Blogak (III): bloga hornitu

Aurreko artikuluan blog bat sortzen irakatsi nizuen; oraingo honetan, berriz, nire asmoa irudiak, bideoak eta estekak nola txertatzen diren azaltzea da.

editorearen azalpena

Hasteko, beraz, irudiak nola txertatzen diren ikasiko dugu. Hori munduko gauzarik errazenetakoa da, ez baitu inongo misteriorik. Hori esanda, egin beharreko gauza bakarra da gure gunera joan eta lehenengo artikulua idazteari ekin. Idatzi ondoren, guk nahi ditugun irudiak igotzeko, irudiak igotzeko botoia sakatu besterik ez dugu (ikus irudia). Hori egitean, leiho berri bat agertuko zaigu eta bertan irudiak igotzeko bi aukera ezberdin ditugula ikusiko dugu. Batetik, irudia gure ordenagailutik igotzeko aukera emango digu (add image from your computer). Igotzeko, ohiko prozedura erabiliko dugu (arakatu eta gure ordenagailuan dugun irudi bat hautatu). Bestetik, interneten aurkitutako irudi baten URLa sartu ahal izango dugu. Ohi bezala, interneten aurkitutako irudiaren helbidea kopiatu eta itsatsi egingo dugu. Azken aukera hau nahiko gomendagarria izan daiteke; izan ere, blog plataforma gehienek irudiak igotzeko muga jartzen baitute.

Irudiak txertatu

Gure bideo bat igoAurreko hariari eutsiz, bideoak txertatzeko, bide bera jarraituko dugu. Bideoak txertatzeko botoia sakatuko dugu (ikus irudia) eta, berriz ere, leihotxo bat azalduko zaigu. Bertan, add a video to your blog post ikusiko dugu. Bloggerek, plataforma askok ez bezala, gure ordenagailutik bideo bat igotzeko aukera ematen digu (arakatu eta gure ordenagailutik bideo artxiboa hautatuz). Dena den, youtube bezalako guneetatik gure blogera bideo bat ekarri nahi badugu, plataforma gehienek bideo horren URL helbidea edo html etiketa eskatuko digute. Azken kasu honetan, html etiketa txertatzeko edit html botoiari emango diogu (testu editorearen goialdean gure kasuan) eta bertan itsatsiko dugu aldez aurretik lortutako etiketa. Nola lortzen da etiketa hau baina? Embed etiketa lortzeko (honela deitzen zaio), joan youtubera edo beste edozein bideo bilgunera eta, gainean klik eginez, nahi duzun bideoa hautatu. Behin hautatutako bideoaren orrian zaudela, eskuinean Embed atala ikusiko duzu. Kopiatu azpian azaltzen den etiketa eta, lehen esan dugun bezala, gure blogeko edit html atalean itsatsi. Kontuz! Ziurtatu etiketa osoa kopiatzen duzula; izan ere, ohikoa izaten da zatiren bat kopiatu gabe uztea etiketa oso luzea baita. Etiketa osoa kopiatu ezean, ez da bideoa ikusiko (Embed etiketaren itxura ikusi).

Gerta liteke gure blogeko memoria agortu nahi ez izatea gure argazki, irudi edota bideoekin. Kasu horretan, sarean zehar dauden doako bilguneetan gordetzea izaten da onena; izan ere, badira gune batzuk artxibo hauek igotzeko aukera ematen digutenak: divshare artxiboentzat, Flickr argazkientzat eta YouTube bideoentzat, esaterako. Hiru web hauek erabilienak dira eta doakoak. Honek ez du esan nahi beste mordo bat ez denik: metacafe, google video, myspacetv

Jarraian, estekak nola sartzen diren azalduko dizuet. Lehenengo bidalketan esan nizuen bezala, oso garrantzitsua da gure idatzietan beste blog edo webgunetara irakurlea bidaltzea esteken bidez. Hauek oso modu errazean sartzen dira. Ezer baino lehen, linkatu nahi dugun hitza edo esaldia hautatuko dugu eta, link botoia sakatu ondoren (ikus irudia), irekiko zaigun leihotxoan estekatu nahi dugun webgunearen helbidea idatziko dugu. Listo!

esteka txertatu

Une honetan, prest gaude gure artikulua argitaratzeko. Idatzi dugu eta idatzitakoa irudiez apaindu dugu. Horretaz gain, bideo ikusgarriren bat txertatu dugu eta, informazio gehigarria emateko, esteka interesgarriak ipini ditugu. Amaitzeko, idatzitakoa argitaratuko dugu publish post botoi laranja sakatuz. Horraino dena ondo, ezta? Baina argitaratu ondoren, jakin-mina pitz dakiguke. Irakurleak ditugu? Nondik datoz? Zertara? Nola jakin? Hori hurrengorako utziko dugu…

Comments { 0 }

Blogak (II): blog bat nola sortu

Bloger berria eginAurreko saioan, blog bat zer den eta zertarako erabiltzen den adierazi nuen azaletik. Oraingo bidalketa honetan, blog bat nola sortzen den azaltzen saiatuko naiz.

Hasteko, nik hautatuko dudan doaneko blog sortzailean, Blogger izenekoan, alegia, blog bat sortzen irakatsiko dizuet. Lehenengo artikuluan esan nizuen bezala, beste blog eratzaile gehiago badira (ordaintzekoak zein doanekoak) baina nik Googlerena erabiliko dut.

Beno, bada, sarrera gutxiago eta sar gaitezen saltsan! Lehenik eta behin, bitakora sortu ahal izateko, Bloggereko orrialdera jo beharko dugu. Pantailan zenbait atal azalduko da: sign in (bloga dagoeneko sortua dutenentzat sarrera), language (zoritxarrez ez dago oraindik euskaraz), take a quick tour (bloga sortzen laguntzeko azalpen laburra)… Guk bloga sortu nahi dugunez, Create your blog now ipintzen duen gezi laranjan klikatuko dugu. Ondoren, Blogger sistemak 1go urratsera bidaliko gaitu.

Bloga sortu

1go urratsa

lehenengo pausoaBertan, hainbat informazio bete dezagun eskatuko digu. Eskatutako informazioa, gure bloga eratzeko izango dena, lauki zurietan bete beharko dugu. Lehenengo bi ataletan, gure helbide elektronikoa ipiniko dugu. Ez dago esan beharrik benetakoa izan behar duela. Gure helbidea bi aldiz idatzi ondoren, pasahitza jarri beharko dugu kanpoko batek gure bloga eralda ez dezan. Horretarako izango dira hurrengo bi koadrotxoak. Ipin ezazu erraz gogoratuko duzun eta gutxienez zortzi karaktere dituen pasahitz bat. Hurrengo laukian, display name, zure idatzietan azalduko den egilearen izena ezarri beharko duzu. Azkeneko bi urratsak sistemak segurtasuna dela eta erabiltzen ditu, hau da, Bloggereko sistemak erabiltzailea robot bat ez dela ziurtatzeko erabiltzen duen segurtasun sistema bat da. Hori dela eta, eskatzen zaiguna bete beharko dugu. Word verification eskatzen duen horretan, laukitxoaren gainean azaltzen diren hizkiak laukitxoan kopiatu beharko ditugu. Azkenik, Acceptance of Terms delakoari baiezkoa eman beharko diogu erabilera baldintzak onartzen ditugula adierazteko. Eskatzen diguten oro bete ondoren, continue botoia sakatu.

2. urratsa

bigarren pausoaBigarren pausoan, bi gauzatxo baino ez dira eskatzen. Lehenengo laukian, gure blogaren izena idatzi beharko dugu. Kontuan izan izen hau nahi dugunean aldatzeko aukera izango dugula; beraz, lasai horrekin. Bigarren laukian, gure blogak izango duen helbidearen zati bat idatzi beharko dugu, hasiera, hain zuzen. Bigarren zatia blogspot.com izango da (http://gurehautaketa.blogspot.com).

Urrats hau oso garrantzitsua da; izan ere, hautatzen dugun helbidea aldaezina izaten da plataforma gehienetan eta hemen ipintzen duguna behin betiko geldituko da (blog plataforma ezberdinen arabera).

3. urratsa

amaieraAzken urratsa itxura hautatzea izango da. Txantiloi ezberdinak eskaintzen dira eta guk horietatik bat hautatu beharko dugu. Urrats hau ez da behin betikoa, nahi dugunean aldatzeko aukera izango dugu; beraz, ez dugu zertan arduratu. Behin gustuko txantiloia hautatuta, amaiera botoia klikatuko dugu (berriz ere gezi laranja). Horren ondoren, mezu bat azalduko zaigu bloga ondo sortu dugula esanez. Azkenik, azpian azaltzen den azken gezi laranja sakatuta, gure blog berrira joango gara.

Blogaren kudeaketa

Urrats guztiak ondo eman baditugu, gure gunera sartuko gara zuzenean. Gunean sartuta gaudela, argitaratzen hasi aurretik, konfigurazio atalera (settings) joko dugu. Bertan, hainbat aldaketa egingo dugu:

  • Iruzkin atalera joan (comments) eta iruzkinak edonork egin ditzakeela ipini (Who can comment? Anyone); horrela, edonork iruzkina uzteko aukera izango du (hori bada guk nahi duguna, noski).
  • Izango ditugun iruzkinak errazago irakur ahal izateko, atal horretan bertan baina beheraxeago dagoen comment notification atelera joko dugu. Iruzkinerako notifikazio helbidea eskatzen duen lekuan, gure e-posta ezarriko dugu. Honela, iruzkin bat izan bezain laster, gure postan ohar bat jasoko dugu; hau da, izan ditzakegun iruzkinen berri izango dugu blogean sartu gabe.
  • Aldaketak egin ostean, beti aldaketak gorde; horretarako, gorde aldaketak edo save settings botoia sakatu.

gure gunearen itxuraUrrats hauek jarraitzen badituzue, aukera mordo bat gehiago daudela ikusiko duzue. Dena den, horiek pixkanaka saltseatuz ikasi ahal izango ditugu.

Bukatzeko, idazketa atalera joan (posting) eta, nahi izanez gero, zuen lehen artikulua idazten has zaitezkete (create). Ez dago esan beharrik hauxe dela blog batek eskaintzen duen aukerarik interesgarriena. Bloggerek, eta gaur egun edozein blog plataformak, testu editore erraza erabiltzen du eta, ondorioz, ez dago arazo handirik bertan idazteko. Idatzia argitaratzeko, klikatu publish post. Ikusten duzuen legez, ez dauka misterio handirik; beraz, gure kontura aukera ezberdinak arakatzen joan gaitezke.

Hurrengo artikuluan, irudiak, bideoak, eta estekak nola txertatzen diren erakutsiko dizuet (edo, behintzat, saiatuko naiz). Baina hori hurrengo batean! 😉

Comments { 0 }

Blogak (I): idazteko koaderno bat baino gehiago

Blogen itxuraGaur egun, Interneten erabileraren gehikuntzarekin batera, blogak gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari dira. Baina zer dira blogak? Nork erabil ditzake? Zertarako balio dute? Erraz sor al daitezke? Oraindik gai honi buruz ez dakienik badagoenez, artikulu ezberdinetan ezinbestekoa den informazioa biltzea otu zait.

Hasteko, bloga zer den azalduko dut. Blog edo weblog bat anotazio edo artikulu publikoak idazteko Interneteko gune bat da. Bertan, egileak gustuko dituen gertakizunez edo edozein gauzaz idazten du, ondoren, hauek bere blogean artikulu moduan argitaratuz. Gero, edonork izango du post hau irakurtzeko aukera. Nornahik sor eta erabil ditzake blog edo koaderno bitakora hauek, ez baitira arlo profesionalera mugatzen. Esan beharra dago blog gehienak pertsonalak izaten direla, egile bakar batek idatzitakoak, alegia. Baina badira baita komunitatean idatzitakoak ere, euskaljakintza bloga, adibidez, non pertsona talde batek blog berean denetariko artikuluak idazten dituen. Edozein gairi buruz idatz daiteke, askatasun osoz; hori bai, beti errespetuz jokatu behar da irainak saihestuz eta ikuspuntu guztiak errespetatuz.

Bloger pauso errazakBaina zer gertatzen da idatzi eta gero? Hor bukatzen al da dena? Ez, ez da hor amaitzen gauza. Alde batetik, blogek duten ezaugarri garrantzitsuenetako bat idatzitakoa kronologikoki azaltzen dela da. Egileak idazten dituen artikuluak hurrenkera jakin batean argitaratzen dira, hots, gaurkoa atzokoaren aurretik agertzen da. Hori gutxi izango balitz, iruzkinak uzteko aukera ere ematen dute. Honela, egilearen iritzia sarean dauden irakurleekin batera partekatzen da. Ez hori bakarrik, idatzitakoak garrantzi handia har dezake Zabaldu, Meneame edo halako lekutan azalduz gero (erreakzio nuklear batean antzera gertatzen baita). Beraz, argitaratzea ez da amaiera; aitzitik, hasiera baino ez da.

Bestetik, blogetan irudiak, soinua eta bideoak txertatzeko aukera dago. Nire ustez, multimedia baliabideak ezartzea garrantzitsua da irakurlearen arreta mantenduko badugu, beti ikusgarriago baita testu bat argazkiz eta holakoz apaintzea idatzi soila ikustea baino. Dena den, arrakasta handiena lortzeko modurik eraginkorrena estekak dira. Zerbait idazten denean, emandako informazioari eusteko edota informazio osagarria eskuratzeko beste blogetara zuzen daiteke irakurlea. Honela, beste blogetako egileak zure blogera esteka ezarri eta norberaren webloga sarean zabaltzea lortzen da. Azken finean, artikulu bat idazten denean, norberaren jakituria besteengan helaraztea eta hedatzea da helburu nagusiena; hau da, zuk dakizun gaiez besteei ondo etor dakiekeen ekarpen txiki bat egitea.

Wordpress logoBloger ikonoaAzkenik, nola lortzen diren azalduko dizuet. Blog sortzaile gehienak (blogger, worpress, blogak, blogari, mundua, nireblog…) doakoak dira. Badira, ordea, ordaindu behar direnak ere (TypePad, esaterako). Amaitzeko, esan beharra dago, blog bat sortzea oso erraza bada ere, mantentzea ez dela hain samurra. Beraz, ezinbestekoa da blog bat aktiboa izan dadin jarraitu beharreko urratsak ezagutzea:

  • Ez utzi denbora gehiegi argitaratu gabe; hau da, maiz idatzi.
  • Beste blogetarako estekak ezarri.
  • Gai interesgarriez idatzi.
  • Ororen gainetik ez idatzi gezurrik, izen txarra hartzen baita.
  • Besteen eskura ipini zure ezagutza, ez gorde zuretzat bakarrik.

Gaurkoan, blog bat zer den azaltzen saiatu naiz. Hurrengoan, plataforma zehatz bat hautatu eta bertan blog bat sortzeko argibideak emango ditut.

Comments { 1 }
-->