Lengua errepasatzen

Pentsatzen dut asteburu osoa ikasten egongo zinetela eta gaur ikasitako hori errepasatzea tokatzen zaigu. Horretarako, hementxe dituzue Elenak igorritako bi aurkezpen. Lehenengoan, laburpena, gaia, eskema eta iruzkin kritikoa egiteko jarraitu beharreko urratsak adierazten dira; bigarrena, aldiz, hizkuntzaren funtzioei buruzkoa da (Recursos lings. para justificar las funciones del lenguaje). On dagizuela! 🙂

Aurkezpenak neurri handian ikusi nahi badituzue, klikatu hementxe (1, 2) eta full-i eman (aurkezpenaren behealdean, eskuinean). Zuentzat gorde nahi izanez gero, berriz, klikatu download file jartzen duen horretan eta zuen ordenagailura jaitsi ahal izango dituzue .


Comments { 0 }

Begirale izateko formazio ikastaroa

ikastaroaEuskararen sustapena udaleku irekietan ikastaroa antolatu du Ordiziako Udaleko Euskara Zerbitzuak, Euskara Biziberritzeko Planaren (EBPN) barruan, haur eta gazteen hizkuntzaren erabileran begiraleen prestakuntzak berebiziko garrantzia duela-eta. Hitzaro Euskara Elkarteko begirale-poltsan izena emanda daudenei begira antolatu dute ikastaroa bereziki, horiek aritzen baitira Txirristi Mirristi udaleku irekietan, baina, lekurik balego, haur eta gazteekin aisialdian aritzen den beste edozein hezitzaile ere onartuko dute.

Hamar ordu iraungo du ikastaroak, eta lau egunetan emango da, maiatzaren amaieran: hain justu ere, maiatzaren 21, 23, 28 eta 30ean, 17:00etatik 19:30etara. Urtxintxa Eskolakoek emango dute eta honako edukiak landuko dituzte, besteak beste: soziolinguistikako oinarrizko kontzeptuak, begiraleen jarrerak euskara sustatzeko, euskal jolasak eta adibide praktikoak: jolas dinamizazioak, barnetegiak, udalekuak…

Ikastaroan landuko diren eduki guztiak biltzen dituen txostenaz gain, Urtxintxa Eskolak argitaratutako Euskal Jolasak liburuxka eta Gazte Hizkeraren Jolasak liburuxka banatuko zaie ikastarora doazenei. Ikastaroan 8 lagunek eman beharko dute izena gutxienez, eta gehienezko muga 20koa izango da.

Maiatzaren 11an amaitzen da izena emateko epea. Udaleko Herritarren Arretarako Udal Bulegoan egin behar da, 30 euro ordainduta.

Txirristi Mirristi udaleku irekiak Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatu eta Hitzaroko begiraleek dinamizatzen dituzte. Txirristi Mirristi, berriz, ekainaren 25etik uztailaren 20ra izango da. Eskuorria ikusi nahi izanez gero, klikatu hemen.

Comments { 0 }

Etorkizuna gure esku

iaz hautaprobetanLehengo egunean, gelakide batzuen artean zer edo zer ikasiko dugunari buruz hizketan ari ginela, hurrengo urtean elkar maiz ikusiko ez genuela konturatu ginen eta, egia esan, izugarrizko pena eman zidan. Hainbeste urte iragan ditugu elkarrekin eta hilabete batzuk barru elkarrekin egongo ez garela pentsatzea…Gure bizitzak aldatu egingo dira: asko kanpora joango dira ikastera, besteren bat herrian bertan geratuko da, eta nork daki, bakarren bat agian atzerrira joango da. Baina gatozen harira.

Izan genuen hizketaldi interesagarri haren ondoren, neure pentsamenduetan murgilduta nengoela, euskaljakintzarako artikulutxo bat idaztea otu zitzaidan.

Ziur nago, nire ikaskide asko eta beste hainbat gazte ere neure egoera berean egongo direla. Aukera mordo bat dugu gure etorkizunerako eta zer egin ez dakigu. Izugarria da pentsatzea, aurten bertan, gure etorkizunaren zati garrantzitsu baten erabakia hartu beharko dugula. Hurrengo ikasturtean, Unibertsitatean hasiko gara eta gure bizitzaren zati handi bat aldatu egingo da. Lagun berriak egin, esperientzia -onak nahiz txarrak- berriak bizi… Jende asko kanpora joango da ikastera, ikasketak egiteko aukeratu duten kanpusa gure herritik gertu ez dagoelako edota ohore handiko beste unibertsitate batean aukeratuak izan ez direlako. Momentu hauetan gure bizitzaren zati handi bat gure esku dago, zer izango ote garen etorkizunean, non biziko ote garen hurrengo urteetan… dena gure esku dago.

Irakasleek urte osoa daramate aholkuak ematen eta beraien laguntza eskaintzen behar dugunean. Aste gutxi batzuk besterik ez dira gelditzen selektibitatera joateko eta, klasean nabari den bezala, irakasle guztiek euren materia bukatu nahi dute. Dagoeneko nabaria da urduritasuna klasean, nahiz eta askok ez konturatu kurtsoa amatzear dagoela eta ez garela gehiago ikastolara itzuliko.

Bestalde, unibertsitate askotako irakasleak etorri dira ikastolara euren zentroetako informazioa ematera, esate baterako, EHU, MU, Deustuko Unibertsitatea eta Madrilgo Nebrija ere gure artean izan dugu…Hasiak dira ere dagoeneko ate irekiak. Besteak beste, EHUko campus ezberdinak ikustera joateko aukera izan dugu, nahiz eta jende askorentzat oso lagungarria ez den izan; izan ere, batzuk lehenago baino zalantzatsuago bueltatu baitira. Dena den, oso txango interesgarriak suertatu dira; unibertsitateko giroa ikusteko aukera izan baitugu.

Bukatzeko, hainbat unibertsitateko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, hautaprobetako datak, ate irekiak noiz diren…hementxe dituzue gune interesgarri batzuk eta informazio orokorragoa nahi izanez gero, joan zaitezte euskaljakintzako orientazio atalera:

  • UEM ( Universidad Europea de Madrid)
  • UIC (Universidad Internacional de Catalunya)

Ez nuke amaitu nahi zera esan gabe: ikasi beharreko guztia ikasi eta izango dituzuen buruhauste guztiak izan; izan ere, horrek guztiak merezi izango duelakoan bainago. Eta, gainera, ziur nago aukeraketa egokia izango dela. Besterik gabe, zortea izan!

Comments { 4 }
-->