Ez da erraza izan, ez. Tartean lan ugari, betebehar anitz eta, zergatik ez, urduritasun mordoa eta kezka bat baino gehiago…Azkenean, minutu batzuetan guztia ahazteko: URREZKOAK GARA! Lortu dugu!!
Ostiral eguerdian barreiatu zen berria ziztu bizian ikastolako txoko guztietatik; batzuk klasean geunden, beste batzuk joanda jada…Ezin ukatu gure barnean sentitzen dugun poza, batez ere, azken urteetan, kalitatearekin hartutako konpromisoaren onurak egunez egun frogatzen ari garelako, taldean ari garelako lanean (irakasleok, gurasoak, ikasleak…) eta, batez ere, gure bakarkako helburuak taldearen jomugekin lerrokatzen saiatzen ari garelako…
Azken finean, lortutako saria guretzat oso garrantzitsua izanik ere, nire uste apalean, ez da ezer egunero jasotzen ari garen sariarekin alderatuta: zenbat eta gehiago sakondu arlo honetan, orduan eta gehiago ikasi eta emaitza hobeak lortzen ari gara! Hori da benetako urrezko Qa guretzat! Pixkanaka gure lanaren arlo guztiekiko filosofia aldatzen saiatzen ari izana: ondo pentsatu zer lortu nahi dugun zerbait planifikatzen hasi aurretik, planifikatutakoa aurrera eraman, neurtu/baloratu egindakoa, ondo egindakoak kontuan hartu hurrengorako eta gaizki egindakoaz ohartu, ez bakarrik akats berdinetan ez erortzeko, baita hobetzen saiatzeko ere! Metodologia sinple bezain eraginkorra, bizitzaren edozein ataletara eramateko baliagarria…
Urrezkoak gara eta harro gaude, bai; halere, sari hau duela ia hamarkada bat hartutako konpromisoan urrats bat gehiago besterik ez da, pauso sendoa, irmoa baina pauso gehiagorekin osatu beharrekoa, eguneroko lanean islatu beharrekoa…Bidea luzea eta malkartsua da, baina gaur bide horren tarte lauan gelditu gara istant batez, atzera begira, pozez; eta, aurrera, itxaropenez.







Iruzkin berriak