Gure eguneroko bizitza lanpetuan, ia inork ez du denborarik hartzen liburu bat irakurri, lagunekin egon edo familiartekoekin une atseginak pasatzeko. Hala ere, badago denok egiten dugun zerbait: kontsumitu, erosi. Izan ere, gure egunerokoan txertaturik dagoen kontzeptu bat baita. Esaterako, nork ez ditu merkealdiak aprobetxatzen? Nork ez ditu urtaro berriarekin jantzi berriak erosten? Nork ez du… ? Horretaz baliatuz, kontsumo katea zuzentzen duten enpresa handiek zaharkitzapen programatua abiarazi zuten duela mende bat.
Wikipedian irakurri ahal dugunez, zaharkitzapen programatua produktu baten bizitza erabilgarriari bukaera zehatza ezartzeari deritzo, ekoizleak berak produktua diseinatu eta merkaturatzean aurreikusi dena. Baina zer eragin du gure gizartean kontzeptu honek? Ekonomia eta Enpresako irakasleak honen berri eman arte, ez nuen inolako informaziorik honi buruz; izan ere, ezinezkoa iruditzen baitzitzaidan horrelako egoerak eman zitezkeenik. Hala ere, Cosima Dannoritzer zuzendariak eginiko dokumental liluragarriari esker (“Comprar, Tirar, Comprar”), benetako errealitateaz jabetu naiz. Denok gara egoera horren biktimak, guztiok jarraitzen baitugu kontsumismoaren katea.
Behin baino gehiagotan hondatuko zitzaizkizuen etxetresna elektrikoak, autoaren piezak edota beste mota bateko aparailuak. Gertatuko zitzaizuen, halaber, hauek konpontzera eramatean, teknikoek aparatu berria erostea gomendatzea. Ez, ez da kasualitate bat; hori da benetako errealitatea. Izan ere, XIX-XX. mendeen buruan, kontsumismoak gailurra jozuen; produktu guztien ekoizpen masiboa eman zen eta mundu aurreratuetako biztanleek erosteari ekin zioten. Hala ere, garai haietan, produktu guztiak iraupen luzekoak ziren (jantziak, elektrotresnak…); nolabait esateko, produktu “idealak” ziren. Hori, baina, arazo larria zen
ekoizleentza; ekoizkin guztiek denbora luzez irautean, jendeak ez zuelako hainbeste kontsumitzen. Hori dela eta, euren ustezko “produktu perfektuaren†bila hasi ziren. Ezaugarri garrantzitsuena iraupen motzekoa izan behar zuela zen eta mekanismo batzuei esker lortu zuten. Ez al da sinesgaitza?
Honen guztiaren berri izan nuenean, lotsagarria iruditu zitzaidan. Nola liteke munduko ekoizle handiek biztanle guztiez baliatzea euren interes ekonomikoak lortzeko asmoz. Non geratzen da hainbat aldiz aipatzen den etika? Kasu hauetan, gizakiaren etikaz eta moralaz duda egiten dut. Hori gutxi balitz, gure kontsumo masiboaren biktimak hirugarren munduko herrialdeak dira. Izan ere, horrenbeste kontsumitzean, hondakin asko sortzen dira eta hauek “bigarren eskuko material” modura bidaltzen dira bertara. Benetako zabortegiak aurki daitezke (argazkian ikus daitekeen modura). Hango biztanleek ez al dute nahikorik euren egoerarekin gure zaborra bertara eraman gabe? Negargarria iruditzen zait egoera hau guztia eta horregatik plazaratu nahi izan dut funtzionamendu hau.
Hala eta guztiz ere, esan beharra dago gure ekonomia kontsumoan oinarritzen dela eta, inork kontsumituko ez balu, ekonomia ereduak porrot egingo lukeela, azkenaldian ikusten ari garen legez. Baina zein da irtenbidea? Kontsumitzen jarraitzea? Beste antolaketa mota bat sortzea? Ez nago ziur. Aipatu behar dut, dena den, jadanik egon badaudela egoera honi irtenbide bat eman nahi dioten taldeak edota gizartearen kontzientziak astindu nahi dutenak, besteak beste, Zeitgeist mugimenduan parte hartzen dutenak. Talde hau Venus proiektuan oinarritzen da eta euren helburua dirurik eta legerik gabeko mundu aurreratu bat sortzea litzateke. Horretarako, urtero Z-Day eguna ospatzen dutenean, beraien ideiak plazaratzen dituzte. Hori al da, ordea, benetako irtenbidea? Zein iritzi duzue?
Argia astekariaren youtubeko kanalean, zaharkitzapen programatuaz Cosima Dannoritzerren hitzak entzun ditzakegu:
Informazio gehigarria:
Iruzkin berriak