Teknologia asko eta moral gutxi

teknologia berriakTeknologia asko eta moral gutxi gure gizarteak daukana. Azkenaldian ziurrenik mila bider aditu dugu esaldi hau, baina ez al da, bada, egia? Teknologian eman diren aurrerakuntza ugari gizartearen eta gizakiaren hoberako izango ziren, ez dut zalantzan jartzen (urrun dauden pertsonekin komunikatzeko erraztasuna, zenbait gaixotasun sendatzeko aukera…); dena den, beste aurrerapen asko kontrako lanetara bideratuak izan dira, armak sortzeko, esaterako; irudikatu ezin ditugun arma bortitzak sortzeko eta armen modura bestelako zenbait gauza ere bai.

Gero eta gizaki hotzagoak garela esan liteke. Komunikazioaren aroa, jakintzaren garaia eta ez al gaude ezjakintasun bortitz batera bideraturik? Komunikabideei esker, manipulatu eta itsutuak, pentsatzeko astirik gabe roboten modura jokatzen dugu: lana, ikasketak eta, tartetxo bat badut, lagunekin egongo naiz… Ez dugu gure inguruan gertatzen diren basakeriez ohartzeko eta juzgatzeko edo horien inguruan iritzia emateko astirik hartzen. Niri afektatzen ez didan heinean berdin zait. Taldean bizi diren pertsona indibidualistak garela esan liteke eta arazoak gero eta handiagoak dira. Horren adibide garbia, ahalik eta azkarren moztu behar den arazoa, nerabeen artean oso modan dagoen jipoiak eman eta grabatzearena da. Ondoren, interneten argitaratu mundu guztiak ikus dezan. Ez al da lotsagarria? Ez al da moztu behar den zerbait? Non geratu da errespetua? Non galdu dira etika eta morala?

Nire iritziz, beti egon dira ahulekin sartu diren pertsonak, baina hori nolabait mugatzen saiatu izan da gizartea. Gaur egun, berriz, teknologia berriak erabiltzen dituzte gaizki egin duten hori harrokeria guztiz mundu osoari erakusteko. Hori al da aisialdira begira daukagun denbora pasa bakarra?

Sentimendu gabeko pertsonen inguruko dokumental bat ikusi nuen aurrekoan eta izugarri harritu ninduen bertan gazte batek esaten zuena aditzeak, berau jipoiak ematen aritzen zen horietako bat zen: “Zuri egiteak asko izorratzen du; gainera, gaizki geratzen zara”. Harrigarria iruditzen zait, pertsona batek beretzat nahi ez duen hori beste bati egitea. Eta non daude gazte hauen gurasoak? Non daude gazte hauen irakasleak? Pertsonak hitz eginez ulertzen omen dute elkar eta, komunikazioaren aroa bizi dugunez, inoiz baino gehiago hitz egin beharko genukeela suposatzen da. Halere, gure jarrera eta jokaera oso bestelakoa dira; izan ere, komunikazioa oso murritza da, bai seme-alabek gurasoekin dutena, bai orokorrean gizartean dagoena. Horrek ez du esan nahi salbuespenik ez dagoenik, baina orokorrean pertsona axolagabeak gara, gurea besterik ikusten ez dugun pertsona axolagabeak. Teknologia eta modernitatea, bai! Horri garrantzia ematen diogu, baina adiskidetasuna, behar duenari laguntzea (guri sakrifizio bat eskatzen badigu ere) eta antzeko kontzeptuak bazterrera botata uzten ditugu, ez diegu garrantzirik ematen. Horregatik uste dut gure gizartea gaizki doala, aurreiritziz josiriko pertsona ezmoralak garela eta benetan garrantzitsuak diren gaiez ez dela inor arduratzen.

Comments { 2 }

Arauak 26: Izen sintagmen arteko juntadura dela ela

JakintzaIzen sintagma bat beste bat edo gehiagorekin elkartu nahi dugunean, zalantza ugari sortzen zaigu; izan ere, ez da gauza bera pertsona izenordainak elkartzea, esaterako, edo kasu-marka bera daramaten bestelako sintagmak elkartzea. Nire ustez, azalpenetan edo hitz teknikoegietan galdu beharrean, onena beti adibideak ikustea izaten da; horiek ikusita, errazagoa izaten baita egiten ditugun akatsak identifikatzea.

Gauzak horrela, adibide ugariz baliatuta, Euskaltzaindiak arazotsuak gertatu ohi diren kasuen inguruan erabakitakoa emango dugu. Amaieran, beti bezala, araua praktikan ipintzeko ariketa bat topatu ahal izango duzu. 

Izen sintagmen arteko juntadura dela eta, tradizioko erabilerak kontuan harturik, Euskaltzaindiak ARAU hauek ematen ditu euskara baturako:

1. Kasu-marka bera dakarten sintagmak beti junta daitezke:

  • Bilboko jokalariek eta Bermeoko arraunlariek batzarra egin dute.
  • Zuri, niri eta beste askori gertatu zaigu.
  • Zure etxeaz eta gure lanbide berriaz mintzatu dira.
  • Baionatik, Bilbotik eta Gasteiztik omen datoz ikasle horiek.

2. Hau da erabili behar den juntabidea, pertsona izenordainak elkartzen direnean:

  • Zuk eta guk egingo dugu (eta ez * zu eta guk egingo dugu).
  • Niri, zuri eta beste lagunei gertatu zaigu (eta ez * ni, zu eta beste lagunei gertatu zaigu).
  • Gutaz eta zuetaz mintzo dira (eta ez * gu eta zuetaz mintzo dira).

3. Halaber, singularreko sintagmetan, kasu-markadun sintagmak juntatzea gomendatzen da:

  • Itsasoan eta lehorrean bizi diren narrastiak.
  • Amarekin eta amamarekin bizi da.

Juntatzen diren izenak oso hurbilekoak direnean, edo izenlagunaz nahiz izenondoaz lagundurik doazenean, ardatz anitzeko sintagma osa daiteke, kasu-marka amaieran ezarriaz:

  • Gorputz eta arimatik atera den oihua.
  • Bere emazte eta alabari galdetu zien.

4. Pluraleko sintagmetan, izenak ere junta daitezke, kasu-marka amaieran emanaz. Kasu-sintagmak juntatzea edo izenak juntatzea, aukeran izaten da orduan:

  • Itsaso, mendi eta basamortuetan ibili da.
  • Maite ditut lagun eta ahaideak.
  • Adiskide eta lankideei kontatu diet.
  • Meatze eta lantegietatik atera den oihua.
  • Maite ditut eguzki, zeru eta izarrak.

5. Determinatzailea duten kasu-markarik gabeko izen sintagmak ezin junta daitezke kasu markadun sintagma batekin: Gogoratu asteriskoak erabilera okerra adierazten duela.

  • * Mendia eta itsasotik heldu da ura.
  • * Adiskideak eta lagunez mintzatu zara.
  • * Burua eta zangoei behatu nien.
  • * Bihotza eta buruak horretaratzennau(te).
  • * Gizon hau eta emakume hark esango dizute.

6. Genitibodun (noren) sintagmetan ere ez da zilegi sintagma mugatu soila eta genitiboko sintagma juntatzea:

  • * Ikastolak eta gobernuaren arteko bilerak.
  • * Irakaslea eta ikaslearen arteko harremana.

Araua osorik.

 Praktika

[kml_flashembed movie="https://euskaljakintza.com/ariketak/arauak/izensintagma_juntadura.swf" width="550" height="400" wmode="transparent" /]

Comments { 0 }

Angel Cuerdo: “Egin ditudan bidaia guztiek eman didate zerbait”

Angel Cuerdo Tolosan jaio zen 1973an. Txiki-txikitatik abenturazale sena pizten zaio eta duela urte dezente hasten da txikitatik datorkion grina hori ase nahian. Horrela, azken urteetan milaka kilometro egin ditu bere lagun kuttunenarekin, bere piraguarekin, alegia. Horretaz gain, lurralde ezberdin ugari bisitatu eta bertako jende mordo bat ezagutu du. Anjelek, bere bidaiak direla medio, bizimodu ezberdinak ulertzea erdietsi eta munduak ezkutatzen dituen leku miragarriak sekulako erreportajeen bidez irudikatzea lortu du. Esperientzia asko bizi izan ditu, nola harrigarriak hala arriskutsuak; gaur jasoko duena, ordea, elkarrizketa batena izango da.

Anjel eta Xabier elkarrizketa egunean

Zure zaletasun handiena bidaiatzea da. Noiztik datorkizu?
Ni hamabost urterekin hasi nintzen bidaiatzen. Lagun talde baten artean antolatu genuen bidaiatxo bat eta hamabost urterekin badakizu … Ni Tolosakoa naiz, eta tolosarrontzat kanpoko guztia da handia. Antolatu genuen bidaia bat autobus batean Londresera joateko. Hori izan zen nire hasiera bidaietan.

Munduan zehar bidaiatzeaz gain, gure ikastolan -Ordiziako Jakintza Ikastolan- irakasle zara. Zer duzu gustukoen irakastea ala mundua ezagutzea?
Biek ematen dizute aukera gauzak ezagutzeko, ezta? Azken finean, bidaiatzea da gauzak ezagutzea. Noski badirudi, eta halaxe da, hemengoa dela beti ezagunagoa eta, hala ere, askotan ezustekoak izaten dituzu. Baina kanpora joaten zarenean, ezustekoak biderkatu egiten dira. Indiara joaten bazara, esaterako, egunero daukazu zerbait benetan harritzen zaituena…

Anjel 1Zerk bultzatuta ikasi zenuen irakasle izateko?
Beno, zuetako askok bezala, zuek ere Batxilergo 2. mailan zaudete, nire garaian ere aukeratu egin behar genuen ondoren zer egin. Eta ni ikasle nintzenean, zer nuen gustukoen momentu hartan? Gogoratzen dut aukeraketa zaila izan zela, baina konturatuta nengoen gustu-gustuen matematikako ariketekin ibiltzen nintzela, eta matematikako ariketa haiek egiten orduak eta orduak egon nintekeela eta beste gai batzuk, esaterako, filosofia ikasten, bada, ez. Ez nituen beste gai batzuk hain gustukoak eta horrela hasi nintzen matematika ikasten. Matematika ikasi ondoren, hurrengo pausoa lanpostu bat bilatzea izan zen eta hementxe erori nintzen, Jakintzan.

Hainbat bidaia egin duzu zure bizitzan zehar: Islandiara, Nilora… Bidaia horietatik guztietatik zein da zuri gehien gustatu zaizuna eta zergatik?
Ba… denak ditut gustuko. Denek eman didate zerbait, zerbait handia, itxura ezberdinetan. Baina, agian, pasa zitzaizkidan gertaera aldetik, gertaera mordo bat, tokiak berak daukan bizitasuna aldetik, India aukeratuko nuke. Bakarrik egiten nuen bigarren bidaia zen, ETBrako dokumental bat egin behar nuen eta Ganges ibaia zeharkatuko nuela erabaki nuen. Eta benetan oso esperientzia sakona izan zen arrazoi askorengatik.

Badakit, 2004ko abenduan, zure emaztearekin batera Tailandian zinela, tsunamia gertatu zela. Badakit, halaber, gaizki pasa zenutela. Nola harrapatu zintuzten egoerak? Zer egin zenuten momentu hartan?
Nahiko gogorra izen zen, azken finean, lehen aipatzen nuen arrazoi berberagatik. Ikasten duzu gero lanpostu bat lortzeko, dirurik ez daukazulako. Eta beti daukazu nolabait zintzilik benetan zure bizitzari eskaintzeko denbora tarte bat, zure afizio horri eskaintzekoa. Eta justu urte horretan lortu genuen hori. Bai nire emazteak eta baita nik ere urtebeteko eszedentzia hartu genuen lanean. Eta hara abiatu ginen urte hori hastekotan. Lehenengo pausoa Tailandia zen. Tailandian kanpoko bisatu guztiak egin behar genituen, eta bisatu horiek guztiak egiten zizkiguten bitartean, gure buruari sari txiki bat ematea erabaki genuen. Paradisuko hondartza horietako batera joan ginen eta orduan gertatu zitzaigun Tsunamiarena. Hau da, imajinatu zure ametsetako bidaia egiten ari zarela eta, hasi bezain pronto, hots, zure lehenengo egunetan zaudela, honelako txikizioa gertatzen dela. 300.000 hildako eta, uff… Bada, kasuistikaren zorteagatik edo ez dakizu zergatik, zuk bizitza salbatzea lortzen duzu eta beste inguruko asko hil egiten dira. Orduan, egun dezente egon ginen hortxe buruhauste batean: zer egin, zer ez egin, berriro itzuli, jarraitu…. Azkenean, moto bat alokatzea erabaki genuen han Tailandian. Tailandia osoan zehar moto harekin ibili ginen. Eta begira, lagundu egin zigun…

Anjel 2Ruben Escuderokin batera, Danubio ibaia zeharkatu zenuela jakin dut. Zergatik egin zenuen ibilaldi hau berarekin? Nahiago al duzu lagun batekin joan ala bakarrik? Eta zer egin zenuen berak bidaia utzi behar izan zuenean?
Beno, bakarrik bidaiatzearena izan da nolabait nik inoiz planteatu ez dudana. Nik bidaiatu nahi izan dut beti. Orduan, aurreko urtean Islandiara joan nintzen. Eta hurrengo urtean, EITBen dokumental bat planteatu nuen: Danubioren jaitsiera. Lagun hau, Ruben, nirekin batera egitera animatu zen. Zoritxarrez, bera lesionatu egin zen, oraindik ere bostehun kilometro bakarrik eginda geneuzkala, justu Austriako mugan. Eta guk, Rubenek eta biok, erabakia hartu beharra izan genuen. Hau da, berak ezin zuen jarraitu. Zer egin? Utzi dena eta etxera bueltatu edo jarraitu? Konpromisoak zirela eta, bai patrozinatzaileekin, bai telebistarekin, segitzea erabaki nuen, behintzat saiatzea aurrera joaten. Hurrengo herria Austria zen. Austriak ere eskaintzen ditu nolabaiteko aukera batzuk, eta neure buruari esan nion Austriara arte saiatuko nintzela bakarrik joaten eta gero ikusiko nuela. Eta pixkanaka-pixkanaka bidea aurrera jarraitu nuen eta, Austria ondoren, Eslovakia. Eslovakia eta gero Hungria, eta berriro ere bertako jendea eta egunerokoa… Asko lagundu zidaten.

Herri batera iristean, jendeak nola hartzen zaitu. Laguntza eskainiz ala pertsona bitxitzat hartuz?
Beno, bitxitzat beti hartzen naute. Hiri hauetatik zenbat eta kanpoago zoazenean zu zara bitxia, kanpotarra zarelako. Leku batzuetan, turismo lekuetatik urrun daudenez, kanpotarrak ez dira ohikoak eta normala da bitxitzat jotzea. Baina, horrez gain, betidanik gizaki eta kultura ezberdinetan egon dira kanpotik jasotako loturaren bat. Eta joaten nintzen tokietan, baserrietan, herri txikietan… horrela izaten zen. Lehenengo harrera beti berezia zen, batez ere, herri txikietan. Kanpotik etorria nintzen, baina horrek ez zuen axola, beti modu egokienean ongietorria ematen baitzidaten eta nik horixe ikusten nuen.

Anjel 3Kontatuko al didazu burura etortzen zaizun pasadizoren bat?
Anekdota bat aipatzearren, nik beti aipatuko dut Penalesen gertatu zitzaidana. Ibaian zehar piraguaz nindoala, irauli eta ia hilzorian egon nintzen. Horren erruz, janari guztiak txartu egin zitzaizkidan. Gainera, nire gorputzean sorturiko zauriek infektatu egin zitzaizkidan eta, ondorioz, kaka eginda bukatu nuen. Egoera horretan nengoela, gelditzen zitzaizkidan indar apurrekin, urrun zegoen herrixka batera iristea lortu nuen. Ibaiertzetik irten eta hantxe geratu nintzen piraguarekin. Lurrean eserita nengoen bitartean, herriko jendea nola hurbiltzen zitzaidan ikusten nuen. Oraindik gogoratzen dut herritar hauek nola hartu, herriraino eraman eta hamaka batean etzan ninduten. Horretaz gain, lapurren beldur ez izateko, piragua ere eraman zuten nirekin batera. Han nengoela, Chai izeneko tea eman zidaten nire gorputza errekupera zedin. Halako batean, batek Coca-Cola bat nahi al nuen galdetu zidan eta nik baiezkoa eman eta gero mutiko hori joan egin zen. Hura bai ezustekoa itzuli zenean! Pare bat ordu geroago azaldu zen Coca-Colarekin. Konturatu nintzenean mutil hark hamabost bat kilometro txirrinduan egin zituela edari hori ekartzeko, lilurak jota gelditu nintzen. Eta, gainera, seguruenik, mutil horrek inoiz dastatuko ez zuelako horrelakoren bat. Orduan, bai “flipatuta” geratu nintzela… Hau da, etortzen da kanpotar bat txalupa arraro batean, piraguan, alegia, eta gehiagorik gabe betetzen da zuk eskatutakoa. Hori niretzat oso hunkigarria izan zen eta, horregatik, inoiz ahaztuko ez dudan anekdota bat izango da. Pertsona batek ezagutzen ez duen beste batengatik halako diru kostua, denbora eta esfortzua suposatu duen zerbait egitea…

Zein izango da zure hurrengo proiektua edo bidaia?
Momentuz ez dut ezer. Gainera, ume txiki bat daukat, urtebetekoa, eta ondorioz, familiaz gozatzea dut helburu.

MongolianDemagun loteria jausten zaizula, zure ogibideari uko egingo al zenioke bidaia gehiago egiteko?
Milioien baitan! Baina, agian, bai egingo nituzke bidaia gehiago; izan ere, irakasle izateaz gain, dokumentalista lanbidea ere badut. Urteetan bi lanbide hauek tartekatuz joan naiz: dokumentalak, alde batetik eta, lana, bestetik. Honek lana pilatzea suposatzen du eta loteria irabaziz gero, ez nuke gehiago kezkatu beharrik. Honek zure afizioa den hori inongo presarik eta diru arazorik gabe bizitzea suposatuko luke.

Amaitzeko, emaztea eta alaba txikia dituzu. Honek arazo bat suposatuko al du, bidaiei dagokielarik, gerora begira?
Ez dakit. Gustatuko litzaidake eurek ere gustukoa izatea bidaiatzea, jakin-mina sortzea, gustukoa izatea gauzak ezagutzea, besteen ohiturak ezagutaraztea, ezberdintasunak ikastea… hori gustatuko litzaidake, baina bidaia arriskutsuak egitea, ordea, ez. Nahiko nukeena da modu ez axolakabe eta bai neurriak hartuz bidaiatzea. Hau da, beti arrazoi batekin bidaiatzea eta ez, gehiagorik gabe, gauzak burugabez egitea.

Angelek urte asko ez dituen arren, bizitzan gauza asko eta ikuspegi ezberdin batez egin daitezkeela erakutsi digu. Nolabait esatearren, nonbaitera bidaiatzeko garbi dago ez dela ezinbestekoa hegazkina hartu eta egun batzuk egonean pasatzea zure norako horretan; aitzitik, aukera mugagabeak daudela erakusten digu behin eta berriz gure lagunak. Txirrindu, moto zahar edo piragua bat har daiteke eta bertako kulturak eta ohiturak ezagutu, ulertzen saiatu, ikasi, errespetuz jokatu… Horrela, bai. Horrela, barnetik asetuta sentitzeaz gain, benetako bidaia bat egin duzula irudituko zaizu, zirraraz beterikoa. Mila esker, Anjel! Bejondeizula!

[display_podcast]

Comments { 7 }
-->