Sisifo maite minez – LAURA MINTEGI

Laura MintegiLaura Mintegi Lizarran jaio zen 1955eko urrian. 1973. urtera arte Bilbon bizi izan zen eta gaur egun, berriz, Algortan bizi da. Euskal Herriko Unibertsitatean Euskara eta Euskal literatura irakasle lanetan dihardu eta, gainera, hainbat aldizkaritan argitaratu ditu bere artikuluak. Hala nola, Anaitasuna, Elgacena, Jakin, Egin eta Egunkarian. Ilusioaren ordaina izeneko narrazio laburrekin eman zion hasiera bere literatur ibilbideari 1983an eta ordutik aurrera Bai..baina ez (1986), Legez kanpo (1991), Nerea eta biok (1994) eta Sisifo maite minez (2001) izenburupean ezagutzen dira idazlearen nobelarik ezagunenak. Laura Mintegik, beste batzuen artean, Donostiako Hiria ipuin lehiaketa eta Azkue zein Jon Mirande nobela sariak eskuratu ditu.

Sisifo maite minez izeneko nobela nire lehengusina baten bidez iritsi zen nire eskuetara eta izenburuarekin soilik ezer gutxi ulertzeko gai nintzela eta, irakurtzeari ekin nion:

Ane du izena istorio honetako protagonistak. Ama gaztea da, bere senarra, Jon, eta bi alaba gaztetxorekin Bilbon bizi dena. Ezusteko istripu baten haritik bere bizitza erabat aldatzen da egun gutxiren buruan. Alaba gazteenak kolpe bat hartu eta ospitalean Mikel medikuarekin egingo du topo Anek. Bien artean sortuko den pasiozko harremanak Ane dena atzean utzi eta maitalearekin ihes egitera bultzatuko du. Inork ezagutuko ez dituen txokoren batera…guztia atzean utzita, guztia iragana bihurtuz. Sei bat urte luzez Hertamerikan bizi ondoren, aldiz, barruak bere familiarengana itzultzeko aginduko dio. Aneren itzulera honetan kokatzen du Laura Mintegik irakurlea, Ane jaioterrira bueltatzen den instantean, hain zuzen.

Ane depresio aldi batean aurkitzen da, etxera sartu eta alabek ez dute ezagutu ere egiten. Jonek, ordea, oraindik maite duelakoan, lagundu egin nahi dio eta Esteban Mugarra izeneko psikoanalistarengana eramaten du iraganeko mamuak uxa ditzan. Anek bere barrua askatzeko parada izango du osagileren kontsultan, Mikelekin Managuara alde egin aurreko egunak bergogoratuz, maitasun sutsuzko goiz, gau edota arratsak minduta oroituz. Lan luzea izango du Mugarrak korapiloa askatzen eta bera ere desiraren tentazioan erortzeko zorian ibiliko da araketa honetan zehar. Izan ere, Aneren haurtzaroko laguna den Karmelek erabat itsutuko du Esteban. Emakumea lagunari laguntzeko xedez, Aneren jarrera ulertzea erraztuko duten arrazoien bila Estebanekin elkartuko da. Neska gazteak zireneko kontuak emango dizkio aditzera Karmelek. Anek bere ahizpa Amaiarekin izandako harremana kontatuko diolarik. Anek sekulako inbidia zion Amaiari, ahizparen parean egon nahi izaten zuen beti. Bera bezala janzten ei zen, berak bezala hitz egiten omen zuen…eta hori gutxi balitz, Amaia bere gustuko mutilarekin hasi zen, Txuterekin. Drogak oso gogoko zituen, “Txute” delakoak. Amaia bera ere drogen mundura hurbilaraziko du Aneren gogoko mutilak, ondoren, Amaia drogen mundu beltzean barneratu eta oso gazte hilko delarik. Karmele eta Estebanen arteko elkarrizketak gizonaren sexurako grina gero eta gehiago piztuko du eta bien harteko harremana amaierarik gabeko jolasa bihurtuko da azkenean.

Eleberri honek, maitasuna ardatz nagusitzat hartuta, Aneren bizitzako gazi-gozoak narratzen ditu kontaketa benetan interesgarri bihurtuz. Aipagarria da, halaber, liburua irakurerraza dela eta narrazioaz gain, bakarrizketak eta elkarrizketak tartekatzeak arintasuna ematen diola istorioari. Bestalde, liburuan bitxia iruditu zaidan xehetasun bat Sisiforen istorioa da. Izan ere, Ane maitasuna sentitzera behartuta dago behin eta berriz, sentimendu kontrolaezin hori sentitzera. Idazleak amodioa Sisiforen mitoarekin parekatzen du.

Sisifo jainkoengandik zigortua izan omen zen behin, mendi baten gailurrera harri handi bat igotzera kondenatu zutelarik eta erortzen zitzaion bakoitzean berriro hutsetik hasiz. Sisifok daraman harria amodioaren sinboloa da eta Sisifo, berriz, norbera. Honekin etsipenari uko egin eta behar den guztietan hutsetik hasi behar dela islatzen da, istorioan zehar Anek behin baino gehiagotan egin behar izan duen bezala.

Amaitzeko, guztioi liburua irakurtzea gomendatzen dizuedala besterik ez dut esango, benetan istorio berezi bezain interesgarria iruditu baitzait eta gutako edonori gertatzeko modukoa, gainera. Besterik gabe, Laura Mintegi idazleari eta nobela honi buruzko informazio gehiago nahi izanez gero, hemen duzue idazleari egindako elkarrizketa bat. Imanol Artolak irakurgai honi eginiko kritika irakurtzeko, berriz, klikatu hemen.

No comments yet.

Utzi erantzuna

-->