Lehengo batean, telebista ikusten ari nintzela, moda berri baten berri izan nuen: sexu tendentziak adierazteko erabiltzen diren koloredun eskumuturrekoak. Sexu-eskumuturrekoak izenarekin ezagutzen direla jakin nuen. Moda hau Erresuma Batuan jaio, AEBetatik igaro eta orain Brasilera iritsi da. Baina zenbait istilu gertatu dela-eta, antza denez, horiek debekatzea aztertzen ari da bertako gobernua.
Artikulu honetan irakur ditzakezue joera berri honi buruzko zehaztasunak. Dena den, dirudienez, sexu-eskumuturrekoek zenbait heriotz ekarri dituzte; hainbat neska gaztek, eskumuturra soinean eraman eta gero, koloreak adierazten zuena bete ez izanagatik. Apaingarri hauen bitartez, kontaktu fisikoa izateko nahia adierazten omen da. Kolore ezberdinak daude, eta bakoitzak bere mamia dauka. Horiak, adibidez, eramaileak besarkada bat jaso nahi duela esan nahi du; bioletak, muxu baten grina; arrosak, neska bere bularrak erakusteko prest dagoela; urdinak, sexu orala praktikatzeko apeta; eta, beltzak, sexu harreman osoa izateko gogoa. Gauza ez da hor bukatzen, baina. Prozedura ondorengoa da: mutilek eskumuturreko horiek puskatu behar dituzte neskek adierazi nahi duten hori bete ahal izateko. Puskatu eta gorde; izan ere, kolore eta kopuruaren arabera, mutilen sona handituz joango da.
Moda berri hau iritsi da dagoeneko gurera eta, Brasilen gertatukoa ikusirik, zenbait lekutan koloredun eskumuturrekoen erabilera debekatzen hasiak omen dira. Gaur egungo gazteok edozer gauza asmatzen dugula garbi dago; ez dugu ikusten, nonbait, moda berri honek izan dezakeen arriskua. Hainbat gaztek jolas bat baino ez dela pentsatzen du eta hori da, nire ustez, arazoa. Gazte askok ez du honen berririk. Bada, demagun hemen ere modan jartzen direla eta neskek kolore ezberdinetakoak eramaten dituztela jakin gabe esanahia? Zer gerta liteke? Brasilen gertatutakoa errepika daiteke?
Bestetik, eskumuturrekoak debekatzea ez da, ene aburuz, arazoarekin amaitzeko konponbiderik egokiena; izan ere, horiek ekoizten dituen enpresak ez baitu gazteek egiten duten erabileraren errua. Enpresak ez zituen asmo horrekin sortu eta, ondorioz, bere erabilera debekatzea erabat bidegabekoa da. Egokiena informatzea izango litzateke, hau da, gazteei moda honen berri ematea, izan ditzakeen arriskuez ere informatuz.
[…] This post was mentioned on Twitter by Euskal blogosfera, Euskal blogosfera. Euskal blogosfera said: #euskalblogosfera Sexu-eskumuturrekoak eztabaidaren erdian: Lehengo batean, telebista ikusten ari nintzela, moda b… http://bit.ly/90vB50 […]