Manila konexioa – JON ARRETXE

Jon Arretxe Basaurin 1963an jaiotako euskal idazlea da. Euskal filologian doktoretzaz gain, heziketa fisikoan lizentzia ere badu, baina bere bizitza profesionala liburuei eskaini die.

Jon Arretxe Bere obrak lau generotan zati daitezke: gazteentzako liburuak, adibidez, Hakuna Matata, Harresi Handirantz eta Lurraren taupadak; bere bidaian oinarritutako bi eleberri, Urrezko triangelua eta Oroituz, hain zuzen ere; munduan barrena egindako bidaien kronikak, hala nola, Tubabu, Tuparen seme-alabak, Ekialdeko mamuak eta Zazpi kolore; eta, azkenik, gazteen bizimoduari buruzko trilogia: Ostegunak, Ostiralak eta Larunbatak. Hala ere, bere obrak beste sailkapen batzuen arabera ere aurki daitezke.

Manila konexioa gazteei zuzendutako detektibe nobela bat da. Gasteizko kale eta bolada ilunenetan kokatua, Artabe eta Etxebe detektibeen ikerketa kontatzen du, txiste eta kaleko egoeraren deskribapenak egoki txertatuz. Sherlock Holmes eta Watsoni baino antza handiagoa diote Torrente gisako poliziei ikertzeko moduari erreparatuz gero; besteak beste, Etxebek interes handiagoa azalduko du Alavesen partiduan kasuaren ebazpenean baino.

Antiheroiak dira, pertsonaia karikatureskoak, ohiko detektibe adimentsu, indartsu eta galanten guztiz kontrakoa. Etxeberi, dena dela, halako sinpatia puntu bat dariola uste dut.

Manila konexioa Nobelan, Artabe eta Etxebek lapurtua izan den anakonda bat aurkitzeko kasua lortuko dute. Informazio iturrietara jo ondoren, Pantera Arrosa gozokien desagerpenarekin zerikusirik baduela jakingo dute eta ikerketari ekin ostean kontrabandoko kasu bat dela konturatuko dira. Kasuaren ebazpenean hainbat eta hainbat gorabeheretan aurkituko dira eta zailtasunak trebeziaz gainditzeko ahalmena erakutsiko dute.

Detektibe istorio atsegina iruditu zait, argumentu nagusiaz gain dituen pasarteak, batik bat. Etxebek diskoteka bateko atezaina ordezkatzen duenean edota txinatarrarekin borrokan dagoela Artaberen pentsamendua irakurtzean kokatutako pasarteak, besteak beste. Hala ere, amaierak ez nau guztiz erakarri protagonistak ez baitute parte hartze zuzenik.

Arratsalde aspergarri bat ederki betetzeko aukera aparta da nobela hau eta irakurtzeko gomendagarria, detektibe istorioez gain, txiste txarrak gustuko dituenarentzat, batez ere.

Pasarte bat irakurri edo idazleari eginiko elkarrizketa bat irakurri nahi izanez gero, klik egin besterik ez duzue. Gustuko izango duzuela espero dut.

Comments { 0 }

Eder-kirurgia, erabaki egokia?

kirurgiaGarai batean, dirudunak edota famatuak izaten ziren eder-kirurgia ordaintzeko ahalmena zuten bakarrak. Gaur, aldiz, hori guztiz aldatu da. Edonork ordain ditzake operazio horiek, ez daude jada pribilegiodun batzuen eskura soilik; gainera, guk sortutako beharra bilakatu da. Gero eta jende gehiagok erabakitzen du operazio bat jasatea, bere itxurarekin gusturago sentitzeko. Kirurgia estetikoa medikuntza estetikoa izatera pasatu da. Hortxe sartuko lirateke, esate baterako, laser bidezko depilazioak, hortzetako estalkiak, botox injekzioak eta gaztetze-tratamenduak. Pasa gaitezen, bada, gaia atalez atal garatzera.

Hasteko, kontuan izan behar da noren eskuetan jartzen garen, kasu askotan operazio hauek burutzen dituzten medikuek ez baitituzte behar diren baimenak. Eta hortik datoz 2006an, esaterako, eder-kirurgia zela eta izan ziren 900 salaketatik asko; maiz, gainera, salaketa horiek arrazoi oso larriengatik izaten dira.

Esaten dutenez, mota guztietako operazioak hoberen jasaten dituzten aurpegiak triangeluarrak dira, hau da, masailalbo eta kokotsa markatuago dituztenak. Ez hori bakarrik, azal fin eta argiek laserra hobeto toleratu ei dute.

Hau guztia gutxi balitz, kirurgia estetikoari lotutako gaixotasun bat ere badago, dismorfia korporala. Gaixo hauek akatsak ikusten dituzte existitzen ez diren tokietan eta aurkitzen duten soluzio bakarra operatzea da. Dena den, hau eritasun mental bat da eta, nahiz eta behin eta berriz operatu, pertsona hauek ez dira inoiz gustura egongo euren itxurarekin, ezta konpontzen saiatu diren atalarekin ere.

Beste patologia bat izaten da gorputzeko atal bat, axola gabe zein, konpontzeko beharra izatea. Gaixo hauek gaizki amaitzen dute gehienetan; izan ere, beraien helburua euren gorputzeko atalen bat aldatzea baita itxura ezberdin bat izateko. Eri hauek gero eta handiagoa egiten ari dira estetikaren negozioa.

Edonola ere, gure itxura hobetzea nahi izatearen errudun handiena telebista dela esan daiteke. Telebistak, etengabeko propagandaren bidez, itxura aldatzera bultzatzen gaitu: kremak, gimnasia, gorputz perfektoak…Ez dut esan nahi hori guztia gaizki dagoenik, gure hortzak zaintzea, zalantzarik gabe, oso garrantzitsua da, baina gehiegizkoak iruditzen zaizkit bolada honetan kaleratzen ari diren programa motak, Cambio radical , esate baterako. Harrigarria iruditzen zait telebistak berak bultzatzea gure itxura aldatzera. Batzuetan gaixotasunak edo beste arazo batzuk direla eta egiten dira operazioak, baina gehienetan kapritxo bat besterik ez dira izaten. Egia da etorkizunean zientziak aspektu fisikoari buruzko aurkikuntza asko egingo dituela, bai onerako baita txarrerako ere, baina tentu handiz heldu beharko genioke arlo honi.

Besterik gabe, amaitzen dut esanez ez ginatekeela utzi behar hainbeste manipulatzen eta bakoitza garen bezalakoak izaten eta onartzen ikasi beharko genukeela.

Comments { 1 }

Harrikatzea, onar al daiteke?

Harrikatzea antzina sortutako asasinatze edo tortura mota bat dela esan daiteke. Bere helburua honako hau da: kondenatuak gerriraino batzuetan eta beste batzuetan leporaino lurperatzen dituzte, ondorenhiltzen diren arte harriak botatzeko. Metodo honekin zigortuak poliki-poliki hiltzen dira, pertsona batek denbora luzez iraun baitezake bizirik eta konortea galdu barik kolpe bortitzak jasoz. Ez dago esan beharrik hiltzeko era honek sufrimendu izugarria eragiten duela kondenatuarengan.

Asasinatze era hau, gaur egun, Afrikan eta islama duten herrialdeetan bakarrik burutzen da. Honela, sexu harreman “ilegalak� dituzten emakumeak zigortzen dira. Heriotza hauek ekidin nahian, GKE (Gobernuz Kanpoko Erakunde) bat dago, Amnistia Internacional, buru-belarri murgildurik. Erakunde honek gogor ekin zion lanari bi emakume salbatu ahal izateko eta horrela izan zen. Bi emakumeak Parisa eta Shamameh Ghorbani dira. Gehiago jakin nahi baduzu bi kasu hauetaz, sar zaitez hemen.

Edonola ere, kasurik garrantzitsuena, nahiz eta beste guztiak ere oso garrantzi handikoak izan, Safiya Huseinirena da, jende ugari mobilizatu baitzen bere absoluzioaren alde. Bere herrian, Nigerian, adulterio egin zuela egotzi zioten eta, ondorioz, harrikatua izatera kondenatu zuten. Baina emakume honek zorte handia izan zuen, ez baitzuten kartzelara sartu eta bere familiarekin bizitzen jarraitu baitzuen. Safiyak gaizki egin zuen gauza bakarra da ezkondu gabe haurdun geratu eta umea izatea. Ezkontzatik kanpo haurdun geratzea debekaturik dago eta emakume asko harrikatze sistemaz kondenatu edo zigortu dituzte hori dela eta.

Gaiari amaiera emateko, esan beharra daukat harrikatze sistemaren bidez hil nahi dituzten emakumeei laguntza eskaini behar diegula, burugabekeria hau ezin baitaiteke onartu. Nik horretarako aukera bat eman nahi dizuet, ez du lan handiegirik suposatzen eta arriskuan dauden emakumeek asko eskertuko dute. Gune honetan sartu eta zuen datuak bidaliz gero, harrikatze-zigorra salatzen duen gutun bat ailegatuko zaio Iraneko gobernuari. Egin dezagun zerbait jarraian ikusiko dituzuen irudiak errepika ez daitezen!

Comments { 6 }
-->