Punk, rock’n’roll & reggae matxinada, PADDY REKALDE

Paddy Rekalde idazle ezaguna dugu genero desberdinetan (Aizu, Paddy!, Whiskey koloreko gauak, Sex Abaroa, Rebel Mayo Colorao, Bilbo Dub Kronikak), eta hainbat bildumatan hartu du parte. Ohiko sinadura dugu Aizu!, Ostiela! eta Putz bezalako aldizkarietan, eta baita prentsan ere. Literatura eta musika uztartzen laketzen da bereziki, eta hortik liburu hau, The Clash-zale amorratu baten aitortza literarioa.

Hauxe da liburuari buruz izan nuen lehenengo informazioa eta pentsatu nuen lehenengo gauza izan zen noiz edo noiz irakurriko nuela. Nigan berezkoa den bezala, ez nintzen munduko liburu-denda hoberena den Mujika papertegira (nire izebaren liburu dendara) hegan joan. “Noizbait irakurriko duk” esan nion nire buruari. Momentu hartan, Garikoitz Mujikak idatzitako Gazte Matxinada inoiz kontatu gabeko historia liburua irakurtzen ari nintzen, ondoren, blog honetantxe iruzkin bat jartzeko asmoz, baina denboraz justu nenbilela eta gerorako utzia nuen liburu hau irakurtzen hasi nintzen. Kezka batekin baina: Paddy hau idazle euskalduna izango al da? e-mail bat Gaztelupeko hotsak zigilura eta kitto! Beraiek ziurtatu zidaten Paddy euskal The Clash zale ugarietako bat dela.

Liburu honekin euskal rockean horrenbeste eragin izan duen taldea barruagotik ezagutzeko gai izan naiz baita ingeles hauen letren esanahia hobeto ulertzeko ere. Liburuaren hasiera Londresen kokatzen da 70eko hamarkadan The Clash eta beste talde punk askoren sorlekuan. Garai hartan gazteek bizi zuten egoera kontuan izanik esan daiteke Punk mugimenduak gazteen beharrak ase zituela. Musikaz deus jakin gabe gazte asko herritik irteten hasi ziren musika jo eta mozkorraldi bat hartzeko. Punk kontzertu ororen ondoren liskarrak sortu ohi ziren nonahi, The Clashek, ordea, ez zuen halako liskarrik maite. Talde honek benetan nahi eta bultzatzen zuena matxinada zen, sistemarekiko desadostasuna eta mundu hobe baten aldeko aldarria zabaltzea zuen helburu, honetarako musika erabiliz.
Talde ingeles hau Hertzainak talde euskaldunarekin askotan alderatu dut lagunartean eta gehienetan elkarrizketa berdin amaitu izan da: “Hertzainak da Euskal Herriko The Clash taldea”. Diskoen norabidea berdintsua izan dute bi taldeek; lehenengo disko gogorretik azkeneko musika lasaira eboluzionatuz, beti letra sozialen inguruan.

Punki britainiarrek ez zuten nahi The Clash Amerikako Estatu Batuetara joaterik estatu honen erruz punki hauen talde kuttuna punk musikatik urruntzen omen zelakoan baitzeuden. Ez zen horrela, aldarazten zituena adina zen, ez zuten nahi musika estilo bakar batean geratu, punkaren hesia hautsi nahi zuten. Joe Strumer abeslariak horrela zioen Sandinista! disko lasaia kaleratu zutenean:

Nik uste dut orokorrean ez dela jendearen gustukoa izango. Punk gazte horiek ez lukete erosi beharko baldin eta bilatzen dutena rock anfetaminikoa bada. Beharbada bestelakorik bilatu beharko lukete, UK Subs edo Rejects bezalakoak… Musikak aldaketak behar ditu. Espero dut jendeak hau ulertzea… eta guri egiten uztea. Jotzeak, esperimentatzeak… horrek gaitu beldurtzen, horixe da egiten ari garena.”

Eta Jokinekin Belfasterako bidean Dublinen geratu aurretik hau irakurri izan banu, eskuetan izan nuen lehenengo disko zoragarria erosiko nuen, Sandinista! disko bikoitza erosi ordez. Lastima. Disko honen aurkezpena Euskal Herrira iritsi zenean (duela hogeita bost urte) Madril eta Bartzelonatik igaro berriak ziren eta soinu arazoak omen zituztela zioten zurrumurruak azaldu ziren egunkarietan. Ez omen zen sarrera askorik baina azkenean 7000 bat The Clash zale agertu ziren Donostiako zitara, bertaratutakoek inoiz ahaztuko ez duten kontzertua entzutera.

Garai honetarako, taldea barnetik deseginik zegoen eta honen isla denbora batera gertatuko zena izango da. Topper Headon bateria-joleak heroinarekin zituen arazoei aurre egin ezinagatik kaleratua izango da eta, urte batzuk beranduago, 15 hilabete egingo ditu kartzelan lagun bati gaindosia eragingo dion heroina eskuratzeagatik. Talde barneko harremanak, beraz, ez dira oso erosoak eta, azkenik, 1985. urtean amaiera emango diote ibilbideari eta bakoitzak bere bidea hartuko du. Dena den, badirudi, aurtengo udan zorte latza izango dugula euskaldunok, izan ere Joe Strummer taldeko gitarra-jole, kantari eta liderra hila den arren, berriro bat egingo baitute uztailean Bilbon egingo den Bilbaolive Festibal festibal berrian. Zorte pixka batekin bertan izango gara.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->