GoAnimate.com: Otsoa non aipa, han gerta by iruneagirre
GoAnimate.com: Otsoa non aipa, han gerta by iruneagirre
Gran Hermano, La Noria, Sálvame, Supervivientes… reality show eta talk showez gainezka dago Espainiako telebista programazioa. Garai batean gizarteak ontzat jotzen zuen zerbait egin behar zen pantailan agertu ahal izateko; gaur egun, aldiz, pare bat birao bota eta zeure burua barregarri uzteko prest egonez gero, ziurtatuta duzu lekua telebista pribatuko edozein katen. Lotsagarria deritzot honi. Normala al da, bada, telesaio batek urliaren ipurdiaz, sandiaren alabaz edo berendiaren adarrez hitz egin besterik ez egitea? Normala al da bi gizon plato erdian elkarri joka hastea?
Hasteko, ez dut ulertzen nola den posible pertsonari bere duintasuna eta pribatutasuna ebasten dizkion rolak betetzean oinarritzen diren lanbideak -azken batean hortik bizi baitira- existitzea. Legezkoa izango da, baina morala… Bai, egia da Karmele, Kiko edo dena delakoa bere borondatez joaten dela platora, eta diru sari interesgarri bat lortzen duela trukean, baina benetako etekina ateratzen duena katea bera da, pertsona hauek bere nahiera erabiltzen dituena eta hauei esker sekulako irabaziak dituena.
Bestalde, esaerak dioen bezala, ikusten dugunak eragin egiten digu; zer ikusi, hura ikasi. Azaltzen duten errespetu eta balore ezak, beraz, ikusle guztiogan uzten ditu zantzuak. Honek denoi egiten digu kalte, baina bereziki gazteenei -kontuan izan behar da haurren ordutegian emititzen direla gehienak-. Haurrek maiz heroiak behar dituzte, eta telebista kalea bezain baliogarria da rol-model iturri gisa. Ondorioz, ez da harritzekoa telebistan ikusten duten norbait eredutzat hartzea. Imagina ezazue zeuen semeak Kiko Hernándezbezalakoa izan nahi balu edo alabak Belén Estebanen posterra jarriko balu gelan. Nahiago nuke telebistarik ez eduki.
Halaber, programa hauek protagonismo oro bertako pertsonaiei ematen diete, informazioa edo diotena bigarren planuan utziz; azken finean, eduki mailan hutsik daude. Honela informazio zehazgabea egiatzat erabiltzen dute, zer dioten ere ez dakitela (garrantzitsuena nola dioten baita, ahal den era baldar eta polemikoenean). Informazio zehatza emateko arreta urria eta iturrien fidagarritasunaren frogaketa eskasa Wyoming eta Intereconomia ren arteko liskarrean, edo Cristianok Sálvame programari egin dion salaketan agerian geratu dira.
Hori bai, ez da ahaztu behar telebista potentzial handiko komunikabidea dela. Gezurra dirudien arren, kultura eta informaziorako bide ezin hobea da -nahiz, ikusitakoak ikusita, denbora-pasa merkerako mugatua dirudien-. Errazagoa da eta aurrekontu txikiagoa behar da, noski, showak emateko; ahatik, telebistaren ahalmenaz baliatu ordez, hain erabilera kaskarra ematea tresna erabat mespretxatzea dela iruditzen zait.
Ezin da ukatu, azken finean, ikusleak garela saio batek iraun dezan edo ken dezaten egiten dugunak, eta saio mota honek Espainian daukan ikusleria ikaragarria denez, guk ere erruaren zati bat dugula esan liteke. Nolanahi ere, eskainitako programazioa ikusita, aukera gutxi ditu ikusleak morboari lasa ematea baino. Gehienok, denok ezpada, morboa daukagu. Baina baditugu beste interes eta kuriositate hobeak; gauza da telebistan lehenengoa garatzeko aukera edo baliabide gehiago eskaintzen zaikigula bigarrena baino. Eta hor dago, nire ustez, telebista pribatuaren errorea. Euren interesa kultura eta gizartearen gainetik jartzea.
Hori dela eta, demagogia besterik ez duen “telezaborra” gutxiago ikustea ideia ona izan liteke, programa merke hauek audientzia galdu eta desagertzeak ez bailioke inori kalterik egingo, eta, beste gauza askoren artean, etorkizuneko generazioak bestelako baloreez heztea ahalbideratuko bailuke.
Follow @euskaljakintza on Twitter
Ordiziako Jakintza Ikastolako DBHO 2ko ikasleak eta Maite Goñi Euskal hizkuntza eta Literatura irakasleak osatzen dugu euskaljakintza taldea.
Gure asmoa euskara ahalik eta gehien erabiltzea izango da, bai ahoz, baita idatziz ere, eta, horretaz gain, guk egindako guztia guztiekin partekatzea. Gauzak horrela, ideia ona iruditu zaigu hizkuntzaren erabilera eta zabalkuntzarako blog hau erabiltzea! Euskara eta teknologia berriak bikote ederra osa dezaketela pentsatzen dugu eta ideia hori aurrera eramateari ekin nahi diogu.
Blog honetan gure gaia lantzeko eta orokorrean euskararen azken nondik norakoak jakiteko hainbat artikulu eta baliabide ugari topatzeko aukera izango duzu. Jarraitu irakurtzen...
euskaljakintza.com lizentzia: Creative Commons Aitortu Partekatu
Iruzkin berriak