Hipokresiaren gizartea

Gaur egun, asko hitz egiten da heziketaren garrantziaz. Pentsamendu, itxura, gustu… desberdinak errespetatzeko eta inbidia desagertzeko biderik hoberena edo bakarra dela esan liteke. Agian, guztiok txiki-txikitatik gauza garrantzitsuak gehiago baloratuko bagenitu eta besteek jostailu, kamiseta edo bestelako zerbait dutelako, nik ere nahi dut jarrera izango ez bagenu, bi gauza lortuko genituzke, nire iritziz.

Bata, eta ia garrantzitsuena, independenteagoak izango ginateke; hau da, ez genioke horrenbesteko garrantzirik emango besteek dutenari, janzteko moduari, fisikoari… Horrela, ez ginateke beti besteen menpean egongo eta gauza bat eduki ezin dugunean, arrazoi desberdinengatik, inbidia izan beharrean poztu egingo ginateke. Horregatik, oso garrantzitsua da txikitatik, guztia ezin dela izan ulertzea eta gauza materialek ez gaituztela zoriontsuago egingo jakitea; lagun on baten konpainia garrantzitsuagoa dela, dena markakoa edukitzea edo azken modeloko mugikorra, mp3… izatea baino.

Bestea, dibertsitatea da. Badirudi, gaur egun, denok berdinak izan behar dugula, bai fisikoki, bai janzkeran, bai gustuetan eta, ahal izanez gero, baita pentsatzeko eta sentitzeko moduan ere. Gauzak horrela izanda, normaltzat kontsideratzen den horretatik irteten den edonori arraroa edo anormala esaten zaio eta, agian, beldurtu ere egiten gaitu. Ez al da, bada, dibertsitatea gauza benetan interesgarria? Nik baietz deritzot, monotonia aspergarriagoa da eta, gainera, kalean gurutzatzen ditugun pertsona guztiak berdin jantziko balira eta fisikoki ere itxura bere balute, ez al ginateke nazkatuko?

Horrela, bi puntu hauek (dibertsitatea onartzea eta independenteak izatea) lortzen baditugu, errespetatzen ere jakingo dugu. Eta, bide batez, zenbait gaitzekin bukatzea ere lortuko dugu. Adibidez, bakoitzak dituen gaitasunei garrantzi gehiago emango genieke fisikoari eta janzteko moduari baino. Desberdin pentsatzen edo sentitzen duena ez genuke bazterrean utziko eta, agian, inbidiarekin ere amaituko genuke.

Jakituriaren gizartean bizi garela suposatzen da. Guztion berdintasuna eta ideien askatasuna aldarrikatzen da. Baina errespetu faltako eta edukazio gabeko jarrerez inguraturik gaude. Arazoa da, jarrera horiek ez direla helduetan bakarrik ematen, nerabezaroan eta haurtzaroan ere ematen direla eta ez bazaituzte txikitatik ohitzen ezberdintasunak errespetatzera, noiz hasi behar zara? Zergatik dago itxurarekiko menpekotasun hori? Hau guztia ez ote da zerbait gaizki egiten ari garelako? Edo, agian, hipokresiaren gizartean bizi garelako izango da? Hitz politez baina ekintza gutxiz eraturiko gizartean, alegia…

Comments { 16 }

Arauak 4: ordinalen eta banatzaileen idazkera.

JakintzaKaixo, guztioi! Gaur zenbakiekin zerikusia duten arauen lanketari amaiera emango diogu. Horretarako, ordinalak eta banatzaileak nola osatu eta idazten diren ikasiko dugu. Hona hemen Euskaltzaindiak horri buruz dioena:

Ordinalak

Ordinaletan “garren� ahoskatzen denean, idazterakoan puntua jarriko da haren ordez:

XX. mendea edo 20. mendea: hogeigarren mendea.

3.ak esan du: hirugarrenak esan du.

XVII., XVIII. eta XIX. mendeetan edoXVII, XVIII eta XIX. mendeetan, e.a.

Ordinalak letra bidez ematerakoan, kontuan hartzeko bi kasu:

Hogeita batgarren, hirurogeita batgarren… (baina lehen, lehenengo, lehenbiziko edo lehendabiziko.) 

Bosgarren, hogeita bosgarren, hirurogeita hamabosgarren…

Galderetan zenbatgarren erabiliko da.

Banatzaileak

Distributiboak, -na baliatuz osatzen direnean, honela idazten dira:

Bana,

Bosna,

Ehuna,

Mila bana, e.a.

Galderetan zenbana erabiliko da.

Araua osorik.

 


Comments { 0 }

Zoritxarraren zorionean

"Bazen behin, pertsona ugarik osaturiko gizarte bat. Gizarte aurrerakoia, jakintsua, ez oso bidegabea, bere engranaje-sistemari esker etorkizunari tinko aurre eginen ziona. Arazo bakar bat zuen: engranaje nagusiari jarraitzen ziotenak beraien artean bikiak zirela. Bata ezkerrerantz, bestea eskuinerantz baina horrez gain berdin-berdinak."

Nobela balitz, agian literatura saria irabazteko moduko hasiera izan zitekeen. Baina, zoritxarrez, XXI. mendea dugu aurrean X izpiez begiratzean. Publizitatea eta antzeko konbentzitze-metodoren bitartez engranajeongana iristen zaizkigun mezuak bilakatzen gaituzte denok antzeko. Batak futbolean jokatuko du, besteak saskibaloian, egongo da ere dantza egitea edo sukaldaritza gustatzen zaionik. Baina bizitzak hartuko duen noranzkoaz gain ezerk ez gaitu herritar sinpleok desberdinduko. Bien bitartean, engranaje nagusiek gure lanaren probetxuz gero eta azkarrago biratuko dute.

Ez iruzur egin zeuon buruei. Gizartearen morroi gara. Aldatzeko ahalmena duenak ez du aldatzerik nahi. Eta soluzioa… matematikariek formulak bezala aurkitzerik ez dagoela esango nuke.

Begi-bistako irtenbide bakarra engranaje nagusi bilakatzea da. Zaila, jakina, baina behintzat ez utopia. Ez du ezer konpontzen, ez ditu engranaje guztiak nagusi bilakatuko, bakar bat baizik. Gizarte erradikal baten bilaketan zulo beltz batekin egin dute topo geure ideiek eta denborarekin esplikazio ezagunik gabe desagertu. Ez kolaboratzeko nahian are gehiago lagundu dugu nagusiei antigorputzak sortuz.

Maldan behera doan harkaitz biribila gara. Egia hartu edo utzi gure esku dago, baina hobeto carpe diem lemapean jardun sistema bateraezin baten soluzioa bilatu baino. Bizkarroiei izkina egiten saia gintezke, baina parasitoak ez dira erraz bidaltzen direnetakoak.

Urte ez hain txarren memorian bizi beharko dugu, bada, zoritxarraren zorionean.

Comments { 0 }
-->