Bernardo Atxaga, 1951ko uztailaren 27an jaio zen Asteasun, eta bere benetako izena Joseba Irazu Garmendia da. Lehen ikasketak bere jaioterrian eta Andoainen egin zituen; batxilergoa, berriz, Donostian. Garai horietan irabazi zituen bere lehen sariak, hain zuzen ere, eskola-umeentzat sorturiko literatur lehiaketetan. Ekonomia Zientzietan lizentziatu zen Bilboko Unibertsitatean eta, bertan, zenbait euskal idazle ezagutu zituen, hala nola, Gabriel Aresti, haren lehen lanak argitara ematen lagundu ziona. Hainbat lanetan aritu zen: euskarako irakasle, irratiko gidoilari, liburu-saltzaile, ekonomialari… Azkenean, laurogeiko hamarkadan, buru-belarri murgildu zen literaturaren arloan.
Hasiera batetik izan da langile saiatu eta zorrotza Atxaga. Horren erakusle dira, gaztaroan, 1972an, kaleratutako bere lehen euskal poemak, 1976an argitaratutako bere lehen eleberria, 1978an plazaratutako Etiopia poema-liburua… Eta ez da harritzekoa; izan ere, idazle euskaldun honek bikain erabiltzen du barne-mundua eta euskarak duen adierazkortasun eta sondotasuna plasmatzen ditu bere obra bakoitzean. Ondorioz, 1977an, banku batean zeukan lana utzi, eta idaztetik bizitzeko erabakia hartu zuen. Garai honetan, Pott bandako partaide izan zen, izen bereko aldizkarian lanak argitaratuz, Joseba Sarrionandia eta Ruper Ordorikarekin elkarlanean.
Bernardo Atxagaren bereizgarri nagusienetako bat da, lehen esan bezala, hizkuntzaren erabilera eta 1989az geroztik bere lanek errekonozimendua besterik ez dute jaso: Obabakoak-ek, adibidez, Espainia osoaren mirespena lortu du, Espainiako Literatura Sari Nazionala, Euskadi Saria, Kritikaren Saria eta Prix Millepages Saria jasoz eta lana 20 hizkuntza baino gehiagora itzuliz. Hori dela eta, artista honen errespetua berretsi egin da obra berri bat kaleratu izan duen bakoitzean. Gainera, aipatu beharra dago,2007. urtetik euskaltzain osoa dela, bere literaturaren merezimenduarengatik eta euskara lau haizeetara hedatu izanagatik. Beste gertaera arrakastatsu bat Obabakoak eta Zeru horiek zinera egokituak izan direla da. Orokorrean, oso kritika onak izan dituzte bi film “euskaldun” hauek, eta, gehienbat, Obabakoak-ek.
Ildo beretik, garrantzitsua da aipatzea bere bizitzan zehar ukitu dituen genero guztiak: olerkigintzatik hasi, poesiarekin jarraitu eta narratibara arte. Bere idazlanen artean hauek aurki ditzakegu: Sugeak txoriari begiratzen dionean (1997), Bi letter jaso nituen oso denbora gutxian (1984), Behi euskaldun baten memoriak (1991), Bi anai (1985), Gizona bere bakardadean, Zeru Horiek (1995), Obabakoak (1998), Soinujolearen semea (2003) eta Zazpi etxe Frantzian (2009) dira esanguratsuenak. Irakurle mota guztientzako obrak egin ditu autore honek.
Baina badago lehen aipatu ez dudan eta Atxagak 1996an kaleratutako liburu bat: Sara izeneko gizona. Narrazio hau Lehenengo Gerra Karlistan kokatzen du eta kontakizuneko protagonista nagusia Martin Saldias da. Hainbat urteko iraupena izan zuen karlisten eta liberalen arteko gerrate honetan, Sara karlisten aldeko espioia da. Gizona izan arren, emakumezko izena erabiltzen du, liberalek etsaitzat har ez dezaten. Bilbotik atera eta Irungo karlisten topagunera joatea izango da bere lehen egitekoa, bidean aurkituko dituen kontrol liberalak ahal dituen moduan saihestuz. Bere helburua liberalek dituzten planen inguruan Tomas Zumalakarregiri informatzea da. Baina han hainbat izango ditu; izan ere, hirira sartu bezain laster, Aranburu tenientearen troparekin liskarra izaten du eta zalantzan jartzen hasten da ea liberalen aldeko traidorerik kanpamenduan ba ote dagoen, Aranburu begiz jota duela. Gainera, liberalen aurkako borroka batean, Martin zauritzen dute eta Aranburu izan delako susmoa hartzen du. Carrasco eta Merino tenientea eta Barrez generala ere izan daitezkeela pentsatzen du. Ikerketa sakon bati ematen dio hasiera orduan, eta pistaz pista traidoreekin topo egin arte ez du atsedenik hartuko. Hainbat gertakizunen ondoren (Aranbururen fusilamendua, Etxarri Aranazko erasoaren huts egitea, Valdivieso tenientearen hilketa…), Barrezek tiro nork egin dion esaten dio eta zelatari liberalak nortzuk diren jakiten dute azkenean. Hau guztia dela eta, bere gogoz gerrara joandako Martin Saldias bilbotarrak, Barrezekin batera, gerratea uztea erabakitzen du eta bere jaioterrira itzultzeari ekiten dio, atzean inoiz ahaztuko ez dituen egun zirraragarri eta, aldi berean, beldurgarriak utziz.
Jarraitu aurretik, liburu hau irakurtzearen zergatia argitu nahi nuke. Arrazoi garbiena hauxe da: akziozko narrazioak oso gustuko ditut. Akziodun nobelak irakurtzea oso interesgarri suertatzen zait; izan ere, mugimendu asko egotea eta ekintza ugari gertatzea gogoko baitut. Gainera, liburu honen hainbat lagunen kritika positiboak entzunda, birritan pentsatu gabe hasi nintzen irakurtzen. Eta lagunek esan bezala, segituan erakarri ninduten Martin Saldiasen abentura historiko eta susmoez betetako gogoetek.
Nire uste apalean, Bernardo Atxagak gure eskura utzi duen historia eta abenturaz betetako liburu hau nahiko erraz irakurtzen da. Badaude hainbat hitz espezifiko, adibidez, gerrateko lanabes eta militarren graduei buruzkoak, baina horiek ez dute eragozten irakurlearen ulermena testuan zehar. Niri, behintzat, ulertu gabeko hitzek ez didate arazorik sortu gertaerak irakurtzean. Bestalde, hasiera zertxobait pisutsua egin zaidala onartu beharra daukat, nahiz eta gerora gehiago erakarri nauen liburuak. Idazleak Martin Saldiasek Irunera iristeko behar duen denbora era luzeegian kontatzen duela iruditzen zait eta, ondorioz, nobelaren haria galtzen ari nintzela pentsatzera ere iritsi naiz. Hala eta guztiz ere, ondorengo gatazka, zurrumurru eta susmoek, bete-betean sarrarazi didate berriz narrazioan. Honenbestez, beste behin, Atxagak bere irakurleei huts egin ez diela argi baino argiago dago, irakurri izan ditudan beste liburuen adinako maila baitu liburu honek ere.
Narrazio literal eta historiko honen egokitasunez aparte, hiru xehetasun izan dira aipagarrien iruditu zaizkidanak. Alde batetik, idazle euskaldunak bere beste obra askotan azaltzen duen barne ahotsa ere agertzen du liburu honetan. Kasu honetan, Arenal Kafeko ugazaba-andrea da bere buru barruan hitz egiten duena, protagonistaren kontzientzia islatzen duena. Beste aldetik, nahiz eta historiako pasarte batean oinarritutako liburua izan, asteasuarrak bilatu du poemak non sartzeko bidea eta kasu honetan, Barrez frantsesaren poesia liburuak betetzen du funtzio hau. Azkenik, ezin da aipatu gabe utzi kapitulu bakoitzaren amaieran epilogo antzeko bat gehitu duela Atxagak. Atal bakoitzaren amaieran, bertan pisu gehien izan duen pertsonaiaren pentsamenduak agertzen ditu euskal idazleak, hala nola, Valdivieso tenienteak pentsatzen duena, Aranbururen gogoetak… Eta, egia esan, narradoreak asmatu du epilogo hauek jartzearekin; izan ere, pertsonaiei buruzko zalantzak argitzeko oso baliagarriak baitira.
Hau guztia dela eta, Bernardo Atxagak 1996an idatzitako narrazio hau, Sara izeneko gizona, irakurtzea gomendatzen diot 16 urtez gorako edonori. Gazteagoei, agian ez, Lehen Gerra Karlistaren ideia orokor bat edukitzea ezinbestekoa delako testuaren nondik norakoa ulertu ahal izateko. Beraz, euskal historia eta akzioa uztartzen dituen narrazio bat bilatzen duen irakurlearentzat, punta-puntako liburua dela pentsatzen dut eta ziur nago gustuko izango duela. Egia esan, ez dago zure gustukoa den liburu bat irakurtzea baina gauza atseginagorik!
[…] This post was mentioned on Twitter by Maite Goñi and Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: Sara izeneko gizona, Bernardo Atxaga: Bernardo Atxaga, 1951ko uztailaren 27an jaio zen Asteasun, eta bere benetako… http://bit.ly/9Q7eXd […]