Emakume langileen eguna

emakume langileakGaur, martxoak 8, emakume langileen eguna ospatzen da mundu osoan zehar. Baina ba al dakigu egun honek non duen jatorria? Zergatik ospatzen da egun honetan? Noiztik dator berdintasunaren eskaria? Ez naiz feministen munduan murgilduko, ez horixe, baina artikulu hau idazteko informazio bila nenbilela, historia desberdin ugari irakurri ditut eta horiez mintzatuko naiz labur-labur.

Badirudi, antzinako Grezian, emakume batzuk berdintasunaren aldeko aldarrikapenak egin zituztela, baina denboran urrunegi geratzen da horren inguruan ezer ziurtatu ahal izateko. Bestalde, bada urte bat horren urrun geratzen ez dena guztiontzat oso ezaguna dena, non emakumeek sufragioan parte hartu ahal izatea eskatu zuten, Frantziako Iraultzan (1789), hain zuzen ere. Hala ere, benetako borroka eta emakumearen egunaren ideia, XIX. mendearen amaieran garatu zen eta XX. mendean zehar borroka asko egin beharrean aurkitu ziren, gaur egun dugun berdintasuna lortu ahal izateko. Aipatu behar da, munduko zenbait lekutan, zoritxarrez, oraindik emakumea tresna huts eta ezertarako balio ez duen gauza kontsideraturik dagoela. Gainera, erlijio katolikoak, esaterako, urteetan zehar gure irudia zapaldu eta giza txar bezala jartzeak kalte ugari eragin dituela emakumeengan ezin uka liteke. Baina gatozen harira. Zer dela eta erabaki zen emakume langileen eguna martxoaren zortzian ospatzea eta ez beste egun batean?

Historiako pasarte ezagunena eta, dirudienez, guztiz egia ez dena, 1908an kokatzen da. Diotenez, New Yorkeko fabrika handietan josten aritzen ziren emakume ugari greban jarri ziren, lan orduak hamarrera murrizteko, igandetan jai izateko eta haurren lanarekin amaitzeko asmoz. Azken finean, gizonezkoek zituzten eskubide berak aldarrikatzen zituzten. Antza denez, greba horiek amaiera tragiko bat izan zuten, 129 emakume Cotton Textile Factory fabrikan hil ondoren. Fabrikaren jabeak, lantokiko ateak itxi eta hauek barruan zeudela, su eman omen zion eraikinari. Hau martxoaren zortzian izan zela uste dute. Hurrengo urteetan, beste zenbait greba eta abarren eraginez, martxoaren zortzia emakume langileen nazioarteko egun bilakatu zutela diote historiako pasarte ezagunenek. Hemen klikatuz gero, gehiago irakurri ahal izango duzu. Jatorria hor ez izateak, dena den, ez du esan nahi gertakizun haiek izan ez zirenik.

ClaraEdonola ere, egun honen benetako sortzailea, Clara Zetkin dela esan liteke, Alemaniako emakume sozialisten liderra izan zena. Hala ere, ideia hau ez zen guztiz berea izan. AEBetako emakumeak 1908tik boto eskubidea aldarrikatuz zebiltzan eta aldarrikapenak egiten zituen taldearen izena Women’s Day zen. Beraz, ez dago inongo zalantzarik egun honen jatorria XIX. mende amaierako emakume sozialisten mugimenduan dagoela. Hauen helburua boto eskubidea lortzea zen. Lehen aldiz, 1911ko martxoaren 19an ospatu zuten emakumearen eguna, Suedia, Danimarka, Austria eta Alemanian, hain zuzen ere. Hurrengo urteetan, ospakizunaren eguna aldatuz joan zen estatuaren baitan.

1914. urtean, Alemaniako emakumeek ospakizuna martxoaren zortzian egitea proposatu zuten eta egun horretan ospatu zen, Alemania, Errusia eta Suedian, baina eguna hautatzeko ez zuten arrazoi zehatz bat izan. Urte batzuk geroago, 1917an (Errusian 1914tik martxoaren 8an ospatzen zen emakume langilearen eguna), gosearen eraginez, Errusiako emakumeek iraultza bat hasi zuten, urte bereko urrian amaiera izango zuena. Martxoaren zortziko gertakizunak eragin handia izango zuten, ez iraultzari hasiera emango ziotelako eta bertako partaideak emakumeak zirelako soilik, gertakizun horien eraginez, emakumearen nazioarteko eguna martxoaren zortzian ospatzera pasatuko zelako eta ordutik, 1917tik, gaur egun arte horrela ospatu delako baizik.

Horren ostean, urtez urte borrokan jarraitu dute emakume eta gizonezko askok berdintasuna lortu ahal izateko eta horri esker, borrokan aritu direnei eta bere garaian iraultzaren bat egin zutenei esker, munduko leku desberdinetan, nazioz nazio eskubideak lortzen joan gara gaur egun arte. Beraz, zorionak gaur lanean dauden emakume guztiei, etxean lanean daudenez ahaztu gabe, jakina, gutxi baloratzen dugun lan gogorra baita (egunero bazkaria prestatu…) etxekoa. Eta, nola ez, ikasten ari garenoi ere bai, gure lana ere ez baita makala!

Historia hobeto ezagutu nahi baduzue, klikatu hemen eta hemen.

Comments { 0 }

Behartutako irakurketa

irakurzaletasunaKaixo, lagunok! Ikastolan normalean liburuak irakurtzera behartzen zaituzte. Bada, hauxe da mahai gainean jarri nahi dudan gaia. Zer iruditzen zaizue liburuak derrigortuta irakurtzea?

Nire ustez, ez litzateke behartu behar liburuak irakurtzera; baina, alde batetik, ondo dago irakurmena bultzatzen edo errazten duelako eta, beste alde batetik, zure irakurmena hobetzeaz gain, orduak zerbait probetxugarria egiten igarotzen dituzulako.

Edonola ere, badago jendea txikitatik asko irakurri duena edota txiki-txikitatik gozatu egin duena liburuak irakurtzen eta liburu bat bukatu orduko, beste bat hasteko irrikan egoten dena. Bakoitzak bere zaletasunak ditu: batzuek, liburuak irakurtzekoa eta, beste batzuek, beste era batekoak, hori pertsonaren arabera izaten da normalean. Gauzak horrela, liburuak irakurtzeko kasuan, bati ez bazaio gustatzen, irakurtzen dituen liburuak behartuta irakurri beharko ditu, jakina.

Gai honek, beste hainbat gaik bezala, bere alde onak eta bere alde txarrak ditu. Hona hemen nik ikusten dizkiodan alde onak. Lehenik eta behin, esan daiteke liburuak irakurtzea ondo dagoela, lehen aipatu dudan bezala, zure irakurmena hobetzen duzulako. Gainera, zenbait libururekin gauza berriak ikas ditzakezu, edota asperturik zauden momentuan, irakurketa bat burutu dezakezu denbora librea aprobetxatzeko. Halaber, bidaia luze bat egiteko orduan, musika entzun beharrean, irakurketari eskain diezazkiokezu ordu amaigabeak.

Orain bere alde txarrak adieraziko ditut. Dena den, ez ditut gai honek dituen alde txar guztiak adieraziko, bestela ez baitut inoiz bukatuko artikulua idazten, baina bai aipatuko dut irakurketa behartuak ikasleen artean duen alderik okerrena. Ikasleok ez gara denok berdinak, beraz, denok liburu berdina irakurri behar izaten dugunean, bati gustatuko zaio, agian, eta beste batek gorrotoa adieraziko du liburu horrengan. Eta liburu hori gorrotatzeraino iristen bada, gerta litekeena da irakurketa orokorrean erdeinatzea. Zer egin daiteke hau saihesteko? Ba al dago irakurzaletasuna bultzatzeko beste modurik?

Comments { 0 }

Dolce&Gabannaren publizitate berria

Domenico Dolce & Stefano Gabbanak sortutako marka da Dolce&Gabanna. Italian jaioak dira eta beraien arropak aise identifikatzen dira duten dotorezia eta estilo bereziagatik.

Lehen aipatu bezala, beraien estiloa dotorea eta, batez ere, oso sentsuala da. Italiar diseinatzaile hauek irudikatzen duten emakumea, indartsua eta gogorra da. Gizonezkoentzako jantziak ere egiten ditu etxe honek, baina beti arrakasta handiagoa izaten dute emakumezkoentzako diseinuek.

Bestalde, aipagarria da diseinatzaile hauek egiten dituzten iragarkiak, beti polemikoak izaten baitira. Gehienetan emakume eta gizonezko sentsualak azaltzen dira baina inoiz ez azken kanpaina honetan agertu diren bezala. Dudarik gabe, azken iragarkiak polemika handia sortu du. Iragarki honetan neska bat etzanda azaltzen da eta gainean mutil bat neskari eusten. Atzealdean lau mutil inguru azaltzen dira biei begira.

dolce&gabannaItaliako emakumezkoen aldeko zenbait instituziok kexa larriak azaldu zituzten iragarki honen aurka. Beraien ustez, emakumezkoen aurkako biolentziara bultzatzen duen iragarkia da. Horregatik, instituzio hauek iragarkia erretiratzea eskatu dute. Aurreko astean, telebista guztietan aipatu zuten gai hau, eta, jende askoren ustez, horixe zen Dolce&Gabannak nahi zuena, toki guztietan iragarki hau azaltzea, alegia.

Nire ustez, irudia gehiegizkoa da. Marka honen iragarkiak beti izaten dira polemikoak, baina argazki honen mezua nahiko gogorra da. Bertan emakumea behartua izateko zorian agertzen da eta niri, behinik behin, nahiko gogorra iruditzen zait emakumezko bat horrela azaltzea. Argi ikusten da emakumea objektu sexual bat dela bertan eta, gaur egun, produkturen bat saltzeko emakumea horrela erabiltzea nahiko tristea da. Beste alde batetik, aipatu nahi dut ni ere bat natorrela xede komertzialekin eginda dagoela uste duten horiekin, Dolce&Gabannak nahi zuena lortu du; dena den, ez ote da hau guztia azkenean kaltegarri bilakatuko beraientzat?

Comments { 6 }
-->