten… Bada, 14 urterekin Euskal Udalekuetara hara joan nintzen. Nik uste dut euskaraz normal egiten nuen lehenengo aldia izango zela; izan ere, garai hartan, hemen, Tolosan, erdaraz egiten zen. Han Euskal Herriko toki ezberdinetako jendea juntatu ginen eta guztien artean Hernaniko bi lagun zeuden. Lagun horiek pailazo talde bat zuten: Oto, Toto eta Pototo. Abaigarrera Toto eta Pototo joan ziren; beraz, Oto behar zuten. Niri ez dakit zer ikusi zidaten eta ea haiekin pailazoarena eginez saiotxo bat egingo ote nuen galdetu zidaten. Nik baiezkoa eman nien. Horrela, saio bat eman genuen udalekuan.

Uda pasatu zen eta iraila inguruan deitu zidaten Oto pailazoarena egiten zuena berriro gaixo zegoela esanez, eta ea Aranon (Nafarroan) zuten ikuskizunean parte hartuko nuen galdetu zidaten. Berriz, baiezkoa eman nuen. Bada, hantxe irabazi nituen nire lehenengo 1.000 edo 500 pezetak. Jada ez naiz gogoratzen, baina momentuan diru asko zela iruditu zitzaidan. Agian, 50 pezeta izango ziren…

Orain dela gutxi, Asisko Urmenetarekin hitzaldi bat ematera joan eta oraindik batzuk gogoratzen ziren: ” Bai, hemen izan ziren pailazo batzuk. Zuek al zineten?”. Noski, gu garai hartan oraindik txikiak ginen. Horrela hasten den pertsona bizi guztirako markatuta geratzen da.

Harluxet hiztegiak honela definitzen du umorea: aldartea, pertsonaren gogoaren egoera. Zerorrek nola definituko zenuke?

Umorea aldarte bat da, mundua ikusteko modu bat

Nik uste dut definizio egokia dela; azken finean, aldarte bat da. Umorea ona edo txarra izan daiteke. Askotan badirudi geure umore onaz bakarrik gogoratzen garela, eta umore txarra ere badago, batzuetan umore ona baino gehiago. Aldarte bat da, mundua ikusteko modu bat. Zuk umore onez ikusten baduzu mundua, gauza batzuk erlatibizatzeko joera izango duzu, ikuspegia malgutzen dizu. Normalean ikuspegi oso zurruna, oso itxia, dutenak umore txarrarekin gehiago identifikatzen ditugu. Adibidez, politikoki diktadura bat beti identifikatzen dut umore txarrarekin, askoz ere zurrunagoa delako. Nik amesten dudan demokrazia umore onarekin gehiago identifikatzen dut. Azken batean, dogmatismoen kontrako antidoto bat ere bada, bizitzaren arazoak erlatibizatzeko modu bat, baita askotan ulertezina den edo zentzu gutxi duen bizitza honi buelta bat emateko aukera ere.

Umorez bai, baina euskaraz ere bai. Hizkuntzarekin jolasean ibili zara Zazpiak Batman kolektiboan. Esplika iezaguzu zertan datzan eta ideia nondik sortu zen.
Ideia afari batean sortuko zen. Ez naiz gogoratzen, baina itxura guztia dauka. Antton Olariaga eta Asisko Urmeneta lehendik ezagutzen nituen, eta, orduan, Asiskok sarean sortu zuen Mantxut egokitu zen. Oraindik sarean dago, zuek begiratu, nahiz eta irakasleak ikustea debekatu. Proposamen bat zen eta liburuxka batzuk atera zituen lokuzio batzuekin. Orduan, horren inguruan aurkezpen bat prestatu behar genuen eta oso ondo atera zen. Ondoren, errepikatu egin genuen. Horrela, zerbait egiteko gaia bazela iruditu zitzaigun eta aurrera ateratzea erabaki genuen. Halako batean, beste nonbaitetik deitu ziguten ea zer edo zer egingo genuen proposatuz. Gu, egia esan, alperrak gara, eskatzen ez badigute ez dugu egiten. Beraz, eskatu egin zigutenez, zerbait prestatzea erabaki genuen. Hari hartatik tiraka, Mantxut Zazpiak Batmanen lehenengo emaitza izan zen. Gero hitzaldi batzuk atera ziren. Lehenengoa “Euskaraz libertitzeko manerak” izan zen. Bigarrena, “Euskara lardaskatzeko manerak” eta, hirugarrena, “Laster Master: Inkomunikazio ikastaro azkarra” izan ziren. Ondoren, segapotoen mezu sekretuen liburuxka atera genuen eta beste horrelako hainbat proposamen egin genituen. Orain endredatuta gaude. Neroni telebistan nago, Asisko Nafarroa Beherean bizi da eta haurra izan du. Hortaz, oraingoz parentesi txiki bat egin dugu eta bakoitza bere lanetan ari da. Baina bueltatuko gara.

Zein zen, beraz, zeuen hasierako helburua?
mihiluzeOndo pasatzea. Ondo pasatzea eta jendeari hizkuntzarekin jolasean nola ondo pasa daitekeen erakustea. Eta behin edo behin galdetu zidaten: ” Baina hori egin behar al da?”. Ez, hori ez da egin behar. Guk ez dugu esaten zer egin behar den eta zer ez, ezta gutxiago ere. Guk ondo nola pasatzen den erakusten dugu eta baten bati bide hori gustatzen bazaio, bada, giltza batzuk erakutsiko dizkiogu. Hortik aurrera, norberak egin dezala nahi duena. Horregatik, lehenengo hitzaldietan asko jolastu genuen biraoekin, sexuarekin, hitz jolasekin, itzulpen txarrekin… Hortik sortu dira Mihiluzeko ideia asko. Esamesen, zazpikien, itzulpen aldrebesen, hieroglifikoen eta beste hainbat gauzaren ideia hortik sortu zen.

Horren harira, Lazkaoko Kilometroetarako sms-ak euskaraz idazteko hiztegia ere sortu zenutela aipatu duzu. Zuen helburua gazteen artean euskararen erabilpena bultzatzea zen. Zerk eragiten du adin batetik aurrera erdaraz hitz egiteko joera?
Hori beti izan da horrela. Azken batean, hizkuntza nagusia gaztelania da, eta helduen generazioa, gure generazioa, da erdaldunena momentu honetan. Nik uste, momentu honetan haurren edo gazteen artean ikuspegi bat dagoela, euskara haurrekin edo adin batekin identifikatzen duena. Adin horretatik ateratzen zarenean eta beste jende batekin harremanetan hasten zarean, badirudi, handia zarela adierazteko gaztelaniaz hitz egin behar duzula. Adoleszentzia gai bat bezala har daiteke. Hori horrela den bitartean, agian, ez da hain problematikoa, egoera baten isla baita. Gero, nik uste dut gero eta jende gehiago ari dela horrelako oztopo bat pasatzen. Azkenean, buelta ematen zaio eta normalean euskaraz egiten hasten da berriro. Nire ustez, kezka asko egonda ere, badagoela datu on bat: gaur egun gazteak zaretela euskaraz gehien egiten duzuenak eta gazteen artean askoz ere euskara gehiago entzuten dela orain dela hamar, hogei eta, zer esanik ez, hogeita hamar urte baino. Izan ere, guk hamabost urte genituenean, Tolosan ez zen koadrila bakar bat, ezta bat ere, zero, euskaraz egiten zuena kalean. Gaur egun, hemen buelta bat ematen baduzue, gazteen erdia baino gehiago euskaraz ari direla konturatuko zarete. Lehen ez zegoen oztoporik, inork ez zuen euskaraz egiten. Orain, berriz, oztopo hori gaindituko dela uste dut. Azken batean, erabilera zenbat eta gehiago bultzatu eta hedatu, eta haur eta gazteek zenbat eta euskara gehiago ikusi eta entzun, baita helduen artean ere, gero hogeita bost hogeita hamar urte bitarte horretan daudenek ez dute euskara haurren hizkuntza soila bezala ikusiko, adin guztietan erabiltzen den hizkuntza bezala baino. Nik uste dut, horrek guztiak oztopo hori ere pixka bat gutxituko duela. Bai, etorkizunari begira optimista naiz.

Hitz egiten dugunean, berriz, gaizki egiten omen dugu. Zerk du garrantzia gehiago hitz egiteak edo euskara puru eta garbia erabiltzeak?

Ni poztu egiten naiz gazteak akatsak egiten dituzuela esaten didatenean,  euskaraz egiten duzuen seinale.

Nik beti gauza bera esaten dut: hamabost urte nituenean, kalean eta beste gazteekin ez nuen sekula santa, inoiz, akatsik egiten euskaraz hitz egiterakoan, den-dena gaztelaniaz egiten bainuen. Ni poztu egiten naiz gazteek akatsak egiten dituzuela esaten didatenean, seinale baita euskaraz egiten duzuela. Akatsak denok egiten ditugu. Hor badabil kristau bat ,oso interesgarria, hizkuntza nagusietan garbizalekeria luxu bat dela baina hizkuntza txikietan heriotzarako bidea dela esaten duena. Nik euskara zikin bat nahi dut, erabilia. Nik ez dut liburu batean nahi, nik liburu erabiliak, markatuak, gastatuak nahi ditut, ondoren baten batek “kontxo, ba, norbaitek disfrutatu du liburu honekin” esateko. Hizkuntzarekin disfrutatuko badu, zikindu, puskatu, maneatu, erabili egin behar du, eta, gero, euskarako azterketan gauzak txukun egin behar direla eta goizeko ordu bietan ligatzerakoan “atsegin zatzaizkit” ezin dela esan jakin behar du.
Hori zen gutxi gorabehera Zazpiak Batmanek adierazi nahi zuena, badaukagula beste arrisku bat, garbizalekeria, eta horrek ez digula batere onik egingo. Izan ere, garbizalekeriak arrisku bat dauka: utzikeria. Azken hori, sistema batekiko, espainolerantz joanez, zer edo zer adierazgarria da eta, gainera, beste arrisku bat dauka: ipar eta hegoaldeko hizkuntzen artean jada nahiko muga badago, muga hori oraindik gehiago handitzea. Alde horretatik, interesgarria iruditzen zait jolas moduan, proposamen moduan, arakatzea, aztertzea, berrerabiltzea. Esate baterako, Goierrin seguru badaudela biraoak, lokuzioak… Batzuk, zaharkituak egongo dira, horiek utzi. Baina seguru badirela birmoldatu, berrerabili, erreformatu daitezkeenak. Hori jolas modura hartu behar da. Lehengoan Asiskok pasatako Nafarroako liburu zahar batean “nekaporratuta” hitza azaltzen zen. Kontxo, “nekaporratuta” hamaseigarren mendean ez dakit zer esan nahiko zuen, baina gaur egun gauza bat adierazteko ezin baino hobeto datorkigu. Uste dut momentu honetan politikoki zuzena izan behar dudala.

Gaiaz aldatuta, Euskal filologian lizentziatua zara. Nolatan sartu zinen telebista munduan?
Lehenengo, oraindik ez dut sinesten nola bukatu nuen filologia. Ez dut kontatuko nola, ze agian… Bada, bukatu nuen, pozik gainera. Tolosa inguruan euskararen inguruko talde bat sortu zen, hain zuzen, ez zelako batere erabiltzen. Lehen kezka,jendearentzat atsegin izan daitezkeen gauzak, positiboak, ludikoak, ondo pasatzekoak nola egin zitezkeen zen, zigorrak, boligrafo gorriak… alde batera utzita. Orduan, iparraldean herribaloak antolatzen zituztela jakin genuen, historiak kontatzen zituztela. Guk gauza bera txisteekin egitea pentsatu genuen. Ni ordurako Argian lanean hasia nengoen txiste batzuk idazten, eta lehen txisteak jarri genituen, izugarrizko arrakastaz. Horrela hasi ginen herriz herri batetik eta bestera. Hortaz, baten batek jakin zuen bi ero bazebiltzala euskaraz txisteak kontatzen. Garai hartan, telebistan ez zegoen horrelakorik eta programa batean txisteak kontatzea proposatu ziguten, ostiralero, “Hitz eta Pitz” programan. Horretan ari ginela, “Funtziotik” deitu zidaten gidoiak egiteko norbait behar zutela. Handik berehala, Aizpea Goenaga eta Elene Guretak deitu zidaten, ez dakit nola bururatu zitzaien, “Hau da A.U.” izeneko komedia baterako. Horretarako ere animatu nintzen eta geroztik telebista munduan ibili naiz.

Hiru urte daramazu Mihiluze programan aurkezle, zuzendari eta beste hainbat lanetan. Zer izan da zuentzat aurtengo Telebista arloko Argia saria jasotzea?
Bere herrian inor ez dela profeta askotan esaten da. Beraz, zure herrian sari bat jasotzen duzunean, poza bikoitza da, azken batean jendearengana iritsi zarela adierazten duelako, zure jendeak baloratu duelako egin duzun eskaintza hori. Argia sariak Euskal Herrian komunikatzen duen modua garrantzitsuena dela esan daiteke, erakunde independente batek ematen dituelako, telebistarekin loturarik ez duena. Orduan, horrek zure lana baloratzea beti da pizgarria “Kontxo, txukun xamar ari garela dirudi eta hobeto egin behar dugu” esateko.

Aipatu ez dugun hainbat saltsatan ere ibilia zara. Non sentitu duzu zeure burua gustukoen ?
AmonarrizNiri saltsatan ibiltzea gustatzen zait. Hasieran, udaletxean funtzionario finkoa nintzen. Lau urte egin nituen udaletxean euskara zerbitzuan, baina hemengo (Tolosako) arrazoi batzuk zirela medio, uztea pentsatu nuen. Momentu hartan jende bat harritu egin zela gogoratzen naiz. Izan ere, hogeita zazpi urterekin bizitza osorako lanpostu finko bat uztea, anatema, erokeria bat iruditu zitzaion jendeari. Ni harritu egin nintzen, hogeita zazpi urte entzutean jendea erretiroaz hitz egiten hasi baitzen. Orduan zera esan nion niri buruari: “Hogeita zazpi urte dauzkat, nik bizi egin behar dut”.

Espiritu nomada bat izan dut beti, eta euskalgintzako kanpamentu desberdinak probatzea gustatzen zait, ibilbide berriak zabaltzea. Horretarako, nomada izan behar da. Batzuetan bertigoa ematen du, momentu oso onak izan ditugun moduan, momentu aldrebesak ere izan baititugu. Nik orain berrogei urte dauzkat eta orain arte ez dut arazorik izan. Oso aberasgarria gertatu zait administrazioa eta ikuskizunen mundua barrutik ikusi ahal izatea, herriz herri ibili ahal izatea, komunikabideen inguruan ere -bai prentsan eta bai telebistan ere- lan egin ahal izatea, irakaskuntza munduan ere harremanak izatea… Nik uste dut horrek ikuspegi panoramiko aberatsa ematen dizula. Mihiluze egiterakoan, esaterako, Asisko eta Anttonekin emandako hitzaldien erreferentziengatik, ni seguru nengoen programak funtzionatuko zuela. Hitzaldietan funtzionatu zuen, beraz, kalean funtzionatu bazuen, baita telebistan ere. Ondorioz, aberastasun hori izugarria da, harreman asko dauzkazulako eta horrek gauzak analizatzeko, interpretatzeko eta kontrastatzeko moduko datuak jasotzen laguntzen dizulako.

Orain arte umorea euskaraz landu duzu. Jakin dut ingelesa ikasten ari zarela. Benny Hill eta Mister Beani itzala egiteko asmotan?
Hasteko, hau espionaia lan baten ondorioa izan da; izan ere, nire familian ia inork ez daki ingelesa ikasten hasi naizenik. Ez dakit nondik jakin duzuen, baina hau esklusiba mundiala da… Guk eskolan frantsesa ikasi genuen. Garai hartan, ingelesa ez zen ikasten hemen, orain dela x urte -ez dira horrenbeste- frantsesari garrantzi handiago ematen zitzaiolako ingelesari baino. Ingelesa ikasten behin baino gehiagotan hasi naiz, bi urte, utzi, gero beste urtebete, utzi… Beti hasiera horretan. Orain, ingelesa pixka bat hobetu nahi nuke, besteak beste, gai hauen inguruko informazioa hobeto jasotzearren.

Amaitzeko kontatu iezaguzu txiste bat euskaljakintzarako.Beno, orain dela gutxi kontatu zidatena Antzuolan gertatua. Gazte bat sartu da farmaziara eta esaten du:
– E, kondoi bat.
– Beneton?- farmaziakoak.
– Ez, brometon.

Ba hauxe izan da dena. Eskerrik asko eskainitako denboragatik eta galderei erantzuteagatik.
Zuei ere bai hau dena aguantatzeagatik. Oso ondo egin du Maddik, e! Zorionak zuei ere, kazetari apartak zarete.

Benetan dibertigarria izan zen elkarrizketa, irribarrerik ez zigun kendu hasieratik bukaeraraino. Berriz ere eskerrik asko Kikeri eskaini zigun solasaldiarengatik eta ea Mihiluze programak luzaro irauten duen. Elkarrizketaren ondoren, oraingoz parte-hartzaileen itxaron zerrenda luzea dutela kontatu zigun; beraz, denbora batean oraindik telebistan ikusiko dugu.

Comments { 5 }

Kometak, espazioko astro misteriotsuak

Zer dira kometak?

halebopp7Harri eta izotzez osaturiko zeruko gorputz hauek eguzkiaren inguruan biraka dabiltza orbita eliptikoak jarraituz. Beraien gorputza hauskorra, txikia eta forma irregularrekoa da. Kometek, asteroide, planeta eta sateliteekin batera, eguzki sistema osatzen dute. Zeruko gorputz solido hauek, eguzkitik oso gertu daudenean, sublimatu egiten dira. Eguzki-sistemako astro nagusitik urruti daudenean, bere nukleoa eta materiala izoztuta dute. Kometak “izotzezko bolak” edo “izeberg zikinak” izenez ere ezagunak dira.

Astro hauek eguzkitik gertu daudenean baino ezin ikus daitezke; izan ere, orbita oso luze eta txikiak baitituzte. Gorputz dirdiratsu hauek ikusi nahi baditugu, teleskopio binokular bat erabili beharko dugu. Hala ere, gaur egun ordenagailu eta interneteko konexio batekin ere aurki dezakegu kometa bat; orain dela urte gutxi, esaterako, DVSOko astronomo afizionatuek kometa ugari aurkitu zituzten horrela.

Non sortzen dira?

Astro dirdiratsu hauek nagusiki 2 lekutatik datoz: Oorteko lainotik eta Kuiperreko gerrikotik. Zientzialariek periodo luzeko kometak Oorteko lainoan sortzen direla eta beraien bizitzako denbora gehiena bertan pasatzen dutela pentsatzen dute. Laino horri horrela deitzen zaio Oort izeneko ikerlari batek aurkitu zuelako eta eguzkitik 50.000-100.000 argi urtera dago. Periodo handiko kometek milaka urte behar dituzte eguzkiari buelta emateko, orbital eliptiko oso luzeak jarraitzen dituztelako.

Zientzialarientzat, berriz, horrela sortzen dira periodo motzeko kometak: eguzki-sistematik izar bat pasatzen denean, laino horretan dauden zeruko gorputzen orbitak aldatu egiten dira. Horietako batzuk eguzki sistematik kanporatuak izaten dira eta beste batzuek orbitak laburtzen dituzte. Gerard Kuiperrek, periodo motzeko kometen existentzia esplikatzeko, Kuiperren gerrikoa sortu zuen eta Neptuno baino urrutiago kokatu zuen. Jupiterreko grabitatearen eraginez, gerriko honetan dauden astro txiki hauek handik alde egitera behartuta daude eta Oorteko lainora edo eguzki-sistematik at doaz.

Kometen orbitak etengabe aldatzen ari dira: beraien jatorria eguzki-sistemaren kanpoaldean dagoela pentsatzen da eta beraien orbitek, planeta batera hurbiltzen direnean, aldatzeko joera dute .

Osaketa eta egitura

Kometak urez, izotz lehorrez, amoniakoz, metanoz, burdinaz, magnesioz eta silikatoz osaturik daude. Astro hau osatzen duten substantziak izoztuta daude; izan ere, oso tenperatura baxua baitute egoten diren lekuetan. Izotzez osaturik daudenez, bere dentsitatea 1g/cm3-koa dela pentsatzen da. Zeruko gorputz hauen egiturak anitzak eta dinamikoak dira.

Kometak ulertzeko, hasierako eguzki-sistemara jo behar dugu. Hasierako eguzki-sistemako nukleoan material pisutsuenak, metalak eta harrizko silikatoak, kondentsatuta zeuden. Kanpoaldean hotz handia egiten zuenez, elementu arinenak kondentsatu egin ziren. Izotzezko metanoa, amoniakoa eta ura sortzeaz gain, eguzki sistema estaltzen duen Oorteko hodeia ere sortu zen. Kometak laino horretan eta material horien bidez sortu ziren. Bat-batean izar baten grabitazio-abiadak kometa bat asaldatzen du eta eguzkiaren erakarpenak kometa Oorteko lainotik orbita batera bidaltzen du.

Orbita barnean, kometa berora ohituta ez dagoenez, bere izotza sublimatzen hasten da, eta berak askatutako gas eta hautsek adatsa sortzen dute. Honek nukleoa inguratzeko balio du. Kometak eguzkirantz hurbiltzeko sortutako adats dirdiratsuaren tamaina eta dirdira handitzen joango da bertara iristen doan heinean. Aurrez aipatutako adatsak eta buruak osatzen dute kometa bat. Bi motatako adatsak daude: urdinak, gas ionikoz osatuak, eta, horiak, hautsez osatuak. Astro nagusiko izpi ultramoreek isats urdin fluoreszentea sortzen dute. Gasezkoak beti eguzkiaren aurkako noranzkoa du; hautsezkoa, berriz, gasezkoaren eta kometaren ibilbidean kokatzen da. Astro nagusiko argi izpiek eta eguzkitik botatako partikulek erradiazioan presio bat eragiten dute, eta honek aldi berean kometaren adatsa buruaren aurrean jartzea ahalbidetzen du. Honela, kometak astro handitik alde egiten du adatsik gabe. Eguzkia inguratu ondoren, kometari bi gauza gerta dakizkioke: orbita eliptikoan harrapatuta gelditzea edo eguzki sistematik at joatea.

Kometen orbiten eta ezaugarri fisikoen historia

1577. urte arte kometak gure planetako fenomeno atmosferiko sinpletzat hartzen ziren, baina orduan Tycho Brahe agertu zen eta astro txiki hauek zeruko gorputzak zirela baieztatu zuen. Teleskopioa asmatu eta gero, astronomoak kometak zehatzago ikertzen hasi ziren. Gauzak horrela, XVII. mendean, Isaac Newtonek grabitazioaren Legea formulatu zuen. Teoria honen arabera, grabitateak kometen mugimendua kontrolatu eta planetak bere orbitetan egoteko arrazoia zela frogatu zuen. Urte batzuk beranduago, Edmund Halley 1682an, 1606an eta 1531n agertu zen kometaren ezaugarriak eta orbitak berdinak zirela konturatu zen. Hori ikusita,  Halleyk bi ondorio atera zituen. Alde batetik, hiru data horietan agertu zen kometa bakarra zela ondorioztatu zuen. Bera izan zenez honetaz lehen ohartu zena, bere izena eman zitzaion astro horri, Halley. Bestetik, zeruko gorputz hauen mugimendua periodikoa zela konturatu zen. Horretarako, Newtonen grabitazioaren legea erabili behar izan zuen. Halleyk kometa hura 1759an berriro agertuko zela esan zuen, baita bete-betean asmatu ere.

1821ean, John Enckek beste astro horietako bati orbita periodikoa aurkitu zion. Bere omenez, astro horri bere izena jarri zitzaion, Encke. Kometa honek kometa guztien artean periodorik motzena du, 3,3 urtekoa. Bere orbita grabitazio-indarren menpe ez zegoen lehenengo kometa kontsideratzen da.

XIX. mendearen hasieran, Friedich Bessel matematiko alemaniarrak gorputz solidoak gas egoeran egon zitezkeela baieztatu zuen. Horrela, Besselek azaldu zuen Encke kometaren mugimendu ez grabitatorioak kometa berak sortutako zurrusta batzuen ondorioz jaio zirela. Ideia hau ahaztu egin zen eta 100 urte beranduago, Fred Lawrence Whipple izeneko astronomo estatubatuar batek ideia horixe plazaratu zuen. Freden aburuz, amoniako, karbono dioxido, metano eta hautsarekin nahasitako izotz-zatiek osatzen zuten kometen nukleoa. Beranduago, zientzialariak gizon honek esandakoa aztertzen hasi ziren, eta, kometa askotan hainbat proba egin ondoren, bere teoria zuzena zela frogatu zuten. Gizon honen teoriak bikain deskribatzen zituen orduan ezagutzen ziren kometak, baita haien ezaugarriak ere, eta urte askotan guztiz egiazkotzat jo ziren. Dena den, 1983an, Whipplelek bere teoria zalantzan jarri zuen, zientzialariek kometa batzuk asteroideek bezala, eta alderantziz, jokatzen zutela ikusi baitzuten.

Gure iraganaren giltza

Kometak, asteroideak eta eguzki-sistemako beste astro txikiek dute gure iraganaren giltza. Horregatik, gaur egungo zientzialariek misio ugari martxan jartzen ari dira astro hauek hobeto aztertzeko. Hala ere, ez da lan erraza izango seguru. Lehen esan dugun bezala, ikerketa batzuen arabera, kometa osatzen duten materialak organikoak dira eta bizia determinatzen dute. Gaur egungo zientzialari batzuen hipotesia da kometa batek Lurra planeta jotzearen ondorioz sortu zela bizia guren planetan.

Comments { 10 }
-->