Apartheidik ez baina…

Kartela Durbanen (Argazkia: Wikimedia Commons)

Kartela Durbanen (Argazkia: Wikimedia Commons)

Duela egun batzuk, sarean nabigatzen nenbilela, irudi hau topatu nuen. Bertan, Hegoafrikako Durban hiriko hondartza batean dagoen kartel bat azaltzen da, eta zera dio: “Durbango hondartzen 37. legearen arabera, hondartza honetan arraza zurikoek baino ez dute bertan bainatzeko aukera.” Hau irakurri nuenean, lur jota gelditu nintzen; izan ere, entzuna nuen herrialde horretako diskriminazioaz apurtxo bat, baina hau duela urte batzuk jada amaitua zela uste nuen.

Nola liteke XXI. mendean, garatua kontsidera daitekeen herrialde batean, horrelako kartel arrazista topatzea? Itxura denez, Afrikako herrialde garatua kontsidera daitekeen honetan, oraindik diskriminazio handia dago arraza beltzarekiko. Gezurra badirudi ere, herrialde honetako biztaleen ia %80k afrikar jatorria dute. Dena dela, europar jatorrikoak nahiz eta biztanleriaren gutxiengoa izan, gainontzeko biztanleei “gailentzen” zaizkie. Honen hasiera kolonializazio garaian dago; hala ere, Hegoafrikak igaro izan ditu garai latzagoak xenofobiari dagokionez, Apartheid garaia hain zuzen ere.

Duda zipitzik ez dago, gaur egun, Hegoafrika afrikar kontinenteko potentzia ekonomikorik handiena dela. Ez al zaizu, baina, lotsagarria iruditzen oraindik bertan dagoen arrazakeria? Niri, behintzat, bai. Nahiz eta arraza zurikoak gutxiengoa izan herrialde honetan, erakusten duten  diskriminazioa eta ustezko nagusitasuna ikaragarri handia da.

Apartheid garaia duela 18 urte amaitu zen arren, egun, garai horretako zenbait eragin nabariak dira Hegoafrikako gizartean. Izan ere, garai penagarri horretan, arraza beltzekoek ez zuten inongo askatasunik. Esate baterako, ezinezkoa zen bainugela edo garraio publikoan bi arraza ezberdinetakoak batera egotea edo afrikar jatorria duen batek negozioren bat izatea. Nahiz eta gaur egun oraindik arraza beltza diskriminaturik eta bazterturik izan, ez da Apartheid garaiko diskriminazioa bezain bortitza.

Baliteke gutxieste honen jatorria ekonomian egotea; izan ere, Hegoafrika herrialde benetan aberatsa da mineralei dagokienez. Apartheid garaitik bertako meatze ugari europar jatorrikoen agindupean daude; eta bertan lan egiten dutenak, ordea, Afrikatik etorritako etorkinak. Etorkin hauek Zanbia eta inguruko herrialdeetatik etortzen dira, lana eta bizitza hobea topatuko duten esperantzaz. Baina bertan lan baldintza benetan kaskarrak eta izugarrizko diskriminazioa baino ez dituzte aurkitzen. Buruzagiak diruz itotzen ari diren bitartean, beraien meategietako langileek huskeria baten truk lan egiten dute baldintza penagarrietan.

Hutsaren hurrengoa den egoera hau behingoz buka dadin, primeran egongo litzateke zenbait erakundek honen inguruan lan eta borroka egitea, ea duela asko amaiturik behar zuen arrazismo hau behingoz amaitzen den. Ea horrela Hegoafrikan bizi direnen ondorengoek mundu libreagoa ezagutzeko aukera duten.

Comments { 0 }

Aitorren hizkuntza zaharra

Bai zu mutiko gazte! Kaixo ta zer moduz?
Ez al duzu ikasi ezer niri buruz?
Ahotsaz baliatuz esangoizut kantuz,
egon zaitez zu adi eta ibili kontuz,
asmatuko baituzu abestian murgilduz.

Jatorria da nire sekretu kuttuna,
nire jaioteguna da ezezaguna.
Adituek eginiko guztiz lan astuna
ez da izan nahikoa lortzeko erantzuna.
Nahiko zaharra izan arren, ez naiz ez tuntuna.

Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Behin Etxeparerekin hasia idazten,
berari esker hasi nintzen ni amesten.
Eta ospetsu ere apurka egiten.
Nire izena joan zen munduan zabaltzen,
berari esker jendeak ez nau inoiz ahazten.

Une oso latzak bizi izan ditut sarri,
baina borrokatu dut nahiz ta egon larri.
Eskerra eman nahi diet nik Etxeberriri,
Oihenart, Leizarraga ta Gazteluzarri,
noski ,ahaztu gabe, Pedro Axularri.
Oraindik ez al duzu nor naizen asmatu?
Altxa behingoz ohetik ta guztiz esnatu.
Ez dizkizut gauzatxo guztiak kontatu.
Mesedez ez ezazu abestiz aldatu,
jarraitu niri entzuten eta motibatu!

Erdara da denetan etsai nagusia,
ipurdiko arantza amorragarria.
landare eder guztien arteko sasia,
mami xamurrik gabe dagoen ogia,
beti nire alboan den bidaiaria.

Nire burua aurkezten ari naiz saiatzen.
Zu entretenitu ta pixka bat alaitzen,
baina eskakizun bat dago honen atzen.
Zuzenean ez naiz ba esatera ausartzen,
horregatik ari naiz abesti hau asmatzen.

Lagun arren ez zaitez zu gelditu lotan
gauza asko baitauzkat nik hemen jokoan!
Erabil nazazu bai maiz zure ahotan
Nire geroa dago zuen eskuotan,
ez askatu nahiz egon bero-bero sutan.

Aitorren hizkuntz zaharra ni nauzue hara
eta zuen indarra beharrezkoa da.
Zer egin behar duzun badakizu jada:
erabil ta maitatu ezazue euskara,
ta jalgi nazazue arren plazetara!

Iñaki Apalategirekin bertsoa!.
 

 

Comments { 2 }

Euskara agurgarria…

Euskara agurgarria,

Gaur ere, urtero bezala, zure eguna ospatzen ari gara, nahiz eta zure egunak ez duen datarik behar, euskararen eguna egunero baita. Hala ere, aipatzekoa da azken urte hauetan izan dugun jarrera desegokia: Gipuzkoan, zure erabilera %33koa izan da; Bizkaian, %13koa; Araban, %4koa; Nafarroan, %6koa; eta Zuberoan, Behe Nafarroan eta Lapurdin, %10ekoa.

Datu hauekin batera, jakitekoa da, herrialde batean bere herritarren %33k hizkuntza bat hitz egin ezean, hizkuntza horrek galtzeko aukera duela. Zure erabilpena %13koa dela ikusirik, hau da, erdira ere iristen ez denez, esan genezake datua nahiko kezkagarria dela.

Dena dela, argi izan, gu zuri laguntzeko prest gaude! Nahiz eta ez izan asko, bagaude batzuk oraindik ere zure bizitza luzaroan ikusi nahi dugunak: zu mintzatuz, entzunez, sentituz, maitatuz… Eta, beraz, hemendik aurrera zure bidea errazagoa izango delakoan gaude.

Gure herriaren hizkuntza bermatzea beharrezko ikusten dugulako, herri bat hizkuntzarik gabe gorringorik gabeko arrautza delako, denetan ederrena zarelako eta berezi sentiarazten gaituzulako, hobe esanda, euskaldun sentiarazten gaituzulako, Euskal Herrian behar zaitugu! Gora euskara! Animo eta hurren arte!

2. batxilergoko ikasleak

Comments { 11 }
-->