About irune.agirre

Author Archive | irune.agirre

Ez adiorik, euskaljakintza5! Orain, euskaljakintza6, zuen txanda da…

Ziurrenik, hau izango da orain arte idaztea gehien kostatu zaidan bidalketa. Ziurrenik, hau izango da gehien hausnarrarazi didana. Behin baino gehiagotan idatzi dut, buelta asko eman dizkiot buruari… Uste dut, baina, lortu dudala nik nahi nuen kutsuaz blaitzea azkenean.

Hasiera-hasieratik sinetsi nuen Euskal Hizkuntza eta Literatura lantzeko eskaini zitzaigun aukera berritzaile honetan. Euskaltzaindiako arauak landu ditugu, literatura ere bai; elkarrizketak egiten ikasi dugu, iritzi artikuluak idazten ere bai… baina hori guztiaz gain, internetek izan dezakeen indarraz jabetu gara. Ikasgaiari zegozkion konpetentziez gain, sarea baliatuz sakonagoa den filosofia bat transmititu digu Maitek, sortu eta partekatzearena. Segurtasuna eman didan esperientzia izan da, bete egin nauena eta, zinez diotsuet, ez nuke ezerengatik aldatuko.

Urtebete igaro da iaz esperientzia honi hasiera eman genionetik, eta gaur bi sentimendu kontrajartzen zaizkit. Alde batetik, lana nahiko txukun egin dudan susmoak ematen didan poztasuna; bestetik, tristezia, iritsi baita lekukoa pasatzeko eguna. Ziklo bat bete dudala argi dago eta, Maitek uzten badit, beste bat hasiko dut, aurrekoa hasi nuen ilusio eta gogo berberaz (edo handiagoz). Nire asmoa parte hartzen jarraitzea da, euskaljakintzako  partaide izateari eustea.

Amaitu baino lehen, aholku bat eman nahi nizueke, horretarako norbait banaiz bederen, ondoren zatozten horiei: aprobetxatu eta gozatu Maitek eskaintzen dizuen aukera hau. Uler ezazue blog hau zuen ideiak mundura zabaltzeko gunetzat, euskararen ikaskuntzan laguntzeko txokotzat; eta ez eginbehar hertsigarritzat. Ereindakoa bueltan etorriko zaizue. Nire aldetik, ezer gehiago ez. Ez adiorik euskaljakintza. Ongi etorri, euskaljakintza6!

Comments { 0 }

Internet hemen da, gaur, orain

Orain egun batzuk izan nuen Internetek Mexikon duen egoeraren berri: biztanleen ehuneko hirurogeita hamarrek ez du sarean nabigatzeko aukerarik. Harrigarria iruditu zitzaidan, harrigarria bezain kezkagarria; azken batean, XXI.a den mende honetan, garapena eta internet, biak bat direla ulertu dut lehenengo hamarkadak eman duenagatik. Gogoak Mexikora eraman ninduen, eta rol jokoa bailitzan, internet gaberik bizi den biztanleetako baten azalean jartzen saiatu nintzen. Zaila egin zitzaidan oso, imajinaezina, horrenbeste dira internetek eskaintzen dizkigun abantailak! (Egin klik ondoko irudiaren gainean, horietako batzuk ikusteko.)

Har dezagun, esaterako, irakaskuntzaren esparrua. Duela urte batzuk sinestezina zen ikasle batek sortutako ezer edonoren eskura izatea. Gaur egun, hori da klik batek ahalbide diezagukeen gauzarik arruntenetakoa. Internetek hezkuntza sistema tradizionalarekiko haustura ekarri du. Milaka webgune daude helburu didaktikoa dutenak, hala nola, wikiak, blogak, gisa guztietako sorgailuak… Aukera horiek guztiak baliatuz, ezagutza itsu-itsuan testu liburuetatik erdietsi behar izatetik, edukiak sortuz ezagutza lortzera pasa gara, aprendizaia prozesua irauliz, hezkuntzan kritikotasuna txertatuz. Testuinguru horretan jarri da abian Eskola 2.0 egitasmoa.

Halaber, komunikazioaren esparrura ere izugarrizko aldaketak ekarri ditu. Sare sozialak momentuko mezularitza zerbitzutik hasi eta ideiak, argazkiak, bideoak, musika eta beste mila gauza partekatzeko gune bihurtu dira. Erabilerrazak dira eta giza harremanek hornitzen dituzte, hori da euren arrakastaren gakoa. Facebook da sare sozial entzutetsuena eta Twitter moda-modan dagoen microblogging gunea. Biek ala biek ematen dute jendea jarraitzeko aukera, eta jario irakurleak bailiran funtzionatzen dute, etengabe eguneratuz. Mundua, bere handitasunean, txiki egitea lortu du internetek, gutiz globalizatzea.

Baina Internetek ere baditu bere arriskuak. Batetik, Internet Addiction Disorder izenekoa. Gauza guztiekin bezala, gehiegikeriak daudenean, adikzio izatera pasa daitezke, gaixotasun. Gaitza gero eta ohikoagoa bihurtzen ari dela dirudi eta horregatik sortu zen AEBn reSTART. Alabaina, kontuan izan behar da internet, berez, ez dela arriskua, lan eta aisirako gailua baizik. Arazoa norbanakoaren erabileraren neurrigabetasunean dago.

Bestetik, nortasun digitala daukagu. Iaz izan nuen lehenengoz honen berri. Jokin Lacallek ikastolako ning-ean jarri zigun post -ak ireki zizkidan begiak. Sarean kontu handiz ibili beharra dagoela erakutsi nahi izan zigun; izan ere, bertan egiten dugun oro gordeta geratzen baita. Maitek beti esaten digu argitara ateratzea nahi ez duguna interneten ez jartzeko eta Mashable webguneak ere hiru aholku eman zituen lehengo batean nortasunaren zaintzarako. Horrek, ordea, ez du erabileran oztopo izan behar. Azken batean, horregatik ez erabiltzea, teila batek buruan jo gaitzakeen beldurrez kalera atera nahi ez izatea bezain zentzugabea litzateke. Nik argi ikusten dut, beldurraren funtsa desinformazioa eta ezjakintasuna dira.

Sareak partekatzean oinarritzen den komunitate bat ere osatzen du, helburu komertzialetatik at dagoen mundu bat, denok denongandik ikastea ahalbidetzen duena. Filosofia horri jarraiki sortu da software askea, eta asko dira bere aldeko apustu irmoa egin dutenak.

Internet ez da bihar etorriko, ez da etorkizuna, oraina da. Hemen dago eta geratzeko etorri da. Jada ez dago sarea errealitatearengandik bereizterik, mundu birtuala zein fisikoa biak nahastu baitira. Orain, emeki-emeki gauzen internetek nola disolbatzen dituen ikustea besterik ez zaigu geratzen.

Comments { 1 }

Otsoa non aipa, han gerta

GoAnimate.com: Otsoa non aipa, han gerta by iruneagirre

GoAnimate.com.

Comments { 3 }
-->