Egunkarietan, telebistan, lagunarteko solasaldietan, aldizkarietan… medio guztietan eta edozein ordutan hitz egiten da pertsona ospetsuei buruz. Zehatzago izateko, ospetsuen bizitza pribatua izaten da guztion ahotan, beti txutxu-mutxuak bilatuz. Esaterako, azkenaldian Fernando Alonsoren kirol ibilbide arrakastatsuaz hitz egin ordez, emaztearekin izaten ari dengorabeheraz hitz egiten da.
Famatuek ezin dute sekreturik izan, ezin dute kalera irten beste edozein hiritar bezala, esaten edo egiten dituzten ekintza guztiak epaituak izango baitira. Are gehiago, hondartzara joatea oso arriskutsua izan daiteke pertsona hauentzat, beti baitago paparazziren bat bainujantziaren diseinua kritikatzeko, iztarretako zelulitisa agerian uzteko edo edozein egora estutan harrapatzeko. Ospetsuen bizitzari buruz dena dakigu, intimitate xumeena ere, eta ia ez dute pribatutasunerako eskubiderik. Hori gutxi balitz, presio handia izan ohi dute; izan ere, bai kirolariak, bai abeslariak, bai modeloak edo baita beste edozein pertsonaia ezagun ere gure erreferente bihurtzen dira eta sarri beraien jarrerak imitatzen saiatzen gara.
Hala ere, pribatutasun falta hau guztiz txarra al da ospetsuen interesentzat? Askotan beraiek, ospetsuek, probokatzen dituzten egoerak dira bihotzeko prentsako aldizkarien lehen orrian ezartzen dituztenak. Fama iragankorra da, noski, eta telebistako elkarrizketak egiteagatik ordaintzen zaizkien itxuragabekeriak agortzen zaizkienean, luxuzko festa garrantzitsuetara gonbidatzez uzten zaienean eta ohituta dauden bizi maila altura egokitutako bizimodua mantentzeko diru gabe ikusten dutenean euren burua, orduan, garbi ikusten dute irtenbidea:Â pribatutasuna saltzea.
Zer esan nahi du honek? Famatuek euren eguneroko bizitza edo iraganeko pasarte pribatu eta morbosoak publiko egiten dituzte diru-truk, horrela, berriro ere guztien ahotan egongo dira. Zenbat borroka, esklusiba, muntaia, haserre, dibortzio, ezkontza… Bizitzako pasarteak kontatu eta poltsikoa bete diru, etxera. Ikus, adibidez, Kiko Riveraren kasua: Isabel Pantojak eta bere semeak kameretatik urrun egon nahi izan dute azken urte hauetan, baina orain edonor izan daiteke Kiko Rivera eta haren neska-lagunaren arteko gorabeheren lekuko, batez ere Twitter bitartez.
Gainera, okerrago ere izaten da. Askotan seme-alabak -adin txikikoak- sartzen dituzte tartean etekin handiagoa lortzeko asmoz. Mila bider ikusi izan ditugu gurasoak jaioberriekin aldizkarietako portadetan. Eta zer esanik ez Suri Cruise txikiari buruz, ia gurasoak baino ospetsuagoa den neskatoa.
Egia da famatu asko oso kontrolatuta bizi dela, baina niri burura etortzen zaidan galdera honakoa da: zergatik haserretzen dira horrenbeste prentsarekin beraiek nahi dutenean eta komeni zaienean edozer kontatzeko gai badira? Merezi al du pribatutasuna saltzeak gorenean egoteagatik? Edozein modutara ere, argi dago ospetsuen bizitza pribatua oso zirraragarria suertatzen dela milioika ikuslerentzat. Azken batean mundu hau negozio bat da eta prentsa arrosak izugarrizko kontsumitzaile kopurua izaten jarraituko du.
No comments yet.