Seme-alabari belarrondokoa ematea ilegala?

Ume bat negarrezAurreko batean, albistegia entzuten ari nintzela, berri hauxe entzun nuen: “Hemendik aurrera, seme edo alaba ipurdiko edota zaplazteko batez zigortzea ilegala izango da”. Belarrietan min egin zidan albiste hark eta informazio gehiago bilatzen saiatu nintzen interneten, ezin bainuen notizia hura sinetsi. Tamalez, egia zen eta hauxe galdetu nion neure buruari: “Baina noraino iritsi gara?”

Zigortzeko era hori ilegalizatzeko, Kode Zibileko bi artikulu ezerezean utzi ditu gobernuak. Artikulu horietan, gurasoek euren seme-alabak modu moderatu eta arrazionalean hezitzeko eskubidea zuten, baina iazko urte bukaeran ezarritako lege berriaren ondorioz, eskubide hori ukatu egingo zaie. Hemendik aurrera, gurasoek euren umearen egoera fisiko eta psikologikoaren arabera hezi beharko dituztela aipatzen du Kode Zibil berriak. Ondorioz, bai ipurdiko edota bai zaplaztekoak guztiz debekatuak geratzen dira. Honekin haurrak errespetu gehiagoz tratatzea bultzatu nahi da. Aipatzekoa da gai honek polemika bizia sortu duela Espainia osoan.

Umea jipoitzenDuela urte batzuk, baina, hau gertatzen al zen? Gure gurasoen garaian, eta baita gure garaian ere, ez zen burutik pasatzen masailako bat ematea ilegala izan zitekeenik. Bi aldiz pentsatu gabe, eta beldurrik gabe, ematen zuten (ziguten) belarrondokoa gure portaera zuzentzeko asmotan. Irakaskuntzan ere asko nabaritu da hori. Duela urte batzuk irakasleek egur gehiago ematen zieten ikasleei. Nire ustez, bere garaian belarrondoko bat ematea umea zuzentzeko ez da txarra. Beste garai bateko umeakGainera, ez dut uste horrekin haurra traumatizatuko denik, edota bizitza osoan gogoratuko denik jasotako belarrondoko hartaz. Honekin, ez dut esan nahi umea jipoitzea ona denik; ezta gutxiago ere. Aitzitik, haurra fisikoki edota psikologikoki gaizki tratatzea gogor zigortu beharko litzatekeela iruditzen zait.

Garbi dago, garaiak aldatzen doazela. Agian, urte gutxi barru 10 urteko mutiko bat bere gurasoak salatzen ikusi ahal izango dugu komisaria batean ipurdiko bat jaso duela esanez. Gai honen inguruan bakoitzak bere iritzia izango du, baina gurasoek badakite -edo jakin beharko lukete- haur bat hezitzeko modurik onena zein den eta ez zait guztiz normala iruditzen belarrondoko bat ematea ilegala izan daitekeenik. Zuei zer iruditzen zaizue?

Comments { 2 }

Dopina kirolaren etsairik handiena

dop.jpgDenok dakigun bezala, tamalez, gaur egun dopinaren fenomenoa barneratuta dago kirol maila altuetan, nahiz eta denok soberan jakin substantzia hauek legez kanpokoak direla eta kontsumitzen dituzten kirolarientzat oso arriskutsuak izan daitezkeela, heriotza eragiteraino zenbait kasutan. Batzorde Olinpiko Internazionalaren (COI) arabera, dopina atleta batek bere organismotik kanpoko edo edozein substantzia fisiologiko ezohiko kantitatean hartzea da, konpetizioaren igarotzea modu artifizial eta lizunkoi batean determinatu nahian.

Arraroa iruditu arren, dopinaren historia oso luzea da. Esate baterako, eskandinaviar mitologiak dioenez, antzinako soldaduak beraien borroka indarra areagotzen zuten amanita muskaria onddoaren subtantzia bat kontsumituz. Beste adibide bat jartzearren, antzinako greziarrek, beraien errendimendua hobetzeko asmotan, landare jakin batzuen estraktuak hartzen zituzten. Noski, dopinaren arloa askoz ere gehiago aurreratu da kirola profesionalizatu den unetik eta , dagoeneko, laborategietan sintetizatutako produktu berriak daude, antzinako hauekin zerikusirik ez dutenak.

rasmussen.jpgmarion.jpgBaina, azken batean, gaur egungo gizartean edo atzokoan, dopatzearen helburua gizakiaren etekina handiagotzea izan da. Aldaketa txiki batekin, ordea, egungo kirola guztiz profesionalizatua dago eta onenen artean onena izatea inoiz baino sarituago dago. Honek ondorio bezala du gure bizietan hainbesteko oihartzuna duten kiroletan gero eta legez kanpoko azpikeria gehiago egotea, eta kirolari fama txarra hartzea amarru hauek bistaratzen direnean. Esan dugunaren adibide garbi bat da Michael Rasmusenen Frantziako tourreko dopin kontrol batean eman zuen positiboa. kasu honetan, bere itxura hondatzeaz gain, txirrindularitzarena ere hondatu zuen. Orain dela ez asko argira atera den beste istilu bat Marion Jones atleta estatubatuarrak protagonizatu du. Jonesek Atenasko joko olinpikoetan urrezko bost domina irabazi zituen, beranduago bueltatu zituenak dopatu egin zela aitortzean. Hala ere, nahiz eta txirrindularitza eta atletismoa bezalako kirol batzuk dopinaren itzalpean egon, ez dira dopinaren fenomenoak ukitzen dituen kirol bakarrak. Ezta gutxiago ere, futbola, saskibaloia, tenisa eta beste hainbat kiroletan ere ematen baita.

Azkenik, esan nahi nuke gizarte osoak egin beharko genukeela ahalegina dopina gure kiroletatik kanporatzeko; dena den, benetan euren eskuetan dutenak, kirolariak, dira esfortzu handiena egin beharrekoak, dopinari uko eginez eta behin betiko baztertuz.

Comments { 2 }

Adur Ugartemendia: “Atletismoak beste kirol batzuk baino faktore psikologiko handiagoa du”

Triple hitzak, saskibaloi partidu batean jokalari batek zonatik bota eta sartzea adierazteaz gain, atletismoko froga bati ere erreferentzia egiten dio. Triplea antzinako greziar kiroletatik XIX. mendean sortu zen kirola dugu. Hasiera batean, luzerako proban bezala, kirolariek hiru jauzi egiten zituzten. Denborarekin hiru salto horiek froga bakar batean uztartzen saiatu ziren eta horrela sortu zen tripleak deituriko atletismoko modalitate zirraragarri hau, gaur egungo atletismoan leku garrantzitsua hartu duena.

Froga honetan espezialistak diren hainbat kirolari ospetsu ditugu, seguruenik denak ezagutuko dituguak: Yoandri Betanzos, MBango eta beste hainbat. Gaur, baina, ez dugu zerrenda horretako inorekin hitz egingo. Gaurkoan, Euskal Herrian oso ezaguna den atleta bat elkarrizketatuko dugu euskaljakintzarako, Adur Ugartemendia hain zuzen ere.

Ariane eta Adur elkarrizketa egunean

Adur Beasainen jaio zen eta bere lagunak, atletismoa eta arkitektura dira gehien miresten dituen gauzak. Jubenila da eta Espainiako txapelketan lau aldiz parte hartu du. Bere lorpenik handiena Espainiako txapelketan brontzezko domina eskuratzea izan da eta bere errekorra ia 16 metro saltatzea.

Txutxu-mutxu pixka batAdur Ugartemendiarekin gaude Ordizian. Kaixo, Adur. Arratsalde on.
Kaixo eta berdin. Arratsalde on zuri ere!

Atletismoan murgildu baino lehen, gaztaroan, ikastolak antolatutako eskolaz kanpoko kiroletan parte hartuko zenuela pentsatzen dut. Hasiera-hasieratik atletismoak erakarri zintuen edo beste kirol batzuetan ere parte hartzeko grina izan zenuen?
Egia esan, txikitan, atletismoan zentratu aurretik, kirol pila bat egin nituen, futboletik hasita, saskibaloia.. krosak ere egiten nituen, atletismoa distantzia luzeetan, boleibola ere probatu nuen eta, beno, urteak aurrera joan ahala, ikusi nuen atletismoan beste kirol batzuetan baino aukera gehiago nuela aurrera jarraitzeko eta, egia esan, futbolean baino satisfazio handiagoa lortzen nuen lortutako emaitzekin.Nahiz eta urte asko egon Beasaingo futbol taldean atezain, puntu bat ailegatu zen non kirol bat edo beste bat aukeratu behar nuen federatzeko edo modu serioago batean jarraitzeko, eta atletismoa aukeratu nuen. Gaur egun erabaki ona izan zela uste dut.

Badakigu orain dela gutxi Espainiako txapelketan finalista izan zarela. Zer-nolako esperientzia izan zen zuretzat?
Esperientzia berria, ilusio handia egiten zidan. Aurten, Espainiako txapelketa absolutuan parte hartzen nuen lehen aldia izan da. Pista estalian izan zen, Sevillan, martxoan uste dut. Emaitza, egia esan, ona izan zen. Helbururik gabe joan nintzen, marka minimoa egiteko ez, behintzat. Anekdota nahikoa zen niretzat eta, horretaz aparte, hamasei bat edo ginen eta zortzi onenen artean sartzea lortu nuen. Finalista izatearekin eta zazpigarren postuarekin oso gustora gelditu nintzen. Gero, aire zabaleko Espainiako txapelketan arazo bat egon zen ordutegiarekin eta antolatzaileen aldetik erabaki eztabaidatsu batzuengatik kanpoan gelditu nintzen; izan ere, ordutegi aldaketa egon zen eta ez zidaten behar bezala adierazi. Ondorioz, Donostian ospatutako azkeneko Espainiako txapelketan ez nuen parte hartzerik izan. Tamalgarria izan zen, baina aurten berriz prestatuko dugu.

Sentitzen dut. Gaztea zara, eta gaur egungo edozein gaztek bezala, betebehar asko izango dituzu egunean zehar, batez ere, zure ikasketei dagokien betebeharrak. Nondik ateratzen duzu entrenatzeko denbora?
Urte hasieran ditudan ordutegi guztiak hartu eta ahal den moduan moldatzen naiz. Unibertsitateko matrikulazioa pixka bat entrenamenduen ordutegiaren arabera antolatzen saiatzen naiz, askotan ikasgairen bat kanpoan utziz. Atletismoak entrenamendu asko exijitzen dizkizu astean zehar: bost egun edo, azken aldian bezala, sei. Orduan, bide bat aurkitu behar duzu. Askotan horrek gero ero moduan ibiltzea suposatzen du urtean zehar, baina, tira, merezi du; beraz, momentuz horrela jarraituko dut.

Adur salto egitenNormalean jendeak atletismoa karrera luzeekin erlazionatzen du. Tripleak ez du horrekin zerikusirik, oso proba zehatza da. Nola konturatu zinen zuk betetzeko froga ezin hobea zela? Hasieran izan zen ala aldez aurretik beste motatako frogetan hartu zenuen parte?
Egia esan, atletismoan sartu nintzenean egin nuen lehenengo proba krosa izan zen, jende gehienak bezala. Eskolatik atletismoa bultzatu nahi denean jartzen diguten lehenengo aukera krosarena izaten da; dena den, argi zegoen krosa ez zela nire proba nahiko eskas ibiltzen bainintzen. Denbora aurrera joan ahala, pistako probak egiten hasi nintzen. Egia esan, soinketako andereño batek esan zidan atletismoko pistako probetarako fisiko ona nuela eta hortik aurrera izan zen dena: abiadura egiten hasi nintzen, altuera-jauzia, hortik luzerara pasa nintzen eta luzeratik jauzi hirukoitzera.

Zure entrenatzailea goi mailako atleta izandako Ramon Cid da. Berak duen esperientzia hori entrenamenduetan ere islatzen al da?
Bai, bai, guztiz. Entrenatzaile bat baino gehiagorekin egon naiz, bai hemen eta baita Madrilen Espainiako federazioarekin egindako kontzentrazioetan ere eta, egia esan, izan ditudan entrenatzaile guztietatik bera da onena. Bai jendea tratatzeko daukan eragatik eta baita daukan esperientzia guztiagatik ere. Gauza bat azaltzeko garaian, oso modu grafikoan egiten du eta azkar jasotzen da. Atletismoa sentsazioak markatzen dituen kirola da; beraz, oso garrantzitsua da entrenatzaileak aldez aurretik egitea zuri eskatzen dizuna. Horretaz guztiaz gain, oso lagun ona da, alegia, taldekide beste bat da guretzat, lagun bat.

Dakigunez, Espainiako txapelketa eta garrantzi handiko beste hainbat txapelketatan hartu duzu parte. Urduritasuna kontrolatzeak arazo handia suposatzen al dizu? Zein metodo erabiltzen duzu lasaitzeko?
Atletismoa horren proba indibiduala izatean, beste kirol batzuk baino faktore psikologiko handiagoa du. Talde kirol bat izan beharrean, gauza oso indibiduala denez, saltatzeko garaia ailegatzen denean, zu bakarrik zaude pistan eta kontzentratu egin beharra daukazu bai karreran, bai jarraitu behar dituzun pausoetan, bai erritmoetan, bai sentsazioetan. Gauzak horrela, askotan urduritasuna saihesteko onena mentalki egin beharra daukazun guztia errepasatzea da eta, hortik aurrera, bi aldiz pentsatu gabe abiarazi. Behin martxan zaudela, bakarrik ateratzen da.

Entrenamenduetan gogor ekiteaz aparte, zure forma fisikoa mantentzeko elikadura bereziren bat al duzu?
Ez, ez dut zein elikadura mota eraman behar dudan markatzen didan dietistarik. Horretaz aparte, nik badakit pisua erregulatzeko zein janari hartu behar ditudan eta gehienbat pisua kontrolatzen dugu, elikagaien aldetik, entrenamenduek suposatzen duen gorputzarentzako exijentzia dela eta, denetik pixka bat jatea importantea delako. Orduan, pixka bat kontrolatzen naiz; hala ere, nire kapritxitoak baditut.

Denboraldi hasiera da eta urte osoa aurretik duzu. Era jakin batean antolatzen duzu denboraldia edo besterik gabe norgehiagokak noiz etorriko zain egoten zara?
Ez, denboraldi baten barruan entrenamendu fase desberdinak egoten dira, gehienbat hori nire entrenatzaileak eramaten du baina jada denborarekin nik ere gutxi gorabehera badakit nola doan. Hasieran, hilabete bat deskantsatzen dugu; izan ere, azkeneko probak abuztuan egin genituen. Beraz, irailera arte hilabete deskantsatu dugu eta lehenengo egunetan distantzia luzeak egiten ditugu, kaletik zehar joaten gara korrika 40 minutuz, batik bat udako festatako garagardoak botatzeko eta forman jartzeko. Behin hori egindakoan, hiru aste edo egon gara errodatzen eta orain indar handiko entrenamenduak egiten ari gara, pesa ugari igoz eta abar. Txapelketak gerturatzen diren heinean, serie azkarragoak sartzen joan ohi gara, agian azkarrago egiteko eta beharbada gehiago konpetizioari begira sartzeko. Denborak aurrera egin ahala, entrenamendu tekniko gehiago ere egiten ditugu.

Aurreko galderaren ildo beretik, zure buruari helburuak markatzen dizkiozu?
Bai. Aurten, ikusita lehengo urtean ondo joan zitzaidala, maila horretan jarraitu nahi dut. Gainera, atletismoan beti emaitza berriak eta marka hobeak lortzeko goseak izan behar da; azkenean, besteen kontra baino gehiago, norberaren kontra egiten duzu borroka eta urtero saiatzen gara beste urteetan egindako markak hobetzen. Aurten nire helburua 16 metroetara gerturatzea izango da eta berriz ere Espainiako finalean egotea. Hortik aurrera, behin finalean egon eta gero, dominengatik borrokatzea posible bada, askoz hobeto. Oraindik, dena den, goiz da hori esateko. Ikusi egin beharko da denboraldia nola doan.

adurEtorkizunean eliteko atleta bat izatera iritsiko zarela uste duzu?
Justu elitekoa ez nuke esango. Elite, Espainia mailan, gustatuko litzaidake, baina horretarako berandu samar dela uste dut. Ez daukat olinpiadetan edo mundialetan ibiltzeko moduko kategoriarik, baina gogor entrenatzen eta ilusioaz gainezka jarraitzen dudan bitartean, Espainia mailan onenen artean egoten saiatuko naiz.

Atletismoa beste kirol batzuk adina baloratua dago? Ez Euskal Herrian ezta Espainian ere. Europara ateratzen bazara, ordea, futbolaren mailan -edo beste zenbait lekutan futbolaren gainetik- dagoela ikusten duzu. Askoz ere gehiago baloratzen da hemendik kanpo. Hemen, atletismoan egiten den inbertsioa oso txikia da eta, zoritxarrez, dena diruaren arabera doa. Ez baduzu inbertsiorik egiten, ez da jendea aterako eta ez baldin bada jendea ateratzen, ez da egongo zertaz hitz egin. Orduan, gako nagusia inbertsio asuntoa da; behin pista berriak eginez gero, entrenatzaileak egonez gero eta atletismoari promozio on bat eskainiz gero, hemen ere beste izen bat izango lukeela uste dut. Gaur egun horrela daude gauzak eta gu aldatzen saiatu beharko gara.

Atletismoa alde batera utzita, Diario Vasco-ko artikulu batean motoak atsegin dituzula irakurri nuen. Zure zaletasun bakarra da edo gehiago dituzu? Zure denbora librean zer gustatzen zaizu egitea?
Zaletasun handienetakoa da; izan ere, Diario Vascoko elkarrizketa egin zidatenean, motorzalea nintzen baina oraindik ez nuen motorreko karneta aterata. Orain, motorra gidatzeko baimena atera berri dut, falta zaidan gauza bakarra motorra erosteko aurrezki gutxi batzuk izatea da. Ea aukeraren bat daukadan egunen batean hortik bueltaka ibiltzeko! Bestela, motorrez aparte, musika dut gustuko eta nahiz eta oso futbolzalea ez izan, noizean behin Realaren partiduren bat ikustea gustatzen zait, eta, jende guztiari bezala, lagunekin ateratzea eta parrandatxoren bat egitea ere gustatzen zait.

Kirolik gabe bizi ezin daitekeen horietakoa al zara?
Ba, ez dakit. Lehen pentsatzen nuen kirolik gabe bizi nintekeela, baina orain abuztuan entrenamenduak bukatu eta gero, egun batzuk igaro nituen ezin etxean egon, zerbait egiteko beharra nuen, txirrinduz ibiltzera joan edo frontenisean edo.. Kirola egitea daukadan ohiturarik onenetakoa dela uste dut eta, momentu zehatz batean kirolik gabe pasatu behar badut, eutsiko diot, baina beti saiatuko naiz zer edo zer egiten.

Espero dut horrela jarraitzea eta eskerrik asko!
Eskerrik asko zuri ere!

Ordiziako taberna horretan pintxoa jan, elkarrizketa amaitu eta etxerantz abiatu nintzen dena ordenean jartzeko desiraz. Adur sekulako kirolari aparta dela ondorioztatu dut, gauzak argi dituen gaztea eta euskaljakintzatik zorte ona opa nahi diot, eguneroko bizitzan ez duzulako topo egiten bera bezain kontzientziatua dagoen jendearekin. Hona hemen Adur Ugartemendiaren 2007ko ligaren laburpena argazkien bidez.

[kml_flashembed movie="http://www.youtube.com/v/X5TFrsE4oZE" width="425" height="350" wmode="transparent" /]

Elkarrizketa entzun.

Comments { 5 }
-->