Abenduaren hiruan (ere), euskara ahoan

Gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta, euskararen inguruko pasarte bat kontatzera natorkizue. Duela urte asko Argitxoren gutun bat jaso nuen, Ikastolako jolastokian jolasean nenbilela nire ahizpak eman zidana. Ezer gutxi zegoen gutunean idatzita, baina karta hura jasotzeak izugarrizko poza eman zidan. Gaur egun oraindik irribarrea eragiten dit gutun hori irakurtzeak.

Harrigarria da nola lortu zuen Argitxok gutun soil baten bitartez lauzpabost urteko haur bat euskararen garrantziaz jabetzea. Egunero euskaraz hitz egiten ari ote nintzen begira zegoela iruditzen zitzaidan, eta beti saiatzen nintzen euskara ahalik eta gehien ahoan izaten.

Orain, ordea, jabetzen naiz euskararen egoera gero eta zailago bilakatzen ari dela; izan ere, berau zapaltzen duten legeak gero eta gehiago dira. Euskararen normalizazioaz etengabe hitz egiten digute, euskararen erabilera normalizatzen ari diren irudia saltzen diguten; baina bitartean, adibide bat jartzearren, Euskal Herrian haur asko dira euren medikuari ulertu ezin diotenak.
Geure ama hizkuntzak historian zehar egoera latz eta zailagoak ere bizi izan ditu, baina, zorionez, garai hartan asko izan ziren euskaraz hitz egiten jarraitu zutenak eta haiei esker mantentzen dugu maite dugun hizkuntza gure egunerokoan, haiei esker jarraitzen dugu euskaldun izaten. Izan ere, zer da, ba, euskaldun egiten gaituena? Bada, horixe, euskara. Orain geurea da erantzukizuna; jarrai dezagun, beraz, euskaldunok euskaldun egiten gaituen hori zaintzen.

Comments { 3 }

Hemen haurrik ez!

“Reservado el derecho de admisión a quien con su comportamiento incívico […] cause molestias a otros usuarios, y también a los menores de edad, acudan solos o acompañados.”

Horrela dio Bilboko Style jatetxeak. Udan ‘Público’ egungarian irakurri nuen artikuluaetorri zitzaidan burura familiako afari batean, ondoko mahaiko haurrak afaria bukatuta eta erabat asperturik, jaiki eta jangela osoan zehar korrika, jolasean eta ateari danbatekoak gogor ematen hasi zirenean. Estatu Batuetan, Pennsylvaniako hiri batean hain zuzen ere, 6 urte baino gutxiagoko haurrei bere jatetxean sarrera debekatzea erabaki zuen Mick Vuickek, eta orain joera hori zabaltzen ari da. Jatetxeez gain, zenbait hotelek eta baita hegazkin konpainia batek ere (hegaldi eta eserleku konkretu batzuetan soilik) neurri bera hartzea erabaki dute.

Egia esan, nori ez zaio tokatu jatetxe batean ume negarti edo oihukari baten ondoan jan behar izatea? Estatu Batuetan debeku hau ezarri zuen jatetxeko nagusiak dioenez, haur bihurri eta saltseroen jarrerek, jolasek eta garrasiek benetan erlaxatzera, lagunekin ondo pasatzera edo zerbait janariaz lagunduz ospatzera joandako bezeroei traba egiten diete. Umeak etxean utzita haur gabeko afari batez gozatzera joan den bikoteak beste batzuen seme-alabak jasan behar izaten ditu askotan. Hori bakarrik ez, gurasoei haurrak lasaitzeko eskatutakoan, zerbitzariak errudunak balira bezala jokatzen zutela dio, eta, ondorioz, gainerako bezeroak kexu izaten zirela. Mick Vuick ziur zegoen bere neurri berriarekin dirua galdu ordez, bezero berriak erakarriko zituela. Berak dioenez, horrela izan da, eta, gainera, eskerrak emanez gutun mordoa jaso duela dio.

Gauza guztietan bezala, jarrera honen aurka dauden taldeak agertu dira. Elkarte batzuek debeku hauek haurren eskubideen aurka doazela salatu dute, diskriminazio bat dela esanez. Euren aburuz, familiek eskubide osoa dute nahi duten jatetxea aukeratzeko. Hala ere, egia da jendeak lasai egoteko eskubideaz aparte, negozio bakoitzak baduela nolako bezeroak nahi dituen aukeratzeko eta horiei zuzendutako legeak jartzeko eskubidea. Jatetxe batzuk familiei esklusiboki zuzendutakoak dira, eta beste batzuek, aldiz, jarrera formalagoa eskatzen dute. Esate baterako, McDonald’s bezalako janari lasterreko enpresa asko familiak erakartzen saiatzen dira, horretarako haurrentzako parkeak jarriz eta menuekin jostailu erakargarriak oparituz. Baina ez bakarrik familiek eta jabeek, gainontzeko bezeroek ere ez al daukate nahi duten giroa aukeratzeko eskubidea?

Edozein modutan ere, honekin ez dut esan nahi jatetxe, hotel, taberna eta gainontzeko negozio guztietan haurrak debekatu behar direnik, ezta gutxiagorik ere. Are gehiago, umeen sarrera debekatzen duen legea ateratzea gaizki irudituko litzaidake. Arestian esan bezala, haurrei zuzendutako negozioak dauden bezala, beste batzuk hauentzat ez izatea ez dago gaizki, eta horregatik negozioen jabeak erabaki beharko luke nori zuzendu bere lokala, enpresariaren esku utziz haurrak debekatzearen erabakia. Enpresariak soilik dauka azken hitza. Horrela, kontsumitzaileak irabaziko du, aisialdirako nahiago duen giroa aukeratu ahal izango duelako, eta baita jabeak ere, berak aukeratzen duen giroan ez baitu kexarik jasoko.

Laburbilduz eta beste era batera esanda, nire aburuz, gero eta indar gehiago hartzen ari den joera hau ez litzateke haur eta familien aurkako debeku bezala hartu behar. Hainbat jatetxe, taberna eta abarretan umeei sartzen ez uzteak negozioetan giro mota desberdinak sortzea ekarriko du, bezeriaren perfilaren arabera. Horrela, kontsumitzaileek aukera ezberdin gehiago izango dituzte eta erosoago sentituko dira. Bestalde, argi dago ume batzuek izaten duten jarrera desegokia ez dela euren errua; izan ere, horrelako neurriak hartzea ez litzateke beharrezkoa izango gurasoek seme-alabei mugak jarriko balizkie, toki publikoetan jarrera egokia izaten irakatsi, eta garrantzitsuena, besteekiko errespetua. Ni ere haurra izan nintzen, eta nire gurasoei ez zieten inoiz atentzioa deitu beharrik izan beste bezeroak gogaitzen nituelako.

Comments { 2 }

Gaueko argiak, kalte larriak

Gaueko argiak (FlickrCC, cuellar)Ken zazpiren Gaueko argiak abestiak dio “argiak piztuta topatzen ditut kalera irteten naizen orduan“. Egia da, egun eta gau argiak piztuta daude nonahi. Nori ez zaio gertatu, noizbait, etxetik irten eta sukaldeko argia piztuta uztea? Niri, zoritxarrez, behin baino gehiagotan. Inoiz pentsatu gabe nengoen argiak sortutako kutsadura hain larria izan zitekeenik; harrigarria eta sinesgaitza iruditu zitzaidan Berrian irakurri nuen arte honi buruz. Orduan ohartu nintzen argiak sortzen duen kalteaz.

Lehenik, eta adibide gisa, aipatzekoa da astronomoei sortzen diegun arazoa. Hauek izarrak aztertzeaz arduratzen dira, eta guk, gaur egun, gero eta kale-argi gehiago ipintzen ditugu, herri eta hirietan batez ere. Faroletako argia zeruan islatzen da gehienbat, eta horrek sortarazten du kaltea; beraz, saia gaitezen argia erabiltzen beharrezkoak diren objektu edo inguruak argitzeko. Gainera, askotan beharrik izan gabe, piztuta mantentzen ditugu. Ondorioz, oso zaila izaten da izarrak ikustea. Egia esan, bistakoa da arazo hau ez dela denetan larriena. Ni harritu ninduenak argiak gizakioi egunaren eta gauaren erritmoa hautsi diezagukeela jakitea izan zen. Egindako ikerketen arabera, gauean argia ez izateak melatonina hormona murriztu egiten du eta hormona hau, alde batetik, loa eragiteaz arduratzen da. Bestetik, antza denez, minbizietatik babesten gaitu. Beraz, zenbat eta argi gehiago erabili gauez, minbizia pairatzeko arriskua orduan eta handiagoa izango da. Lo orduak murriztea ere eragin dezake.

Bigarrenik, gizakioi kalteak sortzeaz gain, animaliengan ere gaitz larriak sortzen ditu. Honako hauek dira batzuk: txorien migrazioan eragiten du, intsektuak harrapatzen ditu, animalien habitata eraldatzen du… Denetan larriena, txoriei sortutako kaltea dela iruditzen zait. Izan ere, gauean argi gehiegi egoteak txoriak lehenago loditzea dakar; ondorioz, goizegi hasten dira migratzen. Sinesgaitza dirudien arren, gaueko argiarekin jateak loditzea dakar. Duela gutxi egin da ikerketa arratoiekin eta orain gizakiekin egin nahi da.

Nolanahi ere, pentsatu behar dugu gauen argirik gabe ibiltzea ez litzatekeela erosoa izango; izan ere, edozer gauzarekin estroputz egin eta lurrera eror gintezke; edo, gertatzen diren gauza guztiekin, beldurtu egingo ginateke kalean zehar bakarrik ibili behar izanez gero. Gaueko argia inoiz asmatu izan ez balitz, argirik gabe bizitzeko arazorik ez genuke izango. Baina, gaur egun, argi artifizialik gabe bizitzea ezinezkoa dela esatera ausartzen naiz. Edonola ere, honekin ez dut esan nahi argi asko erabiltzea egoki jokatzea denik.

Aurreko guztia laburbilduz, zera esan daiteke: gauez argia erabiltzea kaltegarria da. Halere, gaur egun argirik gabe bizitzea ezinezkoa denez, modu kontrolatu batean erabiltzea izango lizateke egokiena arazoak murrizteko.

Bideo honetan, labur-labur azaltzen dira argiak sortutako kutsaduraren ondorio gutxi batzuk:

Comments { 0 }
-->