Denok entzun dugu AHTri buruz zerbait, baina dakiguna nahikoa al da? Batzuek besteek baino gehiago jakin arren, askotan gure belarrietara iristen den informazioarekin konformatzen gara. Nire ustez, dena den, hori ez da nahikoa eta horregatik hasi naiz gai honen inguruko informazio bila.
Duela hamar urte, 1998ko martxoaren 17an, hain zuzen ere, Eusko Jaurlaritzak Abiadura Handiko Trenaren trazaketa plana onartu zuen. Nahiz eta proiektua aspaldian onartua izan, oso gutxik dakite tren honen ibilbidea, bere kostua, ingurugiroan sortuko dituen arazoak… Nire ustez, zalantzarik ez dago eman beharreko informazio hori ezkutuan gorde dutela. Gauzak horrela, asko ez gaude gustura 250-350km/h-ko abiadura hartuko duen tren honen eraikuntzarekin; dena dela, gure desadostasun eta protestei ez die jaramon egiten eta gure iritziaren gainetik eraikitzeko asmoa dutela dirudi. Edonola ere, aurka garenok ahal dugun guztia egin behar dugu holako proiektu bati aurre egiteko eta honek ekarriko dituen ondorioak denon artean zabaltzeko.
Ez dago zalantzarik, bueltarik gabeko ondorioak ekarriko lituzkeela AHTk. Sareen eraikitze lanek oso baldintza zorrotzak eskatzen dituzte eta suntsiketa autopistek eta autobiek eragiten dutena baino larriagoa izango da. Eraginak hauek izango dira, besteak beste: troposferako ozonoaren eta nitrogeno oxidoen gehikuntza (horiek gure osasunaren kalterako, negutegi efektua eta euri azidoa handitzen laguntzen dute); hormona eta proteinen ekoizpena aztoratzen duten erradiazio elektromagnetikoak; eragina minbizietan, leuzemietan, sisteman inmunologikoan…
Bestalde, AHTa ez zaie egokitzen zeharkatzen dituen lurraldeei. Horrek mendi mozketak, tamaina neurrigabea duten tunelen eraikuntzaren ondorioz sortuko dituzten hondakindegiak, indusketa lanak, lur-iraulketak, bidezubiak… sortuko ditu.
Hari beretik, kutsadura eta kostu ekologikoekin batera, energia kontsumo izugarria ekarriko du. Energia hori lortzeko iturburu nuklearreko energia eta gas naturaleko proiektuak erabili beharko dira eta, noski, gas naturaleko zentral termikoak eraikiko dituzte. Gas hori, negutegi efektuaren eta ozono geruzaren zuloaren kausetako bat izaki, oso arriskutsu eta kaltegarria da.
Bestetik, oso larriak dira dardara eta zaratak osasunean sortuko dituen eraginak; esaterako, estresaren bat-bateko igoera, atseden eza… Horrez gain, animalia eta gizakien portaeran ere eragingo du; izan ere, dirudienez, 12.500 espeziei zeharka nahiz zuzeneko kalteak sortuko baitizkie. Metal astunak, lehergailuak, gai kimikoak, eta abar erabiliko dira, eta elementu horien ekoizpenak klimari, florari eta faunari egingo die kalte.
Ondorio gehiago ere baditu, nahiz eta hauekin nahikoa izan beharko litzatekeen suntsiketa hau gelditzeko; besteak beste, nekazal ingurunean eragindako kaltea, baserrien desagerpena, bazterketa soziala (hiriburuen arteko lotura azkarra baino ez du landuko) eta, gainera, garraioa garestia izango da; beraz, oso gutxik izango dute aukera berau erabiltzeko.
Proiektu honi buruzko hausnarketa sakona egin behar da, bere alde onak eta txarrak ikusiz eta. Denon iritzia kontuan hartzea lortu beharko genuke, gure bizi-baldintzei eta dagokigun arazoei buruzko kontrola eta parte-hartze zuzena izatea lortu beharko genuke, alegia. Baina argi gelditu da, erabakirik onena, nire uste apalean, “aurrerapena†deitzen duten proiektu hau geldiaraztea dela. Tamalez, ez dute kasurik egingo, baina berdin pentsatzen dugunon artean orain egin behar dugu gelditzeko ahalegina, bestela berandu izango baita.
Informazio gehiago ondorengo guneetan topa dezakezue:
Iruzkin berriak